Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Noiz sortu zenuten taldea? Txikitatik instrumenturen bat jotzen al zenuten?Keba! Beroaldi bat izan zen. Bat-batean sortu zitzaigun elkartu eta musika jotzeko grina. Zergatik Las Devoras?Parranda bateko kontua da. Bakaikuko Kikerekin hitz egiten geunden eta hitz bat esaterakoan nahasi egin zen. "Virus del ébola" esan beharrean "devora" hitza atera zitzaion eta grazia egin zigun. Devora, devora... esaten hasi ginen eta azkenean izen hori jarri genion taldeari. Nik baxua jotzen dut (Maite), Irunek bateria eta Estibalizek gitarra. Kantatu hirurek egiten dugu. Zein musika estilo duzue gustuko?Denetarik, baina bereziki musika alternatiboa, punka edo rock-punka. Hurto, Astopitoak, RIP, Eskorbuto... Lehenak ez dira oso talde ezagunak baina asko gustatzen zaizkigu. Zuen estiloa ere punk-rocka moduan definitzen duzue?Bueno... gurea nahasiagoa izan daiteke, momentuan ateratzen zaiguna, baina bereziki punkya. Gure musika azkarra da, letrak laburrak dira, indartsuak...Bost kantu inguru sortu ditugu, baina gehienbat beste taldeen bertsioak jotzen ditugu: Hurto, RIP, Astopitoak... Kanta bat sortzea asko kostatzen da?Unearen arabera. Batzuetan azkar, baina beste batzuetan denbora gehiago behar izaten da. Eta letren kasuan berdin. Musika eta letrak denen artean egiten ditugu. Iruneren bajeran dugu lokala, eta ahal dugunean bertan elkartu eta musika jotzen egoten gara. Familiakoek zer diote?Ez dira asko kexatzen. Kontzertuetara etorri dira eta aluzinatuta geratu dira, bereziki gure letrak entzutean. Baina, beno! Beharbada pentsatzen dute taldearena uneko gauza bat dela, denborarekin pasatuko zaigula. Eta hala da? Taldearekin gogoz eta sendo jarraitu nahi duzue edo besterik gabe ongi pasatzea da zuen nahia?Gehienbat ongi pasatzea. Gustura bagaude eta jarraitzen badugu, ongi, eta bestela ez da ezer pasatzen. Momentuz ez dugu diskorik grabatzeko asmorik; kontzertuak ematea proposatzen badigute eta ongi badatorkigu...aurrera! Zein gai edo mezu lantzen dituzue abestietan?Denetarikoak: elizaren kontra gaudenez haren kontrakoak, lana eta etxebizitzaren egoeraren ingurukoak, gai sozialak, polizia, politika... Gai erreibindikatiboak eta letra oso zuzenak dira gureak. Horregatik asko aluzinatuta geratzen dira. Entzuten ditugun talde gehienek gazteleraz jotzen dute, eta guk ere hala kantatzen dugu, ez erdaraz kantatzea nahiago dugulako, horrela hobeto azaltzen garelako baizik. Zenbat kontzertu eman dituzue?Zazpi inguru. Iturmendin, Olaztin, Altsasun, Ziordian, Belzunzen, Iruñean... Ordu bateko emanaldia eskaintzen dugu. Urduri jartzen zarete kontzertuetan?Hasieran bai. Momentu horiek gogorrak dira, lotsa duzulako. Baina gero jotzen zaudela ez da nabaritzen, sentsazio arraroa da, baina gustura ibiltzen gara. Eskenatoki gainetik zer ikusten da? Behean daudenen aurpegiekin geratzen zarete?Aurrean daudenekin beharbada bai, baina zurera zaude, jotzen, kontzentratuta. Nesken musika taldeak oraindik ez dira oso ohikoak. Jendea harritzen dela nabaritzen duzue?Bai, bestela akaso zu ere ez zinen elkarrizketa egiten egongo. Guri ere leku batzuetatik neskak garelako deitu izan gaituzte, eta ez ongi edo gaizki jotzeagatik. Nahiago dugu guregana musika estiloagatik etortzea, ez neskak izateagatik. Herrian zer diote? Kritika positiboak, negatiboak ala konstruktiboak egiten al dizkizuete?Denetarik. Guri berdin zaigu, taldea sortu baino lehen ere kritika asko jaso izan ditugulako gure janzteko edo izateko eragatik. Txikitan ez ginen horrela janzten, baina pixkanaka herri honetan izan ditugun gauzengatik eta gure esperientziengatik bilakaera izan dugu. Iturmendi herri txiki eta tradizionala da, eta gure itxura eta gure kantuen mezuekin asko harritzen dira. Baina taldearekin jarraituko dugu. Maite eta Irune, uda Sorian emango duzue lanean, ez?Bai, bertako hotel batean sukaldari lanetan ari gara. Ea Estibaliz bisita egitera hurbiltzen den... Beraz, udan ez dugu kontzerturik emanen.