Antxon Ramirez de Alda eta Gixane Andueza

Guaixe 2008ko otsailaren 8a

Uhurika izena jarri diozue Iñigo Aritza ikastolako gurasoen parte-hartze taldeari. Izen berezia, zergatik?Hontzek gauean egiten duten soinuari uhurika esaten zaio. Sinbologia handiko izena jarri nahi izan diogu gure taldeari eta izen oso aproposa bilatu dugula uste dugu. Hontzek gauean uhurika egiten dute, dei egiten dute. Guk ere, gure taldeak gurasoei parte hartzera dei egiten die. Iluntasunean hontzak guraso guztioi dei egiten digu.Bestalde hontza jakituriaren sinbologia da eta gauean zerbait ezkutatzen du bere barnean. Guk, talde honekin, jakituria hori kanpora atera nahi dugu. Gurasoen jakituria elkar trukatu eta egunero zerbait ikasiz. Azkenik, hontzak animalia behatzaileak dira, beti erne dauden animaliak. Gurasoei ere erne egoteko deia luzatu nahi diegu. Aurretik esan bezala, izena guztiz aproposa zela iruditu zitzaigun.Eta nondik sortu zen gurasoen parte-hartze talde bat sortzeko ideia?Aspaldiko kontua da. Aurretik ere ikastolan horrelako talde bat zegoen baina ez zuen jarraikortasunik izan. Nafarroa Oinez heltzen denean gurasook lan handia egiten dugu eta inplikazio maila oso altua izaten da urte horretan. Hau pasatu eta gero parte-hartze maila jaitsi egiten da. Gure ustez pena handia da. Lanean aritzen garen urte horretan gogoa sortzen da eta honekin jarraitu behar zela pentsatu genuen.Bestalde, urtero ikastolak argitaratzen duen Arizkarin aldizkarian gurasoen parte-hartzearen inguruko kontu asko azaltzen zaizkigu, eta honen inguruko informazioa biltzen hasi ginen. Guraso eskola, parte hartzeko moduak... Ikastetxe askotan aurrera eramandako proiektua da eta guk ere gurean egitea egokia zela iruditu zitzaigun.Guk beti sinestu izan dugu Ikastolak hiru zutabe nagusi dituela: Irakasleak, ikasleak eta gu, gurasoak. Horregatik gurasoen inplikazioa bultzatzeko helburuarekin sortu zen taldea. Guk gure seme-alaben hezkuntzan parte hartzeak azken finean gure hezkuntzan ere eragin zuzena dauka.Gurasoen inplikazio maila handitzea da zuen helburua. Baina nola?Argi daukagu hau egun batetik bestera ez dugula lortuko, baina pixkanaka horretan ari gara. Gai asko dauzkagu lantzeko baina egunerokotasunean gurasook izaten ditugun kezkak lantzea da gure helburua. Moobing-a, drogamenpekotasuna, seme-alabei nola lagundu.... Gure seme alabak etxetik hezi behar ditugu eta horregatik gurasoen elkar truke hau ezinbestekoa da. Etxean, jendartean eta ikastolan, baloreetan oinarritutako hezkuntza bat jasotzea ezinbestekoa da guretzat eta honi bide emateko antolatzen ditugu ekintzak.Bestalde, gurasoendako interesgarriak diren aisialdirako ekintzak ere antolatzen ditugu. Iaz esate baterako internet ikastaroa antolatu genuen eta oso arrakastatsua izan zen. Aurten ekintza mordoa antolatu duzue ez? Bai. Ikastola herriaren parte da eta horregatik ikastolako gurasoek antolatutako ekintzek herrian lekua izan behar zutela iruditu zitzaigun. Euskara, kultura eta hezkuntza gaiak dira jorratzen ditugunak eta horregatik herrira zabaldu nahi izan dugu. Orain dela bi aste hitzaldi interesgarri bat ekarri genuen Altsasura. "Nola lagundu nire seme-alabek euskaraz hitz egin dezaten". Bi saio izan ziren, euskarazkoa Iñaki Eizmendiren eskutik eta gaztelerazkoa Julio Ibarraren eskutik. Otsailaren 20an, berriz, Jon Maiak "Apaizac hobeto" espedizioaren berri emanen digu eta martxoaren 20an ardo dastaketa izanen dugu.Orain arte hitzaldi eta ekintza gehienak Altsasun antolatu ditugu, baina aurrera begira Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiara ere iritsi nahi dugu. Ez da lan erraza izango guzti hau antolatzea, ezta? Zein da zuen funtzionatzeko era?Egun 5-6 lagun biltzen gara taldean eta astelehenero izaten ditugu bilerak. Gure asmoa guraso gehiago animatzea eta taldea zabaltzea da.Ekintzak antolatzeko garaian ikastolako juntarekin ere harremana izaten dugu. Autonomoki funtzionatzen dugun arren, junta hasieratik egon da talde hau sortzearen alde eta ahal zituen baliabide guztiak jarri ditu. Irakasleekin ere harremana daukagu. Zorionez irakasle oso inplikatuak dauzkagu gurean eta elkarlanean aritzeko bide eta aukera asko ematen dizkigute. Eta etorkizunera begira zein asmo dituzue?Asmoak asko..... Orain, esate baterako, testu liburuen mailegu sistema jarri nahi dugu martxan. Proiektu berritzailea da eta arrakasta izatea espero dugu. Euskal Herri mailan burutzen ari den eztabaidan ere, "Ikastolak oraina eta geroa", parte hartu nahi dugu.Eta Iñigo Aritza ikastolaren etorkizuna nola ikusten duzue?Etorkizun oso ona. Lan bikaina egiten dute eta egiten dugu zalantzarik gabe! Proiektu interesgarri eta berritzaile asko dituzte esku artean eta guraso, irakasle zein ikasleak oso pozik gaude. Gure taldearen filosofiari dagokionean, begi bistan dago jendartea aldatu egin dela eta garai bateko militantzia desagertzear dagoela. Gure ustez, aintzinako izpiritu edo filosofia hori berreskuratzea ondo legoke. Proiektuan sinesten badugu, eta sinesten dugu, gurasoen inplikazioa handiagoa izan beharko litzateke.