3,2,1..... antzezlana hastera doa!!!

Guaixe 2008ko maiatzaren 30a

Nafarroako Antzerki eskolan gaude eta agertoki gainean dauden lau prtoagonistak aipatu eskolan Arte Dramatikoa ikasten ari diren lau sakandar dira. Baina nor da nor?Edurne Segura 30 urteko gazte altsasuarra da, eta Igor eta Xabirekin batera Antzerki eskolan Arte Darmatikoko ikasketak egiten ari da. Bere hitzetan "txikitatik izan naiz nahiko antzerki zalea, eskolan esaterako astero prestatzen genuen antzezlan bat" Baina Arte Dramatikoa ikasten zergatik hasi zen galdetuta bizitzan aldaketa nabarmen baten barruan kokatu du erabaki hau.Sakanan orain dela urte batzuk Gozamenez kanpainaren barruan laburmetraia batzuk egin zituzten eta handik sortutako taldeak antzerki munduan jarraitzea erabaki zuen. Jon Barbarin izan zuten irakasle eta Edurnerekin batera 9 lagun horien artean Igor Razkin zegoen.Igor Uharte Arakilgo 23 urteko gaztea da. "Zergatik? Buff..." hasi da hasperenka. Aurretik Ingeniaritza ikasi zuen eta bizitzako momentu jakin batean burua bakarrik erabiltzen zuela jabetu zen. "Burua gorputzaren atal bat besterik ez da eta nik gorputz osoa erabili nahi nuen". Xabi Artieda etxarriarrak aitortu duenez, txikitatik zuen gustuko antzerkia. Andra Mari ikastolan urtero antolatzen den Karrakan parte hartu izan du eta barreka bere sekretua aitortu du: " badakizu,... hodeiarena egiten, eguzkiarena, noizean behin aita eta halakoren bat" Adierazpen honekin lau sakandarrak identifikatuta sentitu dira. Nork ez du inoiz hodei edo eguzkiarena egin?Eba Azpilikueta da laugarren sakandarra. 26 urteko gazte altsasuar honek iaz bukatu zituen Arte Dramatiko ikasketak eta egun primeran doakio. Eba ere kasualitatez iritsi zen Nafarroako Antzerki eskolara. "Gizarte integrazioan ikasketak amaitu ondoren nahiko noraezean nenbilen eta lagun baten bidez jakin nuen Iruñean antzerki eskola bat zegoela." Ebak ez zuen denbora galdu eta izena ematea erabaki zuen. "Ni Edurneren antzera txikitan nahiko "teatrera" izan naiz, play backetan parte hartu... ez dut sekula lotsarik izan."Horrelakoak izan ziren lau gazte hauen antzerki munduko hastapenak eta behin erabaki hartuta: Ama-aita aktore izan nahi dut.Arte Dramatikoa. Komunikatzeko eraBaina, Arte Dramatikoa ikastea erreza da, ez? Hori da jende gehienak pentsatzen duena. Baina inondik inora. Intentsitate handiko klaseak izaten dira, eta egin beharreko ahalegina handia da. Hemen ez du balio egun txarra izateak, edo aitzakiaren bat jartzeak. "Eskenatokira atera behar da eta kitto". Horregatik hauen ustetan emozionalki asko eskatzen du antzerkiak, sentimenduak azaleratzen baititu.Nafarroan Arte Dramatikoa ikasi daitekeen leku bakarra Nafarroako antzerki eskola da, eta bertara sartzeko hautaketa probak egitea derrigorrezkoa da. Oso une latzak bizi izan zituztela aitortu dute lauek. "Hasi berriak ginen, lotsa, urduritasuna, eskarmentu falta...."Behin proba hauek gaindituta Arte Dramatikoko hiru mailak dituzte aurretik aktore hasi berriek. Dirudienez bidean jende asko galdu egiten da, bide oso zaila baita. "Jende askorentzat oso gogorra da antzerkia ikastea eta amore eman eta utzi egiten dute. Horregatik errepikatu dugu behin eta berriro ikasketa hauek egitea oso zaila dela" Pertsonalki batez ere. Zeure burua ezagutzen, aztertzen eta etengabe ikasten ari zara"Iruñeko San Agustin kalean kokatuta dagoen Nafarroako antzerki eskola da haien biltokia, eta haien esanetan "askotan gure etxea ere bada" Taldean lan asko prestatu behar izaten dituzte eta eguneko ia 24 orduak eskola barruan ematen dituzte. Goizetan klaseak hartzen eta arratsaldetan berriz antzezlanak prestatzen, entseguetan.....Lehen urteko ikasgairik garrantzitsuenak hiru dira: intepretazioa, ahots teknikak eta gorputz adierazpena. Hiru hauetaz gain dantza garaikidea, artearen historia, antzerkiaren historia eta beste hamaika ikasgai ere izaten dituzte.Ikasketak hasi zituztenean "Zertarako balio ote du ikasgai honek?" da buruan zuten galdera nagusia, baina denbora aurrera joan ahala konturatu dira dena dela beharrezkoa. "Denetarik ikasi behar da hemen, eta hamaika ate irekitzen dizkigute gero bakoitzak berea aukera dezan."Igorri barru-barrutik atera zaio sentimendu hau"Gorputza da gure instrumentu bakarra eta eszenara ateratzen garenean biluztu egiten gara eta dena eman behar dugu. Horregatik ahalik eta erreminta gehien ikasi behar ditugu".Dena den, laurak bat datoz ikasketa prozesu hau ez dela sekula amaitzen. "Egunero zerbait berria ikasten hazten baikara."Lehenengo mailan jokoaren bidez murgiltzen dira antzerki mundura, eta bigarrenean ikasgaiak teorikoagoak izan ohi dira. Azken maila, hirugarrena alegia, urterik sortzaileena da. Bi lan aurkeztu behar dituzte, eta hauek prestatzeko lan handia egin behar da. Azken lana zuzentzeko kanpoko zuzendari bat ekartzen dute, eta oso aberasgarria izaten dela aitortu dute lau gazteek. Iaz Aristides Vargasen zuzendaritzapean lan egin zuen Ebak eta bere ustez "sekulako oparia izan zen""Horrelako zuzendari batekin lan egitea gure ametsa da!! Ia datorren urtean nor ekartzen duten!" adierazi du Xabik.Hiru urte hauetan "autoeskola" izeneko ikasgai bitxi bat ere izaten dute. Sormena lantzen dute honen bitartez eta irakasleak gaia eta estiloa emanda, hiru hilabete bakoitzean antzezlan bat prestatu behar dute taldean. Aurten esaterako Edurne, Xabi eta Igorri Cabarette estiloa egokitu zaie. "Ea zer ateratzen den" diote.Etorkizuneko izarrakEtorkizunari buruz hitz egiterakoan Edurne, Igor eta Xabik Ebarengan jarri dute begirada. "Begira Ebak zer nolako arrakasta izan duen"Eta halaxe da. Iaz bukatu zituen Ebak Arte Dramatiko ikasketak eta ordutik alde batetik bestera dabil. Energia, nahia eta adorea ez zaio falta eta harro dago egiten duen lanarekin. Karrerako azken lana Aristides Vargas zuzendari entzutetsuaren gidaritzapean prestatu zuten eta hainbat alditan taularatu dute. "La edad de las ciruelas" da lanaren izenburua eta Irurtzunera ekarriko dutela aurreratu digu Ebak.Honetaz gain beste hainbat saltsetan ere topa daiteke gazte honen bizitasuna. Lagun batekin ipuin kontalari moduan aritzen da herriz herri, Gaiarre antzokian eskoletako zikloan ere lan eta lan dabil. Baina, antzerkia ez ezik, dantza ere bere pasioetako bat da, eta dantza Garaikidea egiten du Iruñeako konpania batekin. Talde honekin orain dela gutxi Alemanian izan da emanaldi bat eskaintzen.Eba hitz egiten jardun den bitartean beste hiruak aho zabalik gelditu dira. Xabik, Edurnek eta Igorrek datorren urtean amaituko dituzte ikasketak eta ez dakite zer nolako etorkizuna opatuko dien patuak, baina Edurnek esan bezala "momentuan momentua bizi behar da. Gero gerokoak"Xabik argi dauka bide honetatik jarraitu nahi duela eta amesten duenaren alde borrokatuko duela; horregatik gorputz adierazpena gehiago lantzeko helburuarekin kanpora joan behar izango da ikasketak amaitutakoan.Igorrek Zuzendaritza mundua asko gustatzen zaiola aitortu du eta nahi duena lortzeko ere ahalegina egingo du. Argi dauka nahi duen hori lortzeko asko bilatu eta mugitu behar dela, baina inolako zalantzarik gabe aurrera egingo du.Aurreko hirurak bezala, Edurne ere baikor azaldu da. "Guk gustuko duguna egiten dugu. Aurrera egitea zaila den arren saiatuko gara. Niri adibidez Clowna asko gustatzen zait, eta ea zer ateratzen den"Solasaldi osoan zehar agerikoa da lau gazte hauen konplizitatea eta Ebak ez ditu ohore guztiak berarentzat nahi. "Argi dago guztiak onak garela eee.... Beraz animo!! Hori da berak ematen dien aholkua leku guztietan muturra sartu behar dutela eta asko mugitu behar direla. Gainera euskaldunak eta mutilak izanda antzerki munduan aritzeko aukera gehiago omen daude.Azken erredoblea................Antzerkiak batu ditu lau gazte sakandar hauek eta haien esanetan antzerkia komunikatzeko eta gauzak adierazteko modu bat da. "Momentu honetan gu asetzen gaituen pasioa da, eta oso pozik gaude egiten dugunarekin"Horregatik haien mezua lau haizeetara zabaldu nahi dute: eszenatokiz eszenatoki, herriz herri eta auzoz auzo antzerkiarekin gozatu!"Ahalegin handia egin behar da eta ordu asko sartu behar dira, baina eszenara atera eta ikusleen esker ona sentitzea guretzat saririk onena da" Askotan malkoak ateratzen zaizkie egoera hauetan.Aho batez honela bukatu nahi izan dute gaurko solasaldia: Antzerkiak hamaika gauza ematen dizkizu, baina garrantzitsuena poza eta zoriontasuna.Txaloak isildu dira eta argiek behera egin dute. Hustu da aretoa, akabo magia.Oihal gorriaren atzean gure lau protagonistak azaldu dira. Mila esker etortzeagatik eta laster zure herriko plaza edo antzokian elkar ikusiko dugu!