Zainak, sustraiak Idiak askara bidean. Hurbildu. Ur gainean putz txiki bat egin eta ura bibratu egiten zuen. Ondoren muturra bustitzen zuten. Daniel Tamayo Pozuetaren oroitzapenak dira. Urdiaingoak. Ama hangoa baitzuen eta han bizi izan baitzuen haurtzaroaren zati bat. Margolaria. Olio lanak dira bereak.15-16 urteko gaztetxoa. Altsasuko tren geltokian hotzak hilda. Madrilgo trenaren zain. Pradoko museoa helmuga. Soldadutzak, beste ibilera batzuk lagun altsasuarrak ekarri zizkion. Xabier Morras da bera. Pintzela aukeratu zuen adierazpide, olio-lanak margotzeko. Marrazkiak akuarelaz.Bakaikuarra sortzez, han ditu zainak Jose Ramon Anda Goikoetxeak. Artistak, akaso, familiaren zurgintza tailerrean, aita ebanista eta tailugile handia baitzuen. Eskultorea. Zura eta metala erabiltzen ditu gehienbat.Haiek diotenez, "gure kultur- eta bizi- biografien barna detektibe lana eginez gero ardatz nagusi sendoa dagoela ikusten da. Zerbaitengatik gara lagunak ere, komunean gauza asko ditugulako". Xabierrek erakusketaz azpimarratu du: "3 estiloak erradikalki hain ezberdinak izatean, nik uste, berrindartu egiten direla". Eta gaineratu du: "nik uste gure ibilbide artistikoaren etapa batean gaudela zeinetan sinisten duguna egiten dugun, joera artistikoak eta bazterrean utzita". Nola sortu zen erakusketa? Xabier. Koldo Arnanz lagun handia da. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle naiz eta askotan bidaia elkarrekin egiten genuen autoan. Berak bazekien nik Altsasun inoiz erakusteko ilusioa nuela. Koldok esan zidanean erakusketa gela bikain bat zegoela, Jose Ramon Anda Goikoetxea eta Daniel Tamayo Pozuetarekin batera erakusketa egiteko aukera ederra izanen zela pentsatu nuen.Jose Ramon. Kuttunagoa zen. Ikuspegi aberatsago bat. Lotura ezberdinengatik, baina hirurak eskualdeari lotuta gaude.Nork bere erakusketa antolatzeko adina lan duzue. Erakusketa prestatzerakoan lotura ildorik pentsatu al duzue? X. Hiruron artean egitea erabaki genuenean, lotura gure bizi- eta kultur- biografia zela ohartu ginen. Horregatik izenburua: Gure sustraiak. Hau da, hirurok asko bidaiatu dugu. Hirurok aspaldi gara arteko profesionalak. Aldi berean, gutako bi EHUko irakasleak gara. Gainera, hirurak lagun minak gara. Beraz, nik uste, nahikoa zementu edo eransgarri zegoela, ez Altsasurako zerbait espezifikoa egiteko, baizik eta osagai horiek nahikoa pisu zutelako, gure lanaren aukeraketa batekin erakusketa honekin ongi ordezkatuta egoteko.Filosofo kataluniar hark dioen moduan artistak gizarteari opariak egiten dizkio. Polita da. Opari horrek uneak, emozioak eskaintzen dizkizu. Hori bizi ondoren zu ez zara bera. Guk Altsasuri opari bat egin nahi izan diogu. Altsasuk guri gauzak oparitu baitizkigu.Xabier, zein garaitakoak dira erakutsi dituzun lanak? Hemen aurkezten dudan lanen aukeraketa da azken 35 urteetako lanen aukeraketa.Eta, zuk, Jose Ramon? Erakusketa hau Hospitaleten dudan atzerabegirako erakusketa batekin bat etorri da. Garai ezberdinetako piezak dira. 80ko hamarkadatik 2004 edo 2005era arteko lanak dira.Tartean Atariaren besarkadaren maketa dago. Horretan lanean badaramazu... Orain egiten ari garen pieza da. Proiektu hori, agian, 2.000. urtea baino lehenagokoa da, baina orain gauzatzen ari da. Batzuetan gertatzen da ditudan egitasmoak hiri-eskalan gauzatzen direla edo ez. Eskultura hori Sartagudako Memoriaren parkean kokatuko da.Lanen gaiak zein dira? Eskultura egiten ari naizenetik lantzen ditudan kezkak daude. (Besteak beste, Zutabeen gaia, plano gurutzatuena, eroritako zuhaitz zaharretako enborretan egindako interbentzioak, pilota... dira lantzen dituen kezkak). Dagoen eskultura bakoitza serie edo planteamendu ezberdinei dagokie.Bat zirkuitu moduko bat da, begi-ibilbide bat da. Beste bat, tokiei buruzkoa da eta Hirumugeta du izenburua, Bakaikuko mendiko dermio bat dena, eta han mugarri bat dago. Toki hura gogoan nuela egin nuen eskultura hori. Beste bat, zutabeen inguruko lan bat da. Luze egon nintzen kezka horrekin eta bariante asko egin nituen.Altsasu eta Olazti artean dagoen Obeliskoaren maketa dago. Gai horren inguruko zenbait aldagai egin nituen. Pentsatzen dituzun gauzetako batzuk espazio publikoetan garatzen dira eta beste batzuetan ez. Imajinatzen ditudan eskultura guztiak ere ez dira handian egiteko. Baina batzuk bai. Maketetan badago beste gai bat, plano gurutzatuena. Leioarako egin zen eskultura bateko maketa dago. Besarkada izenburua du eta horri egiten dio aipamena.Erakusketarako propio lanik egin duzue?X. Ez. Baina nire kasuan, aurreneko aldia da familia erretratua Nafarroa Garaian erakusten dena. Iruñean oraindik ere ez da ikusi, erakutsiko da. Nafarroa Beherean, Izura herrian erakutsi da. Urtero udan arte erakusketa antolatzen dute eta ideia ederra iruditu zitzaidan.Asko kosta zaizue erabakitzea zein lan erakutsi? X. Nik koordinatu nuen pixka bat. Jose Ramonen eta Danielen lana ongi ezagutzen dudanez, elkarrekin pixka bat hitz egin genuen eta iritziak trukatu genituen.Danieli tamaina handiko lanak aholkatu nizkion. Aretoa oso duina delako. Jose Ramonen kasuan, kasualitatea izan da bere lanaren %90a Katalunian duela, erakusketa batean. Hala ere, kontuan izan behar da Jose Ramonek egin duen ahalegina. Tamaina handiko 3 eskultura eta...Danielek zer erakutsi du?X. Berak darabilen begi-alfabetoak ziria sartzen du pixka bat. Margolanak ikusi eta errazak dirudite. Oso ludikoak dirudite, dibertigarriak dirudite.JR. Denbora eskaini behar zaie.X. Ustezko erraztasunaren atzean, irakurketa plastiko eta tematiko konplexua duten margolanak daude. Danielek tituluetan lorratz garrantzitsua ematen du. Mari Errauskin dioenean. Koadro hori lehen kolpean ikusi eta diozu: zenbat kolore, zein polita. Hurbiltzen zara. Baina gero ikusten duzu oso istorio konplexua aurkezten dizula, ñabardura askorekin, joan-etorriekin. Bere lanaren zama literarioa, umore fin eta ironikoz josia, lehen begiratuan dirudiena baino askoz ere lan konplexuagoa da.Lanik ez dagoela dirudi, baina oso lan fina, oso dotorea da, oso landua. Berak dio ezin duela akrilikoarekin margotu azkar lehortzen delako. Berak pintzelarekin behin eta berriz orrazten du mihisea tonu zehatza lortu arte.Sormen prozesuaren ahaleginaz. X. Ahalegin handia izan da, da eta izanen da. Sormen prozesua, nik, adibidez, hor badaude marrazkiak aste batean gauzatu ditzakedanak. Baina, familia erretratua, aldi berean Nafarroako historiaren orri bat izatea nahi dudana, koadro hori 10 urte kosta zait egitea. Ez 10 urte margotzen, baizik eta kontzeptualki osatzen. Hau da, ez dut ohiko erretratu bat nahi. Aita, ama, seme-alabak egongelan pianoarekin. Nafarroako historiaren orri bat izatea nahi dut eta, aldi berean, familiaren ezohiko erretratua.Alde batetik, kontzeptualki egitea. Hau da, hori egin nahi ez badut, zer egin nahi dut. Elaborazioa, elaborazioa. Urte pila. Ondoren dokumentazioa jaso. Esan nahi baita hori guztia asmatuta dagoela. Nolakoa da zaldia arrioekin? Ez da existitzen. Nolakoa da elur ekaitza duen negu bat? Jantziak? Horiek ehunka eta ehunka marrazki dira. Azkenean 10 urte dira. Horregatik diot sormen lana badakizu noiz hasten zaren baina ez noiz bukatzen duzun. Guk, gainontzekoek haien ogibideetan bezala, perfekzioa dugu helburu. Hori badakigu ezinezkoa dela.JR. Noizbait gogoz kontra gelditu naiz gauza batzuekin. Data jartzen dizute eta, jakina, zerbait garatzeko aukera ez duzu egunero. Data jartzen dizute eta desesperatu egiten zara eta oso gaizki pasatzen duzu. Zure buruari esaten diozu: jo, denbora pixka bat gehiago izan banu... Dagoeneko datekin ez dut konpromisorik hartzen. Proposatzen didaten gaia gogokoa bada hartu eta aurrera. Baina datarik ez. Inoiz hain gaizki pasa dut ze...