Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Odola emateagatik urrezko domina jaso berri duzu, horrek zenbat odol eman duzula esan nahi du?Urrezko domina, edo hirukoitza, jasotzeko gutxienez 150 odol emate egin behar izan dira. Garai batean litrotan egiten zen kontua, baina egun odol emate aldien arabera egiten da. Lehen gainera odoletan emandako alde batetik, eta plasma eta plaketetan emandakoa bestetik hartzen zen kontuan. Gaur egun baina, bi erak batuta zenbatzen dira.Noiz hasi zinen odola ematen?Ez nuke ziurtasunez esaten jakingo, baina 1976-77 urte inguru horretan hasi nintzela esango nukeBeraz hogeita hamar urte badaramazu odola ematen...Bai, eta agian gehiago ere bai!Zergatik erabaki zenuen odola ematea?Ohartu egin nintzen behar hori zela, beharrezkoa zela herritarrek odola ematea. Horretaz gain, katarroren bat hartzean edo bestelako gaixotasunak, berehala sudurretik odoletan hasten nintzen... beraz odol ematea aukera ona zela pentsatu nuen. Baina nagusiki odol beharra zegoelako hasi nintzen, onuragarria eta beharrezkoa zela banekien eta bi aldiz pentsatu gabe ekin nion odola emateari. Egun arrazoi beragatik odola ematen jarraituko duzu...Bai, bai. Beharrezkoa ikusten dudalako, beharrezkoa edo ezinbestekoa.Zein odol emate mota egiten duzu?Plasma eta plaketa emateak egiten ditut eta tarteka odolarenak ere bai. Plasma eta plaketena egiteko Iruñara joan beharra dago, odolarena aldiz, herrietara etortzen diren autobusetan egin daiteke. Plasma eta plaketen odol emateak zertan ezberdintzen da ohiko odol ematetik?Zientifikoki ez dizut esango, baina modu erraz batean azaltzeko: odola atera eta plakak eta plasma bereiztu egiten dituzte makina batean eta gero emaileari itzuli egiten diote odol hori. Normalean 6 edo 7 ziklo egiten dituzte odol emate bakoitzean eta ematera joan aurretik ez dago txanda eskatu beharrik. Gaur egun dauden makinekin eta jende askorik ez bada odola ematen, prozesu guztiak ordu eta erdi irauten duela esango nuke. Odol emate aurreko probak egitetik, indarrak berreskuratzeko pintxoa jan arte, ordu eta erdi pasatzen da gutxi gorabehera. Zein maiztasunarekin egiten duzu ematea?Garai batean odola soilik ematen nuen eta hori urtean lautan egiten nuen gutxi gorabehera. Gero plaketa eta plasmarenarekin tartekatzen hasi nintzen: odoletako hiru emate urtean eta plaketena eta plasmena sei bakoitzean. Egun, gutxixeago ematen dut. Aurten ez naiz horren fin ibili eta odoletako bi emate eta beste erako bizpahiru egin ditut. Izan ere, plaketa eta plasma ematea, emailea osasuntsu egonez gero, hilero egin daiteke. Odola, berriz, hiru hilero eman daiteke gehienez. Orain Iruñara joan beharrean, Irurtzunen hasi naiz ematen. Herrietara normalean autobusa urtean bitan etortzen da. Beraz, nik urte hasieran egutegia hartu eta autobus bisita horiek markatzen ditut, gero bideragarria den programa propioa egiten dut Iruñan egiten dudan plasma eta plaken ematearekin tartekatuz. Odola emateko era 30 urte hauetan asko aldatu da? Gogoratzen dut Iruñean Leire karrikako erietxean hasi nintzela ematen eta orain ospitaletan egiten dugu. Makinak ere askoz modernoagoak eta azkarragoak dira gaur egungoak. Baina funtsean ez dut uste asko aldatu denik.Odola ematera joan zaren aldi horietan denetan, anekdota bat baino gehiago gertatuko zitzaizun...Ez asko! Hala ere, behin gogoratzen dut nola odola eman ostean "derrigorrezko" pintxoa jatera joan eta besoa odoletan hasi zitzaidala... baina bestelakoan ez dut gauza berezirik gogoratzen! Beste pertsona batzuenak bai, haiek gogoratzen ditut!Bestelako organoen emailea al zara?Bai, gorputz osokoa. Espero dezagun oraindik ezetz, baina zerbait gertatuz gero eta mundu hau utzi beharra badut, gelditzen dena aprobetxa dezala behar duenak! Muin emailea ere izan naiz, baina 55 urtetaraino bakarrik da posible, beraz orain jada ez naiz. Hasieran aipatu bezala urrezko domina jaso duzu, errekonozimendu bat bada, baina sozialki uste duzu nahikoa egiten dela odol emateak sustatzeko?Dominarena ongi dago, detaile bat bada, baina egia esan ez dut uste beharrezkoa denik. Ni emailea naiz emaile izan behar dudala uste, sinisten, dudalako. Jendartean ematearena bultzatu nahi bada, politika ezberdin bat beharko litzatekeela uste dut. Nafarroan egia da gaur egun emaile asko dagoela, baina kontuan hartzekoa da ere, emaile horien bataz bestekoa gora doala. Beraz, dominak eta sariak emateaz gain, gazteriak dauden beharrak ikustea bultzatuko lukeen politika bat ezinbestekoa dela deritzot. Egia da gazteak ere badaudela emaileak direnak, baina dagoen istripu pilarekin, horiek denak eta gehiago ere beharko ditugu tamalez. Zer esango zenioke oraindik odol emailea ez den horri?Hotzean... bihar agian berak behar izango duela odola esango nioke. Eta era berean, berak beste baten bizitza salbatu dezakeela kontuan har dezala esan dakioke. Egia da esfortzu bat suposatzen duela, bizi honetan denak eskatzen du bere esfortzua, baina horrek bere poztasuna ere badakar!