Aberri Barandalla

Guaixe 2008ko maiatzaren 9a

Zergatik aukeratu zenuen nekazari izatea?Nire familia nekazaria da eta txikitatik hori ikusi eta ikasi dut etxean. Beraz, oso gaztetatik nire zaletasuna zen. Horrela, Unibertsitatera joateko garaia heldu zenean, ikasketak hortik bideratu nituen eta Nekazal Ingeniaritza ikasi nuen. Urteak aurrera joan ahala, zaletasuna lanbide bihurtu da ez?Bai hala da. Ikasketak amaituta etxetik kanpo ere lan egin nuen laborategi batean esneak analizatzen eta gaztandegi industrial batean. Postu oso ona neukan baina egunerokotasunean lan honek ez ninduela betetzen konturatu nintzen. Horregatik, lan hau utzi eta etxeko martxarekin segitzea erabaki nuen. Osaba jubilatzear zegoen eta etxean eta etxerako lan egitea zen anaia eta bion ilusioa. Beraz, animatu eta martxan hasi ginen. Esan bezala bi anaia gara eta Urtzik ere bere lana utzi eta honen aldeko apustua egin zuen.Zaila izan zen pausua ematea? Orain dela zenbat izan zen hori?Bai zaila da pausu hori ematea eta galdera eta zalantza asko sortzen zaizkizu. Bestalde, argi dago sektorea krisian dagoela eta etorkizuna nahiko beltz ikusten da hasiera batean. Gainera hasieran egin beharreko diru inbertsioa ikaragarria da eta beldur pixka bat ematen du. Hala ere, gure ametsa zen eta orain dela 4 urte egi bihurtu zen. Etxean betidanik ezagutu dugu nekazal giroa eta gure kabuz produktu bat ateratzea izan dugu buruan urtetan.Ordura arte esnea zentralera saltzen genuen baina argi geneukan gure produktua ekoizteko ziklo osoa guk etxean egin nahi genuela. Orain behien elikaduratik hasi eta salmenta punturaino guk daukagu kontrola.Zeintzuk dira ekoizten dituzuen produktuak?Jogurt naturalak eta hiru eratako gaztak, gazta biguna, ondua eta freskoa. Azken hau Burgosekoaren antzekoa da baina gurea "etxarrikue".Eta guztiak Jeingenekoa labelarekin ez?Gure etxea Jeingenekoa da eta horregatik hartu dugu izen hau. Komertzialki ez da oso erakargarria baina etxearen izena mantentzeagatik izen berezi hau jarri genien gure produktuei. Bistan da oso gureak direla gazta eta jogurtak. Ekoizpenaren ziklo osoa guk egiten dugu eta produktuak gure etxeko izena du. Oso gurea!Nola egiten duzue lan banaketa?Astea honela daukagu banatuta: Astelehenetan gazta, gazta freskoa eta jogurtak egin eta Etxarriko banaketa egiten dugu. Asteartetan Sakanako herrietan, Leitzan, Lekunberrin eta Gipuzkoan. Asteazkenetan Lizarraldea eta Ostegunetan berriz, Araba ingurua. Tartetan ere, gazta freskoa eta jogurtak egiten ditugu eta astea amaitzeko ostiraletan gazta egiten dugu.Urte hauetan tresneri berriak ezagutuko zenituzten, ezta?Gure ustez, nekazaritzan ere teknologia berriei heldu behar zaie. Orain dela gutxi jezteko errobot edo makina erosi genuen eta hobekuntza nabarmena da. Gure lanean malgutasuna ematen digu honek eta onuragarria izan da guretako. Lehen sektorea krisian dagoela entzun dugu azken boladan. Horren adierazle gaur Iruñean egingo duzuen manifestazioa?Lehen ere esan dut eta errepikatuko dut nekazaritzan egungo egoera oso larria dela. Egunetik egunera esplotazioak ixten ari dira eta jende oso gutxi animatzen da aurrera jarraitzen.Goitik ezarritako musika dantzatzera behartzen gaituzte. Haien politika egurra ematea da eta horregatik baserritar asko eta asko desagertarazi nahi dituzte. Kanpotik esnea eta haragi merkea ekartzen dute eta gero gurearekin, etxekoarekin, propaganda egin nahi dute. Nire ustez hori egitea jendea engainatzea da. Horregatik ez da soilik nekazarion arazo bat, gizarte osoaren arazoa baizik eta jendeak gertatzen ari dena jakin behar du. Gaurko EHNE sindikatuak manifestazioa deitu du Iruñean eta gure egoera lau haizeetara zabaltzea da gure helburua. Dena den, ez da egun bakarreko kontua, eguneroko borroka bat baizik. Zure egoerari beste ezaugarri bat gehitu beharko genioke: Nekazari gaztea. Zer zailtasun dauzka gazte batek nekazaritza munduan hasteko?Asko. Etorkizun beltza ikusita ez da jende asko animatzen eta hasierako inbertsioak ikaragarriak dira. Zerotik hastea oso zaila izaten da, lur falta, diru falta... baina aurrera egin daiteke.Sakanan, esaterako, nola ikusten duzu gazte eta nekazari-abeltzainen egoera?Sakanan ez dakit, baina Etxarri puntu erreferentziala dela uste dut. Gazte dexente gara honetan sartzen animatu garenak eta poztekoa da. Niri ilusio handia egiten dit nire inguruko jendea animaliekin, soroetan eta horrelako lanetan ikusteak. Azken finean gu gara etorkizuna eta herrian gauden gazteok ilusio eta gogoekin ekin diogu lan honi.Lanbide gisa etorkizuna nola ikusten duzue?Guk argi daukagu hortik bizi nahi dugula, baina hortik biziko gara uzten bagaituzte, noski! Egun jartzen dizkiguten traba guztiei aurre egin ezin badiegu, ba... pena handiarekin, baina pertsiana itxiko dugu.Nire ustez, sektore polita eta sanoa da eta, azken finean, hori da garrantzitsuena. Guk ilusio handiarekin egiten dugu lan eta aurrera egingo dugu, guretzat satisfazio handia baita.