Zerk eraman zintuen mundu honetan sartzera?Erabaki politiko bat izan zen, batez ere. Mundu horretan zebiltzanek erabiltzen zituzten kontzeptuek erakarri ninduten, askatasunak batez ere. Zer egiten dut nik Microsoft bezalako enpresa bati dirua ematen? Hori pentsatuta, buru belarri sartu nintzen software librearen munduan.Zein filosofia dago software librearen atzean?Software librea askatasuna da. Honetan gabiltzanek defendatzen dugu ezagutza banatu egin behar dela. Beraz, zuk programa bat egiten baduzu, jendeari nola egin duzun ikusteko, akatsak aurkitzeko eta zuzentzeko aukera eman behar diozu, hortik abiatuta programa berriak egiteko aukera eduki dezan. Zein baldintza behar ditu software batek horretarako?Hori guztia posible izateko, bi baldintza nagusi bete behar ditu: batetik, softwareak lizentzia libre edo publikoa izan behar du. Lizentzia da kodigoa zein baldintzetan erabili dezakezun esaten duena, zer egin dezakezun eta zer ez arautzen duena. Windows-ek adibidez lizentzia mugatua du, pribatua da. Eta beste baldintza kodea publikoa, irekia, izatea da. Softwarea nola egin den ikusteko aukera izan behar duzu, zuk hortik ikasi eta aldatu ahal izateko. Bi baldintza horiei esker gaur egun azken 15 urteetan idatzi diren ehundaka milioi kode lerro ditugu erabilgarri. Kode horiek hartu, osatu edo berrerabili ditzakezu, beti ere lizentzia eta copywright-a errespetatuta ("hau halakok egin zuen, honek berritu"...) eta, noski, ondorengoendako erabilgarri utzita (ezin duzu itxi, pribatu bihurtu).Produktuaren kalitatean eraginik al du horrek?Horixe baietz, "ehun begik bik baino gehiago ikusten dute". Kodea irekia izanda, edonork ikusi dezake zer duen atzean, zein akats dituen... Horrek, batetik, produktu onak egitera garamatza, badakizulako kode librearekin besteek zure hutsuneak aurki ditzaketela. Eta, bestela ere, produktu horren erabiltzaileek horrek dituen akatsen berri emanen diote egileari edo hobetzen saiatuko dira.Erabiltzaileak gehiago inplikatzen dira softwareen hobekuntzan?Bai. Software pribatuaren erabiltzaileak gaizki heziak egoten dira. Ez dituzte haien eskubideak erabiltzen. Dirua askatzen dute eta nahiko, egilearekin ez dute beste harremanik. Zerbaitek behar bezala funtzionatzen ez duela ohartuta ere, ez dute ezer egiten. Software librean berriz, hobekuntza gehienak erabiltzaileek eginak dira, gehiago inplikatzen dira. Batek edo besteak eman dezakeen informazioa bere gaitasunen araberakoa izanen da, baina garrantzitsuena arazoa detektatzea da. Erabiltzaileek oso argi dute garrantzitsuena softwarea erabilgarria izatea dela. Hurrengo bertsioa ateratzen denean, polita izaten da zuk eskatutako zuzenketak sartu dituztela ikustea, zureago sentitzen duzu. Inplikazio horren adibide argia da hemen softwareak euskaratzen egin den lana.Beraz, euskararentzat ere mesedegarria da... Argi dago. Interesgarria da software libreak hizkuntza txikiei eskaintzen dien aukera. Kodea askea izanik, edozeinek dauka programa edo sistema eragileak euskaratzeko aukera. Softwarearen erabiltzaileak gutxi gara eta euskaldunak are gutxiago, baina, hala ere, harrigarria da zenbat euskaratu den jakitea. Horretan aritzen diren asko euskalGNUn biltzen dira. Jabetzaren araberako filosofiarekin, euskara ez da hizkuntza erakargarria, merkatu txikia baita. Euskadiko Gobernuak dirua jartzen ez badu, Microsoft-i ez zaio itzulpena interesatzen.Zer eskaintza dago software librean?Eskaintza izugarri zabala da. Oraintxe bertan eguneroko ohiko beharrak asetuak daudela esango nuke. Dokumentuak landu, grabatu, ordenatu edo musika jaitsi dezakezu. Amarok Windows-ek aterako du orain eta ziur nago arrakasta itzela izanen duela. Hezkuntza, zientzia, argazki lanketa, ilustrazioak, planetak ikusteko aplikazioak, jokuak, zerbitzariak, liburuen bildumarako programak, genomaren egitura marrazteko programa ... denetik dago. Horregatik da garrantzitsua zer behar duzun jakitea. Arazoa da software libreak berrikuntzarako horrelako gaitasuna izanik, dokumentazioan defizita dagoela. Edozeinek erabiltzeko modukoak dira? Bai, ez duzu zertan aditua izan. Badaude hasiberriei primeran egokitzen diren aplikazioak. Adibidez, ohiko lanak egiteko (idatzi, kontuak egin, datuak kudeatu...) Openoffice erabil daiteke. Multiplataforma da eta, beraz, ez da behar sistema eragilea aldatzea, Windows-arekin erabili dezakezu. Oso erraza da lortzea, internetetik jaitsi, instalatu eta kito. Musika maite dutenendako, berriz, izugarria da Amarok. Eta sistema eragileekin ausartzen direnentzat, ezberdintasun handiak daude. Ezerezetik Debian batekin hastea oso gogorra da, baina adibidez, Kubuntus edo Ubuntus bezalakoek ahalegin berezia egin dute hasiberrien arazoei behar bezala erantzuteko. Gainera, ezagutzen ditugun sistemen antzera funtzionatzen dute denek, intuizioz ulertzen dira eta ez dira arrotz egiten. Arazoa da mundu pribatutik datozenek ez dutela eskuliburuak irakurtzeko edo dokumentazioa bilatu edo galderak egiteko ohiturarik. Eta hori argi eduki behar da: lan hori hartzea nahi ez duenak ez dadila software librean sartu. Openoffice ez duen lagunarentzat erabilgarria izanen da nik egindakoa?Bai, baduzu Openoffice-n sortutakoa Windows-era esportatzeko aukera. Testu eragileak, adibidez, "Gorde honela" aukeren artean ematen du Word dokumentu gisa gorde ditzakezu. Openofficek ODT (open document text) formatua du. Hori da mundu mailan onartua dagoen formatu estandarra. Baina Microsoft arazoak ematen ari da horrekin. Formatu estandarra eta irekia izanda ere, ez du bere aplikazioak ODT formatura pasatzerik nahi, monopolioa mantendu nahi du. Ba al dago horren aurrean ezer egiterik?Nire ustez administrazioak neutralitate teknologikoa helburu duten arau argiak jarri behar ditu. Hori da gure erronka nagusia. Gaur egun software librea erabiltzen dugunok sarrera mugatua dugu zenbait zerbitzutara: errenta aitorpena egiteko, zergak ordaintzeko, sinadura digitala txertatzeko... Microsoft-en aplikazioak behar dituzu eta administrazioak ezin gaitu hori erostera behartu. Irtenbidea sistema neutroetan dago. Hor dago askatasuna eta hori da guk helburu duguna. Hortik aurrera, jendeak software librea erabili nahi ez duela? Hor konpon. Nik kalitatea nahi dut eta hori badakit non dudan, eta ez dut problemarik nahi nirea erabiltzeko