Oihana Aldabe Lazkoz

Guaixe 2008ko uztailaren 3a

Sanferminzale amorratua. Jaiegun hauek bihotzean al daramatzazu?Oso. Sanferminak bihotzean daramatzat. Etxean eztabaidaren bat izaten dugu, egunak aprobetxatu eta oporretara ateratzearen inguruan, baina nik, momentuz, ezin ditut Sanferminak utzi. Zein lan egutegi duzu aurten?Aurtengoa lan egutegi nahiko lasaia daukat, beste urteetan izan dudanarekin alderatuta. 6an txupinazoa eta gero udaletxetik bi gaitero talde ateratzen gara, eta arratsaldeko hirurak arte kaleetan jotzen aritzen gara. Gaitaz gain, nik Iruñeko klarineroekin jotzen dut. Klarinak tronpeta antzekoak dira, baina zaharragoak. Gainera, Iruñekoak oso-oso zaharrak daude, ez dute soinu ona ateratzen. Urte asko daramatzagu berriak eskatzen, baina Udaletik erantzuten digute ez dagoela dirurik. Klarinarekin 7ko prozesioan eta 14ko Oktaban joko dut. Eta Iruñeko erraldoiekin 12an eta 13an aterako naiz. Nafarroako gaitero guztiek txupinazoan jo dezakete nahi izanez gero. Sakanatik asko joaten al dira?Hala da. Nik dakidala Lakuntzakoak lauzpabost urte daramatzate etortzen, eta Etxarrikoak ere etortzen dira. Txupinazoa baino lehen udaletxean egoten zarete gaiteroak. Zein giro egoten da? Egia da txupinazoarekin bihotzak ere eztanda egiten al duela?Atzeko ateetatik sartu eta "el zaguan" izeneko tokian egoten gara. Urduritasuna nabaritzen da, kanpoko giro guztia entzuten dugulako. Oso polita da. Txupinazoarekin bihotzak ere pun egiten du, eta baita malkoek... emozioa handia da. Teknologiak ere bere tokia hartu du: jendea hasten da mugikorretik deitzen: "hara nola entzuten den La Pamplonesa, hara zelako giroa!". Izan ere, txupinazoaren ondoren lehendabiziko La Pamplonesa ateratzen da, eta Gainzaren Biribilketa da lehen kantua. Gero txistulariak ateratzen dira Agur Jaunak jotzera eta gero gaiteroen bi taldeak. Zeintzuk dira zuretako egun onenak?Niretako 6a eta 7a. 6a lehen eguna delako: hamaiketakoa, txupinazoa, bazkaria, parrandatxoa... Eta 7a prozesioa delako, lehen zezenketa, Peñekin lehen ateraldia zezenketara joateko...San Ferminen prozesioa, Iruñeko klarineroekin. Luzea egiten da?Traje dotore horietako bat daramagu: txapel berezia, ator luzea, txalekoa eta gainean kasaka luzea, lodia. Bero galanta pasatzen dugu. Udaletxetik 10etan edo ateratzen gara, gu aurrean eta atzean alkatea eta zinegotziak, Katedralera. Han artzapezpikua eta kabildoak gehitzen zaizkigu. Hortik San Lorenzo elizara joaten gara eta San Fermin ateratzen dugu, prozesiora, 11etan. Bueltatxoa eman eta berriro San Lorenzora , San Fermin uztera. Orduan meza izaten da eta guk atsedenaldia izaten dugu, gosaltzeko. Meza bukatuta atera eta Katedralera joaten gara, kabildoak bertan geratu eta atzera ere udaletxera, udal ordezkariak uztera. Klarinarekin soilik alkatea eta zinegotziak nonbaitetik (udala, katedrala, eliza...) sartu eta ateratzen direnean jotzen dugu, prozesioan ez dugu ezer jotzen. Prozesioa ez zaigu oso luzea egiten. San Ferminekin gaudela geldialdiak izaten dira: jota kantatzen diotela, Agur Jaunak, abestiak...Barcinari irainak eta txaloak. Nola bizi duzue musikariek hori?San Fermin ateratzen denean gu justu santuaren aurrean goaz, eta San Fermin ez dagoenean alkate eta zinegotzien aurrean gaude; beraz, den dena entzuten dugu. Denetarik entzuten ditu Barcinak: gauza politak eta ez hain politak. Ikusgarria da nola hiri txiki batean hain gauza ezberdinak entzuten diren. Bestalde, zein erraldoirekin jotzen duzu? Zure kuttunena zein da?Autobus geltokitik 9:30ean ateratzen dira erraldoiak, baina Misericordiako aitonak bisitatzen ditugunean 9etan ateratzen gara. Ordu bat dugu gosaltzeko, 11ak inguruan, eta gero ordu bi eta erdiak pasa arte egoten gara. Lehen erraldoia munizipala da eta gaitero berberek jotzen dute berarekin, eta azkenekoa txistulariekin doa. Beste erraldoiei dagokienez, lehen erraldoi berberarekin joaten ginen, gaitero talde bakoitzak bere erraldoiak zituen, baina orain txandakatu egiten da. Nire gustukoena, dantza nola egiten duen gehien gustatzen zaidana afrikanoa da, Bin Ladenen antza duena, bizarduna. Gu normalean Bin Ladenen bikotearekin ibili izan gara jotzen. Zezenketetan klarina jotzea tokatu zaizu. Zer moduzkoak dira zezenketak palkoan?Lasaiak. Beste urteetan jo izan dut, baina aurten ez. Zezenketetan "cambios de tercio" deritzanak jo behar dituzu, eta baita abisuak. Beraz, uneoro zaude jotzen. Oihana sanferminzalea. Hainbeste lanarekin nola moldatzen zara parranda egiteko?Denetarik egiteko ematen dute Sanferminek. Lehen gehiago ateratzen nintzen gauez, baina konturatu naiz egunez ere parranda polita egin daitekeela. Hurrengo egunean lana egin behar badut goizter erretiratzen naiz, eta libre badut beranduago. Zezenketetara joaten zara egunero, Alegria de Iruña peñarekin. Peñakidea zara? Ez, baina 15 urte daramatzat eurekin zezenketetara joaten. Aita bazkidea zen baina bazkide egiten banaiz etxerik gabe geratuko naiz, bikotekide eta bien artean 4 bazkide kuota pagatzen baititugu hilero: Lakuntzako elkartea, Ardaizeko elkartea, mutila Donibane peñakoa da eta ni gaiteroen elkartekoa. Ia-ia kuotak ordaintzeko lan egiten dugu! Zezenketetara joateko abonua ia betiko lotua dut, eta koadrila bera urte askotan joan izan gara. Sanferminetako gauzarik politena da ia beti jende berberarekin bildu eta ibiltzea. Meriendak eramateko orduan gure kasuan txandakatu egiten gara. Nire ohiko plana izaten da zezenketara joatea, Peñen irteera egitea eta Peñarekin bueltaxka egitea. Peña guztiak zezenketara joaten dira eta peñen irteera egiten dute, gaueko 11ak arte, eta gero bakoitzak bere egutegia du: batzuk bi gau eta goiz bat, besteek bi goiz eta bi gau... Peñek egun osoa ematen dute kalean. Seme txikia duzu. Berarekin ere aterako zara Sanferminetan?Noski! 13 hilabetekoa da, Liher. Zezenen abonu osoa daukat baina 2 edo 3 egun deskantsatuko dut haurrarekin ateratzeko. 7tik 12ra arte ez dut lan egingo eta egun horiek aprobetxatuko ditut. Zein da Sanferminetatik gogokoen duzun momentua, "momentico" esaten zaiona?Prozesioan San Fermini jota famatua kantatzen diote, baina gero, Kale Nagusiko bukaeran beste jota bat entzuten du, ez hain famatua baina niri izugarri gustatzen zaidana. Oiloipurdia jartzen zait. Momentu asko dauzkate Sanferminek. Lehen zezenketara sartu eta tokia hartzen duzunean beste momentico polita izaten da. Eta beste asko eta asko. Emaguzu arrazoi bat egun hauetan Iruñera joateko. Nahiz eta oso entzuna izan, munduko festa onenak direlako. Dira edo izan dira, gauzak aldatzen ari direlako. Badirudi denok bide beretik eraman nahi gaituztela, giroa aldatu nahi dutela. Baina ez dute lortuko, Peñak eta horrelako elkarteak hor daudelako gauzak gelditzeko.