Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zer da Alcoholicos Anónimos (A.A.)?Gizon eta emakumez osatutako komunitate bat da, gure arazo komuna den alkoholismoa konpontzeko gure esperientzia, adorea eta esperantza konpartitzen dugunak. Aldi berean beste batzuei alkoholismotik errekuperatzen laguntzen diegu. Komunitateko kide izateko soilik baldintza bat eskatzen da: edaria uzteko benetako desioa. Erraza dirudi ezta? Baina bide gogorra da. A.A.-eko kide izateko ez dira kuotak ordaintzen, guk bileretan borondatez emandako laguntzekin mantentzen da fundazioa. A.A. ez dago inolako talde politiko, erlijio, sekta, elkarte edo instituzioetan afiliaturik, eta ez du inolako kausarik babesten ez errefusatzen. Gure oinarrizko helburua gu edan gabe mantenaraztea da, eta beste alkoholiko batzuei edan gabeko egoerara iristen laguntzea. Baina hori ez da soilik edateari uztea, gauza gehiago egin behar dira. Alkoholaren kontra zaudete?Ez, ez gaude alkoholaren ezta ezerren kontra, hori ez da gure filosofia. Gure asmoa ez da jende guztia abstemioa bilakatzea. Taldearen helburua edale soziala eta edale problematikoaren artean dagoen barrera hori gainditu dutenei laguntzea da; alkoholarekin arazoa duten gaixo horiei sendatzeko bidea ematea, finean. Norbaitek arazoa duela onartu eta taldera etortzen denean, laguntza eta babes guztia ematen diogu.Taldearekin identifikatzen dela? Jarraituko du. Ezetz? Desagertuko da. Gero jabetzen dela eta berriro etortzen dela? Zoragarri. Edaten hiltzen dela? Zer egingo diogu. Pertsona batek ez badu duen arazoa onartzen, ez dio edateari utziko. Gu gara edaten dugunak eta edateari uzten diogunak. Pertsona batek noiz daki alkoholarekin arazoak dituela?Ez dago definiziorik, pertsona batendako asko izan daitekeena beste batendako ez baita hainbeste, eta zaila da esaten, oso pertsonala delako. Baina adibidez, hurrengo egunean nola zauden ikusita nabaritu daiteke. Edateko moduak arazoak sortzen ez dizkion pertsona bat hurrengo egunean ez da bestondo latzaz gain gaizki sentitzen. Baina gaizki sentitzen bazara, triste, miserablea, arrotza, kontzientzia-harra ziztaka sentitzen duzunean... eta horri hainbat arazo gehitzen badizkiozu, memoria galerak eta beste, ziurrenik muga gainditu eta alkoholarekin arazoak izan ditzakezu. Eta noiz joko du Alcohólicos Anónimos-en atea?Normalean hondoa jotzen duenean. Eta noiz jotzen da hondoa? Bada, bakoitzak berea du. Badaude pertsonak arazo oso larria dutenak, ondokoek alkoholikoa dela argi ikusten dutenak eta medikuntzan ere diagnostikatuta daudenak. Baina haiek arazoa onartzen ez badute, ez dago ezer egiterik. Beste batzuk, akaso, ez gara puntako egoera horietara heldu baina lehenago jabetu gara arazoak ditugula. Zein da sentsazioa? Fisikoki eta psikikoki gaizki zaudela. Sentimenduetan eta izpirituan, barne-barnean, urradura nabaria. Sentsazio hori da gehienok A.A.-era eraman gaituena. Jendeak badaki zer topatu behar duen A.A.-eko taldeetan? Aurreiritziak badaude?Jendeak badaki hemen gaudela, baina ez daki ongi zer topatuko duen. Aurreiritziak daude, askok pentsatzen dutelako talde tristea garela, sekta antzekoa, edan ezin dugulako ozpinduta gaudela, burumakur... eta ez da horrela inondik inora. Zuk horrela ikusi gaituzu? (Ez, barre asko egin dugu, egia esan). Gure bileretan, orokorrean oso giro ona izaten da, eta errespetu handia diegu kide guztiei. Norbaitek hitz egin eta gainontzekoak adi-adi entzuten dauden toki bakanetako bat izango da gurea. Oso bilkura afektiboak dira, maitasun handikoak, eta ez zaio inori errietarik egiten. Sarritan alkohola bigarren mailara pasatzen da, inportantea pertsona laguntzea da.Bestalde, pentsatzen da alkoholikoak egunero mozkor-mozkor, botata, eta tetra brik-etik edaten daudenak direla, baina ez da horrela. Alkoholiko asko daude, lanbide eta mota guztitakoak. Beraz, oraindik ere gizartera zabaltzeko beharra dugu, estereotipoak hausteko eta gure informazioa helarazteko, baina beti anonimotasunetik. Zergatik anonimotasuna mantentze hori?Gaixoak gara, eta gaur ongi egon gaitezke baina bihar, akaso, berriro alkoholean eror gaitezke. Taldeari lotuta nire izena-abizenak eman baditut, jendeak pentsa dezake: zein sinesgarritasun gutxi daukan A.A. taldeak, hara zer mozkorraldi daukan horrek! Baina A.A.-ek ez du inoiz huts egiten, taldeko kideak gara huts egin dezakegunak. Hortaz, taldearen izen ona mantentzeko anonimotasuna mantendu behar dugu. Bestetik, gure harrotasunak eta izaera akatsek eraman gaitzakete arazoa gainditu dugula pentsatu eta harrotzera, eta hori da berriro edarian erortzera eraman gaitzakeena. Beraz, anonimotasuna gure burua babesteko ere behar dugu. Hirugarrenik, inportantea da jakitea taldeetara hurbiltzen diren pertsonek bertan esaten dutena eta egiten dutena ez dela bertatik aterako. Lasaitasun asko ematen du horrek. Sarritan esaten da arazoek eramaten dutela pertsona bat edatera. Alkoholaz gain beste arazorik baduzue?Jakina, mundu guztiak bezala! Baina badakizu? arazo bat baduzu eta mozkortzen bazara, bi arazo dauzkazu jada. Arazoak burua argi izanda konpontzen dira. Nola lan egiten duzue taldean?12 pauso dituen programa jarraitzen dugu. Lehendabiziko hiru pausoak gaixotasunaren onarpenari buruzkoak dira eta gainerakoa lan pertsonala. Pausu horiek lantzen badituzu, taldetik kanpora atera eta pertsona bat gehiago izateko prestatuago egongo zara. Funtzionamenduari dagokionez, taldeak astero biltzen dira. Normalean testuren bat irakurri eta hori garatzen dugu. Bakoitzak une horretan nola sentitzen den kontatzen du, bere iritziak eta egoerak zeintzuk diren. Finean, arazo komuna dugun pertsonak biltzen gara, eta gertatzen zaigunaz eta gure sentimenduez hitz eginez, eta gure itxaropenak transmitituz, ez dakigu zer gertatzen den baina edariarenganako obsesioa desagertzen joaten da. Batzuen beteraniak, sartu berrien esperantzak, taldekideen babesak... guztiak eragiten du. Taldean egiten dugun guztia boluntarioa da, eta iradokia, ez inposatua. Eta funtzionatzen du, bestela edaten egonen ginateke. Bestalde, taldean ez da planteatzen edaria behin betiko utziko dugunik: 24 ordurako utziko dugu, gero beste 24 ordurako...Hobe zaudenean pentsatzen duzu, nola egin ahal nituen nik egiten nituenak? Prozesu gogorra da, alkoholaren erruz galdu eta hautsi zen guztia berregin behar baita, eta prozesu horretan denbora, tolerantzia eta maitasun asko behar da. Alkohola oso indartsua izanen da...Izugarria. Boteretsua da, inteligentea, maltzurra... eta beti gure ondoan dago. Ez bazara aktibo egoten, bileretara joaten, ez baduzu hitz egiten, irakurtzen, konpartitzen... alkoholera itzultzea oso erraza izan daiteke. Alkoholismoa gaixotasun bat da, eta momentuz dagoen diagnostiko baliagarri bakarra ez edatea da, adi egotea. Bestela zure nortasunaren akatsek, zure eguneroko istoriek, bizitzaren kolpeek, alkoholera eraman zaitzakete. Bizitza guztirako lana da gurea. Ez al duzue mundu paralelo bat eraikitzen, soilik zuek bizi zareten mundua?Ez. Gure bizitza taldean eta taldetik kanpo dago. Taldearen barruan oso ongi gaude, baina ohiko bizitzara atera behar gara, bizitza osatu eta berregin. Talde-programaren pausoak ongi jarraituz gero, une batean programa hori gure bizitzaren alor guztietara eramango dugu. Horrela, norberak bere buruaren analisi sendoa eginen du: zerk huts egiten duen, zeintzuk diren bere akatsak, nola konpondu ahal dituen... Izan ere, soilik botila estali eta pertsona bera izaten jarraitzen baduzu, lau egunetara berriro ere edaten egonen zara. Alkoholarekin lotzen dira ospakizun gehienak. Zer egin?Alkohola gurekin dago, gure bizitzan, eta alkoholarekin bizitzen jakin behar dugu. Hasieran komenigarria da edatera eraman gaitzaketen tokiak edo egoerak ekiditea. A.A.-en bilerak noiz uzten dira?Alkoholismoa sendabiderik ez duen gaitza da. Bestetik, nahiz eta gu ondo egon, taldera beti dator jende berria, eta pertsona horiei laguntza ematea handia da. Pertsona horiek laguntzen gure burua ere laguntzen dugu. Beraz, bileretan jarraitzea oso inportantea da. Emozio handiko bilerak izango dira zuenak...Bai. Baina hunkigarriena eguneroko bizitza da: ikustea gaizki etorri den pertsona osatzen doala, bere pentsatzeko modua aldatzen doala. Sarritan ia maitasunik gabe sartzen zara eta emozio horiek atzera ere deskubritzen dituzu. Handia da hori. Senitartekoek nola daramate senidea Alcohólicos Anónimosen egotea?Alkoholikoen senitartekoak laguntzeko Al-Anon taldea dago. Familiakoei gure arazoarekin bizitzen laguntzen die taldeak. Familiak maite bagaitu oso pozik egonen da A.A.-en sartu eta osatzen goazela ikustean. Pertsona hori errekuperatzean familia guztia errekuperatuko da, alkoholak ez baitu soilik alkoholikoa kaltetzen, bere ingurune guztia baizik. Zuen familian, lagunartean edo inguruan alkoholarekin arazoa duen norbait badago zer egiten duzue? Zerbait esaten al diozue?Ez, ez du ezertarako balio. Gu gaizki geundenean, ez genuen onartzen inolako arazorik genuenik. Badaude beste modu erangikorragoak, esaterako A.A. taldearen foileto bat bere gertu uztea, baita beste bide batzuk ere. Egun alkoholismoak, tamalez, ia familia edo lagunarte gehienak ukitzen ditu. Haurrak jaunartzea egin duela, aitonak urteak bete dituela... topa egin beharko dugu, ezta?Guk ez. Alkohol kantitate minimoa hartuz gero gureak egin du. Tabakoa uztea bezalakoa da hau: hainbat urte erre gabe egon, ezkontzaren aitzakiarekin zigarro bat hartu eta atzetik kaxa osoa. Alkoholikoak garenak ezin dugu alkoholik edan, bestela berreroria gertu dator. Berriro alkoholean erortzeak oso gogorra izan behar du, ezta?Oso, bereziki denbora askoko errekuperazioen ostean datorrenean. Baina berriro ere aurrera egin behar da. Inportanteena berriro ere altxatzea da, azkenean aurrera egiten delako. Hortaz, alkoholismotik ateratzea posible da?Bai, eta hori da zabaldu nahi dugun mezua. Norbaitek arazoren bat badu, bere edateko moduak arazoak sortzen dituela ikusten badu, eta gaizki sentitzen bada, hots egin gaitzala lasai asko, bere esanetara gaude 24 ordutan. Asteazkenean jardunaldia antolatu duzue Altsasun. Zergatik?Ekainaren 10ean Alcohólicos Anónimos-en 73. urteurrena da eta egun horrekin bilerak eta jardunaldiak egiten ditugu. Jardunaldi nagusia horren zabalduak ez gauden tokietan egiten dugu. Olaztin talde bat dago eta Altsasun talde berria sortu denez, bertan egitea egokitzat jo dugu. Jardunaldietan parte hartzeko gonbitea egiten dugu. "Tere: Ariman min nuen eta egun pertsona berria naiz"Tere izenarekin bataiatu dugun emakumea pozik dago. "Bi hilabete daramatzat A.A.-en taldean eta emakume berria naiz" dio. Zergatik jo zenuen A.A.-era?Edariarekin arazoak nituen eta hondoa jo nuen. Pertsona normalak bezala edaten saiatu nintzen azken aldiko mozkorraldiak lau egun iraun zituen. Ariman min izugarria nuen. Senarrak ez zidan beste mozkorraldi bat gehiago pasako, baina batez ere ez nuen nire burua jasaten. "Ezin dut gehiago, laguntza behar dut" aitortu nuen. Asko kostatzen da alkoholikoa zarela onartzea. Bi urtez saiatu nintzen nire kabuz arazoa konpontzen, eta geroz eta okerrago nengoen. A.A.-era deitu nuen eta ordu batera taldekideekin bilduta nengoen. Bi hilabete pasa dira, zer moduz?Oso ongi. Pentsatzen nuen edan ezin dutelako garraztutako talde batekin egingo nuela topo, baina orekatutako pertsona zoriontsuekin bildu naiz. Oso ongi hartu ninduten. Pentsa, zu bakarrik zaude zure arazoarekin, ezin duzu inorekin hitz egin, etsituta zaude. Taldean entzuten zaituzte, konprenitzen zaituzte, eta iradokizunak proposatzen. Inork ez dizu esaten zer egin behar duzun; zuk badakizu zer egin behar duzun. Zer nolako iradokizunak?Ez dizute esaten inoiz ezingo duzula gehiago edan. Oso tresna ona da hori. 24 orduka funtzionatzen dugu, errazagoa baita pentsatzea 24 ordutan ez duzula edango, inoiz ez duzula edango baino. Gainerakoen esperientziak entzuterakoan ispilu batean ikusten duzu zure burua eta zure sentimendu guztiak plazaratzeko aukera duzu. Jende hori horren pozik eta orekatuta ikustean pentsatzen duzu: nik ere lor dezaket!Tentazioa gainditzeko zerk ematen dizu indarra?Nire kideen aurpegiak gogoratu eta gogoa pasa egiten zait. Ez dakit zer duen taldeak baina ez dut edateko gogorik. Alcohólicos Anónimos Sakanan-Olaztiko "Urbasa" taldea: Bilerak Olaztiko eskola zaharretan, asteartetan eta ostegunetan. Neguan 19:00etan eta udan 19:30ean. -Altsasuko taldea: Talde sortu berria. Bilerak Gure Etxean, 2B gelan, asteartetan eta ostegunetan, 19:00etatik 20:30era. Taldeak irekiak dira. Edozein informazio, zalantza edo beharretarako hots egin Alcohólicos Anónimos fundaziora, 948 241 010 edo 609 478 341 telefonoetara, 24 orduz. Web gunea: www.alcoholicos-anonimos.org. Alcohólicos Anónimos fundazioaren jardunaldia Altsasun: ekainaren 10ean, 19:00etan, Iortia Kultur GuneanParte hartzaileak: Alcohólicos Anónimos, Al-Anón, Altsasuko alkate Unai Hualde, Olazti, Ziordia eta Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko presidente Mª Jose Notario, Etxarri Aranazko Osasun Zentroko zuzendari Antonino Goikoetxea, eta Altsasuko Osasun Zentroko ATS Iosune Carrion. Egonen dira: Rafael Ayarra Altsasuko apaiza, Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Drogamenpekotasun teknikari Eneka Irizar, Javier Vital bake epailea, Irurtzungo Osasun Zentroko mediku Migel Angel Senosiain eta hainbat profesional.