Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskaladari dagokionez, une honetan zertan zabiltza?Gaur egun Euskal Mendizale Federazioko eskaladako bozeramaile lanak egiten ditut. Horretaz gain, eskalatzeko bideak prestatzen nabil, ekipatzailea naiz. Urtean zehar hainbat eta hainbat txapelketetako bideak prestatzen ibiltzen naiz, bai bulderrekoak, baita zailtasunekoak ere. Baina batez ere egiten dudana eskalatzea da. Eta lehiatu?Ez, lehiatu orain ez. Patxi Usobiagaren, aurreko astean munduko txapeldunaren titulua berretsi zuenaren entrenatzailea ere izan omen zara, zirrara bereziren bat eragingo du horrek...Jada, urte batzuetako kontua da hori!...Usobiagak 17 urte zituenean, Gasteizen Estatuko lehen Eskaladako Teknifikazio Zentroa sortu genuen eta bera han aritzen zen, eta ni entrenatzaile.Bestalde, duela 4 urte, Jon Iriberri eta biok aritu ginen bera entrenatzen. Patxik 2. urtez munduko kopako txapelketa irabaztea pozgarria da denondako, euskaldun bat haraino iristea benetan poztekoa da!Atzera begirada botaz, nola hasi zinen eskaladaren munduan?Duela 20 urte hasi nintzen eskalatzen, 1987ko abenduan. Bi lagun nituen eskalatzen zutenak eta haien eraginez nik ere probatu egin nuen. Probatu, eta berehala esan nuen "hau da nire kirola!". Zer behar da eskalatzailea izateko?Ez nuke esango baldintza berezirik behar denik... gogoa! Gogoa eta motibazioa dira behar direnak. Eta aurrerago ongi eskalatu nahi duenak kanpora joan eta eskalatu, eskalatu eta eskalatu egin beharko du. Maila ona lortu nahi izanez gero, asko entrenatu behar da. Fisikoki baina, ezaugarri jakin batzuk izanen dira beharrezkoak edo gutxienez hobeak...Eskalada oso kirol osoa da. Indarra batez ere enborrean, besoetan eta atzamarretan behar da, hots, goi atalean eta baita arin ere egon beharra dago. Gainera, eskalada teknikoki ere exijentea da. Kirol arriskutsuen artean dago katalogatua eskalada, zuk kirol arriskutsua dela esango zenuke?Ez, ez dut uste arriskutsua denik. Nik batez ere kirol eskalada egiten dut eta hori ez da arriskutsua. Beti sokarekin eskalatzen da, bideak ez dira oso luzeak izaten, bideak ongi prestatuak edo ekipatuak egon ohi dira... beraz kirol ziurra da. Arriskutsuagoa alpinismoa edo izotz eskalada egitea da, horiek badute bai beraien arriskua. Baina esan bezala, kirol eskalada ez da batere arriskutsua. Zerorrek esan bezala bide prestatzailea zara. Gainera, jakin badakigu, martxoan, Suitzan Eskalada Txapelketetako Ekipatzaile Internazionaleko ikastaroa egin eta gainditu zuela. Nola ekipatzen da bide bat?Gehienetan igogailuaz baliatzen gara ekipatzeko eta era horretara nahiko "erraza" izaten da. Igogailutik heldulekuak jartzen dira, bidenabar bidea asmatuz. Heldulekuak jartzen noan heinean, nik nire burua imajinatzen dut bide hori egiten. Horregatik da garrantzitsua norberak bere burua, nahiz eskalada ezagutzea. Gero jakina, bidea asmatu ostean, frogatu egin behar da. Igogailutik jaitsi eta bidea egiteari ekiten diogu. Orduan bidean akatsak egon daitezkeela ohartzen gara: helduleku honi buelta erdi bat eman behar zaio, oin bat falta da, helduleku hau handia da... akats horiek zuzendu egiten ditugu. Hala ere, beti ez dugu igogailua erabiltzeko aukerarik. Igande honetan, esaterako, Euskal Herriko Zailtasun Txapelketa izanen da Gasteizen Hegoalde rokodromoan. Han lurra parket flotatzaile materialekoa da eta ezin dugu igogailua sartu. Horrelako kasuetan soka finkoarekin ekipatu behar izaten dugu. Soka finkoa goititik jartzen da, motxilan materiala hartu eta soka aseguratuz bidean gora ekipatzen dugu. Lan hau askoz gogorragoa da, baina ez dago beste modurik.Beraz, zuk prestatutako bideak gero eskalatu egiten dituzu...Hor bi gauza ezberdin bereizi behar dira. Gauza bat da bidea eskalatzea, eta beste bat, bidea probatzea. Probatu beti egiten dut, bidea zuzentzeko, hobetzeko, bideak duen zailtasuna neurtzeko... etab. Bidean gora egin ahala zuzenketak sartzen joaten naiz. Beste gauza bat eskalatzea da, kateatzea, behetik hasi eta atsedenik gabe gora igotzea, zintzilikaturik gabe bide oso egitea, beste lehiakide bat izango banintz bezala aritzea. Hori gehienetan egiten dut, baina ez beti. Zuk bideak prestatu eta beste batzuk haietan lehiatu. Bide prestatzailearen lana ezkutuan gelditzen dela esan daiteke?Bai, gure lana publikoari dagokionez beti gelditzen da ezkutuan. Ikusle batek, esaterako, soilik eskalatzailea ikusten du jardunean. Alabaina, gure lana txapelketa batean oso garrantzitsua da. Bidea ona bada, ongi prestatua badago, eskalatzaileak, antolatzaileak... denak pozik. Aldiz, bidea txarra bada, eskalatzaileak haserretu daitezke eta orokorrean txapelketa itsusia atera. Beraz, ezkutuan egon arren, lan horrek berebiziko garrantzia dauka, eskalada ezagutzen duenarendako bederen, bai.Bideak prestatzeko alde batetik bestera ibili ohi zara, zer moduz daramazu bidaiatzearena?Oso ongi. Bidaiatzea maite dut. Orain batez ere Euskal Herrian nabil ekipatzen, aurten lau txapelketa ekipatu ditut bertan. Baina esaterako aurten Frantzian, Oloron herrian, ere aritu naiz. Orain, nire desioa Munduko Kopako probaren bat ekipatzea litzateke! Eskaladak adikzioa sortzen duela esan ohi da, zu jada erabat "engantxatuta" zaudela esatea ez litzateke atrebentzia, ezta?Ez, ez! Guztiz "engantxatuta" nago, eskalatzaile fanatikoa naiz, gero eta fanatikoagoa gainera!Eskaladan baina, adina ez al da muga bat?Ez. Nik uste dut ez diodala eskalatzeari inoiz utziko. Egia da ez dela berdina 25 urte edukitzea edo orain ditudan 37ak, orain gehiago kostatzen zait errekuperatzea. Alabaina, esperientziak, teknikoki hobea izateak nahiz psikologikoki ere neure burua hobeto ezagutzeak, lagundu egiten du.Sakanan zein txoko ditugu eskalatzeko?Sakanan bertan Sarabeko malkorra dugu,Uharte-Arakileko horma, Irurtzungo Bi aizpeak, Urbasako portua igotzeko bidean ere beste txoko bat...etab. Sakanatik kanpo ere, baina ez urrun, beste hainbat leku gomendagarri, esaterako, Egino, Aranaratxe edo Etxauri. Kotxea hartu eta ordu erdiko bidaiarekin eskalatzeko hainbat eta hainbat toki aurkitu ditzakegu. Sakanan nola ikusten duzu eskaladaren osasuna?Izugarri ongi ikusten dut. Eskalatzaile ugari dago eta maila handikoak gainera. Esaterako, hor dago Iban Larrion 9A zailtasuneko bat egin duena, Altsasun ere talde handi bat bada eskalatzen aritzen dena... Gainera uste dut, eskalada gero eta indar handiagoa ari dela hartzen gurean. Edonori gomendatuko nioke eskalada ezagutzea, anima zaitez!!!