Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken aste honetan Nafarroako landa eremuetako osasun etxeetako langileen lan baldintzen gaia pil pilean dago. Auzi hau hobeto ulertu nahian, zein da zehazki Etxarriko Osasun etxeko egoera?Etxarri Aranazko osasun etxea lehen arretarako zuzendua dago. Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri, Ergoiena, Arbizu eta Lakuntzako herriak hartzen ditugu eta herri bakoitzaren populazioaren arabera banatzen ditugu mediku eta erizainak. Adibidez; Lakuntza eta Arbizu erizain eta mediku baten zerbitzura daude. Orain dela 10 urtetik hona gure ordutegian eta larrialdietarako txandetan ere aldaketak egon ziren. Langile finkoen lanaldia goizeko 8:00etatik eguerdiko 15:00etara zen eta ez genituen zaintzak egiten.Eta larrialdi zerbitzuko zaintzak egitea nori zegokion?Larrialdietarako zaintza laguntzako erizain eta medikuek, hau da, lanpostu finkoa ez zuten kontratatutako langileak egiten zuten. Eguerdiko 15:00etatik gaueko 22:00etara zaintza arrunta deitzen dioguna da. Hau da, mediku eta erizainek osasun etxean bertan egon behar dute. Gaueko 22:00etatik goizeko 8:00etara berriz, zaintza lokalizatua egiten zuten. Honek zera esan nahi du: zu etxean egon zaitezke baina larrialdi baterako deitzen bazaituzte, osasun etxera joateko prest egon behar duzu. Zaintza mota hau gaur egun ez da inon egiten, Nafarroan besterik ez. Zaintza mota hau egitea ez la lanaldi arrunta, erdia kobratzen da, ez dira lanaldiko orduak aitortzen.....Beraz, laguntzako mediku eta erizainen lan baldintzak nahiko kaxkarrak ziren ez?Bai. Hauek jai egun guztietan lan egin behar zuten, oporretan, asteburuetan eta gauetan eta, gezurra dirudien arren, soldata oso baxuarekin. Eguberri gaua izan edo asteazken gaua izan, ordua 6 euro. Lokalizatutako zaintzetan, berriz, erdia kobratzen zuten eta ordu horiek ez ziren aitortzen. Urte osoan 2.500 lanordu egiten zituzten eta Administrazioak kontratuetan ezta erdia ere ez zieten kontratuetan ezartzen. Egoera penagarria zen gure ustetan.Honi irtenbide bat emateko asmoz Administraziotik proposamen berria jaso zenuten?Proposamen berria eta gezurrez jositako proposamena. Abenduan Osasun Departamenduak aldaketa batzuk proposatu zizkigun hasiera batean laguntzako langile hauen lan baldintzak hobetzeko asmoz, baina gezur hutsa izan dira. Langile horien baldintzak hobetze aldera, langile finkoen baldintzak kaskartu egin dira. Langile finkook zaintza hauek egitera behartzen gaituzte. Beraz, gure lanaldiaz gain zaintzak egitera behartuta gaude. Beraz, zuen lanaldiak amaiezinak dira?Demagun goizean lanean egon eta jarraian zaintza daukazula; jarraian gaueko zaintza berezian ere 3 larrialdi egin behar dituzula. Hori bukatu ondoren, goizeko 8etan hasten dugu berriz gure lanaldia. Sinesgaitza dirudien arren, askotan 31 ordu baino gehiago ematen ditugu lanean, honek suposatzen duen guztiarekin: neke fisiko zein psikikoa, arreta,... Administrazioak atsedenerako 10 ordu aitortzen ditu baina errealitatean ez da horrela.1.592 ordu sartzen ditugu urtean baina hauetaz gain zaintza ordu gehigarri horiek egitera behartzen gaituzte. Egoera hau jasangaitza da eta horregatik hasi ginen mobilizatzen eta protesta egiten.Protesta hauetan bat egiten duzue langile finko eta ez finkoek?Bai, bai.... Borroka honetan elkarrekin gaude. Azken finean denok gara kaltetuak. Ez dugu inolako bereizketarik egiten, kalteak guztiondako direlako. Sindikatuek ere bat egin dute eta elkarlanean ari dira.Lan orduez gain beste kexa bat ere azaldu duzue. Mugikortasunarena.Bai. Hau ere nahiko sinesgaitza da. Gu larrialdietara irteten garenean gure autoarekin ateratzen gara. Ez daukagu ezberdintzen gaituen ezer, guztiok autoan daramagun txaleko ori hori bestetik ez eta honek arrisku handiak ditu. Esaterako, aurrekoan auto bat errekara erori zen eta bertara gerturatzeko gure autoarekin jaitsi behar izan genuen errekaraino. Hamaika kasu eta adibide daude: Beriainera igo behar izana, mendian ilunpetan, autobide erdian....Beste erkidegoetan auto espezializatuak dituzte; guk eskatzen dugun zerbitzu hori jarriko balitz ondo ekipatutako auto bat izango genuke. Zer da Landa eremuetako osasun etxeek zehazki eskatzen duzuena?Larrialdietarako zerbitzu berezi bat. Honek Sakana mailako antolamendua aldatzea eskatuko luke eta egungo zentroetatik berezia izan beharko litzateke.Zein izan da jaso duzuen erantzuna?Ba momentuz ezin dela, dirurik ez dagoela, jende gehiago behar dela.... Trantsizio egoera batean gaudela errepikatzen digute eta pazientzia izateko. Baina, lehen esan bezala, guretzat hitz horiek sinesgarritasun eskasa dute. Hala ere aurrera jarraitzen duzue eta mobilizazioak burutu dituzue.Asteartean 15 minututako geldialdia egin genuen Nafarroako landa eremuetako osasun etxe guztietan. 12.00etatik 12:15etara izan zen geldialdia eta hemen, Etxarrin, atean egin genuen elkarretaratzea. Osasun etxeko langile guztiok izan ginen: Medikuak, administrariak, erizainak.....Hemendik aurrera ea zer gertatzen den. Orain mahai sektorialekoak bilduko dira eta egoera honi irtenbide bat eman beharko diote. Guk Maria Kutzi behin eta berriro errepikatuko diogu Nafarroako landa eremuetako osasun etxeetan Larrialdietarako zerbitzu berezi bat behar dela.