Nola hartu zenuen seminariorako bidea? Garai haietan oso presente genituen misioak. Sagarminaga apaiza etortzen zen noiz edo noiz Etxarrira, eta herriko haurrekin misioak irudikatzen genituen. Batzuk beltzez eta besteak indioz jantzi eta herri guztia zeharkatzen genuen. Hor sortu zitzaidan bokazioa. Madril ezagutzeko gogoak ere lagundu zidan erabakia hartzen. Nire izeba moja bat, Karitateko ahizpa, han zegoen, eta pauldar sartuz gero, ni ere hiriburura eramango nindutela pentsatzen nuen. Horrela, 11 urterekin gurasoei pauldar sartu nahi nuela esan nien. A ze desilusioa nirea, Madrilera eraman ordez, Murgiara, Arabako herri txiki batera eraman nindutenean! Non egin zenituen apaiz ikasketak?Murgian egin nituen lehen urteak. Ondoren, Cadajosera, Burgosko herri txiki batera bidali ninduten. Handik Guadalajarara joan ginen talde bat, baina bertan geundela gerra hasi zen eta, etxea erreko ziguten beldur, gauez autobusa hartu eta Murgiara itzuli ginen. Villafranca de Bierzon, Leonen, eta Cuencan ere egon nintzen. 14 urte batetik bestera ibili ondoren, Cardajosen amaitu nituen apaiz ikasketak. Behin apaiztu eta gero, zer?1944an apaiztu eta, horrekin batera, destinoa eman zidan Aita Bisitariak. Garai hartan familiarengandik urruti bidaltzen zuten apaiztu berri zena, Madrilera, Sevillara edo baita Kubara ere. Nire unea iritsi zenean, urrutira bidaliko ninduten prest joan nintzen ni. Aita Bisitariarengana sartu, bere aurrean belaunikatu eta esan nion: "Aita, zuregana nator, egoki deritzozun destinoa eman diezadazun". "Zu, Iruñera" esan zidan. Ni, belauniko, pentsakor geratu nintzen, harrituta... "Bai, bai, Iruñera" eta papera erakutsi zidan. Eskerrak eman eta lasterka atera nintzen, ideiaz aldatu baino lehen. Gurasoak billeteak hartu eta trenera igotzeko prest zeudenean egia esan nien: "Aitta, ama, Iruñera bidali naute". Poz handia hartu zuen amak. Izan ere, okerrenerako prest gindoazen denak.Denborak argitu zuen dena: Iruñeko buruak, Antuan aitak, musikari bat bidaltzeko eskatu zion Tobar Aita Bisitariari. "Luis Bakaikoa anaia horretan ona dela entzun dut". Horregatik bidali ninduten Iruñera. Bestela, auskalo zein destino edukiko nuen! Zein zen zure egitekoa Iruñean lehen urte haietan?Milagrosan, latin eta musika klaseak ematen nizkien pauldar izateko ikasten ari ziren gaztetxoei. 160 ikasle genituen urtero. Horrez gain, Antuan aitak - Iruñera joan nendin eskatu zuenak- musika ikastera bidali ninduen. 6 urte egin nituen Iruñean.Eta ondoren, batetik bestera, misiolari...Bai, penintsula osoko hiri eta herri andana bisitatu nituen misio lanetan. Valentzia, Ourense, Gasteiz, Bilbo, Eibar... Gutxi gorabehera 15 egun egiten nituen horietako bakoitzean.Goizeko 6ak aldera jaiki eta 7ak aldera, prozesioan, aurora errezatzen genuen, elizan nahiz kalean, eguraldi on nahiz txarrarekin, eta ondoren, meza. Haurren txanda zetorren gero, eta gazteena atzetik. Gauean, berriz, misio orokorra, gizon, emakume eta gazteekin. Predikatu eta abestu egiten genuen herritarrekin batera. Iruñean nengoela hasi eta 1969ra arte ibili nintzen batetik bestera, New Yorkera bidali ninduten arte. Misio-lanek Buenos Airesera eta Puerto Ricora ere eraman ninduten. Urte horietatik zer duzu gogoan?Nire lehen misioa oroitzen dut. Pedro Langarika aitarekin misio-lanak ikastea izan nuen lehen egitekoa. Oso ezaguna zen Nafarroan. Gaztea nintzen, eta nire eztarria edozertarako prest zegoela pentsatzen nuen. Langarikak abesteko esan, eta gogo biziz abesten nuen nik eta izugarrizko afoniarekin amaitu nuen.Bestelakoan, Jainkoaren hitza misioetara joaten zirenen bihotzetara iristen zela ikustea zen pozgarriena. Jendetza joaten zen misio edo konfesiotan. Beste garai batzuk ziren. Erlijio izan duzu ofizio, baina musika ere garrantzitsua izan da zure bizitzan. Noiz hasi zenituen musika ikasketak?Txikia nintzela, gurasoek solfeora bidaltzen ninduten Francisco Urrestarazu, Etxarri Aranazko organo-jole handiarengana. "Ama, jolasten ari gara!" kexatzen ginen anaia Pepito eta biak, baina gero gustura egoten ginen. Hor eduki nuen lehen harremana musikarekin. Gero, apaizetarako ikasten ari nintzela, errekreoak aprobetxatzen nituen musika ikasteko. Behin apaiztuta, Iruñeko ordenburuak kontserbatoriora bidali ninduen, solfeoa, organoa eta pianoa ikastera. Madrilera joandakoan, han jarraitu nituen ikasketak. Denera, musikako 4 karrera egin nituen: pianoa, organoa, kantua eta konposizioa. Han ibiltzen nintzen kontserbatorioan, 14 urteko haurrekin batera. Behin, 13 azterketa egin behar izan nituen: Historiako bi, estetikako bi, pianoa... "Badator Manolete!" esaten zuten ni ateratzean. Izan ere, denetan bikain ateratzen nuen. Ez zen erraza aldi berean bi gauzak egitea. Aita bisitariak misioetan behar nindutela esaten zidan. "Horrela ezin dut musika ikasi" pentsatzen nuen nik. Baina, egia esan, etxea uztearekin batera ahazten nuen musika eta gustura joaten nintzen predikatzera. Irakasle handiak eduki zenituen, ezta?Bai, Iruñean Etxebeste, Beobide eta Munarriz izan nituen maisu eta Madrilen, organoan Guridi, kantuan Aragoiko Lola Rodriguezekin eta Julio Gomez konposizioan. New Yorken, berriz, Emilia del Terzo piano-jole handia izan nuen irakasle. Denek nintzena bezala tratatzen ninduten, apaiz bezala. Nire izateko moduagatik edo auskalo zergatik, begiko ninduten irakasleek. Orain aldatu egin dira gauzak, baina orduan errespetu handia zitzaien apaizei. Noiz hasi zinen kontzertuak eskaintzen?Organo karrera amaitu eta urte bat geroago, konposizio klaseak hartzen ari nintzela, Guridiren deia jaso nuen. "Pontevedran organoko bi kontzertu emateko konpromisoa dut eta ezin naiz joan. Joan zaitezke nire ordez?" proposatu zidan. Harrituta geratu nintzen. Nola joanen nintzen ni, karrera amaitu berri nuela, ikusleek Guridi handiaren emanaldia espero zutenean? Eta berak esan zidan "Zu kontzertuak emateko prest zaude". Azkenean, kasu egin nion eta ongi joan ziren kontzertuak. Eta kontzertu harren atzetik beste asko etorri dira... Bai, asko. 4 kontinentetan jo dut, Afrikan ez beste guztietan. Organo emanaldiak eman izan ditut batez ere. Espainiako hiri askotan, Erroman, Parisen, Buenos Airesen, Puerto Ricon, New Yorken... ibili naiz kontzertista moduan. Orkestrarekin batera ere jo dut. Zenbait disko grabatu ditut. Gogoan dut Manilako katedralean eman nuen kontzertu bat. Eskuko lau teklatu eta pedalierra zuen organoa jo nuen. Izugarria zen! Bertan egon ziren Manilako kardinala, Aita Santuaren Filipinetako nuntzioa, Manilako alkatea, nazio ezberdinetako bost enbaxadore eta ikusle mordoa. Kontzertu handia izan zen. Kardinalak ondoren bertan organista bezala geratzeko esan zidan, soldata ere eskaini zidan, baina Espainian nuen nik destinoa. Pianoarekin, berriz, gogoan ditut New Yorkeko izen handiko aretoetan emandako kontzertuak. 3 kontzertu eman nituen Carneggie Hall-en. Philarmonic Center-en ere, Rockefeller Center-en barruan, piano eta orkestrarendako kontzertua eskaini nuen nire irakaslearekin batera. Guzti hori gutxi ez, eta konpositore lanetan ere aritu zara. Zein musika mota egin duzu?Abesti ezberdin asko sortu ditut, beti ere, herritarren anima Jaungoikoarengana gerturatzeko helburuarekin. Beraz, konposatu ditudan obra guztiek, baita musika herrikoia dutenek ere, letra edo mezu erlijiosoa dute, edo baloreak transmititzen dituzte.Inoiz ez dut musika profanoa egin nahi izan. Are gehiago, behin, Plentzian, nire izeba Sor Ramona Bakaikoa zegoen herrian eman nituen 10 bat egun, eta pasodoble bat egin nuen, herriarendako. Ospitalea bisitatu zuten medikuek entzun eta bandako zuzendariari eman zioten. Hark pasodoblea eskatu zidan, herriko bandak jotzeko. Baina ezetz esan nion nik, plazan "a lo agarrau" jotzea bekatu iruditzen baitzitzaigun garai haietan. Erlijioa eta musika izan dituzu pasio. Horiek gabe, ezin zure bizitza ulertu... Hori da. Bi profesio izan ditut nik: hitza eta musika. Gainera, osagarriak ziren biak. Misioetan oso lagungarri zen musika. Nola gerturatzen zen jendea abesten entzuten gintuztenean! Izugarria zen. Gitarraren eragina ere gogoan dut. Elizkizunetan abesteko gitarra sartzen lehena izan nintzen. 1951n, Alciran (Valentzian) nengoela bururatu zitzaidan lehen aldiz. Izugarrizko arrakasta izan zuen. Ospakizuna amaitzean bizkar gainean hartu ninduten gazteek, toreroak bezala. Urte batzuk geroago gitarra jotzeagatik ezagun egin zen Frantziako jesuita bat, Duval aita. Gauza berria zen ordurako. Baina nik 4 edo 5 urte neramatzan gitarrarekin ordurako eta ez zuen horrelako oihartzunik izan... Hori, bai, jende gehiago erakartzen genuen gitarraren laguntzarekin.Behin, Gasteizen, gitarra atera nuenean argazkia atera ninduen hiriko argazkilari ezagun batek. Dendako eskaparate edo erakusleihoan jarri zuen argazkia eta han eduki zuen denbora luzez.Buruei ongi iruditu zitzaien?Bai, oso ongi. Arraroa zen oso, orduan organoa eta armoniuma baino ez ziren erabiltzen, baina oso ongi iruditu zitzaien. Orain gutxi entzun ahal izan dira zure obrak Etxarrin.Arrazoi duzu. Destinoa nuen herri edo elizetan askotan abestu izan dituzte nire obrak, baina ez zait inoiz bururatu obra horiek nire herriko abesbatzako zuzendariei bidaltzea. Horregatik, nik dakidala, ez da inoiz nire abestirik jo nire jaioterrian. Orain berriz, bat-batean egin da dena. Apirilaren 12an, Etxarri Aranazko abesbatzak meza bat abestu zuen nik konposatutako obrekin: Santa Luisa de Marillac-en omenezko meza, Aita Gurea eta Agur Maria eta beste asko, denak nireak. Ilusio handia egin dit, nire herrian, haurtzaroa pasa nuen herrian, Francisco Urrestarazu handiarekin solfeoan lehen urratsak eman nituen herrian, horrelako omenaldia jasotzeak.Eta herria omenaldia prestatzen ari zitzaizun garai berean, Viana Printzea Sarirako izendatu zintuzten. Nola jaso zenuen berria?Sorpresa handia izan zen. Prentsan agertu aurretik, egunkari baten edizio digitalean agertu zen eta nire lagun Asun eta Pacoren alabak ikusi zuen. Beraiek eman zidaten berria. Poz handia izan zen niretako, ez horrenbeste nire merituengatik, jendearen arimen alde egindako lanaren seinale delako baizik. Izendapena musikak eman dit, ez misioek, baina hori da nire pozik handiena, hori da nire lehen lana. 7 geunden izendatuta eta Alfredo Landari eman diote saria, baina izendatua egote hutsa gauza handia da. Eskerrak eman behar dizkiet izendapen hau posible egin dutenei, Miguel Angel Alustizari, bereziki, lan handia egin baitu. Miserikordia etxeko pertsona guztiei eskaini nahi diet: Teresa Etxebarriari, Joseri... horrenbeste dira...