Abenturaren hasieraZorte txarra batzuetan... Gazteek azaldu digutenez, duela bi urte Altsasuko Gazte Zerbitzuak finlandiarrekin elkartrukea egiteko deia egin zien herriko gazteei. 20 lagun inguru animatu ziren elkartrukean parte hartzera. Denendako lekurik ez zegoen ordea, eta zozketa egin behar izan zuten. Horien arteko 15ek lortu zuten bidaia egiteko lekua, Mazedonian egon diren lau gazteak tartean. Bidaia lantzen ere hasi ziren, baina horretan ari zirela, Gazte Zerbitzua teknikaririk gabe geratu zen eta bidaia bertan behera geratu zen. Bidaia hura egin ez izanaren penarekin geratu ziren Arantxa, Eider, Josune, Sheyla eta haien lagunak. Horregatik, Gazte Zerbitzua berriz ere martxan jarri zenean, teknikariarengana joan ziren getatutakoaren berri ematera. Altsasuko Gazte Zerbitzuko teknikaria, Blanki Torres eta Altsasu inguruko Gizarte Zerbitzuetako hezitzailea, Eneka Irizar, buru belarri hasi ziren elkartruke berri bat antolatzen. Lan horrek fruituak eman ditu: lehenago bidaiarik gabe geratu ziren gazteak Italiara joanen dira udaran....eta ezuste atsegina bestetanHamabost gazteak italiarrekin izanen duten elkartrukea prestatzen ari dira azken aldian: Nola arindu gastuak? Zer egin Italian? Nola aurkeztu haien herrialdea? Hain zuzen ere, Italiarako bidaia prestatzeko bilera bat egitera zihoazen Mazedoniara joateko aukeraren berri izan zutenean. "Altsasutik kanpoko zerbitzu bat ari zen prestatzen Mazedoniarako bidaia. Arazoak izan zituzten ordea, eta, bidaia bertan behera utzi aurretik, gurekin gogoratu ziren" azaldu digute Eneka Irizar eta Blanki Torresek. Egun batetik bestera eman behar zen baietza. Horregatik pentsatu zuten Italiara joatekoak ziren gazteengan. Eskaintza egin eta 8 lagunek adierazi zuten interesa. Haien arteko zozketak esan zuen Arantxa Diez, Eider Leoz, Josune Diaz eta Sheyla Castillo izanen zirela hegazkina hartuko zutenak. Begirale bat behar zuten eta Aritz Leoz animatu zen.Prestatzeko denborarik gabeBidaia azken ordukoa izan zen, eta prestakuntza ere halakoa. Han egin behar zituztenak lantzeko betarik gabe ibili ziren. Bakoitzak bere herrialdearen aurkezpentxoa egin behar zuen, oparitxoak eraman... Altsasuarrak berriz, itsu-itsuan, ia han egin behar zirenen berri jakin gabe joan ziren. "Zein hizkuntzatan hitz egin behar genuen ere ez genekien" oroitzen du irribarre artean Josunek. Pozik daude, hala ere, altsasuarrak, lehen eguneko apuruak berehala ahaztu eta esperientzia bikaina izan baita han bizi dutena. MazedonianMazedoniara iritsi eta Europako 8 herrialdetako gazteekin egin zuten topo: Mazedonia, Servia, Montenegro, Bosnia, Letonia, Finlandia, Turkia eta Frantziako gazteekin. Kontinente zaharreko lau puntetatik joan ziren hara, bakoitza bere errealitate, bizimodu, ohitura, kultura, erlijio eta bestelakoekin. Mazedonia ezagutzea baino, gazteen artean kulturartekotasuna lantzea zen helburua. "Mazedonian izan zen bertako talde batek antolatu zuelako, baina beste herrialde askotako gazteekin egon gara eta haien kutura eta eguneroko bizitza ezagutu ditugu" dio Aritzek. Egunen antolaketaLehen egunean aireportura iritsi eta autobusa zuten zain, hotelera eramateko. Bertan eman zituzten lehen 2 edo 3 egunak, herrialde ezberdinetako gazteak ezagutu eta haiekin lehen harremana izateko. "Elkar ezagutzeko jolasak egin genituen, izenak ikasteko jolasak... Haurrak bezala ibili ginen" dio Arantxak. Bakoitzak bere herrialdearen berri ere eman behar izan zien gainerako gazteei. Han aritu ziren altsasuar gazteak Euskal Herriko paisaia, kultura, historia, egoera soziala eta gatazkaren berri ematen. Harrituta gelditu ziren Europako gazteek uste baino gehiago zekitelako Euskal Herriari buruz. "Batzuek ETArekin baino ez zuten lotzen. Edo, asko jota, futbol talderen batekin". Baina baziren haratago joan zirenak ere. Servia eta Montenegroko lagun batzuek esate baterako, ikastetxean Euskal Herria eta ETAren historia landu zutela esan zieten.Elkar ezagutzeko egun horien ondoren bi herritara eraman zituzten gazteak: Marenara letoniarrak, frantsesak eta turkiarrak eraman zituzten. Altsasuarrak, berriz, Sopotera joan ziren gainerako herrialdeetako gazteekin. Herriko familiek hartu zituzten etxean. Altsasuko batzuei etxe berean egotea egokitu zitzaien, beste bakarren bati beste herrialdekoekin eta "etxean familiarekin bakarrik egon zenik ere bada" dio Sheilak bere esperientzia buruan. Herrian egon ziren egun horietan denbora libre eta askatasun gehiago eduki zuten. "Antolatutako jardueraren bat edukitzen genuen, baina normalean eguneko bat baino ez zen izaten, bazkari bat, afaria, edo ekintza osagarriren bat". Ondorioz, familiarekin, herriko jendearekin edo beste herrialdetako gazteekin egoteko aukera handia zuten. Sopot1.000 biztanle inguruko herrian egin dute bizia altsasuar gazteek. Etxean hartu zituzten familiarekin ere gogoratzen dira. "Oso eskuzabalak izan dira. Orduoro eskaintzen ziguten jatekoa: esnatu ahal filetea patatekin, handik ordu batera beste zerbait, bazkaldu eta gero, berriz ere haragia piperrekin... Ez zuten ulertzen nahi ez izatea". Janaria oso ona zela azpimarratzen dute, hemengoaren antzekoa. Familietako aiton-amonekin erlazio berezia izan zutela adierazi digute. Irribarrea ahoan dutela oroitzen dituzte hango aminak. Etxeetan seme-alaba gazteak zituztenean ingelesarekin moldatzen ziren, baina Sheylaren etxean adibidez, helduak baino ez zeuden. Keinuen bidez moldatu behar izaten zuten horrelakotan. Espainiarrez moldatzen ziren etxeko semeren bat ere ezagutu dute, Espainiako telesailak ikusten zituztelako azpitituluekin. "Zalantzarik gabe, gu izan gara hizkuntzarekin okerren moldatu garenak. Faltan bota dugu ingeles maila hobea ez izatea. Eskerrak Josune ondoan genuen behar genuenean laguntzeko!" dio Aritzek.Herritarrek primerako harrera egin zieten. Iritsi eta harrera jaialdia egin zieten, bertako dantza eta guzti. "Eiderrek ere aurreskua dantzatu zuen". Egunero antolatzen ziguten festaren bat. Batzuetan taxiak hartzen zituzten gazteek ondoko herriak bisita zitzaten. "Ikusi behar hango taxiak. 7 bat pertsona barrura eta gerritakoa jartzen bagenuen harritu egiten ziren" egiten dute barre.Mazedoniako bizimoduaGurearengandik oso ezberdina den herrialdearekin egin dute topo altsasuarrek. Nekazaritza da herrialdearen oinarria eta ardoak garrantzi handia du hango ekonomian eta kulturan. Bertako dantzak ere lotura dute ardo bilketarekin. Hotz ikaragarria egiten zuen Mazedonian iritsi zirenean, eta etxeetan kalefakziorik ez zuten. Su bajoarekin berotzen zuten etxea eta berotuko baziren, gauean manta lodi-lodi bat jarri beharra zuten gainean. Altsasuarren esanetan arraroa zen, zenbait gauzetan hemen bezala daudela ikustea eta beste batzuetan, berriz, oso atzeratuta: "Internet badute, baina etxe batzuetan ez zuten komunik. Kanpora joan behar izaten genuen gure egin beharrak egitera". Horrelako esperientziaren ondoren gehiago baloratzen dute hemen dutena. Pentsakeran ere aldeak ikusi dituzte hango eta hemengoen artean. "Adibidez, ez dute homosexualitatea ulertzen eta gazteok elizara joan nahi ez izatea oso arraro egiten zitzaien". OspakizunakMazedoniako gabonen berri ere eman digute Arantxa, Eider, Josune, Sheyla eta Aritzek. Sopoten zeudela ortodoxokoen ospakizun handiak zituzten herritarrek. Ilbeltzaren 5ean hasi ziren ospakizunak. Su handi bat egin zuten herrian eta egun osoa eman zuten haren inguruan dantzan, jaten, edaten... "Oso egun polita izan zen. San Pedroren antzekoa, baina zero azpiko 15 gradurekin!" dio Eiderrek. Hilaren 6an berriz, familiko bazkariak egiten zituzten. Sakandar bakoitzak bere familiarekin egin zuen jatordua. Eta 7a zen egun handia. Egun horrekin hilerrira joaten ziren herritarrak bere hildakoei janaria, edaria, zigarroak... eramatera. "Jakiak prestatuta eramaten zituzten eta ez edozer gauza, primerako platerak ziren! Zigarroak berriz, piztuta uzten zizkieten. Guretzat oso kuriosoa izan zen".Esperientzia ahaztezinaEuropako gazteak eta Mazedoniako herritarrak ezagutzea izan da Altsasuarrak gehien bete dituena. Herrialde, hizkuntza, ohitura, bizimodu... ezberdineko gazteak bildu dira eta primeran moldatu dira denekin.Aurreiritzi asko apurtzeko ere balio izan die esperientziak. Baltikoko herrialdeekin zituzten aurreiritzi gehien, baina gerrak zanpatutako lurraldea izan arren, oso jende irekia aurkitu duten bertan. "Bidaian, herrian, familian serbiarrekin egotea tokatuko zitzaigun beldurrez geunden. Azkenean, haiekin moldatu ginen hobekien. Gure kabuz hara joateko gogoetan gaude" onartzen du Sheilak. Beraien artean ere, Mazedonia eta Montenegrokoak, adibidez, oso ongi moldatzen ziren. "Bosniako lagun batek zioen gazteak gerra atzean uzten eta adiskidetzen saiatzen direla" azaldu digu Aritzek. Egon diren etxeetan garai bateko Yugoslaviako mapak edo orduko presidentearen argazkiak ere ikusi dituzte. Aritz, begiraleak, adierazi du oso aberasgarria litzatekeela horrelako esperientzia bat Altsasun egitea. Bai gazteendako, bai begiraleendako, baita herriarendako berarendako ere. "Demostratua dago guztiendako oso aberasgarria dela. Adimena irekitzeko aproposa". Hemendik kanpo horrelako elkartrukeak egiteko ohitura handiagoa dago. "Instituzioek Finlandia edo Frantziakoen adibidea jarraitu beharko lukete".Italia dute orain buruanAltsasun daude dagoeneko Arantxa, Eider, Josune, Sheyla eta Aritz. Mazedonia burutik ezin kendu dabiltza oraindik, baina lehenengo laurek badute jada helburu berria: Italiarako bidaia prestatzen ari dira, beste 11 lagun eta Blanki Torres eta Eneka Irizarrekin batera. Bi herrialdeetako gazteen elkartrukea izanen da oraingoa. Datak zehaztu gabe daude oraindik, baina badirudi altsasuarrak ekaina amaieran joanen direla eta Italiakoak iraila hasieran etorriko direla. Bidaia finantzatzeko bidea dute orain ardura nagusia gazteek. Horretarako zenbait jarduera antolatzen ari dira. Gabonetan, esate baterako, zinea jarri zuten. Orain tailerrak, jokuak, futbitoko 12 orduak, haurrendako pinpon txapelketa eta horrelakoak antolatzea aztertzen ari dira. Jendea ekintza guzti hauetan parte hartzera animatzen dute. Europar Batasuneko Gazteria programaEuropar Batasunak bultzatzen duen programa da Gazteria programa. Honen barruan herrialde ezberdinetako gazteen arteko elkartrukeak egiteko diru laguntzak banatzen dira. Programa honen bidez herrialde bateko gazteak beste herrialde batzuetakoekin harremanetan jartzea dira, beste herrialdeetako bizimodua, ekonomia eta kultura ezagutzeko helburuarekin. Esperientzia hauen bidez gazteen garapen pertsonalean eta beraien hezkuntzan eragin nahi da. Bi elkartruke mota nagusi daude: Bilateral edo alde bikotan, Italiakoan kasu, herrialde bateko gazteak beste batera doaz eta gero haiek etortzen dira. Multilateral edo alde askotarikoetan, berriz, herrialde ezberdin askotako lagunak elkartzen dira bakarrean. Mazedoniako esperientzia da adibide bat.Altsasuko Udaleko gazte teknikari Blanki Torresek eta Altsasu inguruko Gizarte Zerbitzuko prebentzio teknikari Eneka Irizarrek egin dituzte Mazedonia eta Italiako elkartrukeen kudeaketa lanak.