Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zergatik uste duzu bihurtu dela hain arrakastatsu Pilates metodoa?Pilatesa diziplina berritzaile bat da. Gaur egun modan jarri da eta jendeari erakargarri egiten zaio. Jende askok pentsatzen du Pilates praktikatuz gero argaldu egiten dela baina Pilatesa hori baino askoz gehiago da. Metodo honen bidez beste kiroletan lantzen ez diren giharrak lantzen dira. Gorputza bere osotasunean lantzen dugu eta horregatik esaten da gorputzeko gihar txikiak edo ahaztutako giharrak ere lantzen direla. Nondik dator Pilates metodoa?Joseph H. Pilates izan da disziplina honen asmatzailea. Honek osasun arazo asko izaten zituen, sukar erreumatikoak, asma, artitisa,... Oso kirolaria izan zen betidanik baina osasun arazo hauek direla medio pixkanaka bere gorputza ahultzen eta gogortzen ari zen. Bere kabuz berak asmatutako ariketa batzuk egiten hasi zen eta pixkanaka onera egiten zuela jabetu zen. Alemaniakoa zen eta errefuxiatu kanpamandu batera erbesteratu zuten bere familiarekin batera. Bertako errefuxiatuekin ere ariketak egiten zituen eta ohean mugitu ezinik zeudenendako ere oso onuragarria zela ikusi zuen. Denboran zehar indarra, erresistentzia eta malgutasuna buru kontrolarekin konbinatzen zituen gimnasia metodo hura garatzen joan zen eta arrakasta handia lortu zuen. 20. hamarkadan AEBetan ezagutu zuten metodo hau eta pixkanaka hedatzen joan da gaur egun modan dagoen metodoa izan arte.Baina ez da gimnasia arrunta egitea. Zertan oinarritzen da metodo hau?Metodoa, ariketa geldo eta kontrolatuz osatutako oso programa seguruan oinarrituta dago.Ariketen bidez luzapenak egiten ditugu eta lehen esan bezala gorputz osoa lantzen dugu. Pilates egiterako orduan oso kontzentratuta egon behar dugu. Kontzentrazio sakonari esker nor bere gorputzaz, honen funtzionamenduaz eta ahuleziez kontziente bihurtzen da; horrela areagotuko dira kontrola eta fisikoaren zainketa. Ezinbestekoak dira arnasketa-ariketak, horiei esker esfortzua eta erlaxazioa konbinatzen direlako. Piletsen kontzepturik garrantzitsuena burua eta gorputzaren konbinaketa da. Momentu oro gure gorputza mugitzen denean burua edo arimanekin harremanetan egin behar dugu.Gorputza eta burua harremanetan egotea ezinbestekoa dela azpimarratu duzu. Baina zer da hori?Une oro egiten ari zarenean kontzentratuta egotea. Adibidez besoa mugitu behar baduzu, zure burua ere hori pentsatzen aritu behar da. Nola ematen diozun agindu hori, nola mugitzen duzun, zure giharrak nola mugitzen diren..... Argi dago konexio hori egoteko oso erlaxatuta egon behar zarela eta horregatik dira hain garrantzitsuak arnasketak.Zeintzuk dira Pilates metodoak dakartzan onurak? Zertan lagun diezaguke?Argi dago onura fisiko zein psikologikoak dakartzala metodo honek. Edozein ariketa fisiko egitean norbere gorputzarekin ongi sentitzen gara, guretako hartzen dugun denbora da eta oso osasungarria da. Hezur eta gihar arazoak dituztenendako oso onuragarria da metodo hau. Giharrak lantzen direnez, gihar ahulak sendotu egiten dira eta kontrakturak eta halakoak luzatu. Era berean, bizkarreko arazoak dituztenendako ere onuragarria da. Bihotzeko arazoak zein zirkulazio arazoak dituztenei ere gomendatzen diete eta depresioa eta antsietatea jaisteko ere balio du. Beraz, espezialista askok gomendatzen dute, ezta?Bai. Argi dago Pilatesa egiteak ez duela mirari bat ekarriko baina oso lagungarria da osasun arazoak dituztenendako. Gorputzaren atal bakoitza xehetasun osoz lantzen da eta postura okerrak zuzentzeko gaitasuna ere badauka. Gorputzaren lerrokatze zuzena da bere helburua. Gorputza ongi egotea eta gu gure gorputzarekin ongi sentitzea.Nolakoa izten da Pilates klase bat? Zer ariketa mota egiten dituzue?Hasteko beroketa ariketa batzuk egiten ditugu Gorputz osoa lantzen da eta pixkanaka egiten da. Lehenengo burua, gero besoak, bizkarra, sabela.... Ariketa zehatz batzuk daude 500 inguru: igelarena, guraizea,...Gorputz osora bidaltzen dugun energia sabeletik ateratzen da, horregatik Pilatesen erdigunea sabelean egonen da. Joseph Pilatesen esanetan zentral elektrikoa sabelean dago. Sabeletik tira egingo baligute bezala egon behar dugu denbora guztian. Ariketa guztia hauek arnasketarekin lantzen dira. Normalean saioa bukatzeko erlaxazio ariketa batzuk ere egiten ditugu.Tresna lagungarriak behar dira Pilates praktikatzeko?Hasiera batean ez. Gero denborarekin eta ikasleak oso aurreratuak direnean banda elastikoak, uztai magikoa, bola handi batzuk eta pilotak ere erabiliko ditugu.Nori dago bideratuta metodo hau?Jende guztiari. Haurretatik hasi, gazteak eta helduak. Adin tarte bakoitzarekin modu ezberdinean egiten da baina jende guztiak praktika dezake. Haurdun daudenerako esaterako oso komenigarria da Pilates egitea. Erditu aurretik praktikatzen badute erditu ondorengo errekuperazioa azkarragoa izanen da. Gihar guztiak indartuta izanen dituztelako.Zeintzuk animatzen dira gehien? Emakumeak edo gizonak?Antzeko ikastaroetan bezala emakumeak gehiago. Baina Urdiainen adibidez 3 gizonezko dauzkagu. Beraz, pixkanaka ari dira animatzen eta hau oso positiboa da. Hemendik gizonak ere animatu nahiko nituzke. Betiko topikoak apurtu eta emakumeen gauza ez dela ikus dezaten. Gaur egun estresatuta bizi gara eta hau sendabide moduan edo irtenbide moduan erabiltzen dugu. Ez da kontrajarria zure ustez?Beno... Pilateseko klaseetan, ordu batez lasai daude behintzat. Kontua da, gero klasetik atera eta eguneroko bizitzan sartu eta estresarekin jarraitzen dugula. Soluzioa lasai bizitzen ikastean dago baina Pilatesek ere eguneroko jardunean lasai egoten laguntzen du, edo saiatzen gara behintzat. Metodo hau praktikatzen duten gehienek ondo lo egiten dutela aitortzen dute, beraz, baliagarria da. Zergatik gomendatuko zenioke norbaiti Pilates egitea?Pertsonalki oso ondo etorriko zaiolako. Beregatik zerbait egiten duelako. Bestetik osasun arazoetarako ere oso ona da eta prebentzio moduan ere guztiz baliogarria. Malgutasun handiagoa izangu dutelako eta hobeto sentituko direlako... Hamaika arrazoi daude. Bestela froga dezatela eta esango didate.Erronka berria da zuretako Pilates monitore izatea. Animatuta?Bai. Oso animatuta eta gogotan. Hasiera guztietan bezala beldur pixka bat ere badaukat baina ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz.Aurrerantzean honetaz bizitzea gustatuko litzaidake baina pixkanaka pixkanaka hasi behar naiz. Orain Pilatesarekin eta geroago GAP monitore izateko ere ikasi nahi dut. Momentuz kontentu nago eta ea zer nolako martxa hartzen dudan.