Pertsianak behera

Guaixe 2007ko azaroaren 16a

Nafarroako Gobernuko Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Nafarroako Estatistika Institutuak eginiko Nafarroako 2006ko Txikizkako Merkataritza Erroldaren arabera, 2002. urteko denda txikien kopurua eta 2006koa konparatuz gero, denda txikien kopuruak 3,3 puntutan egin du behera. Hau da, handiagoa izan da itxi den denda kopurua, zabaldu denena baino. Hala, 2002. urtean herrialdean 5.654 denda zeuden, eta  2006an, berriz, 5.466. Aldiz, merkatal gune handiak gero eta gehiago dira Nafarroan. Gure eskualdean ere, herriz herri gainbegiratu bat botaz gero, agerikoa da dendak ixten doazela. Iritziak iritzi, dendek edo komertzio txikiek pertsianak jaistean kaleak hustu egiten dira. Komertziorik ez egotean, herritarrek arrazoi bat gutxiago dugu kalera ateratzeko. Eta karrikak hustean bizitasuna galtzen da eta herriak logela bihurtu. Maria Luisa BengoetxeaUrdiaingo kooperatiba zeneko jabea.- Konta egizu dendaren jatorria.1933an gure aita ezkondu zen eta jarraian jarri zuen denda. Hasiera batean denda eta taberna elkarrekin zeuden; denda aurreko aldean eta atzeko aldean berriz taberna. Dirudienez jende asko biltzen zen eta goiko aldean ere beste biltoki bat zegoen. Herrian garai hartan beste taberna batzuk ere bazeuden baina gurean dantzaldiak eta horrelako ekitaldiak antolatzen ziren. Antzina taberna eta denda kooperatiba bat izan ziren eta hortik datorkio izena, herrian Kooperatiba izenarekin ezagutu du jende gehienak gure denda. "Kooperatiba obrera" egin zuten eta bertako bazkide zen langile talde bat. Aitak esan zigunaren arabera honek ez zuen aurrera egin eta berak jarraitu zuen negozioarekin.Lan handia zen eta aita eta bion artean eramateko gehiegi. Horregatik taberna kendu eta dendarekin jarraitzea erabaki genuen. Nik txikitatik ezagutu dut denda etxean eta aita joan zenean nik jarraitu nuen negozioarekin.-Zure ustez herriarendako zein esanahi zuen dendak?    Nire ustez, leku esanguratsua izan da herrian. Kooperatiba izan zenean herritarrendako onurak eta erraztasunak ekartzen zituen, produktuak merkeago erosteko aukera...    Baina egia esan herrian denda baino gehiago gure aita izan da esanguratsua. Jendearekin egoteko dohain berezia zeukan eta herrian oso maitatua zen. -Denbora aurrera joan ahala zerk jasan du aldaketa nabarmena zure dendan?    Gurean beti denetarik saldu izan dugu. Zinzirrinak, aitxurrak, iaztunak, kremailerak,  janaria, botonak, edaria, barruko arropa..... Bilboko andra batek Urdiaingo korte ingles txikia deitzen zuen.    Argi dago garaiak aldatu direla eta horrekin batera salerosketen martxa. Gogoan dut tomate fritoa eskaini zidaten lehen eguna. Tomate fritoa atera zenean gure saltzailearekin eztabaida izan nuen. Berak dendan tomate fritoa tetra-brik horietan salgai jartzeko aholkatu zidan. Nik behin eta berriro errepikatu nion nik hori nire dendan ez nuela salduko. Gaur egun berriz, jendeak tomate naturala ez du erosiko.-Garaiaren arabera nabarituko zen aldea dendaren martxan...    Garaiak aldatu egin dira eta horrekin batera beste guztia. Lehen jendea ez zen diruarekin etortzen, garai haietan dirurik ez zegoelako eta dozena bat arrautzen truke litro bat olio ematen genien. Beste era batera funtzionatzen genuen. Bezero bakoitzak bere kontua zeukan eta "quincena" kobratzen zutenean etortzen ziren zorrak kitatzera.    Gaur egun hori pentsa ezina da.-Zergatik erabaki zenuten denda ixtea?     Dendatik ez genuen etekinetik ateratzen eta horrekin ezinezkoa da bizitzea. Gogorra da hitz horiekin esatea baina hori izan zen errealitate gordina. Gaur egun denda txiki batek ez du bizitzeko ematen. Erretirora iritsi arte itxaron nuen eta eguna iritsi zenean gehiagotan atea ez zabaltzea erabaki nuen. Niretzat oso gogorra izan zen baina zoritxarrez halaxe izan zen.-Belaunaldiz belaunaldi mantendu da zuen denda eta orain oinordekoek zergatik ez diote heldu negozioari?    Esandako arrazoiarengatik. Seme-alabak txiki-txikitatik aritu dira dendan laguntzen eta haiek ere asko egin dute dendagatik baina... ezinezkoa zen denda mantentzea.    Gogorra izan zen. Betiko denda tradizionalak pertsianak ixten ari direla jabetzea oso tristea da. Guztiok badakigu zeintzuk diren honen arduradunak: merkatal gune handi horiek. Baina honen kontra ezin da ezer egin. Komertzio txiki guztiak itoarazi dituzte.- Denda txikiak, merkatal gune handiak... nola ikusten duzue kontu hori?    Guk ere aspaldi supermerkatu txiki bat egiteko eskaintza izan genuen baina inbertsio handia egin behar zen. Ez zegoen etorkizunik eta herrian ez zegoen mugimendu handirik. Jende guztiak egun autoa dauka eta asteko erosketa potoloa egitera Iruñera edo Altsasura joaten dira.     Niri behintzat merkatal gune handi horiek izaerarik gabeko lekuak iruditzen zaizkit, oso hotzak, tristeak.... Ni erosketak egitera joaten naizenean zuzeneko arreta nahi dut eta ez nire kabuz gauzak bilatu behar izatea.     Egungo gizarte kontsumitzaile honetan erosketak egitea ekintza soziala bihurtu da. Arratsalde pasa joaten da jendea horrelako leku handietara. Erosketak egin, zinemara, bazkaltzera,...    Amorrua ematen dit telebistan iragarki horiek ikusten ditudanean.Denda txikiak lagundu behar ditugula etab. diote. Baina funtsean ez dute ezer egiten. Pentsakea aldatzean dago gakoa eta egungo jendarteari hori ez zaio komeni. -Nola eragin dio itxierak herriari?    Esan bezala, niri pena handia eman zidan denda ixteak. Batez ere jende jarriarengatik.  4 urte pasa dira eta oraindik ere jendeak kalean esaten dit: "Ai Maria Luisa.... Guai kremailera iostia Iruñaino faten ga... Kooperatiba ibiliko bagendu...."Gurean denetarik aurkitzen zuten eta oso erosoa zen beraientzat. Gazte jendeak berriz ez daki denda txikietan erosten eta ez dut uste aldaketarik nabaritu dutenik.-Eta zuri, moldatzen zara mostradoretik kanpo?Ohitu egin naiz. Dendara etortzea askotan terapia ere izaten zen. Aitortza leku bat zen eta kontu handia izan behar da bertan kontatzen dizutenarekin. Errespetatu behar da eta entzuten jakin behar da. Bezeroak konfiantza behar du eta gu hori ematen saiatzen ginen ahal genuen neurrian. Orain dela gutxi hauxe esan zidaten: Zein gustua ionko gindake guai puska batien hizketan eee. Anparo eta Esher Mendinueta ArañaUharte Arakilgo estanko eta janari-denda zeneko jabeak.- Konta egizue  zuen dendaren jatorria.    Duela 41 urte, 1966ko martxoaren 18an, gurasoek denda erosi eta Estherrek zabaldu zuen. Urte hartako maiatzaren 25a arte egon zen bera han lanean. Gero Anparok hartu zuen dendaren martxa. Alabaina, Esther beti aritu izan da dendan. Goizeko lehen orduan joan ohi zen dendara dena prestatzeko eta gero itxi aurretik ere gerturatzen zen. Dendan sei aldiz lapurtu izan digute, horregatik beldurra ematen zigun pertsona batek bakarrik iluntzean pertsiana jaistea. Denda ixtearena beti elkarrekin egiten genuen, bestela...beldur handia ematen zuen. - Beraz, zuek sortu zenuten denda?    Ez. Orain 70 urte sortuko zen lehen denda. Hasiera haietan beste familia batek eramaten zuen eta dendaz gain okindegia eta estankoa ere bazen. 1961ean bi etxe ilara erre ziren Uharte Arakilen baina, gertu egon arren, denda zeneko etxea ez zen erre. Lehen esan bezala, 1966an gurasoek erosi zuten eta gure eskuetara pasa zen. Beraz, modu batera edo bestera denda Uharte Arakilen 70 urtez gutxi gora behera egon da. -Zuen ustez herriarendako zein esanahi zuen dendak?     Hori herriak esan beharko luke... baina guk uste dugu erreferente bat bazela. Behintzat oso bezero onak genituen. Hain onak, denda kentzeko lehen saiakeran 15 egunetan bakarrik produktuen %80 saldua genuela. Bezero izugarri onak genituen!-Denbora aurrera joan ahala zerk jasan du aldaketa nabarmena zure dendan?    Orokorrean saltzeko modua da aldatu dena. Garai batean dena ontziratu gabe saltzen zen, ez zegoen ezer ontziratu gabea ez zenik, olioa eta guzti. Gaur egun berriz dena ontziratua dago eta errazagoa da lana.     Lanegunari eta ordutegiari dagokienean ere egoera arras ezberdina da. Lehen igandetan ere zabaltzen zen. Gainera goizeko 9:00etan hasi eta 14:00ak arte egoten ginen, arratsaldean 16:30etik 22:00ak inguru arte jarraitzeko. Gaur egun ez, ordutegia murriztu da eta alde horretatik hobeto geunden(gaude?).     Horretaz guztiaz gain, garai batean ere ez zegoen horrenbeste barietate. Orain produktu asko eta marka aunitz daude. Eta ez produktua bera ezberdina delako, baizik eta izen ezberdinak jartzen dizkietelako, produktu berak dira baina izan ezberdinarekin. Lehen oinarrizko produktuak bakarrik zeuden eta askotan marka bakarrekoak.-Garaiaren arabera nabarituko zen aldea dendaren martxan...    Bai, baina ez gehiegi. Azken urteetan egoera nahiko egonkorra izan da eta gutxi sumatu dugu. Baina egia da, zailtasun ekonomikoko garaietan eta... hori nabaritu egiten zela. Guk dendan adibidez, Iruñean Eroski zentro handia ireki zutenean nabaritu genuen jaitsiera salmentetan, hasieran behintzat bai! Esaten den bezala "danbolin berri soinu berri", jendea hara hasi zen joaten, urte batzuetan behintzat bai. Hala ere, gero denborarekin berreskuratu egin genuen.     Eta tabakoari dagokionean, administrazioak haren kontrako kanpainaren bat egiten duenean izugarri nabaritzen da salmentetan. Eta azken boladan, asko jaitsi da tabako salmenta eta jaitsiera hori ez da errekuperatzen. Jaitsiera, batez ere, lanean erretzen uzten ez duenetik nabarmendu da. -Zergatik erabaki zenuten denda ixtea?     Jubilatu garelako itxi dugu denda. -Belaunaldiz belaunaldi mantendu da zuen denda eta orain oinordekoek zergatik ez diote heldu negozioari?    Gure iloba batek dendarekin jarraitzea pentsatu zuen. Baina ezer baino lehen 30.000 euro inguruko inbertsio bat egin beharra zuen. Administraziotik ere exijentzia asko eta asko jartzen dira, beraz, ez zen animatu. Gaur egun, denda txiki bat jartzea ez da horren erraza. Diru asko jarri behar da eta gero hori dena errekuperatzea asko kostatzen da. Gainera betebeharreko baldintzak ere, higienekoak, kalitatezkoak, azpiegiturazkoak... amaigabeak dira. Horretaz gain, ez baleude gaur egungo merkatal gune handiak errazago izango litzateke lan egitea, baina horien konpetentziarekin are gehiago kostatzen da aurrera egitea. - Denda txikiak, merkatal gune handiak... nola ikusten duzue kontu hori?    Administraziotik komertzio txikiari laguntzen diotela esaten dute, baina denda txiki horiek zapaltzera baino ez dute laguntzen. Ez dute batere laguntzen, publikoki itxura hori eman nahi izaten badute ere, justu alderantzizkoa gertatzen da. Egiten dira komertzio txikien aldeko kanpaina, iragarkiak... eta halakoak, baina ez dira errealak eta ez da batere laguntzen. Iniziatibadun pertsonak nahi dituztela esaten dute denda txikiak zabaltzeko, baina esan besterik ez! Ez da inolako laguntza errealik eskaintzen. Are gehiago, uste dugu handienei, merkatal guneei eta horiei, erraztasunak jartzen dizkietela. - Beraz nola egin dakioke aurre konpetentzia horri?    Bezeroa zainduz, mimatuz. Tratu pertsonalizatuaren bidez egin dakioke aurre. Gu adibidez, denda itxita egon arren, etxera etortzen zitzaigunari gure zerbitzua eskaintzen saiatzen ginen. Bezeroekiko tratu beroa da geratzen zaiena denda txikiei.     Baina herrietako denda txikiek zentro komertzial handiak nahikoa ez, eta herriz herri ibiltzen diren saltzaile ibiltariei ere egin behar diete aurre. Uharte Arakilen, esaterako, merkatu eguna dago, baina gainera egunero-egunero saltzaile ibiltariak pasatzen dira. Eta herrietako dendentzat horiei aurre egitea ere ez da erraza.     Orokorrean, gaur egun ez da interesatzen denda txikiak eta biziz beteriko herriak egotea. Dena zentralizatzen ari da, lau pertsonaren eskuetan ari da guztia zentralizatzen eta txikienek ez dugu ezer egiterik!- Egungo bizimodua ere aldatu egin da, badirudi azkarrago bizi garela... astean behin gurditxoa goraino bete eta horrekin nahiko dugula ematen du...    Egia da denok etxetik kanpo lan egitean, ez dagoela denbora gehiegirik egunero herriko dendetara erosketak egitera joateko. Uharte Arakilen goizean goiz mundu guztiak kotxea hartu eta bakoitzak bere txokora alde egiten du. Astegunetan horrela ibiltzen gara, astebururaino, eta orduan aprobetxatzen da erosketak egiteko. Hala ere, herrian bertan denda egotea abantaila da herritarrentzat. Edozer gauza behar dutela bertan dute, herritik mugitu gabe. Orain esaten digute "zigilu bat behar nuen eta Uhartetik kanpora atera behar izan naiz erosteko". Ez gara kontziente, baina gauza handia da, eta denbora preziatua hobeto aprobetxatzen da, gure karrikak bizirik egotean! -Nola eragin dio itxierak herriari?    Gure ustez pena da herri txikietan dendak ixtea. Herriari bizitza kentzen diola uste dugu. Herria bera pobretu egiten dela esango genuke. Herriak triste eta bizitzarik gabe gelditzen dira denda edo taberna antzekorik gabe. Gainera gazteak ere giro horrek ez ditu erakartzen bertan bizitzen gelditzeko. -Eta zuei, moldatzen zarete mostradoretik kanpo?    Asko botatzen dugu faltan jendearekiko tratua! 41 urte jendearekin harremanetan denbora asko da. Halako zerbitzu edo negozio bat eramatea nekagarria da askotan, baina aldi berean jendearekin egoteak asko pozten zaitu. Orain karrikara atera eta ez dago jenderik, paseatzera joan eta ez da inor egoten... isolatuta bezala gelditzen zara. Lehen zenbait bizilagun egunean bizpahirutan ikusten genituen, orain aste osoa pasa daiteke eta ikusi ez! Alde horretatik asko botatzen dugu faltan denda. Pixkanaka ohitzen joanen gara, baina kostatuko zaigu! Besteak beste euskara ikasteko eta hobetzeko aprobetxatu beharko dugu!