Edonork daki gaurko Etxarri XIV. mendean sortu zela, "gaizkileen mugetan" bizi ziren jendeak hobeki defenditu ahal izateko, Nafarroako erregeen aginduz, Arañaz aldeko herrixka zenbait bertan sartu zirenean. Oinarrizko bi dokumentu aipatzen dira beti: Luis el Hutín erregearen denboran, arañaztarrek hala eskatu ziotela eta, Engarrán de Villers gobernadoreak 1312an emandako foru-gutuna eta Karlos II.ak 1351an, abantaila asko gehituz, emandako pribilejioa. Etxarri XIV. mendean sortu zela esateak, ordea, ez du esan nahi lehenagotik existitzen ez zenik. Ehun urte lehenagotik aipu dira bertako Dorrea eta Santa Maria eliza. San Migel Kofradiaren eraikitze agirian, adibidez, 1191n, azaltzen da Etxarri. Echerri idaztan dute han, eta Echerri agertzen da garai hartako hainbat paperetan, Echerri de Araynaz. Ordukoz ere aski inportantea zen Etxarri. 1268an esaten denez, "Araynatz" lurralde guztiko herrietan handiena zen, zergarik handienak berak ordaintzen zituen behinik behin. Berehala ondotik jarraitzen zioten "Lascotz" eta "Herrdocia" herriek osatutako bikoteak eta nahiko gertutik "Adialiçarraga"k. Orain, aldiz, erregeak Arañaz guztia Etxarrin biltzeko agindu ondoren, asko haziko da Etxarri, inguruko herri asko bertan sartuko baitira. Etxarriarrek, 1376an Karlos II.ari idatzi zioten idazki batean, gogoratzen diote nola agindu zuen berak Arañazko herri guztiak, hamalauak, Etxarrin sartzeko: "poblar et entrar dentro a la dicha villa todas las aldeas de Arainaz que eran en toda la tierra de Arainaz, que eran catorce las dichas aldeas, de las quales aldeas era la una Lacunza". (Hau sei urteren buruan berriro lehengo lekura itzuli zen eta honekin elkartu ziren, erregeren aginduz, Illarrazu, autobiaren ondoan Arbizuko mugatik gertu zegoen Arañazko herrixka eta Arakilgo Aldaba, Sanseastiñ ermitaren tokian zegoena).Hainbat herri txiki hutsik gelditu zen urte haietan Arañazen. Beste batzuk husturik edo desagerturik zeuden ordurako. Herri horietako elizak, ordea, zutik gelditu ziren momentuz; batzuk desagertu eginen ziren gerora, beste batzuk, aldiz, berrituak izanen dira behin eta berriz, eta ermita izaten iritsiko dira gaur egunera. Erori zirenean, eliza zahar horien tokian, han-hemenka, gurutzeren bat edo beste jarri zuten gure antzinakoek, testigu bezala. Horrela, adibidez, Maizan, Mugarasen eta Santakitzen. KonzezioAditu guztiek diotenez, XIV. mendean Etxarrin sartu ziren herrixka horietako bateko parrokia dugu, zalantzarik gabe, Konzezio. Zein herrietakoa, ordea?Gaur egun ermitaren inguru guztiari Artola deitzen diogu, batez ere, ermitatik gorako eremuari. Baina horrela izan ote da beti? Artola, deitura bezala ere, oso zabaldua dago. Normala da izen horretako herritxo bat izan zela eta hor nonbait egonen zela pentsatzea. Baita Konzezio Artola herriko eliza izanen zela pentsatzea ere. Ni, behinik behin, uste horretan nengoen, horrela entzunik baineukan. Gainera, besterik ezean, toponimiaren argudioa oso garrantzitsua da, erabakigarria esango nuke. Baina paper zaharren artean nenbilela, bestelakorik ikusita, zalantzak sorturik, hasi nintzen bazterrak hobeki miatzen, eta hara zer aurkitu dudan. Artolako eliza? 1- Lehenik eta behin, horko elizatxoari buruz ikusi ditudan hainbat aipamen zaharren erdian, sekula ez dut ikusi "Artolako eliza" edo "Artolako Andre Maria" edo horrelakorik. 2- Bestalde, 1268ko Rediezmo liburuan, garai hartan jendea bizi zeneko herri guztiak egon arren, Artola ez da aipatzen. Desagertuta egonen zen ordurako. Nola sartuko zen, bada, Etxarrin, existitzen ez bazen? 3- Beste honetaz ere ohartu naiz: orain Konzezio ondo guztiari Artola deitzen badiogu ere, hori ez dela beti horrela izan. XVIII. mendeko hainbat agirietan: 1759, 1763, 1771, 1777 eta 1796an, baita 1829an ere oraindik, oso ongi bereizten zirela Konzezio eta Artola dermioak. Etxe bereko alor batzuk Konzezion zeuden eta beste batzuk Artolan; batzuk Artola txikin, beste batzuk Konzezio azpian, Konzezio ondoan, Konzezio bidean, Konzezio aurrean, Errotegin, Iturri txikin eta abarretan. 1777an, Bikariozarreneko inbentarioa egitean, adibidez, bi alor Errotegin ageri dira, hauetako batek, "por el norte con el camino que va a San Gregorio" mugatzen du, lau alor Konzezion, hiru Artolan eta bi Larrutuan, hauetako batek "por el bochorno con el camino para el puerto de la villa". Baina Konzezio ez bazen Artolako eliza, zein herritakoa izan zitekeen? Lazkozkoa, inondik ere. Lazkozko eliza? 1- Toponimia aldetik jarraituz, ez da zaila Lazkozen aldeko apustua egitea. Errotegi, Lazkoz ondoa, Artola eta Konzezio dermioak elkarren ondoan ageri dira, adibidez, 1759ko zerrenda batean. Kofradiako ondasunen artean "Lazkoz ondoa" izeneko lur sail bat ageri da 1805ean Konzeziotik San Gregoriora zihoan bidexka bazterrean. Honela idatzi zuen Manuel de Cáseda eskribauak: "Otra (pieza) en Lazconcodoa de 29 pérticas, en el mismo sendero de entre las dos ermitas, afronta de bochorno a la de Mundiñoenecoa". Garbi dago, beraz, non kokatzen zen "Lazkoz ondoa". Antzeko zerbait ageri da beste honetan. D. Domingo Erdoziak ehun dukat eman zizkien 1606an Pedro Etxeberri eta Mari Martin Etxarriri %6an. Zenso hori ezartzean hipotekatutako ondasunen artean hurrengo hauek azaltzen dira, bat bestearen ondotik: alor bat Illarraçabalen; beste bat Artolan; beste bat Lascoz bidean errege bidearekin mugatzen dena; bi alor "en Lascoz hondoa en Errota eguia" eta beste bat "allí, más bajo en Illara". Beste hau ere nahiko deigarria gertatzen da. Migel Perujuanizek 1614an D. Juan de Bulanori saltzen dio "una pieza de pan traer sobre el término llamado Artola y Lascoz burua y en el sitio de San Miguel". 2- Hauek denak ez dute gehiegi probatzen, baina bai garbi uzten gauza bat: Litekeena dela Konzezio Lazkoz izatea. Niri, besterik ikusi ez banu, hori ez zitzaidan sekula burutik pasa ere egingo. Baina egun batez, ustekabean, esaera honekin topo egin nuen idatzi batean: "Nª Sª de Lazkoz dicha la Concepción". Hanka sartzeren bat izanen zelakoan ez nion kasu handirik egin, eta ez nuen ezta erreferentziarik ere hartu. Baian barruan halako arantzatxo bat bezala gelditu zitzaidan. Egia ote da? 3- Geroztik, nire ustez zalantzarik gabeko beste azalpen batzuk ikusi ahal izan ditut. Askotan aipatzen da, hasi 1542tik eta XVII. mende bukaera arte, Nª Sª de Lazkoz ermita. Ia beti Lascoz idatzia, baita tarteka Lasco, Lassco, Assco edo Asco ere eta, itxura guztien arabera, Konzezio dagoen tokian kokatua, hain zuzen. Geroztik, berriz, apenas ageri da gehiago "Nª Sª de Lazkoz"ik, normalki Konzezio azaltzen da. Aitormen esplizituak 4- XVII. mendearen bigarren zatian, idazki bat baino gehiago dira Nª Sª de Lazkoz - era batera edo bestera idatzirik-, Konzezio ermitarekin berdintzen dutenak. Horrela dio, adibidez, Pedro de Biguria eskribauak 1664an: "Fermín de Artieda, ermitaño de Nª Sª de Lascoz, que es de la Purísima Concepción de la Virgen Madre". 5- Konzezioko Kofradia lehenengoz eraiki zenean, Juan de Jauregi notarioak honela hasi zuen agiria: "En la basílica de Nª Sª de Assco de la advocación de la Virgen Santísima de la Concepción, a 8-XII-1665, ante mi el Esmo. Y testigos infascritos, parecieron presentes Fr Fermín de Artieda, ermitaño de la dicha Basílica, D. Miguel Beltrán de Agoado, D. Fermín Martínez de Larraza, presbíteros, Joanes de Lacunza, alcalde...". 6- 1675eko Mendekoste bezperan, Konzezioko ermita jendez beteta zegoela, Burundatik - Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaindik, zehazki-, etorritako zenbait gaztek sekulakoa armatu zuten. Epaiketa ere izan zen eta 48 erreal ordaindu behar izan zuten. Etxarriko bikarioa, D. Juan de Bacaicua, izan zen aldi hartan, 48 erreal horiek hartu zituena "para la ermita de Nuestra Señora de Lassco". Seinale Konzezio eta "Nª Sª de Lassco" gauza beratako hartzen zituztela garai hartakoek. 7- Beranduago, 1803an, Marqués de las Amarillas Erregeordeak bidalitako inkesta bati erantzutean, herriko etxean, beste xehetasun askoren artean, hauxe aitortu zuten: Etxarrik bazituela eliza bat eta lau ermita: "los Remedios, la Concepción, San Gregorio y San Adrián, más la arruinada de Santa Bárbara". Bazuela ere antzinako denboretan ekialdera herrixka bat, orain Nª Sª de Mundiñano deitu ermita dagoen lekuan, eta hegoaldera beste bat, non badagoen beste baseliza bat: "ermita de Nª Sª de la Concepción de Lazcoz, cuyos dos lugares hay tradición se unieron a esta villa, pues hay dos barrios, llamados Mundiñano y Lazcoz". Hauek ez zuten nonbait historiaren ezagutza zehatzik, Maiza bera ez baitute aipatzen, baina Konzezio Lazkozkoa zela garbi aitortzen dute. Arañaztarren prozesioak 8- Hau dena gutxi balitz, 500 urte eta gehiagoz, Nª Sª de Lascoz ermitara ateratzen zen urtero Arañaz guztia: Etxarri, Ergoiena, Arbizu eta Lizarragabengoa, Igokunde aurreko astelehenean, Etxarriko gurutzeari jarraikiz beren prozesioak egiteko. Eta leku beraraino iristen zen gurutzea bigarren egunean ere, elizara itzuli aitzin. Prozesio hauei buruz, badira apezpikutegiko artxiboan hiru prozesu luze, xehetasun anitz ematen dutenak. Hiruzpalau zatitxo bakarrik aipatuko ditut hemen, gure gaiari buruz argi dezente ematen dutelako. a- D. Juan de Gorrichok, 40 urteko apaiz etxarriarrak, 1542an ematen duen testigantza da lehenengoa. Honela deskribatzen du berak bigarren eguneko prozesioa: "Que el martes siguiente sale la dicha Cruz de Echarry al pontarrón (Unanuko errota ondoan zegoena) nombrado en el $º artículo, con la gente de la dicha villa, y allí salen a rescebir la Cruz y acompañar los vecinos de Liçarraga y Torrano y Arbiçu, y todos ellos van con la dicha Cruz de Echarry a la yglesia de Unanoa, y después entran en la yglesia de Unanoa y dizen la misa, y de allí van a la hermita de Sant Andrés, y de allí a la de Santo Tomás, y de allí a la yglesia de Torrano, y de allí van a San Pedro, y de allí torna a Santa Lucía, y de ahí a San Juan de Nenau, y de allí a la yglesia de Liçarraga, y de allí a San Miguel junto a Liçarraga, y de allí a San Clemente (San Donato esan beharko luke), y de allí a la Basílica desolada de Hurquiçu, y de allí a otra Basílica desolada, no sabe su nombre (¿San Martín?), y de allí a otra (¿Irura?), y de ahí a Nª Sª de Mugaras, y de ahí a Nª Sª de Lascoz, y de ahí vienen a Echarry con la Cruz". b- Bigarren zati hau, Etxarrik eta Ergoienak, prozesioak nola egin urtetan eztabaidan ibili ondoren, 1560an hitzartu zuten akordiotik hartu dut. Bertan beste berri garrantzitsu bat ere ematen zaigu pasaeran, une horretan Lazkozko ermita erorita zegoela, alegia. Honela dio sententziak: "Y en el dicho lunes, que ese l primer día, salgan con la dicha Cruz aq la hermita desolada de Lascoz, y assí bien los dichos de Ergoiena y Arbiçu y Liçarragasarria les salgan a la dicha endrecera, y dende ahi todos la sigan y acompañen en procesión a la dicha Cruz por forma siguiente, es a saber: que vayan y suban primeramente a la ermita desolada de San Miguel (Fandalamikel, 1852an Juandelamiguel, 1842an Juandolamiguel, hasiera batean Jaun Done Mikale), que está dos tiros de ballesta de la dicha endrecera de Lascoz, y dende ahi vayan a la ermita de San Gregori y ahí ofrezcan y den a la luminaria, como tienen de costumbrey, donde ahí suban a la ermita de Santa Bárbara, donde se siga y oygan su Misa cantada y los otro officios eclesiásticos..." 1542ra arte urrutirago ere joaten ziren. Hala aitortu zuen Juan de Gorrichok: Santa Barbaratik, Bakaikuko elizara joaten zirela, handik Iturrungo elizara (San Benitora), handik Iturmendiko San Pedrora, Trinitareari (Santa Marinari) errespontsu bat errezatu ondoren, gero parrokiara, ondoren herritik beheraxeago botarik zegoen Andre Marira, handik Eizagako Andre Marira, eta handik itzultzen zirela "San Quyriaco" Basilikara eta Etxarriko elizara. c- Hirugarrena, berriz, 1599tik 1607ra iraun zuen pleitutik hartu dut. 1606an egindako aitormena da. Sancho de Berrobi, Ergoienako prokuradorea, da prozesioak orain arte nola egiten ziren esaten duena. Hara zer dioen: "los de Ergoiena salian de Torrano, Liçarraga y Unanoa, los tres juntos y, juntados, iban el puesto de Nª Sª de Lascoz, a donde hacían tres cuartos de legoa, y los dichos de Echarri salían al propio puesto, y allí daban un responso, y venían los del lugar de Arbiçu, y cuando salían de cada lugar eran las ocho, y después iban del puesto de Lascoz a la ermita del Señor San Gregorio en distancia de dos tiros de arcabuz, y allí decían 3 o 4 misas..." Honek berak aitortuko du geroxeago Lazkoztik San Migelera joaten zirela lehenik eta handik San Gregoriora. Asteartean, berriz, Etxarritik atera eta "Ochallorana"ko zubira etortzen omen zen gurutzea, han itxoiten zion Lizarragako eta Arbizuko jendeak, eta elkarrekin igotzen ziren Unanura, han mezak ematen zituzten..., handik Santo Tomasera, ofizioak esan eta Dorraoko elizara, han ere mezak eta eskaintzak..., handik Lezizako San Pedrora..., handik Nenauko San Juanera, Lizarragara, Urkizara - hemen etxarriarrek bakarrik ematen zituzten errespontsuak-, handik Irurara, Mugarasera, "Lascoz"era, eta handik Zuarretara eta Etxarrira. d- 1602an, hainbat testiguk, 60 urteko Joanes de Sarabe lakuntzarrak, adibidez, baieztatzen du prozesioetako lehen egunean Lazkozera ateratzen direla, "salen a un puesto llamado hermita de Nª Sª de Lascoz", eta Unanu eta Dorraotik Lazkozera badela legoa erdi bat ona. Beste testigu batzuek intxaurraren ondoan biltzen zirela diote, "en el nogal". Francisco FratinAzkenean, Francisco Fratin famatua, obretako arduraduna zen arkitektoa, bidali zuten elizbarrutitik, prozesio bide guztiak ikustera. Honek, zaldiz bide guztiak ibili ondoren, mapatxo oso interesgarri bat marraztu zuen. Gure gaiari dagokionez, zera ageri da Konzezioren tokian: azpian "nogal" idatzirik daukan zuhaitz eder bat eta, honen ondoan, beste ermita zenbait adierazteko marrazten duen etxetxoa bezalako bat. Goraxeago, eskubitara, mendi muino baten gainean, San Migel ermita. Plano edo marrazki horretan garbi ageri da, bada, jendea juntatzen zen lekua, batzuek el nogal eta beste batzuek Nª Sª de Lascoz deitzen zutena, Konzezio bera dela. Francisco Fratin arkitekto famatu honek bere txostenean zera dio: "se juntaban en un puesto llamado nogal, lexo de Liçarraga medio quarto dfe legua, que hay una heremita derruida, y de ahí iban a la heremita de San Miguel, lexo de dicho nogal dos tiros de ballesta y decían un responso". Horrela egiten omen zen antzinako denboretan, baina orain utzia omen zioten San Migela joateari, "Constituciones Sinodales" deitutako erabakien ondorioz, utzi ere. Hurrengo orrian, Miguel de Ollo, Etxarriko prokuradorea, konforme azaltzen da, "juntándose donde el nogal de Lascoz", San Gregorioraino bakarrik joateko, eta handik zuzenean Etxarrira itzultzeko. Lazkoz herriaLazkozek, herri moduan, izan zuen bere garrantzia eta utzi zituen han eta hemen bere aztarnak. Herrixka handienetakoa zen antzinako denboretan, bere eliza erromaniko dotorearekin. 1268ko Rediezmo liburuan ikus dezakegunez Lascotz, "Araynatz" lurraldean zergak ordaintzen zituzten 22 herrien artean. Libro Rubro de Iranzu delakoan ere azaltzen da Lascoz. Jimeno Juriok dioenez, 1360 aldera idatziko zuten hurrengo hau: "Estas son las bustalizas que fueron de Santa María de Echarrique tiene el rey: In primis ene l termino de Bacayco, en Aranguiuela, una bustaliza que´lldizen Bacaiyco allide. Otra en termino de Lascoz, en Ariçegui, Sugarteguieta" eta beste 12, Arañazko dermioetan. Badugu Lazkoz eta Etxarriren artean Haritzalkori buruz izandako pleitu baten berri ere. Hala dio 1329an Martín Pérez de Cáseda notarioak txosten batean. Txosten horretan aipatzen dituen dokumentu gehienak, ordea, askoz zaharragoak dira, 20, 40, 60, 100 urte lehenagokoak. Hau ez dakigu noizkoa den, baina honela dio: "Un roble de pargamino de la pesquisa que fue fecha en Sancta María de Echarri por el monte de Hareyçalco, que avian contienda los de Echarri et de Lascoz". Lazkoz herriaren eragina aurki dezakegu beste honetan ere. Konzezio ondoko bidetik igotzen den portuari, tarteka puerto de Lascoz esaten zaio, beste batzuetan Barga esateko sierra de Lascoz esaten da. 1648an, adibidez, Ergoienakoek Unanuko D. Blas de Sola kapilau izendatu zuten, herriarekin batera joateko "a las Basílicas de Nª Sª de Mundiñano, San Donato, que está en la tierra alta de Beriain, San Adrían que así bien está en lo alto de la Sierra de Lascoz, San Gregorio y Santa Bárbara". Hamariturrietatik datorren erreka ere Lascozerreca agertzen da batzuetan. Dermio moduan, berriz, hauek ikusi daitezke gutxienez: Lascoz bidea (1606), Lascoz herbina (1606), Lascoz ondoa (1606), Lascoz burua (1614), Lascozerreca (1635), Lascozybaya (1644), Lascoz (1699). Ondorio moduraLaburbilduz, nahiko ziur esan dezakegu, bada, gaur egun oraindik zutik ikusten dugun Konzezio baseliza, dokumentu guzti hauen arabera, Lazkozko Andre Mari eliza bera dela, XVI. mendetik hasita garbi ikusten den moduan. Inondik ere, XIV. mendean Etxarrin sartu zen eta Lazkoz kaleari izena eman ziona Lazkoz herriko eliza zatekeen. Adituek diotenez, XII. mendean eraikia izan zen eta, uste dugunez, XVII. mendearen lehen erdian berriro lehengoaren gainean jasoa eta arku eta bobeda ederrez apaindua izan zen. Erretaula ordukoa dela diote. XVII. mendearen bigarren zatian, berriz, asko indartu zen Andre Mariaren Sortze garbiko misterioaren debozioa eta hantxe eraiki zuten bere izeneko Kofradia 1665ean. Ordutik aurrera ermita bera Konzezio deituko dute. XVIII. mendearen bukaeran egin ziren koruko baranda, koru gaineko bobeda, kanpoko arkupea, atzeko pareta berria eta bi harrizko indargarriak. Hauek eman zioten ermitari gaur duen itxura. Guri, baseliza honen jatorria pixka bat argitu ondoren, bera sendotzea, zaharberritzea eta itxuran uztea tokatzen zaigu, bere bizi arnasak beste hainbeste mende iraun dezan. Beren parrokia ilusioz eta dotoreki eraiki zuten eta Etxarriri bultzada ederra eman zioten Lazkoztar haiek, aski harro senti daitezen, beraiek egindako lanak luze iraun duela eta aitzina jarraitzen duela ikusiz. Hala bedi. OharraKonzezioko baseliza zaharberritzekotan dabil Konzezio baselizaren lagunak taldea. Nahi izanez gero, bada laguntzeko modurik: 1. CAN edo Nafarroako Kutxan kontua duenak, Zeuk aukeratzen duzu zeuk erabakitzen duzu programaren arabera, ezer kosta gabe, aukeratu daiteke Konzezio konpontzearen aldeko proiektua. 13391 proiektu zenbakia da. Aukera 2007ko abenduaren 31 baino lehen egin behar da. Horrela eginez, kontu horri doakion laguntza emango du Nafarroako Kutxak. 2. Horretaz aparte, edozeinek eman dezake bere diru laguntza kontu hauetan: CAN (2054 0162 01 9149848118), Euskadiko Kutxa (3035 0116 97 1161033281) edo Vasconia (0095 4643 61 0700138144)