Zerk eraman zintuen Olazti utzi eta Andaluziako bidea hartzera?Garraio negozio bat nuen hemen, baina gauzak ez zitzaizkidan ongi atera. Oporretan Andaluzian izanak ginen eta bertara joatera erabaki genuen, bizitza ateratzera. Sekula ez genuen hostalaritzan lan egin, eta eraikuntzan krisia zegoenez, Fuengirolako hondartza parean jatetxe bat zabaltzea pentsatu genuen, aipatu krisia pasatu bitartean. Baina handik hiru hilabetera uholdeak izan ziren eta guztia eraman zuen. Eta berriro ere zerotik hasi behar izan ginen. Mijasera joan ginen, barnealdera, ura iritsiko ez zen tokira. Lokal bat alokatu, jatetxe txikia zabaldu eta gutxinaka handiago egin dugu lokala, gaur egunera arte. 20 urte inguru pasa dira jada. Nolakoak ziren jatetxe haiek?Fuengirolako jatetxearen ardura nire emazte Mertxek zuen. Hemengo janaria prestatzen genuen, eta ni barran ibiltzen nintzen, zerbitzari batekin batera. Mijasera joan ginenean etxe zahar bat alokatu genuen eta martxa berdinean hasi ginen. Hasiera oso gogorra izan zen, oso jende gutxi etortzen baitzen. Herrira jaitsi nintzen eta bertako ezagun batzuei esan nien: etxera bazkaltzera gonbidatzen zaituztet. Zuek ordaindu ardoa eta janaria nire kontu! Eta horrela hemengo janaria ezagutu zuten eta bezeroak hurbiltzen hasi ziren. Bestalde, lokalean obrak egin genituen eta handik urte batzuetara erosi genuen. Egun guztia berritua dugu. Fuengirola-Mijas errepidean dago, 4.kilometroan. Euskal sukaldaritza eskaintzen duzue?Casa Navarrako sukaldean nire emazteak markatu duena egin da beti. Egon izan dira gauza ezberdinak egiten saiatu diren sukaldariak, eta egin egin dituzte, baina ez dira errotu. Emaztea zenbait urtez sukaldari aritu zen eta gero laupabost sukaldari pasatu dira guretik. Oraingoak, Aranburuk, 11 urte daramatza gurekin eta tolosarra da.Gurea erretegia da, eta parrilan erretako txuletak eta txuletoiak dira gure berezitasuna. Guk gure sukaldaritza tipikoa eskaintzen dugu, bertakoa, ez dugu asmakizunik egiten. Hasierako platerretan piperrak, zainzuriak, babarrunak, nahaskiak... Gehien eskatzen dena txuletoia, legatza, bakailaoa, bisigua, alkatxofak txirlekin eta ahuntz-esnearekin egindako mamia da. Eta gure postrerik preziatuena hostore (hojaldre) milorria da. Baita Bekolako amonaren errezetarekin prestatutako letxefritak ere.Andaluziako sukaldaritza ona da, baina gurea ere, eta arrakasta handia dauka. Gu izan ginen lehendabiziko erretegia zabaldu genuenak, eta gerora beste batzuk zabaldu dira Malaga, Marbellan eta beste. Niri ez zait axola, haiei laguntzeko prest nago. Etxeko guztiek lan egiten duzue jatetxean?Guztira 20 bat pertsona gaude lanean Casa Navarran. Nire alaba Leirek dauka jatetxearen ardura, eta nire seme Asier parrilan egoten da. Emaztea bazkari eta afarietan jaitsi egiten da, laguntzera, eta ni harreman publikoko kontuetan murgiltzen naiz gehiago, behar denean laguntza ematearekin batera. Seme-alabek euskaraz hitz egiten dute amarekin, eta gertatu izan da jatetxean finlandiarrak egotea. Harritzekoa da ikustea euskara eta finlandiarra zein antzekoak diren! Orain jatetxe ezaguna da zuena. Famatu asko joaten da bertara, ezta?Bezero onena inportantea ez dena da, jatetxera joan eta ordaintzen duena. Baina bai, famatu asko pasatzen dira. Julio Iglesias askotan egon da, Lady Di, The Rolling Stones, Luz Casal, Merckx, Koplowich ahizpak. Nik guztiekin hitz egiten dut. Normalean ez dizute kartarik eskatzen, zuk nahi duzuna jartzeko eskatzen dizute. Sarrera-plater batzuk, haragia edo arraina eta postre bikaina... gustura geratzen dira. Badakite ona izango dela...Bai, oinarrizko produktuetatik hasita. Hasieran, hemendik ematen/hartzen genuen dena. Egun, haragia Tolosako Goyatik eta Santanderretik eramaten dut, baina haragiaren %80 Huelva, Ronda eta Portugalgoa da. Txistorra Arbizutik eramaten dut, eta bisigua, adibidez, Tarifatik. Baratzeko produktuak Andaluziakoak dira, toki ona baita hori. Ardura hartuta, produktu onak eros ditzakezu han. Konpetentzia asko dago? Zer eskaintzen duzue beste batzuk eskaintzen ez dutena?Kostaldean, udan, lan handia izaten da, baina neguak oso gogorrak dira. Guk aurrera egiten dugu bertako bezeroak ditugulako eta ezagunak garelako. Guk Nafarroako sukaldaritza eskaintzen dugu, baina baita ere giro ona. Bezeroak etxean baleude bezala hartzen ditugu, eta eurekin egoten gara. Jendea askotan soilik konpainia eta hizketaldi bila ateratzen da, euren arazoak ahaztera. Ni jende askorekin egoten naiz egunero, txikitoak hartzen. Ongi pasatzen dugu eta bezeroek eskertzen dute. Bestalde, Sakana, Iruñea eta Nafarroako jende asko etortzen da gurera, eta poz handia ematen digu horrek. Duela gutxi Sabonis saskibaloi jokalari ohiarekin egon zinen Embutidos Arbizun, txistorrak nola egiten diren ikusten...Bai, eta liluratuta geratu zen. Hilabete barru berriro etorriko gara beste gauza bat ikustera. Etxarriko Sabandon txapelak erosi genituen, eta gauean Taugres eta Zalgiris Kaunas taldeek jokatutako partidan jarrita zeraman. Lituaniara dozena erdi bat txapel eraman nahi dituela ez al dit ba esan! Bestalde, Etxarriko Urbasa taberna izugarri gustatu zitzaion, eta Emeterio ere pozik jarri zen ikusi zuenean. Bezero ona dut, eta bera pertsona izugarri jatorra da. Jakin dugu San Ferminak eta Xabierraldia ospatzen dituzuela Mijasen. Gurea izan zen ekimena, eta egun herriko festa ezagunak bilakatu dira. Hasieran esaten zuten: nafar hau erotuta dago! San Ferminak ostegunetik igandera ospatzen ditugu, aurten uztailaren 10etik 13ra. Ostegunean txupinazoa egiten dugu. Baratxuriaren plaza eta guzti muntatzen dugu. Mijaseko alkatea bera izaten da 12:00etan suziria jaurtitzen duena eta kaseta bat muntatzen dugu, dantza ikuskizunetarako. Txaranga ez da falta. Tenis zelaian arrotza sardinekin prestatzen dute herritar guztiendako, eta primerako parranda egiten dugu. Jotak dantzatu... gure tradizioak asko gustatzen zaizkie andaluziarrei. Bertako ferietan bezala, "alunbratua" eta guzti egiten dugu. Gauean guk txistorra, karramarroak, manzanilla eta zurrakapotea (400 litro baino gehiago) banatzen ditugu, dohainik. Iruñeko jendea ere badator, juerga bikaina egiten dugu. Ostegunean herri merendua egiten dugu gure auzoan. Ideia hori Arbizuko ohituratik kopiatu nuen! Bizilagunek denetatik ateratzen dute eta giro bikaina sortzen da. Ferietako "alunbratua" ere pizten dugu. Ostiralean eta larunbatean ere egun guztian zehar ekitaldiak daude, dantza eta beste. Eta igandea egun handia izaten da. Mijaseko San Anton ermitara goaz kalejiran eta bertan San Ferminen aldeko meza entzuten dugu. Apaiza Corellakoa da. Ondoren gazta, ardoa eta garagardoa banatzen dugu, jende asko biltzen da. Arratsaldean udalak autobusak jartzen ditu, San Fermin festak ospatzen diren gure auzotik jendea udaletxera igotzeko. Bertan, Mijaseko musika bandarekin eta hemendik eramaten dugun txarangarekin zezen plazara goaz, zezenketa antolatzen baitugu; hori bai, zekorrekin. Merendua eramaten dugu eta hor goaz denak, gure kuboekin, Iruñean bezala! Zezenketa dohainik da herritarrendako, eta toreroek ere ez dute kobratzen. Galan, Ruiz Migel, El Cordobes zaharra, Jose Fuentes eta Ponce bera egon izan dira toreatzen. "Panplonikaz" jantzita toreatzen dute, eta zezen plazako guztiak - aguaziltxoak eta beste- txuriz jantzita daude. Guztiak nik jantzi behar ditut, eta hori igandean 100 pertsona bazkaltzera gonbidatzea kostatzen zait niri. Baina ordainean zezenketa dohainik ateratzen dut. Eta zelako giroa! Plaza beteta! Gauean El Cortijo izeneko jatetxe batek arrotza prestatzen du dohainik, jende guztiarendako, eta festak bukatzeko kohete traka izaten da. Mundiala da! Xabierraldia duela gutxi ospatu zenuten...Martxoaren 2an. Mijasetik San Anton ermitarako bideberrian egiten dugu gurutze bidea. San Antonen meza nafarra izaten da, jotak kantatzen dituzte. Eta ondoren ogia, gazta, ardoa eta salda banatzen ditugu. Gure jatetxeak menu berezia prestatzen du egun horretarako. Aurten 500 pertsona inguru bildu ginen, primerako giroan. Txistorra, entsalada, potxak onddoekin, antxumea txilindron erara eta mamia jan genuen, oso gustura. Eta berehala Aste Santua. Lan handia izango duzue...Normalean bai, baina aurten horren goizter izanda jendea oraindik ez da errekuperatu Gabonetan egindako gastuez. Eta hondartzetan area jartzen ari dira, sortaldeko haizeak guztia eraman zuelako. Ikusiko dugu. Niri, akaso, komeni zait eguraldi eguzkitsua ez egitea, jendea barnealdera etortzeko, eguzkiarekin mugimendu gutxiago baitugu. Baina beno, ez gara kexatuko. Olaztira noiznahi etortzen zara, ezta?Bai, pozik. Ia hilero nator, behin edo bitan. Baina nik nire bizitza han daukat eta seme-alabak ere Andaluzian errotu dira. Gogotsu etortzen naiz, baina hiru egun pasata desiatzen nago Mijasera itzultzeko. Nafarroako Gobernuak Nafarroako turismoko foiletoak bidaltzen ez dizkizulako kexu zara.Bai, nafarra izanda Nafarroako Gobernuak Nafarroari buruzko turismo foiletoak ez bidaltzeak asko amorratzen nau. Nire gain beste lan bat hartzea litzateke hori, baina sarritan jende asko datorkit Nafarroari buruz informazio bila. Ez dut Nafarroari buruzko papertxo bat ere ez, eta atzerritarrak asko harritzen dira horrekin. Nik erantzuten diet ez dizkidatela bidaltzen, zer esango diet ba! Txorakeria gutxiago eta beste gauza batzuez arduratu beharko lirateke gobernukoak.