Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurten 5 urte bete ditu Txuixoo elkarteak. Baina zein izan da zuen taldearen ibilbidea?Aspaldi hasi ginen lagun talde bat, Joxe irakaslearekin, Yoseikan budoa egiten. Baina orain dela 5 urte lagun talde izatetik elkarte egiteko aukera ikusi eta kirol eskola legala sortu genuen. Eskola bezala funtzionatzen hasi ginen pixkanaka eta gaur egun haurrei bideratutako eskaintza ere badugu. Eta zer da zehazki Yoseikan budoa?Berez disziplina nahiko berria da beste batzuekin alderatuta, baina esan daiteke beste kirol batzuen bilakaera edo emaitza dela. Karatetik, judotik edo aikidotik datozen tekniken nahasketatik sortu zen disziplina berri bat da. Kirol honen hastapena 1950. urtean kokatzen da eta Europa mailan oso ezaguna da; Frantzian batez ere. Nahiko arrakasta dauka Frantzia eta Italian baina Estatu Espainiarrean ez da hain ezaguna. Etxarrin ordea oso ezaguna da Txuixoo elkartea. Nola antolatzen dituze entrenamenduak?Etxarriarrez gain Sakanako herri askotatik ere jendea etortzen da. Astean zehar udalak utzitako lokal batean biltzen gara eta ostiral eta larunbatetan, jende gehiago biltzen garenez, ikastolako soinketa gelan. Yoseikan-az gain Tai Chi klaseak ematen ditu gure maisuak.Yoseikaneko haurren taldean 60 inguru daude eta 4 taldetan banatzen ditugu. 3-6 urte bitartekoak, 6-10, 10-14 eta azkenik 14tik gorakoak. Adinka sailkatuta daudenez eduki ezberdinak lantzen ditugu, beti ere oinarria jolasa eta lan pedagokikoa delarik. Psikomotrizitatea asko lantzen da eta lehen txiribueltak egiten hasten dira, pinua egiten ikasten dute.... Azken finean, ordura arte izan duten munduaren ikuspegia aldatzen hasten dira pixkanaka pixkanaka.Helduonak berriz, kirol ikuspegia dauka.Yoseikana egiteko tresna osagarririk erabiltzen duzue? Bai. Goma espumarekin egindako tresnak erabiltzen ditugu. Ezpata txikiak, labanak, ezpata luzeak... Normalean ez dugu minik hartzen baina eskuak babesteko eskularruak eta buruan kaskoa ere badaramagu.Ondo merezitako saria jaso duzue berriki lau sakandarrek: Gerriko beltza. Zorionak!!Eskerrik asko! Hemen ez dago horrelako azterketak egiteko aukerarik eta Nafarroa Behereko Pagola herrira joan behar izan genuen. Bertan gure maisu eta beste birekin entrenamendu-azterketa luze bat egin ondoren gerriko beltza lortu dugu laurok. 6 orduko iraupena izan zuen eta fisikoki oso gogorra egin zitzaigun baina merezi izan du. Lau gerriko beltz ekarri ditugu etxera!Zertan datza froga edo azterketa honek?Entrenamendu antzeko bat da. Maisuek ariketa konkretu batzuk egitea eskatzen dizute eta ordura arte ikasi duzun guztia erakutsi behar duzula suposatzen da. Dakizun guztia erakutsi behar duzu eta eskatzen zigutenari ahalik eta modu zabalenean erantzuten genion. Baina azterketa bat izateaz gain klase praktiko bat ere bada; Haiek zuzendu egiten dizute eta asko ikasi dugu.Nola laburbilduko zenukete esperientzia?Primerakoa. Fisikoki oso gogorra izan da baina oso pozik itzuli gara uste ez genuen lortu genuelako.Zer suposatzen du gerriko beltza izateak?Buf!! Guretzat etxearen oinarria edo zimendua da.Denbora asko daramagu zaletasun honekin eta hau lortzea nolabait saltoa ematea izan da. Bidea luzea da eta hau lehen pausua izan da. Gure ustez garrantzitsuena bidea hasi dela da eta espero dezagun eskola honetatik ere bidea hau egiten jende gehiago animatzea. Gerriko beltza lortu duzuen lehenak zarete eta etorkizuna nola ikusten duzue?Gure asmoa ikasten jarraitzea da. Lehen dan-a lortu dugu eta pixkanaka aurrera egitea da gure helburua. Etxarrin Yoseikan zaletasuna dagoela argi dago. Zer egiten duzue jendea zuenera hurbiltzeko?Esan bezala 60 haur eta 14 heldu elkartzen gara Txuixoo elkartean. Eta datorren ikasturteari begira irailean hasiko gara matrikulazio kanpainarekin. Gurekin harremanetan jartzeko interesatuek gure egoitzara gerturatu besterik ez dute edo harremanetarako bi telefono ere baditugu. 616-681 874 eta 620 089 647. Dena den, Yoseikanean interesa edo kuriositatea duten guztiendako ikastaro erakustaldi bat antolatu dugu. Abuztuaren 11etik 15era izanen da goizez Etxarriko igerilekuan. Bertan Tai Chi, Aikido, Kenpo eta bestelako diziplinak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek.Azken Gonbidapena... Zergatik zuenera hurbildu?Yoseikan budo-ak gu behintzat, engantxatu egin gaitu. Harritzekoa da horrelako gauza batek eduki dezakeen edukiaren sakontasuna. Askotan pentsatzen dugu kirol hau bi pertsona elkarri joka egotea dela, baino askoz ere sakonagoa da. Kirol hau benetan praktikatzen dutenak lanean ikustea besterik ez dago kirol honek nolako filosofia daukan ikusi eta ulertzeko. Elkarlaguntzan oinarritzen da eta helburua ez da batak bestea gainditzea, batak bestearekin elkarren arteko mugak gainditzea baizkik.Elkarlana eta elkarrekintzaren bidez elkarrizketa bat egiten dugu; batek galdera egin eta besteak erantzun.