Galder Gonzalez Larrañaga

Guaixe 2007ko azaroaren 16a

-Ikasleek urte osoa ematen dute lanean. Zergatik egun bakarra aldarrikapenerako?Beno, hau ez da guztiz egia! Gaur egun ikasle mugimenduak ekimen ugari egiten ditu urtean zehar. Azaroaren 17a Ikasleen Nazioarteko Eguna da (Martxoak 8 emakumeena den bezala eta Maiatzak 1 langileona) eta betidanik erabili izan da egun hau aldarrikapenerako. Azaroaren 17a ikasturte hasieran egonda askotan ikasturteko aldarrikapen nagusiak plazaratzeko eta hauei indar berria emateko erabiltzen da. Ikasturte honetan azaroaren 17a larunbata izanda, zer hobe egun osoko programa bat egin eta gauean jairako aukera egotea baino?-Zer antolatu da aurtengo ikasle egunerako?Egun osoko proposamena dago Usurbilen. Aurten Ikasle Abertzaleak-ek bere V. Kongresua egingo du (edo egiten dabil) eta kongresuaren aurretik Ikasle Topaketa batzuk egiteko erabiliko da eguna, mahai-inguru, plenario eta hitzaldi ezberdinekin. Hau da, zentzu aldarrikatzailea ere eman nahi zaio. Bazkaria ere egongo da, eta arratsaldean, manifestaldia eta ekitaldia egin ondoren, jairako aukera paregabea: Latzen, Ojos de Brujo, Delorean, Oliba Gorriak eta bukatzeko Edanekin berbena. -Festa, hausnarketa, aldarrikapena...Denetarik egin behar da bizitza honetan! Sindikatuek esaten dute askotan "jaietan jai", beno... aldarrikapena ere bai, ezta?-Guztion ahotan dago Bologna prozesua. Zertan datza?Bologna Prozesua azalean Europar Eraikuntzan aurrerapauso bat da, Europar Konstituzioa, Bolkenstein Direktiba edo Schengen Tratatua bezala. Baina azal horren azpian badira bestelako interesak: zerbitzu publikoen merkantilizazioa. Europako enpresariek eta haiekin batera eskuineko eta sozialdemokrata neoliberalek helburu bat dute, Lisboako Estrategian laburbiltzen dena: hezkuntza, osasungintza eta segurtasun soziala pribatizatzea. Haien esanetan europar jendartea nagusia da zer komeni zaion ordaintzea jakiteko. Modu honetan Bologna Prozesuarekin Europako unibertsitate ikasketak pribatizatzeko pausoak ematen dira, enpresa pribatuen mesedetan estatuaren dirua jarriz. Txarrena da hori egiteaz gain "pedagogia-berrikuntzaren" izenean egiten dutela esaten dutela. Baina sasi-berrikuntza horiek ikaslea "full-time student" bilakatzen dute, hau da, 40 orduko lanaldia duen ikaslea eta beraz bestelako lanik egin ezin dezakeena. Txarrena da 40 ordu horiek ikasteagatik kobratu beharrean ordaindu egiten duela. Modu honetan hezkuntza pribatizatzeaz gain elite batentzat uzten dute goi-hezkuntzako esparrua.-Gogor ari zarete lanean honen aurka. Nolako bilakaera izan du borroka honek Euskal Herrian?Borroka hau oso zaila da. Alde batetik goxoki batekin biltzen dutelako; berrikuntzak beharrezkoak direla inork ez du ukatzen eta horiek eskaintzen dituzte. Baina bestetik oso luzera begirakoa zelako. Hau da, IAk 2000. urtean ekin zion gaiaren inguruan hitz egiteari, baina helburua 2010ekoa zenez oso zaila izan da luzera begirako dinamikak sortzea. Azkeneko urteetan, ordea, bilakaera izugarria eduki du, lan handia egin baita. Momentu honetan eztabaida politikoa nahiko irabazia du ikasle mugimenduak eta unibertsitate komunitatearen hitza eta erabakia errespeta daitezela aldarrikatzea baino ez da geratzen. Hau, noski, ez da errektoreen gustukoa, eta nahiago dute inposatzen jarraitzea. Bakaikuko Adierazpenak, adibidez, balio handia izan du Europako hainbat ikasle mugimendutan.-Ikasturte berria abian da. Zein errealitate bizi dugu EHan hezkuntzari dagokionean?Ikasturte oso interesgarria dugu aurrez aurre, batez ere azkeneko urteetan egon diren aldarrikapen nagusietan (Eskolak euskaldundu behar du!, Euskal Curriculuma eta Euskal Unibertsitatea) aurrerapauso handiak egongo direlako. Azkeneko bietan aldarrikapenetik errealitatera igaroko direlako; lehenengoan Euskal Herriko hiru administrazioetan pausuak emango dituztelako: Ipar Euskal Herrian "Euskararen Erakunde Publikoa" sortu dute, Eusko Jaurlaritzak ereduen politika "berria" plazaratuko du eta Nafarroan "Vascuencearen Institutua" sortu dute. Hiruetan iruzur berriak proposatuko dira, baina zerbait egin beharra iaz jasotako 108.000 sinaduren ondorioetako bat da. Gainera Hezkuntza Akordioak garapena ere izango du aurten, IAk aurrerapausoak emango ditu bere Kongresuan eta EHBEk inoiz egin duen ekimenik handiena prestatu du bigarren lauhilabetekorako. -Ariketa sakona. Nola imajinatzen duzu 2020. urteko ikasleria?Gauzak ondo egiten badira oraindik ortzi-muga berriak aurkitzeko gai (Euskal Curriculumari Ikasle Ekarpenean esaten zen bezala, oraindik Gamusinoak bilatzeari ekiten diona). Bestela automatak, euren kabuz pentsatzeko zailtasun handiekin eta sistemak dituen beharrak asetzeko merkantzia baten gisa.-Eta hezkuntza sistema?Ondo egiten badugu Hezkuntza Sistema Nazional bat izango dugu, pedagogikoki aurrerakoia, publikoa eta doakoa, herritarrek kudeatutakoa eta munduaren inbidia izango dena. Sistemak irabazten badu lehenengo umeen aparkaleku bat izango dugu eta ondoren burmuinik gabeko erroboten fabrika bat, Pink Floyden "The Wall" bideoan agertzen denaren oso antzekoa. -Azken gogoeta ikasle sakandarrendako.Antolatu. Antolatu eta borrokatu, asko baitago egiteko!