Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Egunkaria epaitzen dutenean, nolabait, euskalgintza osoa akusatuen eserlekuan eseriko da"Lehen euskarazko egunkariko kazetari eta egungo euskara hutsezko egunkari bakarreko kazetaria zaitugu. Euskaldunon egunkaria etaBerria egunkaria. Nolakoak izan ziren Euskaldunon Egunkariaren hastapenak?Egia esan, oso urruti eta nostalgia handiarekin oroitzen ditut egun haiek. 1990eko abenduaren 6an jaio zen Euskaldunon egunkaria eta esan bezala euskara hutsezko lehen egunkaria sortzera gindoazen garai haiek ilusio handiz bizi izan genituen. Baldintza oso kaxkarretan, poligono bateko bajera batean hasi ginen lanean eta pixkanaka-pixkanaka baldintzak hobetuz joan ziren. Ilusio handiarekin gogoratzen ditut garai haiek.1990eko abenduaren 6a eta 2003ko otsailaren 20a beti izango dituzu buruan. Nola gogoratzen duzu azken egun hori?Ez dut erraz ahaztuko otsailaren 20a, Euskaldunon Egunkariaren itxiera eguna. Aitortu behar dut ez ninduela ustekabean harrapatu. Goizaldekok 4etan telefonoz deitu zidaten Guardia Zibila Andoaingo egoitzan zegoela esanez. Minutu gutxi barru, Gasteizko egoitzan sartzen hasi zirela zioen deia jaso nuen, eta horrelako albiste txarrak etengabe. Oroitzapen horiek betiko geldituko dira.Baina, bestetik, egun hartatik aurrera Egunkariako langileok argi geneukan aurrera segitu behar genuela. Langileon artean proiektu berri bat martxan jarri genuen hurrengo minutuan. Oroitzapen gazi gozoak.Ustekabean harrapatu ez zintuela berretsi duzu. Zergatik?Garai hartako egoera politikoagatik. PPren gobernuaren aldetik erasoaldi zabal bat martxan jarri zen. Espainiar estatuan Lizarra-Garaziko esperientziak ikusarazi zien aurrera egin genezakeela eta hori berriro gerta ez zedin mekanismo guztiak jarri zituzten martxan. Pentsatu eta egin. Horren adibide ditugu alderdien legea eta Batasunaren legez kanporatzea. Ofentsiba errepresibo hori gizarte sektore zabalago batera zabaldu nahi zuten eta geroagu etorri ziren beste auziak: Egunkaria, Udalbiltza,....5 urte pasata, auzia bertan da, eta erasoari erantzuteko dinamika oraindik abian.Orain, denboraren perspektibarekin ikusten da Egunkaria auziarekin erantzun berezi bat sortu zela. Egunkaria ukitu zutenean euskaldunontzat berebiziko garrantzia daukan gauza bat eraso zuten: gure hizkuntza. Jendeak sentitu zuen euskara eta euskalgintza erasotzen ari zirela eta erantzuna oso zabala eta indartsua izan zen. Jendearen mobilizazio uholdetsu hauek ez ziren nahikoak izan ofentsiba hau geldiarazteko: Egunkariak ixtea, elkarteak ixtea, alderdiak legez kanpo uztea.... Atxilotuak izan genituen, batzuk espetxera eraman, modu basatian torturatuak eta erantzuna oso handia izan zen.Nolabaiteko botere gehiegikeria guzti horrek oraindik ere jarraitzen du, eta filosofia horrekin bueltatzen ari da mobilizazio dinamika hau indarrez. Ikusiko dugu ea gai garen hori aktibatzeko eta horri forma emateko.Epaiketaren atarian gaudela esan dugu. Nolako epaiketa aurreikusten duzue?Egunkaria kasua oso korapilatsua da. Bi auzi dauzkagu eta bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Lehenengo auziak Egunkariaren itxierarekin zer ikusia dauka, eta hor, 7 lagun epaituko dituzte. ETAko kide izatea leporatzen diete eta herri akusazioak egiten duen zigor eskaera 14 urte bitarteko espetxe zigorra da.2. auzia geroago ireki zen eta nolabaiteko kudeaketa ekonomikoarekin dauka lotura. Hor 8 lagun daude, baina horien artean 3, beste auzian ere daude, Juan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi. 8 hauei iruzur ekonomikoa egitea leporatzen diete, baina talde terrorista bat laguntzeko edo finantzatzeko helburuarekin lotuta daudenez, zigor eskaerak bikoitzak dira. 26 urteko espetxe zigorrak gutxi gorabehera. Horretaz gain, isuna 34 miloi eurokoa izan daiteke. Beste epaiketekin gertatu dena ikusita, 19/98 auzia kasu, okerrena espero dugu, baina, hala ere, ezin da etsipenean erori eta mugitu beharra dago.Horregatik planteatzen da otsailaren 20rako mobilizazio eguna?Hainbat gogoeta zabaldu nahi da egun honekin. Egunkaria epaitzen dutenean nolabait euskalgintza osoa akusatuen eserlekuan eseriko gara. Denok gaude modu batean edo bestean aulkian eserita, eta hortik ezin da pasa. Horregatik indarrak bildu behar ditugu. Etengabeko hazi horretatik indarra bildu eta etorkizuna argiago ikusiko dugu.Gure indarra ez dago hainbeste erasori harresiak jartzerakoan, gure sormenean eta eraikitzeko gaitasunean baizik.Eta zer antolatu duzue egun horretarako?Guk, gure aldetik, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Egunkariaren egoitza zegoen tokian, elkarretaratze masiboa egingo dugu eguerdian. Bestalde, langileok egun honetan herrietan ere mobilizazioak egitera animatzen ditugu herritarrak. Bakoitzak bere herritik ahal duena egin dezala. Badakigu Sakanan lan talde bat ere badagoela, beraz, animo!