Itziar Flores Mazkiaran

Guaixe 2007ko abenduaren 20a

Nola sortu zen Herria-kantuz egitasmoa?Aspaldidanik gure artean bagenuen nolabaiteko kezka herrian egiten ziren ekitaldietan, festetan... ez zegoela kantuaren inongo presentziarik. Hau da, Santa Ageda, Olentzero festan... herritarrok ez genuela abesten konturatu ginen. Esaterako, Olentzerorengana gero eta jende gehiago biltzen joan da, baina abestu gutxi egiten zela ohartu ginen, nolabait prozesioan joaten ginela, parte hartu beharrean. Abesteko ohitura, eta jarrera bera ere, galbidean zela agerikoa zen. Horregatik denagatik, taldetxo bat elkartu ginen, niri egoki zitzaidan zuzendari papera, eta abesten aritzeko taldea sortu genuen. Baina abesbatza ez da...Ez, ez gara koro formal bat, modu herrikoi batean abestea baino ez dugu helburu. Ez dugu talde itxi bat sortu. Guk abestea gustatzen zaion talde bat osatzen dugu. Gehienok astean behin entseatzen dugu, baina helburua gure "emankizunetan" edonor gurekin abestera gehitzea da, ahalik eta pertsona gehien kantuan aritzea. Hau da, gure taldea kalera ateratzen denean norbaitek abesteko gogoa badu, gure taldera gehitu daiteke eta denok elkarrekin aritu. Parte hartze hori posible egiteko, kantuak ezagunak izan beharko dute, ezta?Bai, kantak aski ezagunak dira. Kanta herrikoiak dira, bateon bat egon daiteke berriagoa, modan dagoelako, baina kantu oso ezagunak dira. Gainera ez da lanketa berezirik egiten, hots, ez dugu ahotsekin gauza berezirik egiten, doinuak ikasi eta kitto! Hortaz, ez da inongo arazorik gurekin abesten aritzeko. Ohikoa da abestiaren letraren lehen bi lerroak ezagutu eta gero lara-lara-la egiten baino ez jakitea. Horregatik ere bildu eta forma hartu du zuen taldeak?Hori da. Kantuak ezagunak dira, baina abesti osoaren letrak gehienok ez ditugu ezagutzen. Horregatik entseatzen dugu guk, batez ere letra horiek barneratzeko. Izan ere, doinuek ez dute aparteko zailtasunik izaten. Gure ustez kantatzea pertsonengan gauza naturala da, gehienoi gustatu egiten zaigu abestea. Baina jakina, hori ez da besterik gabe ateratzen. Horregatik guk antolatzeko beharra sumatu eta Herria-kantuz sortu dugu. Noiztik daramazue Herria-kantuz taldean kantuan?Iazko San Joanetan hasi ginen, orduan atera ginen lehen aldiz. Orduz geroztik, Olaztiko festetan abesteko deitu gintuzten, Santa Agedan hartu genuen parte, korrika zela eta giroa alaitzeko abestu genuen, Altsasuko festetan ere aritu ginen, ferietan, orain Olentzerorekin abestuko dugu... jai giroan beti ere.  Zenbat pertsona elkartzen zarete kantuan aritzeko?Normalean eta jarraitasunez, hamar, hamabost, pertsona elkartzen gara, emakume nahiz gizonak. Baina egunaren arabera aldatu egiten da partaideen kopurua. Esaterako, festetarako koadrila jendetsuagoa bildu ohi gara. Orain gabonetan jende gehiago biltzea espero dugu. Entsegu orokor batzuk ari gara egiten eta ez gu bakarrik, baizik eta Altsasuko Erkudengo Ama koroarekin eta Trasteando taldearekin ere bai. Deialdi ireki bat egin dugu herritarrak anima daitezen. Azken finean, denok parte hartu dezagun. Olentzero astelehenean 18:00etan iritsiko da Altsasura, baina gu 17:00ak aldera hasiko gara kantuan badatorrela abisatzeko eta giroa berotzen hasteko.Esan duzunez, zuri egokitu zaizu zuzendari papera, ahotsak afinatu eta bat egiteko lan hori zer moduz?Astero biltzen garenak ari gara itsura hartzen. Nabaritzen da entseatu egiten dugula eta maila polita ari gara hartzen. Kanta zailagoak prestatzen hasten garenean jendea hasten da protestan "hau oso zaila da guretzat!", baina behin gustua hartuta eta errepikatzearen poderioz, ez da inongo arazorik egoten.Ahotsak bakarrik edo musika instrumentuek lagunduta aritzen zarete?Gitarra bat dugu, Franzis. Baina orain adibidez Olentzero egunerako akordeoi batzuekin ere arituko gara. Eta musika tresnekin ahotsekin bezala, edonork akorde batzuk jotzen baldin badaki eta gurera gehitu nahi badu, ez dago inongo problemarik, esker onez hartuko dugu. Abesten dituzuen kanta gehienak euskaraz dira, zuek denak euskaldunak zarete?Gaztelaniaz Altsasuko zenbait abesti, bertakoak, kantatzen ditugu, baina beste denak euskaraz dira. Eta taldean gabiltzanak ez gara denak euskaldunak, asko erdaldunak dira. Eta egia esan batzutan nabaritu egiten da. Duela gutxi Tapia eta Leturiaren abesti bat hasi ginen ikasten eta erdaldunentzat hori izugarriko ahalegina da. Baina asko saiatzen dira eta oso ongi ikasten dute. Abesteko tradizio edo ohitura galdu egin dela esango zenuke?Ez dakit. Garai batean adibidez, tabernetan ez zen musikarik egoten, beraz horrek kanturako gonbitea edo aukera asko errazten zuen. Eta galdu, uste dut utzikeriagatik galdu dela. Esaterako, duela 30 urte inguru Altsasun Lagun-Onak elkartean hartu zuen Santa Agedan kantatzeko ohitura bultzatzeko lana. Gero ikastolak ere hasi ziren zeregin horretan. Denborarekin tradizioa indartu egin zenez, beharra ez zen horren handia eta beharra ez egotean horretan aritzeko lana utzi egin zen. Gauzak normalizatu edo normalizaziorako bidea hartu dutenean, beharrak desagertzean, lantzeari utzi egiten diogu, horrek ostera gainbeherarako dakarren arriskuarekin.Herria-kantuz-ek pertsonarteko harremanetarako aukera ere emanen du?Bai noski. Lehendik bistaz ezagutzen zenuen jendea sakonago ezagutzeko aukera ematen du. Harreman berriak sortzen dira. Gainera adin ezberdinetako lagunak gabiltza eta kalera ateratzean gazteenekin ere nahasten gara, beraz, batekin eta bestearekin aritzeko aukera paregabea izaten dugu. Norbaiti abesteko harra sabelean hozkaka hasi bazaio, nora jo behar du zuekin aritzeko?Guk esan bezala astean behin entseatu ohi dugu ordu betez. Asteazkenero 19:30etik 20:30era Altsasuko Zubi-Ondo elkartean aritzen gara. Beraz, jendea anima dadila eta gurera hurbildu, denontzat ateak irekita ditugu! Eta entsegutara joan ezin dena ere, jai egunetan gurekin kantuan aritzera animatzen dugu!