Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Noiz ireki zituen lehen aldiz ateak Altsasuko Gazte txokoak?Urriaren 12an ireki genituen ateak baina Gazte txokoa martxan jartzeko lan asko egin behar izan dute Gazteria sailekoek.. Beraz, hilabete eskas daramazue bertan. Zein egun eta ordutan irekitzen duzue?Asteburu eta jai egunetan zabalik egoten da. Arratsaldetan 4 orduz jarraian; 17:00etatik 21:00etara. Sarrera librea da eta nahi dutenean atera eta sar daitezke. Ohiko ordutegia hau izaten da baina jai edo festa bereziren bat daukagunean ordutegia moldatu egiten dugu. Adibidez, gabonetan festa berezi bat eginen dugu eta gauez irekita egonen da. Gaueko 21:00etatik iluntzeko 1:00era. Baina hau egun berezietan egiten dugu soilik. Zein da Gazte txoko honen helburu nagusia?12-17 urte bitarteko gaztetxoek arazo larri bat bizi zuten Altsasun. Haurrek ludoteka duten bezala, gazte hauek leku baten premia zeukaten. Nahiko adin konplexua da, eta batera eta bestera ibiltzen dira haien tokia aurkitu ezinik. Behar honi irtenbide azkar bat emateko asmoz Gure Etxeko gelak Gazte Txoko bezala erabiltzea pentsatu zen. Helburu nagusia, gazteek leku bat izatea eta bertan nahi dituzten ekintzak burutzea da.Nolako harrera izan du gaztetxoen artean?Oso ona. Hasieran jendeari kostatuko zitzaiola pentsatzen genuen baina guztiz kontrakoa gertatu da. Negua, ordu aldaketa... nabaritzen da neska mutiko hauek arratsaldea pasatzeko leku baten premia zeukatela. Eguneko media 50 ingurukoa izaten da, beraz marka guztiak hautsi ditugula uste dut. Adin tartea 12-17 urtekoa den arren gehien bat 14 eta 16 urtekoak dira etortzen direnak.Zuk bideratzen dituzu ekintzak edo beraiek proposatzen dizute zertan aritu nahi duten?Biak uztartzen saiatzen gara. Gazteria sailetik hilabetero ekintza zehatz batzuk proposatzen dizkiegu. Hilabetero gai zehatz baten inguruko filmea ikusi eta ondoren gai honi buruzko eztabaida egin, tailerrak,..Beraiek haien kabuz aritzeko ere jokoak, ping ponga eta halakoak ere dauzkate. DVD eta bideoa ere eskuragarri daukate eta haiek alokatutako filmea ikusteko aukera ere daukate hala nahi izanez gero.Guk hilabeteko programazioa egiten dugu baina argi utzi nahi dugu, programazio hau malgua dela. Haiek proposatzen dituzten gauzak egingarriak badira ez diegu inolako oztoporik jartzen. Azken finean haiek gustura egoteko sortu da Gazte txokoa.Zer nolako ekintzak izaten dira ohikoenak?Abenduan esaterako lehenengo bi asteburuetan makilaje tailerra eginen dugu. Olatz estetika zentroaren eskutik neska zein mutilendako fantasiazko makilajea izanen dugu.Abenduaren 3an, berriz, jai eguna denez, txapak egiteko tailerra antolatu dugu. Hilabetero egin ohi dugun bezala, abenduaren 15ean pelikula izango da gai bat jorratzeko helburuarekin (drogak, integrazioa, ekologia...) Honela filmea ikusi ondoren gai honi buruzko eztabaida bideratzen saiatzen gara. 22 eta 23ko asteburuan gazte txokora gerturatzen diren guztiek Gazteen argazki erakusketa ikusteko aukera izanen dute Hilabete hau gabonak direla eta nahiko berezia izanen da. Abenduaren 29an esaterako jai berazi bat antolatu dugu eta Gure Etxeko beheko solairua Gazte Festa hartuko du. KSK talde altsasuarraren kontzertua eta beste ekintza batzuk prestatu ditugu egun honetarako. Gozamenez kanpainakoek ere beste jai bat antolatu dute eta gazte txokoan burutuko da hau. Abenduaren 14an Bolando Boysen kontzertua izanen da. Gazteria sailetik koordinatzen diren programen hedapena ere egiten dugu. Adibidez, orain sexu aholkularitza jarri da martxan Hileko lehen asteartean (atsaldeko 15:30-17:15era) banaka zein taldeka kontsultak egin daitezke hona etorriz edo telefonoz deituz. Hilabete daramate eta arrakastatsua izaten ari da.Zu izatez hezitzailea zara, baina zein izaten da zure lana Gazte Txokoan?Orokorrean esanda, Gazte Txokoa dinamizatzea da nire lana.Bertaratzen diren guztien kontrola egiten dut eta etortzen diren lehen egunean gazte txokoaren funtzionamendua eta arauak azaltzen dizkiet. (Ezin dela erre, balkoietara ezin dela atera, lokala txukun mantendu behar dutela..)Jokoetan aritzeko mailegu sistema erabiltzen dugu eta horren jarraipena egiteaz ere arduratzen naiz. Fimoa, buztina eta horrelako materialak behar dituztenean niri eskatzen dizkidate, eta prezio sinboliko baten truke eskuratzen dute.Etortzen diren guztiekin datu base bat sortu dut. Alde batetik etorkizunean erabiltzaile hauen datuak izatea baliagarria izango zaidalako eta bestetik haiekin harreman zuzenagoa izateko. Hilabetero programazioa e-postaz bidaltzen diet eta horrela egongo denaz jakitun dira. Azken finean gazteen sare bat sortzen ari gara. Gazte Txoko "arrakastatsua" martxan da jada. Noizko Gazte Lekua?Gure Etxeko eraikina Gazte txoko bezala hartzea behin behineko irtenbide bat izan zen. Gazteak kalean zeuden eta leku baten beharra zeukaten.Momentuz Altsasun erabilgarri dagoen bakarra Gure etxea denez, hemen sartu gintuzten. Horregatik jarri genion "txoko" izena; behin behinekoa delako.Etorkizun batean Altsasuk Gazte Leku bat behar duela argi dago. Gazteek ere hala eskatzen dute, eta beraientzat betiko izango den leku finko bat eskatzen dute. Beraiena egin nahi dute lekua, margotu, dekoratu,... baina hori hemen ezin da egin, espazioak asko mugatzen du eta.Etorkizuneko Gazte Leku horrek ere beste zerbitzu batzuk eskaini beharko lituzke, astean zehar irekita egotea, aholkularitza zehatza, hezitzaile gehiago, programa ezberdinak... Espero dugu egitasmoa honek aurrera jarraitzea eta laster benetako "Gazte Lekua" izatea.