Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zer moduz zaude, Sandra?Oso ongi baina oso nekatuta, hilabete bat eman baitugu bueltaka. Lehiaketa prestatzeko Dominikar Errepublikan aste bat eman genuen eta gero Marina D´Orren jo eta ke aritu gara. Astelehenean iritsi nintzen etxera, neka-neka eginik eta oraindik ere guztiz lurreratu gabe nago. Zer moduzko esperientzia izan da Miss Espainia lehiaketarena?Oso esperientzia ona, asko ikasi dut. Egia esan momentu gogorrak ere bizi izan ditugu, eta orduan senitartekoak eta lagunak faltan botatzen zenituen. Baina gauza onekin gelditzen zarenez... kontentu!Horrenbeste lan egin behar izan al zenuten Miss Espainia gala prestatzeko?Bai. 6 koreografia ikasi behar genituen, goitik behera. Hasierako koreografia 52 hautagaiek antzeztu behar genuen, eta kanporaketak aurrera egin ahala hurrengo koreografiak soilik sailkapenean aurrera egiten zuten neskek. Baina nahiz eta faboritoak egon beti sorpresak izaten direnez, neska guztiek ikasi behar genituen koreografia guztiak. Goiz eta arratsaldez jo eta ke aritzen ginen entseatzen. Nahiko gogorra izan da. Eta gero desfilatu behar genuen, makillaje eta orrazkera ikastaroak egin, gure irudirik onena emateko kontseiluak ematen zizkiguten... Hautagaien artean harreman sendoak sortzen direla esaten duzue guztiek. Egia al da?Bai, benetan. Pentsa hilabetez etxetik kanpo gaudela denok, senitartekorik gabe. Eguneko 24 orduetan elkarbizitzen gaude guztiak, eta gezurra badirudi ere harreman sakonak sortzen dira. Niri gela konpartitzea Miss Orenserekin tokatu zitzaidan, eta oso ongi moldatzen nintzen berarekin. Eta baita gainontzekoekin ere. Bazkaltzen, atseden hartzen, entseatzen... guztiekin egotea tokatu zait. Ez al ziren nesken taldetxoak sortu?Hasieran taldetxoren bat bazegoen, eta gertatu izan zen gerturatu eta bertara sartzen ez uztea. Baina gerora ez hainbeste. Orokorrean oso giro ona zegoen, nahiz eta azken astean nerbioak zirela eta tentsioa handiago izan. Zure iritziz Patricia Yurena Rodriguezek, merezi al du Miss Espainia 2008 titulua?Bai. Miss Madrid, Melilla, Jaen, Tenerife... horiek ziren faboritoak, eta nire iritziz Miss Tenerife, Patricia, guztietan ederrena zen. Ongi moldatzen nintzen berarekin, oso neska naturala eta apala baita. Titulua merezi du. Nork egiten ditu hautagaiak faborito?Gaur egun batez ere interneten dauden foroetan hasten da neska faboritoez hitz egiten, eta oro har prentsan eta komunikabideetan ere. Baina beti sorpresak daude. Esaterako, ez zen espero Miss Asturias eta Zaragozak aurrera egingo zutenik eta hara!Zure parte-hartzearekin kontentu zaude?Gustatuko zitzaidan lehen aukeraketa pasatzea, baina ez zen posible izan. Pentsa, lehen aukeraketan kolpetik 32 hautagai utzi gintuzten kanpo! Errealista naiz eta banekien oso konplikatua zela aurrera egitea, baina beti daukazu esperantza puntu bat, inoiz ez baitakizu zer gertatuko den. Momentuan "ez" esaten dizutenean oso gogorra da, hainbat pertsonen babesa duzulako eta Nafarroa ordezkatzen duzulako... baina Miss Nafarroa aukeratua egon izana eta Miss Espainian parte hartu izanagatik kontentu eta harro nago. Gainera, patuan sinisten dut eta txapelketan ez banu aurrera egin behar zerbaitegatik izango da. Egia da beti probintzia indartsuenen ordezkariak iristen direla finalera? Hau da, iruzurra izaten dela?Ez dut uste txapelketan iruzurra egiten denik. Normalean probintzia indartsuenak - Madril, Bartzelona, Tenerife...- aurrean izaten dira baina toki horietako delegazioak fuerteak direlako, hau da, aurretik lan asko egiten dutelako. Adibidez, Miss Madril lehiaketa bera nahiko gogorra da; Miss Madril, Miss Bartzelona edo Miss Tenerife ez da edozein neska, aurretik ere lehia gogorra izan da, eta beste tokietan ez da hainbesteko lehiarik izaten. Logikoa da horrenbeste lan eta konpetentzia dagoen delegazioko neskek aurrera egitea. Egia da Miss Espainia aukeratu zutenean zu ez zinela enteratu?Bai, galaren bukaeran konortea galdu nuen eta eskenatokitik atera behar izan ninduten. Atzean nengoenez, izkinan, bertatik atera ninduten eta ia ez zen nabaritu ere egin. Nire gurasoak bai konturatu zirela, eta une latzak pasa zituzten zer gertatu ote zitzaidan eta guztiz kezkatuta. Presioa, beroa, fokuak, urduritasuna... guztia zela medio konortea galdu eta une batez ondoezik egon nintzen. Baina berehala errekuperatu nintzen. Hori bai, bitartean Miss Espainia izendatu zuten eta une hori galdu nuen. Ezin izan nuen Patricia zoriondu, baina bere telefonoa badut eta lasaiago dagoenean hots egingo diot. Hemendik aurrera zer? Urte honetan Miss Nafarroa naiz, eta gauzak lasaitasunez hartuko ditut. Ikasketekin jarraituko dut, baina hilabetea galdu dudanez lasaiago ekingo diot unibertsitateko lanari. Bestalde, nire ohiko lanean jarraituko dut kontsultore moduan, eta publizitatetik eta beste eskaintzak etortzen badira ongietorriak izango dira. Egia esan ez dut etorkizuna planteatu. Urte hau disfrutatu nahi dut, bizitzan soilik behin gertatu ahal baita. Nik ez ditut ateak ixten, eta unean erabakiko dut zer egin. Karrera bukatu eta gero akaso beste hirietan probatu? Ba ikusiko da, unean erabakiko dut. Pozik nago lehiaketan egon izanagatik, asko ikasi baitut: sentimenduak eta nerbioak kontrolatu, egoerei aurre egiten... Egia esan, Marina D´Orren burbuila batean geunden eta ez zinen kanpokoaz ohartzen. Hainbesterako al zen?Bai. Beti banda generamala ibili behar ginen konplexuan eta bertan zeuden turistak gugana etortzen ziren, animatzera eta argazkiak ateratzea, bereziki nafarrak. "Ni ere nafarra naiz, zorte on!" eta halakoak, behin eta berriz. Azken galara autobusez eraman gintuzten, eta hoteletik ateratzerakoan kanpoan sekulako jendetza zegoen, gure esperoan, Gran Hermano eta halako saioen antzera. Ez nuen espero eta erabat aluzinatuta geratu nintzen. Jendea negarrez, besotik heltzen, argazkiak ateratzen... ez dut sekula ahaztuko. Nik pentsatzen nuen "pertsona normala naizela, Sandra, betikoa!". Ez nuen pentsatzen halako mugimendua egongo zenik. Orain, etxean nago, bueltan, eta betikoa naiz.