Carlos Ribera. Altsasuko herria margoetan.

Guaixe 2007ko abenduaren 20a

San Pedroko ermita, Sozarretatik pasatzen den Alzania ibaia, Beriainen ikuspegia, Altsasuko hamaika haritza, Urdiaingo Laieneko haitza.... Hauek eta beste hainbat paisaia, 44 era heldu arte, dira Carlos Ribera margolariak 1946 urtetik 1975 urte bitartera egin zituenak. Iortia Kultur Gunean ikusgai dagoen erakusketa honetan Altsasun zehar ibilbide koloretsua egitea bultzatzen gaitu Ribera margolariak. Koadro hauetan irudikatzen den bezala, paisaia batzuk berdin berdin mantentzen dira gaur egun baina beste batzuk guztiz itsura aldatuta agertzen dira eta zaila egiten zaigu etxe, lur sail edo zuhaitz hori non dagoen kokatzea. Nola aldatzen diren gauzak! Kontuak kontu, Carlos Riberak bere begietatik Altsasu garai hartan zegoen bezala ikusi eta margotu zuen. Altsasu Riberaren begietatik ikusita herri koloretsu eta bizia zen . Erakusketaren ibilbideaCarlos Riberaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko 4 erakusketa antolatu dituzte honen seme alabek. Lehena, bere jaioterrian izan zen, Alziran (Valentzia). "Bidaiaren sorterria" izenburupean mustutako erakusketak urte beteko erakustaldiari hasiera eman zion. Honen atzetik Donostiako erakusketaren txanda heldu zen. Carlos Ribera 1930ean Donostiara bizitzera joan zen eta bere bizitzako urterik gehienak Donostian eman zituen. Honela, Gipuzkoako hiriburuan "Carlos Riberaren papera arte munduan"erakusketa izan zen ikusgai denbora luze batean.Riberak lagun handiak zituen Euskal Herrian barna eta horietako bat Bergaran. Bergararrek honen laguntasuna eskertzeko asmoz ere, "Arte kritikariari" buruzko erakusketa arrakastatsua antolatu zuten. Esan bezala, erakustaldiaren bidaia Alziran hasi eta Altsasun amaituko da. Abenduaren 30a bitarte Iortia kultur gunean "Altsasuko paisaia Karlos Riberaren ikuspegitik" margo erakusketa ikusteko aukera izanen da.BiografiaCarlos Ribera Snachis 1906. urtean jaio zen Valentziako Alzira herrian eta gazte zelarik,1914an bere familia Madrilera joan zen bizitzera.Jatorri handiko gizona zen Carlos. Medikuntza ikasketak egin zituen Madrilgo San Carlos fakultatean. Baina, aldi berean arte ikasketak egin zituen, "Escuela Especial de Pintura, Escuela y Grabados izenekoan.Garai hartan ezagutu zuen arte ederreako mundu koloretsua eta akademiaren korronteari  aurka egin zion, gero hain ospetsua izango zen egoitzako bere kideen grina berritzailearekin.1928an amaitu zituen bi karrerak eta 1930 urtearen hasieran Donostiara etorri zen bizitzera Ignazio Zuloagak animatuta. Han artegintzan sartu zen bete betean, marrazkiak egiten, margotzen, erakusketak antolatzen eta eztabaida sutsuetan jardun zuen. Kubismoa, surrealismoa, naturalismoa eta inpresionismoa probatu zituen. Arteta, Zuloaga, Ortega y Gasset, Picasso, Einstein... ezagutu zituen.1934. urtean Tellaeche, Landi, Olasagasti, Juan Carlos eta beste batzuekin "Gu" elkarte gogoangarria sortu zuten. Elkarte kultural eta gastronomikoa zen hau eta jarduera artistiko ugari eta garrantzi handikoak antolatu zituzten.  Azken finean, Donostiako ardura estetiko eta artistikoen bilgunea izan zen. 1936 urtea bitarte gizarte bizitza azkar eta bizkor horretako partaide izan zen.Ezkondu ondoren familiako bete beharrak iritsi ziren margolariarentzat eta gerraondoa ez zen garairik egokiena artegintzarako.1924tik 1956 bitarte "La Voz de España" egunkariko ohiko arte kritiko izan zen eta 800 artikulu baino gehiago idatzi zituen aipatu egunkarian Handik aurrera tarteka bakarrik egiten zuen lan hori.Epealdi luze horretan hirian sortzen zen artegintzako eta kulturgintzako jarduera guztietan hartu zuen parte, balore gazteak lagunduz, erakusketak, lehiaketak etab. antolatuz.Margotzen jarraitu zuen , biana bere jarrera kritikoak erakusketetatik aldendu egin zuen. Bere jarduera oparoak Donostiako Udaleko zinegotzi eta alkateorde izatera eraman zuen 1956an Udalaren arte aretoetan jarraitu zuen bere lana berrantolatu eta indartzen."La Voz de España" egunkarian idazten jarraitu zuen, baina gai zabalagoei buruzko artikuluak, ez bakarrik margolaritzari buruzkoak, hala nola humanistika edo kulturari buruzkoak zenbaitetan ironia puntua ere erabiliz. Hitzaldiak ematen zituen, epaimahietako buru izaten zen, katalogoen hitzaurreak egiten zituen, eta bien bitartean hainbeste maite zuen euskal paisaia margotzen jarraitu zuen.Lanean bete betean ari zela ia bat- batean hil zen 1976ko urtarrilaren 18an Carlos Ribera margolaria.Altsasu eta Carlos RiberaAltsasun ongi errotutako familia da Ribera Azkaraterena. 1946. urtean heldu zen Carlos Ribera margolaria bere familiarekin Altsasura. Arrazoiak nahiko bitxia dirudien arren herriaren altuera izan zen. Carlosek klima arrazoiengatik hautatu zuen Altsasu eta trena iristen zen azken herria zenez, uda guztietan Altsasura etortzeko hautua egin zuten. Hamarkada bat geroago Zuntaipen etxe bat eraiki zuten eta geroztik Ribera Azkarateren topaleku izan da etxe hau. Juana Mari, Carlos, Marisa eta Kuka seme alabek oso barneratuta daukate erdi altsasuarrak izan direla bizitza osoan. "Uda eta oporraldi guztiak hemen igarotzen genituen" aipatu digu aitaren izen bera daraman semeak.Altsasuar askok ere gogoan izango dute Carlos herriko edozein bazterretan margotzen. "Berak apunteak hartzen zituela aipatzen zuen" azaldu du Carlosek. Apunte hauek Altsasuko 44 paisaia erreal biltzen dituzte. Altsasuko jende askorentzat ezezaguna da Carlos Riberaren ibilbidea eta are ezezagunagoak bere lanak. Horregatik bere seme alabek erakusketa hau Altsasura ekartzeko nahia zeukaten aspalditik. "Gure nahia altsasuarrek lan hauekin gozatzea da. Gehienek aitak margotutako leku hauek ezagutuko dituzte eta guk hauek ezagutzeko aukera bat eman nahi genien altsasuarrei. Ribera Azkarate familiak Altsasuko herriari eskaini nahi zion opari bat da erakusketa hau" diote Carlos eta Juana Marik.Izen handikoenen arteanZuloaga, Ortega y Gasset, Dalí, Einstein eta Picasso bezalako izan handiko pertsonaiak ezagutu izan zituen Riberak bere garaian. Picassorekin izandako hartu emanaren lekukotza Altsasuko erakusketan ere ikus daiteke. Picassori egindako bisitaldi baten testigantza irakur daiteke eta umore handiz kontatzen du harekin izandako bizipenak. Picasso bere lanekin liluratuta geratu omen zen eta Parisera gonbidatu zituen margolari hauek.Picassoren esker oneko hitzak ez ezik hark egindako opari bat ere ikus daiteke Iortiako erakusketan. Picasso margolari ezagunak Riberarentzat espreski marraztutako irudia eta idatzitako esaldi sakona.Izen handikoen artean ibili zen Carlos Ribera. Bere izena askorentzat ezezaguna izan arren, adituen esanetan margolari profesional bezain umila zen Carlos. Hemendik aurrera  herria iruditan jarri zuen margolariaren izena gogoan izanen dute altsasuarrek.