Olatzagutiako boluntario taldea

Guaixe 2007ko abenduaren 27a

-Noiz eta nola sortu zen Olaztiko boluntario taldea?Bolada txar bat pasatzen ari zen lagun batek bultzatuta. Hura Iruñeko misiolari talde baten bidez horrelako lanak egiten hasi zen. Etxean umeentzako arropak eta jertseak josi eta beharra zuten herrialdeetara bidaltzen zuten. Berari honek asko lagundu zion bere tristura hori gainditzen eta antzeko gauza bat Olatzagutian egitea bururatu zitzaigun. Jostea gustuko genuen 6 lagun elkartu ginen hasiera batean baina pixkanaka jendea batzen hasi zen. 40 izatera ere heldu gara, nahiz eta gaur egun 12k osatzen dugun boluntario taldea.Lehenengo urtetik, 2001etik, hasita, Udalaren diru laguntza jaso dugu. Haiek emandako diruarekin artilea eta ehuna erosten dugu. Gaur egun astearte eta ostegunetan biltzen gara Kamiogaina jubilatu elkartean eta gure helburua, astean 2 orduz, 3. munduko herrialdeko umeak laguntzea da.-Talde lana da zuena. Nola moldatzen zarete?Primeran. Talde oso polita sortu da eta oso baliogarria den zerbait egiten dugu. Honek asko asetzen gaitu eta oso lan polita egiten dugula uste dugu. Ez dago haurrak laguntzea baino gauza politagorik. Gainera oso errez egin daitekeen gauza bat da. Jende askok etxean egiten ditu lanak eta gero jubilatuen elkartera ekartzen ditu. Orain arte biltzen garenok emakumezkoak gara baina gizonak ere paketeak egiten eta laguntzen digute.-Umeei zuzendutako lanak egiten dituzue. Baina zer zehazki?Udalakoek erosten dizkiguten lehengaiak hartu eta guk umeentzako jertseak, prakak eta soinekoak egiten ditugu. Txanoak, bufandak eta abar ere egin izan ditugu baina ez da arruntena.-Zergatik Perura?Aurretik, Boliviara ere bidali izan dugu. Baina orain gure herriko bi mojei bidaltzen diegu. Neguko arropa Lima ondoan dagoen Manchyn herrira bidaltzen dugu. Bertan Aurora Markinez olaztiarra dago misiolari. Udako arropa berriz oihanera, Picotara bidaltzen dugu eta hemen Maria Jesus Iriarterekin daukagu harremana. Bi moja hauekin zuzeneko harreman daukagu eta ziurtasun osoz dakigu bidaltzen dugun guztia iristen zaiela. Noizean behin argazkiak bidaltzen dizkigute handik eta guretzat oso pozgarria da guk egindako arropak umetxoak jantzita ikustea.-Aurten gainera, egoera latza bizi izan dute Perun ....Bai. Oso gogorra izan da. Lurrikarak erabat astindu zuen herrialdea eta egoera oso larrian egon dira. Hasieran ez genuen haien berririk izan eta guretzako ere estutasunez beteriko egunak izan ziren. Zorigaitz guzti honen barruan azkenean berri pozgarri bat jaso genuen. Lurrikara gertatu baino egun batzuk lehenago guk hemendik bidalitako 318 kilo botika iritsi ziren eta anbulantzia batekin kaltetuengana iritsi ahal izan ziren. Mojarekin harremanetan jarri ginenean hori izan zen gehien hunkitu gintuena: gure botikei esker jende asko sendatu ahal izan zela.-Beraz, arropa bidaltzeaz gain botikak ere bidaltzen dituzue?Bai, "Hirugarren munduari laguntza" erakundearen bidez bidaltzen ditugu botikak. Guk prezio sinboliko baten erosten ditugu eta bidalketa gastuak ordaintzen ditugu soilik. Bestalde herriko bi farmaziek ere lan handia egin dute. Bidalketa egiten dugun guztietan bi farmaziek kutxa bana prestatzen dute.Farmaziek eta guk egindakoaz gain, pilarik gabeko jostailuak, oinetakoak eta bigarren eskuko arropa ere biltzen dugu. Umeentzat baliagarria izan daiteken edozein gauza.-Nola egiten diozue aurre bidalketa gastuei?Beharbada hau da daukagun zailtasunik handiena: bidalketa gastuak ordaintzeko dirua biltzea. Hala ere moldatzen gara. Urtean bi bidalketa egiten ditugu: bata udaberrian eta bestea neguan. Olatzagutiako jende gehienak badaki eta jende askok diru ekarpena egiten du zuzenean. Aurten ere bingo bat antolatu genuen eta 1.217 euro lortu genituen. Haurren txanoak eta bufandak ere egin eta saldu izan ditugu. Bidalketa egin aurretik ere erakusketa hau antolatzen dugu. Bidaliko den guztia hemen dago ikusgai eta eltzetsua jartzen dugu jendeak bere ekarpena egiteko.-Azkenik, zein da zuekin harremanetan jartzeko bidea?Orain ilbeltzaren 6a arte Olatzagutiako Kultur etxean dugun erakusketan aurkituko gaituzte. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etata. Dena den guk urtean zehar lanean jarraituko dugu eta Kamiogaina jubilatu elkarteak utzi digun gela batean bilduko gara astearte eta ostegunero.