Mikel Bezunartea

Guaixe 2008ko urtarrilaren 10a

Iratxe kontsumitzaile elkarteak kontsumitzaileendako bulegoak kudeatzen ditu. Zergaitik horrelako bulegoen premia?Zalantzarik gabe, gaur egun gizarte kontsumista batean bizi gara. Egunero eta egun osoan kontsumitu egiten dugu. Aski da pentsatzea jaikitzen garenean iratzargailuak jo egiten duela eta tresna hori erosi egin dugula edo tresna horrek argi indarra behar duela. Jarraian gosaldu egiten dugu eta produktu horiek erosi egiten ditugu, lanera joateko ere garraio publikoa erabiltzen dugu edo guk erositako autoa,....Garai bateko autonomiarekin bizitzea gaur egun ezinezkoa da eta egungo jendartean kontsumismoa nagusi da. Honek sekulako aldaketa ekarri du eta honen ondorioz arazo berriak sortu dira. Produktu ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak erabat aldatu dira. Gizarte kontsumista hau sistema ekonomiko batean sustraitua dago eta administrazio eta enpresen aldetik kontsumismoa bultzatu egiten da. Honen aurrean kontsumitzailea babesik gabe gelditu da erabat. Ekoizleek puntako tekonologiak, informazioa eta hainbat baliabide erabiltzen dituzte, eta haiek markatzen dituzten bideetatik ibiltzera behartzen gaituzte. Horregatik sortu da kontsumitzailea babesteko beharra eta hemendik abiatuta kontsumitzaileendako bulegoak.Behin eta berriro errepikatu duzu egungo jendartean kontsumismoak berebiziko garrantzia duela baina nola eman da bilakaera hau?Lehen ere esan dut aldaketa hori oso handia eta azkarra izan dela. Bortizki eman den bilakaera bat izan da. Aski da ikustea gure aiton-amonak nola bizi ziren eta gaur egun gu nola bizi garen. Gaur egun trikimailu ezberdinak daude gizabanakoak kontsumitzera bultzatzeko. Publizitatea, tekonologia... Nor dago guzti horren atzetik edo nor da horren arduraduna? Jende askok sosak irabazteko eta aberasteko aukera bat ikusi du sistema kapitalista honetan eta hauek sokatik tira egiten dute etengabe. Produktu berriak asmatzen dituzte, saltzeko formula berriak ere asmatzen dituzte, eta badirudi gu horien zain gaudela. Nik beti esaten dut: lehen gauzak beharrak asetzeko asmatzen ziren eta orain berriz beharrak asmatzen dira saltzaileak asetzeko. Saltzaileak, gainera, asegaitzak dira eta beti gehiago saldu nahian asmatzen jarraizten dute. Guk ere errua daukagu. Sistema hau onartu egiten dugu eta horri begira bizi gara.Eguberriak pasa dira, orain beherapenetan murgilduta.... Kontsumismoa handitu egiten da garai hauetan dudarik gabe, ez?Nire ustez kontraesan handia dago horretan. Alde batetik kexu gara KPIk gora egin duelako, hipoteka dela-eta oso estu gabiltzala, bizitza garestitu egin dela .... Baina bestetik guk gure kontsumo maila horri eutsi egiten diogu. Eguberrietako datuak oraindik ez ditugu bildu baina nik uste dut iazko kontsumo indize bera edo altuagoa izan dela. Orain merkealdietan sartu berriak gara baina estatistikek diote bataz beste Nafarroan 150 euro gastatuko ditugula. Kontraesan handia, ez?Arazo estruktural baten aurrean gaude baina kontsumitzaileok zer egin ahal dugu honen aurrean? Hasteko informazioa da behar duguna.Arazo hauek konpontzeko premia dago baina arazo hauen jatorria ez da sekula aipatzen. Kontsumitzaileak informazioa behar du alde guztietatik. Gehienetan jendeak izaten duen kezka da zerbait erosi eta izorratu egin zaiola, kontratu bat sinatu eta engainatua sentzitzen dela. Gurera gehienetan hori erreklamatzea etortzen da jendea. Dirua tartean dauden kontuak dira gehienetan.Hori ez badugu egiten saltzaileen sareetan eroriko gara. Berriz, ongi pentsatuta jokatzen badugu beti, edozein kontratu sinatzerakon edo edozein erosketa egiterakoan gutxiagotan engainatuko gaituzte. Bestalde, kontsumoaren aferan bestelako arazoak ere azpimarratzekoak dira: Ingurumena, beroketa efektua, herriak hustu egiten direla eta denda txikiak desagertu...Horregatik kontsumitzaileak nolako gizartea nahi duen pentsatu behar du eta kontsumoaren bitartez gizartean eragin. Sentsibilizatu eta modu arduratsuan jokatu.Zein bide jarraitu behar da kontsumo arduratsua egiteko?Abiapuntua informazioa da. Erosten dugun hori non egin den, nola egin duten, ingurumenari kalte egiten dion. Erosten dugun horrek garantia duen, nolako garantia duen. Informazioa izan eta gero norbanakoak erabakiko du kontsumitu edo ez. Kontsumoren bidez asko eragin daiteke; beti ere pentsatzen dugunarekin koherente izanik.Kontsumitzaileendako bulegoan zein lan egiten duzue?Arazo bat izan eta laguntza eske datoz gehienak. Eskaera honen aurrean gu erantzuten saiatzen gara. Zerbitzuaren helburua ez da epaitegira joatea, hori azkena da eta bide guztiak jorratzen saiatzen gara. Erreklamazioak tramitatu enpresa edo administrazioarekin, salaketa idatziak egin, kontsumo batzordeetara jo... Nolako harrera izan du Sakanan? Kexatiak gara gure ibarrean?Beste lekuetan bezalaxe. Ohiko arazo eta kezkekin gerturatzen da jendea. Aseguruak, zerbitzuak, telekomunikazioen ingurukoak, etxebizitza, bidaiak, internet edo telefono bidez egindako salmentak. Sakanan Irurtzunen, Lakuntzan, Altsasun eta Olatzagutian izaten gara eta orokorrean oso harrera ona izan du.