Mahai inguru haren gidaria Sakanako Mankomunitateko immigraziorako teknikari Begoña Zestau izan zen. Berarekin mahaian eseri ziren Bulgariako eta Marokoko emakume bana eta Senegalgo gizon bat. Baita sakandar berriekin harreman estua izan duen irurtzundar bat ere. Immigrazio fenomenoaz irurtzundarrek zuten iritzia bildu zuen bideo emanaldi baten ondoren hasi zen iritzi trukaketa, 20 bat pertsonaren aurrean. 3 sakandar berrien izenak aldatu egin ditugu. Zergatik atera zinen zure herritik? Zenbat daramazu Irurtzunen?Nadia. (Bulgaria) 3 urte eta 4 hilabete daramatzat Irurtzunen. Lanagatik etorri nintzen. Bulgarian duela 5 urte dena ongi zegoen. Lana, dirua... denetarik zegoen. Orain ez. Ni etorri aurretik Irurtzunen nire anaia bizi zen. Hemen jende asko ezagutzen dut, laguntzen didatenak lanarekin eta guztiarekin. Gustatzen zait. Irurtzunen bizi naiz lasaiago bizi nahi dudalako. Lan asko dut. Familiarekin bizi naiz, senarrarekin eta semearekin. Momentuz, pentsa dut ez garela Bulgariara itzuliko. Oporretan bueltatzen naiz, gurasoak han daudelako. Neretako han, momentuz, ez dago lanik eta horregatik nago hemen. Pozik hemen. Zuzenean etorri zinen Irurtzunera?Nadia. Bai. Aurreneko 3 hilabeteak anaiaren eta haren emaztearekin bizi izan nintzen. Orain alokatutako etxe batean bizi naiz. Sarasan eta Iruñean lan egiten dut. Lanarekin pozik nago. Nik paperak banitu, 3 urte pasa beharko nituzke hemen gero familia ekartzeko. Baina orain errazagoa dugu, Bulgaria Europar Batasunean sartu delako. Zergatik atera zinen zure herritik? Zenbat daramazu Irurtzunen?Fatma. (Maroko). Pozik bizi naiz Irurtzunen. Ez nintzen zuzenean hona etorri, aurretik Iruñean bizi nintzen. Lanean hari naiz. Senarrarekin bizi naiz. Irurtzunen familia dut. Behin batean haiekin egotera etorri nintzen Irurtzunera, herria gustatu eta hemen erosi nuen pisua. Pozik. 8 urte daramatzat Nafarroan. Iruñean bizitzen 4 eta Irurtzunen beste 4. Ongi. Lana badut. Nire pisua dut. Ez dut inorekin arazorik. Zergatik atera zinen zure herritik? Django. (Senegal). Hona etorri aurretik Lleidan nengoen, fruta biltzen. Han hilabete pare bat eman nuen. Anaiarekin etorri nintzen. Oso pozik nago hemen. Jende jatorra dago. Esaterako, gaur lagun batek ekarri nau Irurtzunera kotxez. Lagun asko ditut hemen ere, Uharten, Lakuntzan, Arbizun... Gasteizera arte. Jendea, gauzak asko gustatzen zaizkit. Nire herrian banengo ez nintzateke beti etxean egonen, lagunekin, haurrekin nengoke. Halakoak gogoko ditut. Dirua falta genuen. Horregatik atera nintzen herrialdetik, han ez dagoelako diru asko. Nahi nuen dirua ez zitzaidan iristen eta atera nintzen bizimodua aurrera atera ahal izateko. Baina, ongi. Zerbitzuak (osasuna, hezkuntza, aisia...) erabiltzeko modurik baduzue?Fatma. Ez dugu inolako arazorik izan, ez dugu inolako kexarik. Bukaera aldera nabarmendu zuten haurtzaindegi baten falta. Batez ere lanean ari diren emakumeek, Irurtzunen familiarik ez dutenak. Haiek ez baitute seme-alabak norekin utzi. Betiko geldituko zarete eman?Fatma. Ni betiko hemen ez. Han familia dut, kultura. Bizi guztirako ez. Django. Oraindik ez dakit. Bakoitza bere lurrean egotea da onena. Han sentitzen duzuna ez duzulako hemen sentitzen. Han duzu ama... Ni nire herrialdetik atera nintzen amari laguntzeko. Gehien faltan sumatzen duzuena, beraz, familia lotura da, ezta?Bai, hala da. Beste zerbaiten falta sumatzen duzue hemen?Fatma. Nik esaterako nire semeak arabiera ikasteko interesa dut, Marokora joaten denean arazorik izan ez dezan. Eskolara joan ginen, zuzendariarekin hitz egin genuen eta lagundu zigun. Orain astean bitan ditugu arabiera eskolak. Aljeriako emakume bat da irakaslea. Igandeetan, 11:00etatik 14:00etara aritzen dira eta, asteazkenetan, 15:30etik 17:00etara, eskolan bertan. Lehen faltan genuena orain konponduta dago. Guretako oso garrantzitsua da, jainkoari eskerrak, gure semeak dagoeneko arabiera hitz egiten duelako. Bestela, joan eta familiarekin biltzen garenean ez du ezer ulertzen. Euskara eta gaztelania hitz egiten ditu, baina arabierarik ez. Begira gelditzen da. Etxean hitz egiten genion, baina ezberdina da. Eskolara doa, ulertzen du, baina ez du hitz egiten. Hona etortzean zenituzten aurreikuspenak bete zaizkizue?Fatma. Lanera zatozela garbi duzu. Han, esaterako, emakume gehienek ez dute lan egiten (etxetik kanpo). Hango ohitura da gizonek lan egitea. Badakizu beste herrialde batera joan behar duzula lan egitera eta lan egin behar duzula. Nik, esaterako, Marokon ez dut sekula lan egin. Beti etxean, haurrak zaintzen, etxeko lanak... Hemen lanean nago. Ezberdina da. Hasieran kostatzen da, baina dagoeneko moldatu naiz. Orain ohituta nago. Etxean gelditzen naizen egunean, festa dudalako, etxean aspertu egiten naiz. Lan egitera ohitua nago. Nadia. Gure kasua bestelakoa da. Bulgarian denek lan egiten dugu. Nik lehen Bulgarian asko lan egiten nuen eta, orain hemen, ere. Ezberdintasuna da kulturak ezberdinak direla. Hizkuntzaren idazkera ez da bera. Guretako zailagoa da. Gazteek errazago ikasten dute. Semeak azkar ikasten du. Ni jendearekin lanean ematen dut eguna eta haiekin ikasten dut. Ez dut betarik ikastetxean ikasteko. Senarra granja batean ari zen eta oso gutxi zekien. Orain jendearekin ari da eta zerbait gehiago hitz egiten du. Kulturan ere. Gero, Bulgarian ere Aste Santua dago, saindu asko ditugu, hemen bezala. Elizetan, sartzean, sainduen koadro ugari daude. Hemen apenas daude. Ezberdina da. Katolikoak zarete, gu kristau ortodoxoak gara. Django. Ez nuen lanik Afrikan. Europara iritsi, dirua hartu eta bueltatzea zela pentsa nuen. Nik hemen urte bat pasa eta herrira bueltatzea pentsatzen nuen. Han ezin da lanik izan. Han ez dugu enpresa askorik. Saltzeko bai. Han esaten da Europara etorriz gero dirua erraz eskuratzen dela. Hona etorri eta gauza penagarri asko pasa behar dituzu. Ezin dira denak esan, baina... Nik ez dut paperik, eta behar ditut. Irurtzundik zer da gehien gustatzen zaizuena?Fatma. Paisaia, mendia. Django. Niri euskara asko gustatzen zait. Zerbait hitz egiten dut. Sakandar berriekin batera, Jose Luisek etorkinekin izan duen harremanaren berri azaldu zuen. Amak dependentzia maila bat du eta laguntza behar zuen. Horregatik familiak pertsona bat kontratatu zion etxeko lanetan lagundu ziezaion. Hasieran amak kontra egin omen zuen, semearen arabera "ditugun mugak onartzea denoi kosta egiten baitzaigu". Ordaindu beharrekoa ere kezka zen: "jasotzen dudan pentsioa baino gehiago ordaindu beharko diot". Lehen emakumearekin ongi moldatu zen. Amaren eta laguntzailearen arazo nagusia hizkuntza izan zen. Amak onera egin zuen eta auzokide brasildar batekin moldatu zen. Harekin hizkuntzaren arazoa ez zen hain handia, baina arazoak bazeuden. Baina zituen beharretarako motz zen. Gaur egun Dominikar Errepublikako emakume bat dago amarekin eta hizkuntzarekin ez dute arazorik. Dependentzia handiagoa du eta orain ongi moldatzen da. Beti saiatu ziren aseguratzen. Baina paperik izan gabe eta familia bertakotzeko (senarra edo 21 urte baino gutxiagoko seme-alabak ekartzea) aukerarik ez zutenez, gabe gelditu ziren. Egoera legeztatzeko paperik gabe 3 urte egon behar dute gutxienez, ilegalki, paperak eskuratzeko aukerak izateko. Jakina, beti hobe da polizia eta paperekin arazorik ez izatea. Ondoren enbaxadarekin tramitazioak hasten dira eta batzuetan herrialdera bueltatu beharra izaten dute gero paperak eskuratzeko. Batzuetan, bidaia hori egin eta gero ez diete haien herrialdetik itzultzen uzten.