Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Artea, kultura eta elektronika batuko dituen jaialdiari Entzazu izena jarri diozue. Zergatik?Jende askok ditu gauzak eta asmoak buruan, egin ezinean. Horregatik Entzazu izena aukeratu dugu, ondoko mezuarekin: Egin ezazu, entzazu zure ametsa, beldurrik gabe. Jaialdi hau antolatzea aspaldiko ametsa zen. Gurea jaialdi handia eta aldi berean txikia izanen da, bihotzetik ateratakoa. Sentimenduarekin egina da, amets bat gauzatzea baita. Jaialdia ideia berritzailea da Sakanan, baina aldi berean zaharra, gurean DJ eta artista asko baitaude...Egin izan dira beste ekimen batzuk, baina lehen aldia da artea, kultura eta elektronika nahasten ditugula. Tronpeta bat jotzen duenarendako hori bere artea da, eta eskultura egiten duenarendako hori da berea. Baina azkenean guztia bat egin daiteke. Hori da gure asmoa, goizetik hasita artea, kultura eta musika batzea, eta gauean, gautxoriak bezala, musika sartuz festa egitea, DJ-en doinuekin dantzatzea, jendearengan alaitasuna sortuz. Artea, kultura eta musika uztartu egin dituzue. Zergatik?Azkenean dena bat doa. Batzuetan gauza batzuk egiteko isiltasuna behar dugu, baina askotan ere musika jartzen dugu etxea garbitzeko, lana egiteko... Artista batek igual eskultura bat egiteko musika jarriko du, bere estilo eta gustukoa... Finean nahaste polita izango da larunbatekoa. Entzazu. Maiatzaren 31n, larunbatean, Lakuntzakoigerilekuetan. Eguerditik hasita arte erakusketa antolatu duzue...Bai, 12:00etatik 19:00etara. Margoak, eskulturak, argazkiak eta beste ikusteko aukera izango da, girotzeko musika lasaia lagun izanen dela. Egonen diren artista gehienak sakandarrak dira. Sole Artola lakuntzarrak margoak egiten ditu, sarritan argazkiak margora pasaz. Jokin Kale lakuntzarraren margolanak ere ikusgai izanen dira. Imanol, Iturmendin bizi den hernaniarrak burdinarekin figurak egiten ditu, Donostiako haizearen orraziaren antzako formak dituztenak, oso politak. Iruñeko Fernandok eskultura lantzen du, egurra eta burdina. Joxean Maiza etxarriarraren eta Alfredo Garcia altsasuarraren harrizko lanak ere ikusgai izanen dira. Bukatzeko, Manolita Thunders altsasuarraren lanak ere gertutik ikusteko aukera izanen da, eta argazkilaritzarekiko afizio handia duen lakuntzar bat bere lana erakustera animatuko da (Felix Arregi). Bestalde, Irañetako mutiko batek fosilak eramanen ditu eta sorpresak izango dira, artista asko kartela ikustearekin batera gure arte erakusketan parte hartzera animatzen ari baitira. Ildo honetan, aipatu behar da jaialdian parte hartuko duten artista eta laguntzaile guztiak bazkaltzera bilduko garela. 19:00etatik ordu txikietara arte musika elektronikoa eta beste eskainiko dute Sakanako eta Iruñerriko DJ-ek. Sakanan musika elektronikoarekiko zaletasuna al dago?Bai. Musika elektronikoa egiten duen jende oso ona dago gurean, baina akaso alde batera utzita daude. Beraiei ere egiten duten lana erakusteko aukera eman behar zaie. Askotan erraza iruditzen zaigu DJ-en lana, baina bi disko martxan izatea, eta biak erritmo berbera eraman beharra... zalantzarik gabe beste arte bat da.Ondoko DJak ariko dira musika jartzen: DJ Juanillo, DJ Monica Elektra, DJ Nacho, DJ Juanrra, DJ Anaklet, DJ Sevi, DJ Kike, DJ Aiert, DJ Betelu eta DJ Kale. Bakoitzak bere estiloa dauka. Adibidez Lakuntzako Kalek reggaea pintxatuko du.Nola antolatzen dute DJ-ek haien saioa? Inprobisatzen dute?Bai, baina aurretik ere gauzak prestatzen dituzte. Asko gustatu zitzaien jaialdiaren ideia, inoiz ez direlako halako toki batean pintxatzen egon, eta bakoitza egunerako propio sesio berezi bat prestatzen ari da. Emozioz beterik daude. DJ-ekin batera gauean Burlatako zirku eskolakoek eta Helena Santanok parte hartuko dute, ez?Bai, Burlatakoek koloretako maindire batzuk txintxilikatuko dituzte eta gora eta behera ibiliko dira, musikako doinuei jarraitu, mugimendu akrobatikoak egiten, trapezisten antzera. Hau ere ederra izanen da. Eta Helena Santano altsasuarrak action painting III ekimena eginen du. DJ batek musika jartzen duen bitartean 2 metroko zabalera eta metro eta erdiko luzera duen koadroa margotuko du, eskenatoki batean. Musikak unean inspiratzen diona margotuko du, eta ikusgarria izanen da. Lehenago DJ famatu batekin Burgosen eta Lekunberriko Sala 31n aritu zen antzeko ekimenak egiten, esperientzia handia du.Entzazu jaialdia grabatzea ez duzue pentsatu?Saiatuko gara. Gure asmoa da CD bat edo ateratzea, oroimen moduan. Baina guztia ongi prestatzen lan handia dugu. Ea posible den! Jaia Lakuntzako igerilekuetan izanen da. Toki kuriosoa, ezta?Leku oso polita da. Udalak baimena eman digu eta guk errespetu handiz erabiliko ditugu instalazioak, lakuntzar guztienak direlako. Lakuntzako Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu gugan izandako konfiantzagatik, eta lakuntzar guztiei ere, guztia antolatzeko lan talde polita sortu delako. Musikarako bi eremu prestatuko ditugu. Behean, tabernaren parean dagoen itxitako eremuan musika lasaiagoa jarriko dugu, chill out antzekoa. Eta igerilekuen goialdean dagoen itxitako eremu handian musika dantzagarriagoa, festa giroa, finean. Aipatzekoa da ateratzen dugun dirua Abiadura Handiko Trenaren kontrako mobilizazioetara bideratuko dugula. Nolako harrera espero duzue?Ona. Hauxe da egiten dugun deialdia: musika elektronikaren edo arte eta kulturaren inguruan kuriositatea baduzu, edo fusio hau gertutik ikusi nahi baduzu entzazu pauso bat eta hurbildu. Akaso oraindik ez duzu musika elektronikoa entzun. Eman pauso bat eta hurbildu. Ez bazaizu gustatzen badaukazu esaterik ez zaizula gustatzen. Bizitza honetan probatu egin behar da! Etorri, ikusi, entzun... eta seguraski dantza egingo duzu!Aurrera begira jaialdi gehiago etorriko dira?Aitak esaten duen bezala gaur gaurkoak eta bihar biharkoak. Ikusiko dugu ea zein zapore uzten digun aurtengoak, jendearen erantzuna zein izan den. Baina ondotik beste jaialdi bat etortzea espero dugu.