Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IrurtzunKultur Kontseiluak prestatu duen ihote egitaraua txikienek zabalduko dute gaur goizean. 11:45ean hamaiketakoa izanen dute Atakondoa eskolan. Horren ondoren, inauterietako pregoia irakurriko da eta mozorro desfilea izanen da. Desfile horren jarraian Marigorriren txanda iritsiko da. Urtero moduan sutan bukatuko du. Inauteri egun handia Irurtzunen larunbatean izanen da. Eguerdian joaldunak eta haien fale hotsak Irurtzunez jabetuko dira. Bazkaltzeko eskaintza bikoitza izanen da larunbatean. Alde batetik, San Martin jubilatuen elkartean izanen den bazkaria eta ondorengo dantzaldia. 14:00etan eseriko dira mahaira. Ordu erdi geroago ihoteetako herri bazkaria, zikiro jatea, eginen da. Haurrak mahaitik altxatzen lehenak izaten direnez, haiek makillatzeko aukera izanen dute udaletxean, 15:30etik 17:30era izanen da. 17:15ean Irurtzungo musika taldeek lagunduta, puskak biltzeari ekinen zaio. Auzoz auzo egindako eske horretan txistorra bilduko dute. 18:00etan abiatuko da Foruen plazatik inauterietako herri desfilea. Ihote segizioa ere herrian barna ibiliko da kolore, doinu eta festa giroa zabaltzen. Foruen plazara bueltatu ondoren, nahi duten guztiek txistorra dastatzeko eta dantzatzeko aukera izanen dute. Kultur Kontseiluak inauterietarako prestatu duen egitaraua igandean 12:30ean izanen den herri kirol jaialdiarekin osatuko da. Sakanako harri-jasotze eskolako kideek eta aizkolari gazteek parte hartuko dute jaialdian.EtxeberriInauteri ospakizunak larunbatean eginen dituzte Etxeberrin. 18:30ean jarri dute hitzordua. Herritarrak mozorrotuta herrian barna kalejiran ibiliko dira. Musika lagun, Mielotxin batetik bestera eramanen dute herrian, baina, betiko moduan, sutan bukatuko du. 19:30ean, berriz, haur eta helduek mozorroen erakustaldia eginen dute. Eguna borobiltzeko mozorrotuen herri afaria eta sari banaketa izanen da. Giro ederra aurreikusten da. Uharte ArakilLarunbatean izanen dira inauteri ospakizunak Uharten. 14:30ean Aralar Mendi elkartean herri bazkaria izanen da eta 70 bat pertsonak eman dute izena hartan parte hartzeko. Mahaitik altxatu eta gero, 17:30ak aldera, Galtz orratz zanpantzarren laguntzaz, mozorrotuen kalejira izanen da. Ibilbidea trikitixa doinuak ere alaituko du. Segizioan presente izanen dira gurdi gainean doan Agiriko amona, Xantimargoa eta haga baten muturrean doan panpina. Kalejira despeditzean, azken horrek sutan bukatuko du Donibane plazan. Ondoren ihote parranda etorriko da. Uharte Arakilgo kintoak3 neska eta mutil batek osatzen dute aurtengo kintada. Atzo bazkaltzera bildu ziren eta larunbatera arte elkarrekin parrandan ariko dira. Atzo arratsaldean hasi zuten etxez etxeko eskea. Musika lagun, baserrietara joan ziren lehenik eta ondoren Itsesi auzoan barna ibili ziren. Afaria irabazita, herrira bueltatu ziren iluntzean. Kintoek bihar arte jarraituko dute parranda egiteko eskean. Gaur lantegiak bisitatu, eskolan gozokiak banatu eta auzoetan eta herri gunean eskean jarraituko dute. Ohi denez, kintoek haien 3 ospakizun egun horiek etxetik kanpo ematen dituzte, udalak utzitako egoitzan. ArruazuIgandean, 17:00etatik aurrera izanen dira ihote ospakizunak Arruazun. Haurrak, eta haiekin batera helduren bat, mozorroa jantzi eta etxez etxeko eskean hasten dira. Bidean txanponak eta jatekoak biltzen dituzte. Guztiak elkarrekin ostatura doaz eta han afari-merienda ederra dastatzen dute. LakuntzaAsteartean 16:30ean bilduko dira lakuntzako haurrak makilaje eta kereta tailerrean eta honela emanen diote hasiera ihote festari. Aurpegia ongi margotuta eta mozorroa jantzita kalejiran atera dira Lakuntzako kaleetan barna. Herriari buelta eman ondoren merezitako txokolatada dastatzeko aukera izanen dute bertaratuek eta iluntzen hasi aurretik zatamarroek herria hartuko dute.Lakuntzako kintoak27 gazte dira kinto aurten Lakuntzan. Astelehen goizean bilduko dira eta traktorean igota lantegiz lantegi dirua biltzen joanen dira. Goizean lan hori egin eta gero, bazkaldu eta arratsaldean, etxez etxeko eskearen txanda iritsiko da. Gainera, kinto guztien etxeetan jateko zerbait izanen dute. Afaldu ondoren Tolosara joanen dira parranda egitera. Lakuntzako kintoak Tolosako zezentxoak ikusi eta gero bueltatuko dira herrira. Indarrak hartzeko hamaiketakoa hartuko dute eta indar berrituta eskean jarraituko dute. Bazkaltzeko geldituko dira. Afaldu ondoren Altsasura joanen dira parrandan segitzeko. Lakuntzako kintoek eskean musikaren eta bonbo baten laguntza izanen dute. UnanuMamuxarroek bi hitzordu dituzte urtero Unanun: igande eta astearte inauterian. Igandean mamuxarro txikien eguna da eta asteartean, berriz, mamoxarro handiena. Bi egunetan 16:15 eta 18:00ak bitartean Unanuko karriketako nagusi dira mamuxarroak. Ohi bezala jantzita aterako dira kalera: mauka luzeko kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak, gerriko beltza edo gorria, soina alderik alde zeharkatzen duen larruzko gerrikoetan pazpalinak, galtzerdi zuriak, zatak eta aurpegia metalezko katuelaz aurpegia estalita. Zigorra eskutan parean suertatzen dena behar bezala berotzeko. Mamuxarroak joan eta gero ohikoa da eliz atariko auzatea. Gazta, txistorra eta beste dastatu daitezke, ardoaz lagunduta. Mokadua jan eta gero musikak lagunduta, etxez etxeko eskeari ekiten diote. Garai bateko jatekoaren ordez, dirua bilduko dute eta harekin afaria ordainduko dute. ArbizuUdala, Zizkerte kultur taldea eta kintoak arduratu dira txatarretako egitaraua prestatzen. Hura, bihar eguerdian, plazan izanen den "ahatearekin" abiatuko da. Mokadu bat jan eta eztarria busti ondoren, 12:30ean musikaren laguntzaz mozorrotuen kalejira izanen da. Festa ibilbidea kiroldegian despedituko da. Han herri bazkaria izanen da, 14:30ean. Mozorro festa alaitzeko, 19:30etik 21:30era eta 00:00etatik 03:00etara musika izanen da Argi Bidea elkartean. Astelehen ihotean, 17:00etan, haurrendako zinema emanaldia izanen da herriaren etxean. Astearte ihoteaIhotearen antolatzaileek zakuak banatuko dituzte asteartean "haur, gazte eta helduak txatarraz janzteko". Goizean "pixkeet eskien" ibiliko dira etxez etxe Arbizun eta, ondoren, plazan musika izanen da. Arratsaldez, berriz, 17:00etan haur jolasak eta txokolatea izanen dira. 19:00etan udaletxean argazki-proiekzioa eginen da. Hura despeditutakoan, 19:30ean, trikitixa doinuez lagunduta kalejira eginen da eta bukaeran plazan txistorra banatuko da. Arbizuarrek Aittun haundiya eta Amin txikiyarekin urtero hitzordua dute. Aurten ere ez dute huts eginen eta 20:00etan izanen dira plazan, nahiz eta jakin estimazio handirik ez dietela Arbizun. Lortuko al dute sutik ihes egitea? Ez dugu uste arbizuarrak horretarako prest izanen direnik, bi protagonistek salto handiak ematen badituzte ere. Txatarretako egitaraua 21:30ean Aldabide elkartean eginen den afariarekin despedituko da. Arbizuko kintoakAurten Arbizuko kintoek ihoteekin bat egin eta festa eta diru eskean aterako dira urtero bezala. 15 urte betetzen dituztenean urte berean jaiotakoek "blusa" aproposa opatu eta San Juanetan aatea egiten hasten dira. Adingabekotasunari agur esateko berriz, Santa Ageda ospatzen dute kintoek. Larunbateko ihoteekin hasiko dute festa 1990ean jaiotako gazteek eta lagun artean festa egingo dute herrian bertan. Igandean etxez etxe ibiliko dira diru eskean eta afal ondoren urteroko zita izango dute Tolosako ihauterietan. Astelehenean bidaia errepikatu eta astearte ihoterako herrian izango dira bueltan. Egun honetan kintoek herriari afari goxoa eskaini eta haien festa handiari agur esango diote.Etxarri AranatzAtzo Garikunde eguna ospatu zuten kintoek. Aurreko bi ostegunetan, Gizakunden eta Andrekunden, eskean ibili eta bildutakoarekin majo afaldu ondoren, atzo, atzera ere, kalez kale ibili ziren zigorrak eskuan. 23 gazte dira aurten kintada ospatzen dutenak.Igandearekin etorriko da zalduiyotea berriro. Haurrak txatarraz jantzita plazan agertzeko eskatu da, 18:00etan mozorro kalejira eginen baita. Hura despeditzean, dantzaldia izanen dute haurrek eta baita txokolatada ere. Asteleheniyotearekin bilduko dira kintoak afaltzera. Ondoren Tolosako bidea hartuko dute han parranda egiteko. Tolosatik bueltan, astearteiyotean, goiz eta arratsaldez kintoen kalejira izanen da herrian barna. Aldean haien txano koloretsuak izanen dituzte. Musika lagun, festarako eskean ariko dira kintoak. Eta haiekin hainbat haur mozorrotu joanen dira. 17:00etan txokolatada izanen da. Ondoren, 18:00etan, Plis-plas haur animazioa plazan (eguraldiak laguntzen ez badu, frontoian). Astearteiyotea despeditzeko mozorro dantzaldia izanen da Naima taldearekin. 19:30etik 21:30era eta 23:30etik 02:30era joko dute. Guztia antolatzen 1990ko kintoak, Andra Mari Ikastolako eta San Donato Eskolako Publikoko guraso elkarteak, Udal musika eskola, Ludoteka, Etorkizuna dantza eskola eta Etxarri Aranazko Udala egon dira. Guztiek ere txatarraz janztera animatu dituzte etxarriarrak.BakaikuKamarrorik aurten Bakaikuko kaleetan ez dira ikusiko. Hala ere, astearte inauterian zer ospatu izanen dute, batez ere haurrek eta gaztetxoek. 14:00etan elkartean mozorro bazkaria izanen da eta handik aterata, 16:00etan, inauteri kalejira eginen dute Bakaikun barna. IturmendiDomeka arratsaldean, 17:30 aldera, haurrak mozorrotu eta plazan bilduko dira. Haien mozorro ederrak erakusteko herrian barna kalejiran ibiliko dira, txistularien eta akordeoilarien laguntzarekin. Kalejira despeditu eta gero, Aritzaga elkartean guztiendako txokolatada izanen da.Astearte inauterian ere izanen da zer ospatu Iturmendin. Aitzkozar elkarteak 18:00etarako txokolatada iragarri du. Ondoren, herrian barna mozorrotuen kalejira eginen da, musika lagun dutela. Inauteria behar bezala despeditzeko 21:00etan afaria izanen da. Iturmendiko kintoak Aurten 3 kinto daude Iturmendin, baina haiekin batera kinto ospakizunak kinto zahar eta gazteek ospatuko dute. Guztiak ere gaur Aritzaga elkartean bazkaltzera bilduko dira eta ordu txikiak arte izanen dira han. Bihar jaiki, eta trikitixa lagun, etxez etxeko eskean hasiko dira. Eskatu bai, baina esker ona ere azalduko dute kinto iturmendiarrek moskatela eta pastak eskainiko dituztelako. Herrian barnako buelta despeditu eta gero elkartean bazkaltzera bilduko dira. Parrandak gau partean Altsasun jarraituko du. UrdiainLarunbat eguerdian hasiko dituzte urdiaindarrek momoxarro ospakizunak, Aitziber elkarteko berrikuntza gastuei aurre egiteko txotx bazkariarekin. 14:30ean bilduko dira elkartean bertan, eta horrela, momoxarro asteburuari hasiera emanen diote. Tripa ondo beteta arratsaldean triki-poteoa egingo dute herriko kaleetan barna eta animatzen direnek korrikaldi ederrak egiteko aukera izanen dute. Mantagunak, manta soinean dutela, herritarrak ikaratzen saiatuko dira.Mantaguna-festa despeditzeko eta indarrak berritzeko, 21:00etan auzatean bildu eta segidan sorgin festari hasiera emango diote. Domekan momoxarro txikien festa hartuko du Urdiainek. Arratsaldeko 16:00etan mahaiaren inguruan bilduko dira haur, gazte eta ez hain gazteak askarirako eta 17:00etan herrira abiatuko dira kalejiran. Dantza ez ezik, korrika ere egin ohi dute urdiaindarrek egun horrekin. Aurpegia estalita, ardi narrua edo manta soinean eta makila eskutan, herritarrak zein kanpotarrak zirikatuko dituzte momoxarro txikiek. Herrian korrika gora eta behera ibili ondoren, iluntzeko 20:00etan jakingo da momoxarren identitatea eta txokolatea dastatzeko aukera izango dute guztiek. Asteartean momoxarro handien eguna ospatuko dute. Iluntzen hasi aurretik itxuraldatutako pertsonaia hauek herria hartuko dute eta herritarrak beldurtzen saiatuko dira. Ausartenak hauen aurretik korrika jardungo dira arratsaldean, eta besteek etxeko leiho zein balkoietatik ikusiko dituzte hauen korrikaldiak. Ospakizun luze eta alai hauek despeditzeko "Sorgin afarian" bilduko dira urdiaindarrak eta datorren urterako mozorro eta bihurrikeriak pentsatzen hasiko dira. Santa Ageda ospakizunak AltsasunAstelehenean, hilak 4, hasiko dituzte Altsasuko kintoek Santa Ageda ospakizunak. Egun honekin neskak aterako dira kalera kantuan eta diru eskean eta hurrengo egunean mutilek eginkizun bera errepikatuko dute. Bitartean urteko errege eta erregina nesken bila abiatuko dira auzoz auzo eta opilak bilduko dituzte gero hauek lantegi eta tabernetan saltzeko. Aurten aspaldiko ohiturari jarraituz egunero eguerdiko 13:00ean kalejira egingo dute Altsasuko kaleetan barna herrian giro pixka bat jartzeko asmoz. Otsailaren 5, Santa Ageda eguna, egun handia izan ohi da altsasuarrendako. Egun honekin 25 eta 60 urte betetzen dituztenek ere urteko kintoekin bat egin eta festa handia ospatzen dute. Arratsaldeko zortziko dantzaldian urteurrena ospatzen dutenek ere dantza egin eta aspaldiko oroitzapenak bizitzeko aukera izenen dute. Asteartean hasi eta larunbata bitarte egunero 13 zortziko plazaratuko dituzte 1990ean jaiotako neska mutikoek eta aurtengoan neskek marka guztiak apurtuko dituzte. 30 neska inguru izanen dira plazan zortzikoa dantzatzen eta haien abilezia erakusten. Dantzan, parrandan, lagun artean eta giro onean aritzeko 5 egun dituzte aurretik altsasuarrek.Olaztiko kintoak13 kintoek goizeko bederatzietan jarri dute hitzordua, gosaldu eta eskean hasteko. Musika lagun, diru eske lantegietan eta etxez etxe ibiliko dira, goiz eta arratsaldez. Bazkaltzeko eta afaltzeko geldituko dira. Horren ondoren, gaztetxean kontzertuak dituzte. Gaurko parrandaren ondoren, larunbatean, jaiki eta eguerdian mezara joanen dira. Ondoren, batukada baten laguntzaz kalez kale ibiliko dira kalejiran. Gauean, udalak dantzaldia iragarri du, arrats eta gau partean joko dute plazan. Domekan kintoek batukada trikiti soinuengatik ordezkatuko dute kalejiran ibiltzeko. Aurreko egunetan bezala, majo bazkaldu eta afalduko dute. Astelehenean, berriro ere, kintoak eskatzera aterako dira, txaranga lagun dutela. Asteartean despedituko dute festa kintoek. Etorriko direnakGarizuman sartuta, inauteriak ospatuko dituzten herriak badaude aurten ere. Ihabarren otsailaren 9ra atzeratu dituzten ihoteak. Irañetan, ere gauza bera egin dute. Aurten, Santa Ageda eguna eta astearte inauteria biak egun berean zirenez, Altsasuko Udalak azken ospakizun horiek atzeratzea erabaki zuen. Erabaki horren arabera, otsailaren 10ean, txikien inauteria izanen da. Otsailaren 12an, asteartearekin, herri inauteria izanen da eta piñata otsailaren 16an, larunbatean, izanen da. Bi ospakizunen bat egiteak Olatzagutiako ihotea atzeratzea ekarri du ere. Otsailaren 8an ongi etorria eginen diote inauteriari. Herri ihotea hurrengo egunean izanen da, eta inauteri txikia, berriz, otsailaren 12an. Ihoteekin bat zetozenez, Urdiaingo kintoek heldu den asteburura atzeratu dituzte haien ospakizunak.