Juli Beraza Aranguren

Guaixe 2008ko ekainaren 25a

Zerk eraman zintuen udaran Errusiako haur bat etxean hartzera?Beti gustatu izan zait beharra dutenei laguntzea. Uharteko zenbait familia udaran haien etxeetan Errusiako haurrak hartzen hasi zirenean, nik ere interesa azaldu nuen. Ama gaixorik nuen ordea, eta taldekoek beste urte baterako uzteko gomendatu zidaten. Baina hurrengo urtean animatu nintzen eta orduz geroztik ez dugu hutsik egin. 12 urte geroago zeintzuk dira arrazoiak?Bere horretan jarraitzen du laguntzeko nahiak. Baina horri haurrari hartu diogun maitasuna gehitzen zaio. Bat gehiago da gure familian. Urte osoan mantentzen dugu erlazioa. Igandero deitzen dugu eta noizean behin gutunak bidaltzen dizkiogu elkarri. Momentu zailak izan dituzue?Hasieran bai. Lau urte zituela hartu genuen lehen aldiz etxean Kristina. Ez genuen elkar ulertzen eta ez dakizu zein gogorra izan zen. Ez zen hizkuntzagatik bakarrik. Komunikatu eta erlazionatzeko era berria zen berarendako, gure hitz egiteko modua, doinua - askoz ere ozenagoa, gure keinuak, muxuak ematea, besarkatzea... dena arrotz egiten zitzaion. Baina, egia esan, oso gutxi iraun zuen horrek guztiak. Harrituta geratu ginen hizkuntza zein azkar ikasi zuen ikusita. Lehen udaren ondoren arazorik gabe ulertzen genion elkarri. Eta hizkuntzaren muga gaindituta, esperientzia oso positiboa izan zen berarendako eta guretako. Zein erakundek egiten du bitartekaritza lana?Villava-Solidaria GKE-k kudeatzen du dena, Programa de acogida y descanso recuperativo programaren bidez. Erakundea arduratzen da harrera-familiak koordinatzeaz eta haurren bidaiez. Eta berak kontratatzen ditu begiralea eta itzultzailea. Edozein arazoren aurrean, hor daude begirale eta itzultzailea eta, egia esan, hasieran batez ere, primeran datoz. Haren bidez mediku asegurua ere badugu eta haurrak Errusiatik datozenean mediku eta dentistarenera eramaten ditugu. Harrera-familiak aipatutako GKE-ko bazkide gara. 14 euro ordaintzen ditugu hilero, monitore eta itzultzailearen gastuak eta haurren bidaiak ordaindu ahal izateko. Gainera, Uhartekoek barra bat jartzen dugu Artzain Egunean eta bertan ateratzen den guztia programa horretara bideratzen dugu. Urtetan haurra ekarri ez dutenek ere bazkide izaten eta laguntzen jarraitzen dute. Harreman berezia sortu da harrera-familien artean. Askotan biltzen gara "gure haurrei" buruz hitz egiteko.Harrerako 2-3 hilabeteetan hobera egiten du haurren egoerak?Bai, nabarmen hobetzen da haien osasuna, hasieran batez ere. Kristina lau urte zituela etorri zen lehen aldiz gurera eta txiki-txikia eta argal-argala zen. Mediku batek esan zigunez, hemen pasatzen dituzten bi hilabete eta erdian haien bizi-itxaropena urtetan luzatzen da. Eta familia ere oso garrantzitsua da. Gure haurrak egoera pribilegiatua du han, ama hil bazitzaien ere, amona eta anai-arrebekin bizi delako; baina gehienendako, umezurtz-etxetik datozenendako, familian bizitzea oso aberasgarria da. Umezurtz-etxean ongi zaintzen badituzte ere, ez du zerikusirik familiarekin. Emozionalki asko egiten dute hobera. Zein bizitza egiten du Kristinak hemen? Oporrak pasatzera datoz hona, eta, beraz, hemengo haur batek oporretan egiten duen bizitza egiten du. Uhartera Errusiako haur asko zetozenean, haurrak bildu eta haiendako jarduerak prestatzen baziren ere, gero ez da horretarako premiarik ikusi. Kristina hasiera-hasieratik primeran egokitu zen Uhartera. Bere lagun taldea du hemen eta haiek egiten duten bizitza egiten du berak ere: herriko festak, bizikleta, igerilekuak... Eta batzuetan inguruko herritan dauden Errusiako lagunekin elkartzea nahi izaten du.Uharteko zenbait harrera-familia harrerako haurrak bisitatzen egon dira aurten Errusian. Zer moduzkoa izan da esperientzia?Harrera-familiek beti izan dugu hura bisitatzeko gogoa. Are gehiago haurrek 18 urte bete zituztenetik ikusi ez dituzten familiek. Azkenean, aurten, Uharteko zenbait lagun eta Oskozeko bat joan ziren Errusiara, 6 denera, nire alaba tartean. 9 egun eman zituzten bertan eta umezurtz-etxea, haien lagunak, hiria, bertako bizi-baldintzak... ikusi ahal izan zituzten. Bizi-baldintza duinak dituztela ikusi zuten. Umezurtz-etxean baldintza onetan dago eta haur eta zaintzaileen arteko tratua egokia da. 18 urtetik gorako umezurtzei Estatuak ematen dizkien etxeak ere ikusi zituzten. Oso xumeak, baina bizitzeko modukoak. Alaba Kristinaren etxean ere egon zen. Amonak esker hitzak baino ez zituen. 12 urtetan gure GKE-ren bidez Uharte eta inguruko herritara etorritako haurrak bildu zituzten. Hunkigarria izan zen Uharteko familia eta lagun guztiak gogoan zituztela ikustea. Haurrarekin sortzen den loturaren ondoren, zaila izanen da irailean haietaz agurtzea. Are gehiago 17 urte dituztenean, azken oporraldia izanen baitute...Bai. Guk askotan hitz egin dugu familian. Baina hasieratik bagenekien horrela izanen zela. Garrantzitsua da programa zertarako den argi edukitzea.Beti duzu etorkizunak ekarriko dienaren ardura hori. Lasaitu egiten gaitu Kristinak ikasteko asmoa duela jakiteak. Guk argi uzten diogu hemen ere bizitza ez dela erraza eta aurrera atera ahal izateko gogotik ikasi eta lan egin behar dela. Zailagoa da umezurtzen egoera. Babes gutxiago dute inguruan eta batzuek bizitzan gidatuko dituen norbaiten falta dute. Hala ere, ez da pentsatu behar harremana hor amaitzen denik. Hemengo familia askok urtetara ere harreman hori mantendu dute eta, distantziara ere, haiei laguntzen jarraitzen dute. Ondoren haurrak adoptatu dituenik ere egon da. Baina argi eduki behar da hau udarako harrera programa bat dela. Adopzioa horrekin zerikusirik ez duen beste gestio bat da. Esperientzia gomendagarria da?Bai. Ni oso pozik nago. Ziur nago haurrarendako oso esperientzia berezia eta ahaztezina izan dela eta guretako ere bai. Zoragarria da haurrari mundu berri bat erakutsi ahal izatea: hemengo herriak, festak, ohiturak, musika - diskoz beteta joaten da beti!-, hondartzak... Zoragarria izan zen lehen aldiz hondartza joan ginenean jarri zuen aurpegia ikustea. Eta berak bere herriaren berri ematea ere oso aberasgarria da. Guk asko ematen diegu haurrei eta haiek guri ere.Ongi legoke orain ere familia gehiago animatzea. Umezurtz-etxea gure laguntza behar duten haurrez betea dago. Pazientzia eta haurrari denbora eskaintzeko gogoa behar dira eta ahalegin ekonomiko bat egin behar da. Baina merezi du.