Edo interneten, nahi bezala. Bierrik Elkarteak sustatzen dituen komunikabideak, Guaixe astekaria eta Beleixe irratia, dagoeneko sarean dira. Sakanako tokiko informazioa nornahik nonahitik irakurtzeko eta aditzeko aukera du. Elkartea sortu eta 13 urtera munduko plazara zabaldu ditu bere komunikabideak Bierrik-ek. Bi web orriak gaur, 20:00etan, aurkeztuko ditu Bierrik Elkarteak Altsasuko Iortia kultur gunean. Hara joaterik ez baduzu, hona aurrerapena.
Alfredo Alvaro Igoa
www.beleixe.com
Beleixe.com webgunearen atalak:
Programazioa: aste guztiko programazioa begi kolpe batean. Egunez eguneko saioaren antolaketa antzekoa da ia egunero:
10:00 - 10:30 Agurra eta prentsari errepasoa
10:30 - 10:45 Albisteen aurrerapena
10:45 - 11:30 Sarea
11:30 - 12:00 Musika
12:00 - 12:30 Elkarrizketa SAREAn
12:30 - 13:00 Kirolak (astelehenetan), lan eskaintzak (astearteetan), merkatu txikia (asteazkenetan), disko berriak/musika taldeak (ostegunetan) eta agenda (ostiraletan).
13:00 - 13:30 Albistegia/Kirolak
13:30 - 13:45 Zorion agurrak
13:45 - 14:00 Lehiaketa
Historia: irratiaren historia labur-labur.
Argazkiak
Audioak: saio zatiak igotzen dira sarera egunero. Ehun audio baino gehiago daude bertan dagoeneko. Fitxategiak webean bertan aditu daitezke, edota ordenagailuan gorde daitezke mp3 formatuan.
Agenda
Gure eskualdea: Sakanaren gaineko informazio laburra.
Foroa
www.guaixe.net
Guaixe.net webgunea antolatzeko orduan oinarria astekaria izan da, dudarik gabe. Hauexek dira atal nagusiak:
Berriak: Sakanerria, kirolak eta kultura herriz herri.
Iritzia
Erreportajea
Gazte saltsa
Ikastetxetik: astero Sakanako ikastetxe batek osatzen du atala.
Agenda
Merkatu txikia
Zorion-agurrak
Atal horiez gain, inkestak egiteko txokoa eta Bierrik elkartearen gaineko informazioa eta zerbitzuak daude eskura. Astero buletina jasotzeko harpidetza ere egin daiteke webgunean bertan.
Webgunea martxan jarri orduko, atal berriak gehituko zaizkio, hala nola, Sakanarekin loturiko materiala bilduko da bertan: argazkiak, liburuak pdfn, informazioa... Sakandarrendako eta Sakanakoak ez direnendako erreferente bihurtu nahi du webguneak, kontsulta iturri izanen den webgunea.
Bierrik Elkarteko komunikabideen ibilbidea
1994
Bierrik Elkartea. Euskal Herrian pil-pilean zegoen euskarazko herri aldizkarien gaia. Sakanan euskaldunek hilabetekari batean informazioa euskaraz jasotzeko proiektu baten alde egin zuten kazetaritza ikasten ari ziren hiru kazetarik: Amaia Amilibiak, Aitziber Etxaizek eta Olatz Irizarrek. Bierrik Elkartea egitasmoari izaera juridikoa emateko sortu zen. Bi helburu zituen: euskarazko hedabideak uztartu eta bultzatzea eta euskal kultura jorratzea.
1994
Guaixe hilabetekaria. Abenduan ikusi zuen argia lehenengo aleak. Kolaboratzaileen sare zabala sortu zen, eta beren herriko kronika idatzi zuten hilabetero-hilabetero.
1997
Irratiko lan taldea. Bierrik Elkarteak hasiera-hasieratik zuen euskara hutsean emitituko zuen irrati bat sortzeko asmoa, jende gehiagorengana iristeaz gain, azken orduko albisteak lantzeko parada ona zelako. Batzorde bat gaia lantzen hasi zen.
1999
Beleixe irratia. Maiatzaren 3an hasi zen emititzen Etxarri Aranazko kultur etxetik. Bierrik Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren lizentzia erabili zuen martxan jartzeko. 2 orduko emisioarekin hasi zen. Gainera, arratsaldez saioak egiteko aukera zegoen eta hala sortu ziren bizpahiru saio.
2000
Sarea, 3 irrati elkarrekin. Lekunberriko Aralar Irratiak, Jauntsarasetik emititzen duen Esan Erran Irratiak eta Beleixe Irratiak osatzen dute sarea. Geografikoki hurbil egoteaz gain, antzeko programazioa eta filosofia dute. 99ko agorrilean abiatutako prozesua 2000ko lastailean gauzatu zen. Horrek irratien emanaldiak zabaltzea ekarri zuen eta Beleixe 4 orduz emititzen hasi zen.
2001
Oixe astekaria, Sakanako kazeta. Guaixe hilabetekaria etxeetan banatzen zenerako berri asko zaharturik gelditzen ziren. Egunerokotasunean irabazteko Guaixeren maiztasuna handitu beharra zegoela garbi zuen elkarteak. Hala sortu zen astero-astero zuri-beltzean eta egunkari formatuan doan banatuko zen 8 orriko kazeta: Oixe. Beste gainerako egunkariak saltzen diren kioskoetan doan banatzen hasi zen 2001eko garagarzaroaren 8an. Bierrik Elkarteak aldi berean argitaratu zituen Guaixe hilabetekaria eta Oixe astekaria.
2001
Merezimenduzko Argia saria. Irrati sareak jaso zuen Argia aldizkariaren saria.
2004
Guaixe astekaria. Bierrik Elkartean izan ziren hausnarketen ondoren hilabetekari eta astekaria uztartzea erabaki zen. Zalantza eta oztopo guztiei aurre egin ondoren, Guaixe astekaria sortu zen, 24 orriko egunkari formatuko astekaria. Ilbeltzaren 23arekin karrikaratu zen estreinakoz. Bere aurreko bi argitalpenak 2003ko abenduarekin batera despeditu ziren.
2007
NIES. Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea (NIES) proiektua garatu dute Nafarroan euskaraz diharduten 6 irratiek, Aralar, Beleixe, Esan erran, Euskalerria, Karrape eta Xorroxin irratiek. Baliabideak eta ekoizpena optimizatzeko eta Nafarroa osora hedatuko den programazio bateratua emititzeko helburuz sortu zen. NIESek Udalbideren eta Topagunearen laguntza jaso du proiektua aurrera eraman ahal izateko.
2007
Beleixe.com. NIESen bidez 6 irratiak digitalizatu eta web orriak sortu dira.
2007
Arrosa Irrati Sarea. Euskal Herriko irrati mordoxka batek osatzen dute. Beleixe Irratia sarea 2001ean sortu zenetik presente egon da, baina digitalera egokitu arte ezin izan du behar den bezala parte hartu. Hemendik aurrera hasiko da fruituak ematen.
2007
Guaixe.net. informazio erabilgarria, bat-batekoa eta euskaraz eskaintzeko asmoz salto egin du Guaixek sarera.