Sakandarrak Ezkabako espetxean

Guaixe 2007ko aza. 22a, 00:00

Ezkaba mendiko gotorlekuak erabilera bakarra izan du: espetxe izatea. 1934 eta 1945 urteen artean izan zen kartzela Iruñerriko mendi puntako eraikuntza. Jakina, eraikina XIX. mendeko gerrarako prest zegoen presoak hartzeko, baina sekula ez zuten egokitu horretarako.

 

Espetxea

1934ko gertakarien ondoren hasi ziren gotorlekua kartzela moduan erabiltzen. Asturiarrak eta euskal herritarrak, eibartarrak nagusiki, izan ziren kartzela mustutzeko "ohorea" izan zutenak. Fronte Popularrak 36an hauteskundeak irabaztean 400 preso politiko aske gelditu ziren eta preso komunak han gelditu ziren, lapurretak egin zituzten anarkistak barne.

Estatu kolpea jo eta gero gotorlekua, berriro ere, presoz betetzen hasi zen. Hasieran nafarrak ziren eta ondoren kolpistek menperatzen zituzten eskualdeetakoak. Horrekin batera, gotorleku inguruan exekuzioak egiten hasi ziren. Asko, 555, "aske gelditu eta gero" hil zituzten. Gotorlekuan exekutatu zituztenak 25 izan ziren.

 

Eraikina

Presoak brigadak eta pabilioiak izeneko eraikinetan egon ziren. 5 brigada zeuden. Haietako 3 60 metroko luzera zuen eraikin bateko sotoa, eta lehen bi solairuak hartzen zituen. Brigada bakoitzean 550 preso zeuden, eta 50 gehiago brigada bakoitzeko 10 tuneletan. Ez zuten ez oherik, ez koltxoirik, ez mahairik, ez aulkirik... Ez zuten ezer. Leihoek barroteak zituzten, baina kristalik ez. Eta leihotik begiratuz gero zaindarien tiro bat jaso zezaketen. Guztietan okerrena sotokoa zen: argitasun eta haize gutxi, beti hezea... Ihes handia han gorpuztu zen.

Pabilioak brigaden eraikinaren parean zeuden eta tartean patioa zuten. 100 metroko eraikinak preso nabarmenenak hartu zituen: intelektualak, langile kualifikatuak. Haiek tratu hobea jaso zuten. Sukaldean preso komunek lan egiten zuten. Gotorleku guztia garitaz inguratuta dago eta handik guztia kontrolatzen da. Soldaduen egoitzak gotorlekuko sarrera ondoan zeuden.

 

Baldintzak

Osasun eta higiene baldintza eskasek hasieratik sorrarazi zuten presoen eta haien erakundeen salaketak eta leku aldaketa eskaerak. 1935ean, bi presoren heriotzagatik Iruñean geldialdi orokorra egin zen.

Ezkaban preso izan zirenak gose izugarria pasa zuten. Familiek emandako janari paketeak jaso zitzaketen, baina ez ziren beti iristen. Jasotzen zuten diruarekin ekonomatoan jakiak ere eros zitzaketen baina oso garestiak ziren eta denek ere ez zuten dirurik. Horregatik iristen zen apurra banatu egiten zuten.

Hala ere, goseak preso asko gaixoarazi zituen. 1937tik espetxea itxi zen arte, 1945eko garilaren 6a, 305 pertsona hil ziren, gehienak tuberkulosiak jota. Heriotza gehien izan ziren urteak 1941 eta 1942 izan ziren, 51 eta 61. Harrigarria bada ere 1942 eta 1943 urteen artean Ezkabako gotorlekua sanatorio penitenciario izendapena jaso zuen. Biriketako gaitza zuten estatuko presoak Iruñera eraman zituzten.

 

Ihesa

Ezkabako ihes handia 1938ko maiatzaren 22an, igandean, izan zen, Espainiako gerra zibila bete-betean zegoela. 2.487 preso zeuden eta haiek zaintzen espetxeko funtzionarioez gain 92 soldadu zeuden. Espetxean zeuden gehienak aurretik ezagutzen ziren edo antzeko ideologia zuten. Beraz, erraza da elkartasun giroa sortzea.

Iheserako plana 20:00etan hasi zen, presoei afaria eramaten zieten garaian. Ordu erdi eskasean gotorlekuko ateak parez pare zabalik zituzten. 795 presok hanka egitea erabaki zuten eta Frantzia aldera jo zuten. Baina zaindari batek ihesaren berri eman zuen eta ordu bat geroago soldaduak mendian gora zihoazen. Azkenean 585 preso hartu zituzten, 207 hil egin zituzten eta 3 besterik ez zuten askatasuna lortu. Gerora ere izanen ziren ihesaldi gehiago, baina tamaina txikiagokoak.

40ko hamarkada hasieran preso asko aske utzi zituzten, "agintariek kasua aztertu eta deliturik egin ez zutela aztertu zutelako". Baina ordurako espetxeak gainezka zeuden eta horrek presoen kontrola zaildu eta ihesaldi arriskua handitzen zuen. Bestalde, Francoren erregimenarendako gerra ostean kostu handia ziren kartzelak. Erregimenak gastuak etekin bihurtzeko sistema berria asmatu zuen: langileen batailoiak.

Iturriak:

www.fuertesancristobal.com Txinparta, Antsoaingo kultur elkartea

1936. Guerra Civil en Euskal Herria. II. Tomoa, La represion en Navarra durante la Guerra Civil. 34-41 orriak. Aise liburuak.

 

Ezkabako espetxean hildako sakandarrak

Manuel Torrano Senar

Dorrobarra, Jose Maria eta Simonaren semea zen. 43 urte zituen eta ezkonduta zegoen. Ogibidez "jornaleroa" zen eta ez zekien ez irakurtzen ez idazten. Donostian epaitu zuten eta errebelio militarrari laguntza ematea egotzi zioten. Horregatik 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten 1937ko maiatzaren 4an. Ezkabako espetxean urte hartako garilaren 9an sartu zuten. Ihesaldian parte hartu zuen. Gaixotasunagatik (biriketako anoxemia tuberkulosoa) 1941eko abenduaren batean hil zen. Artikan eman zioten lur. Antsoaingo epaitegiko erregistroko 14. liburuko 142. orrian ematen da heriotzaren berri.

Vicente Uharte Mercero

Martin eta Hermenegildaren semea zen etxarriarra. 1882-01-22an jaioa. Ezkongabea zen eta nekazaria ogibidez. Irakurtzen eta idazten bazekien. Madrilen gerra kontseilua izan zuen eta errebelioarekin bat egiteagatik 30 urteko espetxe zigorra jarri zioten 1939ko garagarrilaren 12an. Urte hartako lastailaren 24an sartu zuten Ezkaban. 1941eko apirilaren 21ean hil zen, ustez gaixotu eta gero. Baina horren berri ez da jasotzen Antsoaingo Zendeako epaitegian. Berriogoitin eman zioten lur.

Victor De la Fuente Manzano

Altsasuarra, nahiz eta erregistro nagusian Alhama jarri, artzapezpikutzakoa zuzen dago. Alejandrinoren eta Indaleciaren semea zen. 30 urte zituen eta ezkonduta zegoen. Kisusgilea ogibidez, irakurtzen eta idazten bazekien. Valladoliden epaitu zuten eta errebelio militarragatik 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Epaiak 1936ko irailaren 19ko data du. Ezkabako espetxean 1937ko ilbeltzaren 26an sartu zuten. 1940ko garilaren 10ean hil zen, bihotz gutxiegitasunagatik. Antsoainen lurperatu zuten. Antsoaingo epaitegiko erregistroko 14. liburuko 60. orrian dago haren heriotzaren berri.

 

Ezkaban preso egondakoak

Sakandarrak ere egon ziren preso Ezkaban. Estatu kolpearen aurretik Ezkabako gotorlekua ezagutu zuen Rafael Lasa Otegi olaztiarrak. Ezkondua zegoen eta 37 urte zituen. Ogibidez jornaleroa zen. Iruñean gerra kontseilua egin zioten eta buru berotze delitua egotzi zioten eta 6 urte eta egun bateko zigorra jarri zioten 1935ko ilbeltzaren 2an. Bi hilabete geroago espetxeratu zuten. Urte hartako azaroaren 28an Burgosa lekualdatu zuten.

Estatu kolpea eta gero preso egon zirenen artean Braulio Itxaso Beraza erroztarra dago. 41 urtekoa eta ezkondua, kisusgilea zen. Ez zekien ez irakurtzen ez idazten. Donostian epaitu zuten eta errebelio militarrarekin bat egiteagatik 30 urteko espetxe zigorra jaso zuen 1937ko garilaren 3an. Urte hartako azaroaren 14an eraman zuten Ezkabako espetxean. 1940ko agorrilaren 12an espetxealdi arinduarekin aske gelditu zen.

Jose Abaiza Garmendia etxarriarrak, 36 urtekoa eta ezkongabea, "papelero" gisa lan egiten zuen eta irakurtzen eta idazten bazekien. Donostian epaitu zuten eta 30 urteko zigorra jarri zioten 1937ko garilaren 3an, errebelio militarrarekin bat egiteagatik. Ezkabara 1938ko ilbeltzaren 12an eraman zuten. 1940ko garagarrileko 29an baja izan zen, "espetxe atenuatua" eman ziotelako.

Juan Jose Goñi Aristegi altsasuarrak 52 urte zituen, ezkondua zegoen eta ogibidez mikeletea zen. Irakurtzen eta idazten bazekien. Bilbon epaitu zuten eta errebelio militarra egotzita 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1937ko garilaren 16an. Urte hartako lastailaren 12an sartu zuten Ezkaban. 1940ko garilaren 13an espetxealdi arindua eman eta aske gelditu zen.

Tomas Aramendia San Roman olaztiarra. 25 urteko ezkongabea, nekazaria ogibidez, irakurtzen eta idazten bazekien. Bilbon gerrakontseilua egin zioten eta errebelioarekin bat egitea egotzi zioten. Horregatik 20 urteko espetxe zigorra jarri zioten 1939ko martxoaren 17an. 1939ko maiatzaren baterako Ezkaban zegoen, baina urte bereko azaroaren 24an Orduñako zentralera lekualdatu zuten.

 

Gotorlekuan zaindari

Espainiako gerra zibila bete-betean zegoela, armadan soldaduska egitera joan behar izan zuen batek baino gehiagok. Horien artean zegoen Rafael Ijurko Mundiñano etxarriarra. 1929ko errenplazokoa zen eta 1937ko lastailaren 11n Iruñeko Amerika 23. zenbakidun infanteria erregimentura batu zen.

Ezkaba mendiko gotorlekuan soldadu zegoen Rafael ihes handia gertatu zenean. Ihes egindakoak bilatzen eta atzematen aritu zen. Ihes egindako preso bat atzeman zuen eta behin eta berriro erregutu zion ez hiltzeko. Etxarriarrak esan omen zion: "ezin zaitut hil! Zergatik hil behar zaitut?" Rafaelek ihes egindako presoa soldadu talde baten esku utzi zituen. Haien esku ihes egindako beste batzuk ere bazeuden. Handik gutxira bueltatu zen eta berak atxilotutako gizona hilik zegoen. Buruan tiro bat zuen.

Iturria: Etxarri Aranatz 1936-1940. 63. eta 81. orriak. Argazkiak: Fuerte de San Cristobal 1936. Pamiela argitaletxea.