Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garraiolariak eta arrantzaleak greban erregaien prezio altuagatik. Betiko arazoa dela dirudi baina egoerak gaina jo duela diozue. Eta abeltzainek, taxistek... Gasolioaren prezioa baino gehiago, benetako arazoa da zerbitzuarengatik ordaintzen duten prezioa. Laborari eta arrantzaleen kasuetan bezala gertatzen zaigu. Nor geratzen da diruarekin? Bitartekariak. Gure kasuan agentziak edo garraio enpresa handiak. Eurek garraio bat 800 eurotan kobratzen badute, guri 600 ordaintzen digute eta komisio bat kobratu. Guk egiten dugu gastu guztia - kamioia, gasolioa, mantenua, dietak, txoferren lan orduak...- eta eurek zati ederrarenarekin gelditzeaz gain, nahi duten prezioa ordaintzen digute. Garraioaren prezioa merkatuan 800etan hitzartuta badago, hori guk porteagatik kobratu beharko genuke. Egun, zuzenean enpresa batendako lan egiten duen garraiolariak, egoera nolabait libra dezake. Baina zuzenean agentzia eta garraio enpresa handiendako lan egiten dutenek ezin dute aurrera egin. Gasolioa? Berdin zaigu zein prezio duen, porteak dagokion balioa badu. Baina portea igotzen bada guztia igoko da...Produktuaren azken prezioan garraioak duen eragina aztertzen duen ikerketa serio bat ez dakigu inoiz egin izan den. Akaso ibilgailuen sektorean eragina izan dezake, piezen joan-etorria handia baita, baina produktu gehienak orokortasunean hartuz, garraioak bukaerako prezioaren %1-2 suposatzen du. Ez da horrenbesterako. Zein preziotan ezagutu duzue gasolioa eta nola dago orain?Hasi ginenean 75-76 pezeta inguruan zegoen, eta orain, 1,32-33ra. Nagusienek 7 pezetara ezagutu dute. Transakana kooperatibako kideak zarete. Gasolioa merkeago lortzen al duzue?Kooperatiban batuta gaudenez prezio hobea lortzen dugu, baina hala ere garesti dago guztia. Prezio baxuagoa lortzeko elkartea sortu eta inbertsioak egin behar izan ditugu. Kooperatiban bazkide mota ezberdinak daude: batzuk soilik gasolioa, aseguruak, olioak eta halakoak merkeago jasotzeko eskumena dute, eta beste batzuk zuzenean Transakanarako lan egiten dute, hau da, kooperatibak lortutako kargak eta porteak egiten dituzten bazkideak dira. Esan duzuenez, gasolioarena ez da arazo nagusia. Zeintzuk dira, ba?Gasolioarena egoera lehertu duen azken tanta da. Ez dugu eskatzen gasolioa jaistea ez gasolio profesionala, hortik entzuten den bezala, baizik eta porteen tarifak errespetatzea. Estatu Espainiarra Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenetik guztia oso araututa dago. LOT (Ley de Ordenación del Transporte) legean jasotzen denez, inork ezin du kostuen + irabazien azpitik lan egin. Badago ere beste lege bat, Berankortasunaren (Morosidad) Kontrako Legea, eta honek esaten du porte bat egin eta hilabete batera kobratu behar dela egindako lana, bestela interesak kobratu behar direla. Gure kasuan bi lege hauek ez dira betetzen. Gu lan egindako hilabetea 3 hilabete pasara kobratzen ari gara, eta hilabetera kobratu beharko genuke. Eta bestetik, garraiolari asko porteen kostuen azpitik lan egiten ari da. Zergatik hori?Arrazoi ezberdinengatik. Estatuko komunitateetan egoera ez da berdina. Euskal Herrian, Asturiasen, Kantabrian, Katalunian... porteek eta irteerek posibleki legea betetzen dute, prezio egokia dute, hori lortzeko asko borrokatu ondoren. Baina Estatuko gainontzeko tokietan ez, behetik ordaintzen dute. Zer gertatzen da? Esaterako, andaluziarrak handik hona porteak oso merke ekartzen dituztela, prezioa ia botata, badakitelako hemendik hara porteagatik egoki kobratuko dutela eta horrela, egoera nolabait "konpondu" dezaketela. Eta gu, alderantziz, hemendik behera prezio egokian goaz, baina handik hona ezin dugu ezer ekarri, bertakoek dena igotzen dutelako, edo bestela gaizki ordaindutako portea igo behar dugu, bertako agentziek nahi dutena ordainduz. Baina hegoaldekoendako ere iritsi da momentu bat egoera hori ezin dutela mantendu, ez dela errentagarria. Bezeroarekiko garraio enpresa txiki edo handi batean lan egitea ere oso ezberdina omen da. Zein ezberdintasun dago?Garraio enpresa txikia denean, bezeroekin harreman pertsonala handiagoa da. Bezeroak esan ahal dizu: mesedez, gaur X ordutan etorriko zinateke eta porte hau egin? Baina hori enpresa handiak ezin du eskaini. Enpresa handia fabrikara doa eta galdetzen du Zenbat kamioi behar dituzu egunero? 80. Ba jarriko dizkizut. Eta berehala kargatu eta ateratzen dira. Horrek ez du itxaroten edo faborerik egiten. Egun, enpresa handiek ez dituzte kamioiak erosten, alokatzen dituzte, mantenua eta konponketak barne. Geroz eta gehiago kanpoko txoferrak kontratatzen dituzte, hilero 600 euro kobratuz, eta beste 600 euro ematen dizkiete dieten truke. Eta hala, kilometroak egitera! Badakite kilometro bakoitza 0,60era ateratzen zaiela, eta kilometroa 0,65era kobratzen badute: 5 x 1.000 kamioi x 150.000 km urtean badakite X irabazi behar dutela. Dena dute oso kontrolatuta. Kamioia izorratzen dela? Beste bat ekarri. Txoferra hiltzen dela? Beste bat kontratatu. Horrela ibiltzen dira enpresa handiak, patronala direnak. Ez dute eskrupulurik. Ez dituzte bertako txoferrak nahi, garestiak direlako. Eta hor ikusten dituzu txofer horiek, zerbitzu guneetan su txikia egin eta bazkaltzen. Orain arte hori ez da sekulan ikusi! Greba erabatekoa da. Bai, Estatu guztia gelditu da, ez dira ezta atzerritarrak atera. Autonomo guztiek egin dugu bat, eta baita patronal batzuk ere. Eta nahiz eta beste patronal batzuk grebarekin bat ez egin, txoferrak gelditu dira. Laburbilduz, Gobernuarekin dauden negoziaketetan zeintzuk dira zuen eskaera nagusiak?Nahitaez bete beharreko garraioen tarifa minimoak, eta 30 egunetan kobratzea. Hau da, lan egiteak garraiolariari dirua ez kostatzea, lan egiten baduzu zerbait irabazi dezazula. Gobernuarekin akordiora heltzeko esperantza al duzue?Ez. 30 urte daramate esaten garraioaren problematika aztertuko dutela eta ez dute ezer egin. Zer eskaini digute? 2005ean sinatutako akordio bat, aldatutako koma batekin. Hau da, tarifa duina, 30 egunerako kobraketarekin, zure kargatzaileak sinatuz gero; eta gasolioa igotzen bada norberak portea igotzea. Eta kargatzaileak ez badu sinatu nahi? Eta nik prezioa igotzen badut eta enpresek ez badidate ordaindu nahi eta beste bat kontratatzen badute?Grebetan kontsumitzaileek sufritzen dutela diote. Baina hori ezinbestekoa da, ez?Greba bat badago nabaritu behar da. Eta gainera, denok gara kontsumitzaileak. Komunikabideek herritarrengan halako kontsumo psikosia sortu dute, eta bitartean, beste batzuk negozioa egin dute. Egoera zailtzeak Gobernuarengan presioa eragingo du, hor hasiko da Gobernua erabakiak hartzen. Baina orohar jendeak greba ulertzen du, denok dakigulako autoa gasolioz betetzea zenbat kostatzen zaigun. Guztia igo da: hipoteka, etxebizitza, elikagaiak, gasolioa...eta soldatak oso baxuak dira. Jendeak ezin du gehiago eta guztiak egin du eztanda aldi berean. Interneten bidez uztailaren 15erako greba orokorra deitzen ari dira, igoera guztiak salatzeko. Sistema bera da huts egiten ari dena, Estatua deseginda dago. Grebarekin noraino heltzeko prest zaudete?Ahal deneraino agoantatuko dugu. Administrazioak sinatutako zerbait lortu nahi dugu, ez soluzioak aztertzeko konpromisoa. Jendea oso kontzientziatuta dago eta egoera oso larria da. Estatua greba lehertzen saiatuko da eskoltatutako convoy-ekin eta beste. Granadan hildako txoferrak sortutako egoerak ere ez du egoera konpontzen laguntzen. Jendea itota dago eta horregatik ere, oso kontzientziatua.Kontatu diguzuena aintzat hartuta, txoferra izateak merezi du?Bizitzeko modu bat da. Askotan etxean bizi izan duzu, aita txoferra zen... Oso lanbide gogorra da, baina engantxatzen du. Karga baten ardura ematen dizute, zaindu egiten duzu eta hitzartutako ordurako bere tokira eramaten duzu. Hori da bere lanean sinesten duen txoferra.