Iñaki Agirre Larraza

Guaixe 2008ko apirilaren 4a

Aintzindari dantza taldea, Etorkizuna dantza eskola eta Nahia dantza taldea. Saltsa guztietako perexila zara?Aintzindari dantza taldean urte asko eman nituen eta bolada batean. taldea desagertu zenean nik dantzan jarraitu nahi nuela argi neukanez, Beasaingo Nahian hasi nintzen. Etorkizuna dantza eskolan berriz, irakasle moduan nabil eta Etxarri eta Altsasun ematen ditut klaseak. Orain dela gutxi Aintzindari taldea berpiztu egin dugu eta buru belarri gabiltza. Beraz, bai, 3 taldeetako partaidea naiz eta astean zehar nahiz asteburuetan dantzari lotuta.Orduan txiki-txikitatik dantza munduan murgilduta? Noiz hasi zinen?Ni nahiko berandu hasi nintzen. 18 urterekin Santa Ageda egin ondoren. Zortzikoa dantzatzeko entsegu asko egin genituen eta ordurako dantzari asko ere ezagutzen nituen. Haiek animatuta eta barruko harrak aginduta, dantzan hasi, gustatu eta gaur egunera arte. 19 urtetatik Aintzindari dantza taldean. Ez zara beteranoena baina nola gogoratzen dituzu Aintzindariren hastapenak?Beno...orain nahiko urruti. Oso oroitzapen politak ditut, ilusio handiarekin aritzen ginen eta orain ere gauza bera sentitzen ari naiz. Taldea berpiztu egin da eta "betiko" dantzariez gain jende berria ere etorri da. Horregatik nik dantzari berri guztiak animatu egiten ditut, nire antzeko prozesua biziko dutelako.Aintzindari dantza taldea berpiztu egin dela diozu.Bai. Esther Irisarri Garasa dantzari eta lagunari egindako omenaldia izan zen arrazoia edo abiapuntua. Omenaldia prestatzeko biltzen eta entseatzen hasi ginen eta dena bukatu ondoren jarraitzea erabaki genuen, baita sorpresa handia jaso. Izan ere, egin genituen bileretara jende berria etorri zen eta guretzat hori akuilu bat izan zen. Jende berria eta gaztea eta hau taldearentzat oso ona da. Betiko dantzariei meriturik kendu gabe noski! Denon artean talde oso polita sortu dugu.Beraz, historiarako data garrantzitsutzat duzue Omenaldiaren egun hori.Omenaldi hori gauza askorengatik izan da garrantzitsua guretzat. Omenaldi arrakastatsua izan zen baina sentimendu osoarekin egindakoa. Herrietako parte-hartze zabala izan genuen eta elkarlanean oinarritutako omenaldirik hunkigarriena.Antolaketan lan handia egin zuten Aitziber Etxaiz, Maria Flores, Aitor Bermanedik ? eta Jabier Amillanok. Eta parte hartzaile guztiok ere dena eman genuen.Aintzindari taldearen berragerpena aurreko martxoaren 15ean ikusi genuen beste dantza taldeez lagunduta.Apirilean Soinu Zahar txapelketa antolatzea egokitu zaio Etorkizuna dantza eskolari eta horretarako diru dezente behar izaten dugu. Udalak ematen duenarekin nahikoa ez eta jaialdi bat egitea egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Prestatzen hasi ginenean Aintzindariri gonbita luzatu eta lehen agerraldia prestatzen hasi ginen. Kasualitatez Beasaingo taldean ere komentatu nuen eta hauek ere animatu ziren. Horrela hiru talde izan ginen egun horretan taularatu ginenak.Zu arduratu zinen hiru taldeak koordinatzeaz? Bai, hiru taldeen pupurri bat egin genuen. Etorkizunako handienak Aintzindarikoekin nahastu, betiko kantekin sortutako koreografia berriak,. Dantzariak eta ikusleak pozik atera ziren. Beraz ni ere pozik nago egindakoarekin. Etorkizuna dantza eskolan neska mutiko gaztetxoak biltzen dira. Taldearen izenari ohore eginez, etorkizun handiko dantzariak izango dira?Kar, kar.... Bai, hori espero dut. Nik beti esaten dut dantzari ona edozein izan daitekeela.Dantzari mota ezberdinak daude, dantzatzea berezkoa daukatenak eta dantzari saiatuak. Niri gehien gustatzen zaizkidan dantzariak horiek dira: lan egiten dutenak, gogotsu aritzen diranak eta ahalegin berezia egiten dutenak. Nire ustez horiek dira dantzari onak.Etorkizuna dantza eskolan 5 urtetatik hasi eta 16 urte bitarteko neska mutikoak daude eta denetarik dago, langileak eta ez hain langileak. Egun Altsasu eta Etxarri artean 50 haur daude eta ziur batzuk "etorkizun" onekoak.Dantza munduan zer da gogorrena?Askotan neure burua irakasle lanean ikustea zaila eta gogorra egiten zait. Umeekin lan egitea ez da txantxa... Baina beste batzuetan primeran pasatzen dut, oso barregarriak direlako. Haientzat dantza jolas bat da eta momentu oso onak bizi izan ditut haiekin.Poztasunak beraz momentu gogor horiek leuntzen ditu ez?Dudarik gabe. Dantzari txiki hauek nola hobetzen duten ikustea oso pozgarria da. Hori da azken finean irakasle baten helburua eta lortzen duzunean bete-betea sentitzen zara. Beste poztasun bat ikusleen esker ona da. Aintzindari desagertu zenean herrian hutsune nabari bat gelditu zen dantza munduan. Azken emanaldia eman genuen jendearen ahotan zebilen ideia hori eta eskerrak eta zorionak eman zizkiguten. Eta bukatzeko, nola ikusten duzu dantzaren osasuna Sakanan?Sakanan ez dakit, gureaz gain beste talde batzuk ere badaudelako. Baina Altsasu eta Etxarriko dantzariak ongi ikusten ditut.Egia da askok eta askok dantza egiteari uzten diotela. Oso txikitatik hasten dira dantzan eta adin batera iristen direnean nekatu egiten dira. Edo asko gustatzen zaizu edo bestela neketsua egiten da. Baina badago jende asko gustatzen zaiona eta jarraitu egiten duena. Aintzindariren kasua da adibiderik argiena. Jende nagusia da gehiena, hau da, ez dira haurrak eta dantza oso gustuko dute. Dantza egitea, ondo pasatzea eta taldean parte hartu nahi duen edozeinendako guk ateak zabalik dauzkagu!! Astelehen, asteazken eta ostiraletan 20:00etan eta larunbat arratsaldean dugu hitzordua.