Hiru Mendizerrak lotu nahian. Altsasuko Mendigoizaleen I. Iraupen Luzeko Mendi Martxa, igandean.

Guaixe 2008ko apirilaren 4a

Altsasuko Mendigoizaleak klubak erronka handia du aurten: Hiru Mendizerrak Iraupen Luzeko Mendi Martxa lehenengoz antolatzea. Altsasuko Udalaren, Nafarroako Mendi Federazioaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izango dute. Aipatu mendi taldeko kide Jon Andoni Etxaiz Soriak, Javier Ignacio Gonzalez Benitok, Juan Urra Mendiak eta Jose Luis Cobok, elkarteko presidente Eliodoro Mendoza Lucasekin batera, mendi ibilbidearen xehetasunak eman dituzte. Guztira 42,5 kilometroko mendi martxa izango da, igandean, apirilaren 6an, goizeko 7:00etan Altsasuko Mendigoizaleen klubetik abiatuko dena. 3.200 metroko desnibel pilatua izango du ibilaldiak, antolatzaileen esanetan maila ertain-altuko gogortasunekoa. 9-10 ordu beharko dira ibilbidea osatzeko, eta bidean beharrezkoak diren hornidura eta kontrol guneak izango dira. Ezustekorik gerta ez dadin, DYAk ibilbidearen jarraipena eginen du. Antolatzaileek azpimarratu nahi dute ez dela ibilaldi lehiakorra izanen. "Horregatik, parte hartzaileei ez diegu denborarik hartuko" azaldu dute. Hiru mendizerra, lau herriIbilaldia hiru mendilerrotatik - Urbasa, Altzaniako Mendiak eta Aralar inguruko mendiak - eta lau herritatik - Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordia - pasako da. Mendizaleek Altsasutik atera eta Urdiaineko bidea hartuko dute. Urbasako Bargara Urdiaindik igoko dira, Portuazpitik. Bargan barna Bargagaingo Gurutzera helduko dira, eta ibilbidea jarraituz Urbasako Interpretazio Gunera iritsiko dira. Bertan hornidura-gunea izanen da. Gailurretatik aurrera eginez Gainsolera helduko dira. Aurrera joaz, Ziordiko lepora helduko dira eta ondoren Ziordia herrira jaitsiko dira. Izan ere Ziordiko Milagro baselizan ibilbideko hornidura-gune inportanteena izango da. Mokadutxoaren ostean Kipular mendira igoko dira mendizaleak, Olaztirekin muga egiten duen mendira. Dagoeneko Altzania Mendietara ailegatuko dira parte hartzaileak. Bertatik antzinako Orobe harrobietara jaitsiko dira eta Altsasuko dermiora joko dute, Sorozarretara. Hemen hornidura-gunea izanen dute eskura. Atabo guneko norabidea hartuko dute segidan, Aralarko inguruko mendietara jotzeko, zehazki Balankaleku mendira. Balankalekutik Intxusburu mendira joateko GR-11 (Ibilbide Luze Transpirenaikoa) bidea hartuko dute, eta Intxusburura ailegatu ondoren Sarabera jaitsiko dira, Urdiaingo igerilekuetara heltzeko. Han kontrol gunea paratuko dute. Bertatik Altsasuko bidea hartuko dute, Foruen plaza izanen baita helmuga.Nolanahi ere, mendizaleek ibilbide osoa egitea ez da derrigorrezkoa. Dauden kontrolguneetan abisua ematearekin, nahi den tokian utzi daiteke ibilbidea, inportanteena ongi pasatzea delako, bakoitzak ahal duena eginez.Muga: 250 partehartzaileIbilbidea markatuta egonen da, inor gal ez dadin. Ildo honetan, DYA zerbitzuarekin koordinatuta, Altsasuko Mendigoizaleek furgoneta zerbitzua izanen dute martxan, norbait nekatzen bada eta erretiratu nahi badu, parte hartzailea jasotzeko. Guztia ongi ateratzeko igandean 50 bat pertsona ariko dira lanean, "%90 Altsasuko Mendigoizaleak klubekoak izango gara, eta gainontzekoak Ziordia eta Olaztiko herritarrak, laguntza ematera animatu direnak" argitu dute. Bereziki hornidura-guneetan nabarituko da laguntza hori. "Ziordikoa izango da inportanteena. Likidoak, fruta, fruitu lehorrak, jogurt likidoak eta bestelakoez gain, salda beroa, txorizoa eta modadutxoak izango dira" aipatzen dute. Gehienez ere 250 parte hartzaile hartuko ditu ibilbideak. "Lehen urtea da eta guztia ongi ateratzea nahi dugu, horregatik jarri dugu muga hori" azaldu dute antolatzaileek.Paisaia zoragarriaAntolatzaileak ibilbidea ederra dela ez dute zalantzarik. "Gune pribilegiatuan bizi gara, mendi eta baso ederrekin. Ibilbidea osatzen duten mendizaleek paisaia bikaina izango dute begien aurrean, zuhaitz espezie ugari" diote. Bertako guneak bulkatu nahian, dortsaletan zenbakiak jarri beharrean Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordiko dermioen izenak jarriko dituzte: Kipular, Portuazpi... "Horrela gutxienez partehartzaile bakoitzari bere dortsaleko izena geratuko zaio buruan" gaineratzen dute.Akaso kirolari asko lehiatzera edo mendi lasterketetarako prestatzera etorriko direla galdetuta, klubetik diote mendizaleek orokorrean mendiez gozatu nahi dutela, baina hobetzeko izpiritua izaten dutela. Nolanahi ere, proba ez lehiakorra dela azpimarratu dute. Ibilbidea osatzerakoan Roberto Garcia Benitok ibilbide luzerako diseinatutako marrazkia daraman kamiseta jasoko dute opari partehartzaile guztiek. Iraupen luzeko mendi martxak, goraIraupen luzeko mendi martxa antolatzeko zergatiaz galdetuta, Altsasuko Mendigoizaleak klubekoek argi dute. "Halako martxak egiteko geroz eta zaletasun handiagoa dago, eta gure klubeko jendeak ere halakoetan parte hartzen du. Pentsa, martxa geroz eta luzeagoa eta gogorragoa denean, parte hartzaile gehiago. Euskal Herrian eta Errioxan martxa ugari daude, eta hortxe dago ere Irurtzungo Iratxok prestatutakoa. Halako paraje zoragarri eta pribilegiatuan egonda guri ere ibilaldi luze bat antolatzea otu zitzaigun, gure ingurunea ezagutarazteko, eta horretan gaude!" diote. Gainera, klubak aspalditik Altsasuko perimetroaren ibilaldia antolatzen zuen, Altsasuko mugetatik barnako martxa. "Perimetroko martxaren oinarria hartuta ibilbide hori handitu dugu, iraupen luzeko ibilaldia izateko. Horrela, hemendik aurrera perimetroko ibilaldia gure egutegitik desagertuko da eta Hiru Mendizerrak ibilaldiari ongi etorria eman diogu" gaineratu dute.Altsasuko Mendigoizaleak taldeak 110 bazkide ditu, eta igandero antolatzen ditu irteerak. Finalista Bargagainen ospatzen dute, eta ilbeltzeko lehen igandean ere Bargagainen biltzen dira. Urtero hainbat martxa finko mantentzen dituzte: Kontrabandisten martxa (Ziordia-Ekala), Olazti-Kodes, Ilarduia-Erkuden, Lakuntza-Amezketa...eta udan Pirinioetan martxa eta egonaldi bereziak prestatzen dituzte. Hiru Mendizerrak: araudia1. Izena ematea: 10 euro.2. Federatu eta ez-federatuek parte har dezakete. 16 urtez gorakoa izatea beharrezkoa da. 3. Izena ematea Euskadiko Kutxako 3035-0018-4-0-018-0-01113-5 kontu zenbakian edota Rural Kutxako 3008-0093-60-1761985215 kontu zenbakian eginen da.4. Izena ematea 250 parte hartzaile biltzen direnean edota apirilaren 3an itxiko da. Nolanahi ere, www.altsasukomendigoizaleak.com web gunera jo daiteke informazio bila. 5. Irteera: goizeko 7:00etan, Altsasuko Mendigoizaleak Klubetik (Erkuden kalea, 8). 30 minutu lehenago dortsalak banatzen hasiko dira. Federatuek euren txartelak aurkeztu beharko dituzte.6. Ibilbidean barna osasun zerbitzuak izanen dira.7. Altsasuko Mendigoizaleak taldea ibilbidean zehar egon daitezkeen istripuez edo sor daitezkeen gaixotasunez ez da arduratuko.8. Parte hartzaileek uko eginen diote edonolako indemnizazioari antolatzaileen aldetik.9. Egoerak hala behartuko balu, antolakuntzak edozein momentutan, ibilbidea aldatu edota bertan behera utz dezake.10. Araudi honetan aurreikusten ez dena antolaketa taldeak konponduko du.11. Ez dago klasifikaziorik. Ibilbidean zehar dauden kontrol guztietatik pasatzen diren mendizaleek oparia jasoko dute.Oharra: dutxen zerbitzua Lavadero eraikinean eskainiko da. Informazio gehiago: www.altsasukomendigoizaleak.com