Oroimenaren Autobusak ekarri zuena

Guaixe 2008ko ekainaren 5a

Lakuntzan Lazaro Alegria Lazkarai gogoan izan zutenOroimenaren Autobusaren bisita hartu zuen herriak larunbateanLarunbatean arratsaldeko zazpietarako Lakuntzako plazan zen Oroimenaren Autobusa. Bere barruan dauden ikus-entzunezkoak ikusteko eta liburuak ikusi eta erosteko aukera izan zuten hara hurbildu zirenak. Ordu bat geroago hasi ziren 1936ko estatu golpearen ondoren fusilatuta hil zen Lazaro Alegria Lazkarairen omenezko ekitaldia.Plazan jarritako toldoak ekitaldira hurbildu zen lakuntzar mordoa euritik ederki babestu zuen. Rafael Pellejero Etxeberriak bere osabaren bizitzaren berri eman zuen. Lehenik eta behin, gogoratu zuen Lazaro Alegria Lazkarai "legalki 1979ko apirilean hil zela, 43 urte lehenago hil bazuten ere". Rafaelek esan zuen bere osaba "43 urtez desagertuta egon" zela. "Desagertuta, baina bagenekien non zegoen". Rafaelek esan zuenez, "Euskal Herriarendako gauzak gaizki joanen dira inork desagertua 43 urte ematen baditu". Aldi berean, Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra, agertu behar duela esan zuen ere. Laxkarrin etxeko Rafaelek gogora ekarri zuen 1979. urte hasieran Eugenio Ulaiar apaizak nola deitu zuen. Lakuntzako apaiza zenak Lazaroren heriotza akta lortzeko formularioa eta legezko paperak eskuratu zituen, hori oinarri hartuta gorpua Atondotik Lakuntzara ekarri ahal izateko. Rafaelek gogora ekarri zuen haien osabarekin batera "3 gazte arbizuar, bakaikuar bat eta uste dut etxarriar bat ere" han zeudela ehortzita. Garai hartan Rafael arduratu zen gaiaz, eta gainontzeko senideekin harremanetan jarri zela ekarri zuen gogora. Rafaelek esan zuen primeran gogoratzen zuela 1979an, Franco hilik zegoela, Jaunarena etxeko Soleri, Arbizuko maistruari, fusilatutakoen gorpuak berreskuratzeko asmoak sortu zion izu-ikara. Beste familiekin ere egon zela gogora ekarri zuen. Lege tramiteak azkar asko egin ziren. CGTren irakurketaLarunbateko ekitaldian Iruñeko CGTko kide batek ere hitza hartu zuen. Haren "oinordeko" sentitzen direla esan zuten. Omenaldia "zor zen errekonozimendu bat da. Historiarako eta memoriarako berreskuratzea". Hala ere, nabarmendu zuen "benetako omenaldia bizi eta hil zirenen idealen berreskuratzea" dela, "justizia eta askatasunaren alde ekin zioten borrokari segida emanez". Helburu horiek gaur egun "faltseatuagoak" daudela azpimarratu zuen. Haiek ibiltzen hasi ziren bidean jarraituko dutela esanez bukatu nahi izan zuen hitzaldia. Azken egunak1936ko estatu kolpea eta gero, Lazaro Alegria Lazkaraik zenbait egun estalita eman zituen. Garilaren 25ean bere burua entregatu zuen Lazarok, eta 28an Atondon fusilatu zuten. Rafaelek gogora ekarri zuen bere amonak gaiaz gutxi hitz egiten zuela, baina Etxarri Aranazko koartelera bisitan joan zitzaion. Lazarok esan zion "lehertuta" zegoela, arropa garbia besterik ez zizkion eskatu. Rafaelek esan zuenez "bazekien zein zen bere patua eta gutxienez garbi hil nahi zuen". Egun hartan bertan Lakuntzatik erreketeak eta falangistak zeramatzan furgoneta pasatzen ikusi zuten. Atondorako bidean zihoazen. Lekukorik nahi ez zutelako jenderik ez zegoen toki batean lur eman zieten. Rafaelek aipatu zuenez, "Atondoko apaiza, edadetuta, fusilamentuaren kontra gogor agertu zen. Eta are tematuago agertu zen gorpuak ibaira botatzeko ideiaren kontra. Duinki lur ematea eskatu zuen". Gertaera horiengatik Atondoko apaiza fusilatu nahi izan zutela ere badakigu. Rafaelek apaiz arren jarrera duina nabarmendu zuen, "apaizek kontrakoa egin baitzuten". Lazaro Alegria Lazkarai ebanista zen. 1898ko abenduaren 17an jaio zen Laxkarrin etxean. Prentxike Lazkarai Ganboa eta Joaquin Alegria Aizkorberen semea zen. Omenaldi hunkigarria langile-batailoietako presoei AltsasunOroimenaren Autobusak makina bat bisita hartu zuenLarunbat guztian presente izan zen euriak eguerdian atertu zuen eta udaletxe aurrean egin zen ekitaldia ateri garatu zen. Ekitaldian hainbat herritar eta alderdi guztietako kideak bildu ziren. Haize Berriak Bandako zenbait musikarik jotako Avanti Populu kantuarekin hasi zen. Bildutako guztiendako ongi etorri hitzen ondoren, Gotzon Urritzola aurkezleak esan zuen "oroimena historian zeharkako bidaia" dela eta "oroimenak denak besarkatzen" gaituela, "horregatik da hain beharrezkoa oroimena". Segituan Unai Hualde alkateak hartu zuen hitza. Langile-batailoietan aritu ziren altsasuarrak eta bertan lan egin zuten gainerakoak omentzeko, Wiphalaren eskariz onartutako erabakia gogora ekarri zuen Udalak. Erabakia UPNren abstentzioarekin onartu zuen Altsasuko Udalak. Alkatea pozik azaldu zen halako une batean Altsasuko herria ordezkatzeagatik. Aldi berean, bere "esker ona" azaldu zien "gerran egon zirenei, haien familiei eta hil direnei". Mikel Mendizabal bertsolariak bi bertso kantatu zituen. Memoriaren oroigarri batjarri da plaza honetanFrankismoaren garai gogorrakhartuz oroitzapenetan.Garai hartako testigu biziIsaac daukagu bertan.Amets gaizto bat dirudi bainaGertatua zen benetan (bis) Trenbide eta harrobietanbizitza zitzaien laztu.Hirurogeita hamaika urtebaina ezin degu ahaztu.Gertatu zena gertatua zenta orain ezin da saihestu.Baina gertatu daitekeenaHori dago gure esku (bis)Oroimenaren AutobusaNafarroan barna oroimenaren suzia pizturik daraman autobuseko kide Carlos Martinezek hartu zuen hitza segituan. Lehenik eta behin gogoratu zuen oraindik "gorpuak lurpean daudela". Salatu zuenez "Frankismoan behartutako isiltasuna jasan behar izan zen, eta trantsizioan isiltasun baldintzatua". Oroimenaren Autobusa ekimena "herritarrek zer gertatu zen jakin behar dutelako" jarri zutela martxan adierazi zuen, "oroimen historikoa argira ateratzeko". Oroimenaren Autobusaren izenean esker oneko hitzak izan zituen Altsasuko Udalarendako eta Wiphalarendako. Segituan musikariek Internazionala jo zuten. MustutzeaIsaac Arenal Cardiel, 87 urteko komunista madrildarra, izan zen frankismoaren gatibu izan zirenen omenezko oroigarria inauguratu zuena. Zubeztia elkartearen parean jarri da Jose Mari Olmos altsasuarrak trenbide trabesekin egindako eskultura. Eskulturan dagoen plaka agertu ondoren Isaaci, Carlosi eta Unairi aurreskua dantzatu zieten. Bildutakoen txaloei Isaacek ukabila goian zuela erantzun zien. Ekitaldia musikarekin despeditu zen: Bide Ertzean taldearen Ez dut atzera egingo kantua abestu zuten Imanol Ubedak eta Imanol Goikoetxeak. Bandako musikariek Eusko gudariak jo zuten eta auzatea zegoen bitartean Zubiondo abesbatza ere kantua izan zen. Plakako testua: Frankismoaren gatibu izan zirenen oroigarri, langileen 149. batailoikoak eta soldadu langileen 95. zigor batailoikoak bereziki, haiek izan baitziren, besteak beste, Orobeko harrobitik harriak erauziz, Altsasuko eta inguruko trenbideen bikoizte lanetan aritu zirenak, 1938-1939 eta 1943-1944 urteen artean. Francoren diktadurak langile-batailoietan zigortu zituen altsasuar guztiak ekarri nahi ditugu gogora, era berean. Primerako lekukoaIsaac Arenal Cardielek jende aurrean hunkituta hitz egin zuen, "hitz egiterakoan sentitzen nuena publikoak sentitzen zuelako". Jendaurrean eta ondorengo elkarrizketan ere oso kritiko azaldu zen Espainiako Gobernuak prestatutako Oroimen Historikoaren Legearekin eta "ezertarako ez" duela balio azpimarratu zuen. Legea "deskafeinatutzat" jo zuen. Isaac "orria ez pasatzearen alde" agertu zen, "oraindik justiziarik ez delako egin". Isaac Arenal Cardielek ondorengo elkarrizketan esan zigun "trantsizioan egin zela traizio handiena. Izen aldaketa izan zen soilik. Botere faktiko guztiek (ejertzitoa, judikatura...) jardunean jarraitu zuten, izen aldaketa soila besterik ez zen izan". Isaacen ustez, Felipe Gonzalezek "hausturarako aukera galdu zuen, baina politikoen arteko paktua egin zuten". Orria ez dagoela "itxita" nabarmendu zuen behin eta berriz. Isaac eta bere batailoiko 300 kideak Altsasura Soriatik ekarri zituzten 1943ko udan. Burundako herrian egon zen urte bete inguruan jasotako harrera ona nabarmendu zuen. Altsasuarren aldetik jaso zuen laguntza nabarmendu zuen. Berak ere, ahal zuen neurrian lagundu zituen herrikoak, esaterako, gaztelaniaz gaizki moldatzen ziren emakume batzuk lagunduz.Bere burua Errepublikaren aldeko borrokalari gisa definitu zuen. Gerran 3 urte, beste hainbat espetxeetan eta soldadu langileen 95. zigor batailoian bizi izandakoak liburu batean jaso zituen Isaace-k: 95 Batallon de Soldados Trabajadores, berak ordaindutako edizioa eta gaur egun agortua dagoena. 1945ean gelditu zen aske. Francoren kontrako jarduerei lotu zitzaion berriro eta, atzera, espetxean sartu zuten beste 4 urtez. Lana opatzeko nahikoa lan izan zuen "zerrenda beltzean" baitzegoen. Altsasuarra Larunbateko ekitaldian izan ziren Pakita eta Carmen Agirrebengoa. Vicente Agirrebengoa aitak 3 urtez soldadu langileen 65. zigor batailoian eraman zuen besokoa erakutsi zieten hurbildu zitzaizkien guztiei. Aita behartutako lanak egiten egon zen haiek 9 eta 11 urte zituztela. Gogora ekarri zutenez, Tarragonan, Teruelen, San Juan de Muzadefar eta Almudebarren egon zen lanean. Esan zutenez, "RENFEn lan egiten zuen eta Altsasutik bidalitako txosten txarrengatik gertuen lan egitea lortu zuen herria Olatzagutia izan zen".