Susana Goikoetxea Esnaola

Guaixe 2008ko api. 25a, 00:00

Nola animatu zinen "El Conquistador del fin del mundo"ko aurtengo edizioan izena ematen?Iaz saioa bota zuten hilabeteetan oposaketetarako ikasten ari nintzen eta ez nuen ikusteko denborarik izaten. Santi, nire senarra oso "engantxatuta" zegoen eta hark kontatzen zidan gertatzen zena. Dena dela, programa bukatzear zegoela, ni ere ikusten hasi nintzen. Finaleko egunean aurtengo lehiaketan apuntatzeko helbidea eman zuten, eta hurrengo egunean bertan Santiren datuak bidaltzen hasi eta nireak ere jarri nituen; hori bai, inongo asmorik gabe.... Ni baino, nire senarra egokiago ikusten nuen horrelako programa batean. Casting-a biok egin genuen, kostata, senarrak nahi ez zuelako, eta egunetara telefonoz deitu ziguten. Gogoan dut Iturmendiko festak zirela eta Santa Marinatik jaisten ari ginela deitu zidatenean. Nik hasieran txantxa bat zela pentsatzen nuen baina ez zen inolako txantxa: aurtengo edizioko lehiakide izateko aukeratu ninduten.Beraz, lehiaketarako profil egokia zenuela ikusi zuten. Kirolaria, borrokalaria...Betidanik oso kirolaria izan naiz. Gazteetan Jazz dantza egiten nuen eta urtetan aerobic-eko irakaslea izan naiz. Gaur egun egiten dudan kirola korrika egitea da. Borrokalaria? Bai. Momentu jakinetan dena ematen dut. Baina orokorrean ez naiz pertsona lehiakorra. Nahi dudana lortzeko lan egiten duen pertsona naiz, eta abenturazaletasunarekin batera nire aitarengandik jaso ditudan bi ezaugarri dira. Nire amarengandik berriz, zintzotasuna eta leialtasuna.Iraila bukaeratik abendura bitarte izan zinen Patagonian hamaika abentura eta esperientzia bizitzen. Nolakoa izan da buelta?Ni atera eta hurrengo egunean ospatzen zen final handia. Finalaren ondoren erredaktore, kamera, finalistak eta lan taldearekin festa antolatu zuten. Nik hori aurretik banekien eta gelditzea eskatu nien. Ezetz esan zidaten eta momentuan asko haserratu nintzen. Behin hotelera iritsi eta Angel eta Iru ikusi nituenean haserre guztia joan zitzaidan. Arrataldeko 17:00etan irten eta hurrengo eguneko 12:00etan bueltako hegazkina hartu genuen. Behin etxera iritsita, oso ongi!!! Senarra eta seme-alabak hilabete eta erdi ikusi gabe eman ondoren, imajina ezazu....Hori izan da zuretako gogorrena? Etxekoengandik hain urruti egotea?Zalantzarik gabe bai. Nire senarrarengandik ez naiz berezi 15 urte nituenetik eta nire seme-alabengandik udalekuetara joaten diren 5 egun horiek izan dira ikusi gabe eman ditudan egunik luzeenak. Horregatik joan aurretik hori gaindituko ote nuen beldur nintzen. Oso sentibera eta oso negartia naiz eta haien berririk ez izatea oso gogorra izan da niretzat. Argi dago gainditu egin dudala eta oso pozik nago. Gainera, berraurkitzea oso ona izan da. Orain arte baloratzen ez nituen gauzak baloratzen ditut orain eta gauza edo detaile txikiak asko estimatzen ditut. Orain, nire familia hain pozik ikusteak bete egiten nau. Jene, 15 urteko alaba eta Endika, 13 urteko semea oso kontentu eta oso harro daude nitaz eta haientzat hoberena naiz. Beraz, merezi izan du.Nola ikusi duzu zure burua saio osoan zehar?Itxura aldetik hasieran oso gaizki, kar, kar kar.... Hasieran kamerekin lotsatu egiten nintzen baina bukaerarako ez nintzen konturatzen. Oro har, neure burua oso indartsu ikusi dut. Jende guztiarekin oso ondo moldatu naiz eta hori poztekoa da. Programari dagokionez, oso manipulatuta egon dela uste dut. Argi geneukan "reality" batera gindoazela baina gauza batzuk ez zaizkit bidezkoak iruditu. Argi dago audientziaren bila joan direla eta interesatzen zitzaizkien irudiak botatzen zituztela. Bizi izan duguna eta bota dutena nire ustez ez dator bat.Jende askoren ahotan ibili da Juanito Oiarzabal. Zer moduz berarekin?Ni oso ongi. Ni pertsona argia eta zintzoa naiz eta norbaitekin arazoren badut konpontzea gustatzen zait. Berarekin horrela jokatu dut eta oso ondo moldatu gara. Juanitori protagonista izatea eta agintzea gustatzen zaio, baina bihotz onekoa da, eta hori da azken finean balio duena. Gaur egun harreman estua daukagu eta askotan hitz egiten dugu.Zein izan da probarik gogorrena?Eguzkirekin egin nuen azken dueloa; pioletekin zuhaitzera igotzea eta basoko orinetazio proba. Biak oso politak iruditu zaizkit, baina oso gogorrak. Basoan ia bi ordu ibili nintzen korrika oinak lotuta eta oraindik soken marka daukat. Nirekin zihoazen kamarak eta erredaktoreak asko animatzen ninduten eta lehena nindoala pentsatzen nuen. Helmugara iritsi eta bi lehiakideak bertan ikusi nituenean oso "plof" gelditu nintzen. Pioletena ere oso gogorra izan zen, ordu eta erdi inguru izotz puntara iritsi nahian. Gainera ez ziguten urik ematen eta desidratatuta bukatu genuen.Eta politena edo esnahi berezia daukana?Angeli irabazi nion lehen dueloa. Zuhaitz enborrak puntara igo behar ziren eta Juanitorekin egin nuen proba hori. Proba ikusi nuenean berak irabaziko zuela argi ikusi nuen. Enborrean zuloa egin behar zen eta nik zeharka egitea erabaki nuen. Horrek abantaila eman zidan eta irabazi egin nuen.Finalaren atarian gelditu zinen, laugarrena. Nolakoak izan ziren azken egunak?Egia esan nire taldearen, "pumen", egoera ez da batere ona izan. Miseria handia bizi izan dugu: gosea, hotza, nekea, nominatu behar izatea,... Faktore batzuengatik eta zortearengatik nik aurrera egitea lortu nuen eta esan bezala final atarian gelditu nintzen. Ushuaian igarotako 4 egunetan nik 5 duelo egin nituen, zein baino zein gogorragoa. Lehen aipatutako biak, kartzelatik irtetea lortu behar genuena, zubi tibetarrarena eta mendian gora trineoa tiratzearena, oso gogorrak izan ziren eta nik leher eginda amaitu nuen.Atera eta zer izan zen egin zenuen lehen gauza?Txokolatea jan eta jan!!! Txokolatearekin sekulako antsietatea izan nuen hilabete osoan eta kamera eta erredaktoreei eskatzen nien izkutuan. Guztiz debekatuta zuten guri ezer ematea eta atera nintzen egunean kameretako batek txokolate tableta bat eman zidan eskura. Hotelera iritsi bezain pronto, telefonoa hartu eta etxera deitu nuen. Hemen gaueko 11:30ak ziren eta seme-alabak esnarazi eta hirurekin hitz egiten egon nintzen. Hizketaldia baino, negarraldia izan zela esango nuke. 20 minutu negar eta negar. Nire bizitzako momenturik politenetakoa izan zen.Noiz jakin zenuen Gorka izan zela irabazlea?Ni atera eta hurrengo eguneko goizeko 5:00etan egin zuten hiru mutikoek proba. Guk eguerdian hegazkina hartu behar izan genuen eta bidean taxistari galdetu genion. Debekatuta zeukan esatea, baina despistatuta Gorkaren izena bota zuen. Iru, Angel eta ni pumak izanda, asko poztu ginen puma batek irabazi izanaz. Josu eta Eguzkirekin ere oso ondo moldatu naiz eta asko maite ditut, baina Gorka... Gorka da.Zer iruditu zitzaizun asteleheneko programa?Ez zitzaidan batere gustatu. Ez zen bidezkoa izan lehiakide batzuekin egin zutena. Lehiakide guztiei joateko eskatu eta gero, ez zitzaien hitz egiteko aukerarik eman. Eta ez dut niregatik esaten. Nik azken finean bukaera arte egoteko aukera izan dut, baina beste askok ez, eta horregatik, nire ustez, errespetu bat behar dute. Bestalde, pertsona batzuei protagonismo gehiegi eman zitzaiela uste dut, eta ez dut ezer ere Angelen aurka, baina berdintasuna bermatu behar zuten eta ez zuten egin.Akabo. Bukatu da 2008ko "El conquistador del fin del mundo". Orain zer?Abendutik ona burbulia batean egon naiz. Jendearekin oso eskertuta, blogean parte hartzen eta oso kontentu. Esperintzia oso polita izan da eta "Conquistador"etik lagun oso onak ekarri ditut. Haiekin harremanetan jarraitzen dut eta jarraitzea espero dut. Gure artean maitasun handia izan delako.