Birziklapenean aurrera: sakandarrak konpost egile

Guaixe 2008ko uztailaren 18a

Duela bi aste Sakanako Mankomunitateak etxeko konpostagailuak banatu zizkien Etxeko Konpostajea sustatzeko I. Kanpainako deialdiari erantzun ondoren, bertan parte hartuko duten Sakanako 44 familiei. Egia esan, Mankomunitatearen ekimenak arrakasta itzela izan du. Deialdia egin baino lehen, dagoeneko 45 sakandarrek emana zuten izena programan parte hartzeko, eta deialdia egin ondoren guztira 120 sakandar ziren apuntatuak zeudenak. Baina Mankomunitateak 44 konpostagailu zituen. Hori dela eta, Sakanako Mankomunitateak zozketa bidez banatu behar izan zituen zeuden 44ak. Interesatuek duela bi aste jaso zituzten, konposta nola egiten den irakasteko Mankomunitateak gazteleraz eta euskaraz antolatutako bi hitzalditan. Konpostagailua, aireadorea, gida liburua eta konpost zakuaBi konpostagailu mota izan dira banatu direnak: 420 eta 800 litrokoak. Austrian egindako konpostontziak dira, plastiko birziklatuarekin eginak, Nafarroako Alfeflor enpresak banatzen dituenak. Izena emateko orduan euren beharretara gehien egokitzen zen konpostagailuaren tamaina hautatzeko aukera eman zitzaion jendeari, eta horren arabera egin zen banaketa eta zozketa. Konpostagailuaz eta hitzaldiaz gain, konposta nahasteko gailua edo aireadorea, etxeko konpostajeari buruzko eskuliburua eta prozesua abiatzeko oinarri gisa, Arazuriko araztegian egindako konpost zakua jaso zuten kanpainarekin bat egin dutenek. Ildo horretan, Sakanako Mankomunitateak eskerrak eman dizkio Iruñerriko Mankomunitateari, euren bidez eskuratu baitituzte konpost zakuak eta konpostajeari buruzko eskuliburua, eta Izarbeibarko Mankomunitateko ingurumen arduradun Oscar Rubiori, emandako laguntza guztiagatik. Aipatu programak 5.000 euroko aurrekontua eskatu dio Mankomunitateari. Adolfo Araizek azaldu duenez, Mankomunitateko aurtengo aurrekontuak aztertu eta posible ikusten bada, beste 40-45 konpostagailu gehiago banatuko dira udazkenean, programatik kanpo geratu direnen artean. "Posible bada, urte bukaerarako Sakanan Mankomunitateak banatutako 100 konpostagailu lanean egotea da nahia" zioen Araizek. Mankomunitatea oso pozik dago sakandarrekin, "programari oso ongi erantzun baitiote", eta emaitza onak izatea espero dute. Atxikimendu agiriaMankomunitateak Etxeko Konposta Egiteko Programaren jarraipena eta kontrol zuzena eginen du. Izan ere, konpostagailua jasotzerakoan atxikimendu agiria sinatu zuten programarekin bat egin dutenek. Bertan jasotzen da, besteak beste, konpostontzia euren etxe ondoko lorategi edo baratzean jarriko dutela eta Mankomunitateko teknikariek baimena izango dutela bertara sartzeko, konpostagailuak ongi erabiltzen direla ziurtatzeko. "Konpostagailua erabiltzen ez badute Mankomunitateak konpostontzi hori berreskuratzeko eskubidea du, eta berau kanpainan parte hartu nahi duen beste bati emango zaio" nabarmendu zuen Adolfo Araizek. Pazientzia askokoa, baina aberasgarriaEtxean konposta egiten murgilduko diren 44 sakandarrek trebakuntza hitzaldia jaso zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, Arbonies & Lekunberri Asociados enpresako ingurumeneko teknikari Silviaren eskutik. Silviak lehenik eta behin programarekin bat egin dutenei eskerrak eman zizkien, "ingurumena zaintzeko duten kontzientziagatik". Hasieran pazientzia asko izan behar dutela aipatu zien, baina aurrera begira etxean konposta egitea "oso atsegingarria" dela. "Programa honekin, etxean sortzen ditugun gai organikoak bildu eginen ditugu, konposta egiteko. Sakanan pertsona bakoitzak egunero 1,10 kilo hondakin sortzen ditugu, eta horietatik %45 gai organikoak dira. Beraz, gai organiko hori guztia konposta bilakatzen badugu, zaborra asko gutxitzeaz gain, erabat naturala den abonu bikaina sortuko dugu" laburbildu zuen ingurumen teknikariak. Zer da konpostajea?Gai organikoak naturako zikloetan, etxeko jardueratan (janaria prestatzerakoan, lorategiak kimatzean eta belarra moztean, baratzetan...) eta laneko jardueratan (nekazaritzan eta abeltzaintzan) sortzen dira. Zer da konpostajea? Hondakin edo gai organikoak birziklatzeko teknika, haiek deskonposatu eta gero ongarri bezala erabiltzeko. Horrela, ingurune aerobioan eta modu kontrolatuan, mikroorganismoen lanaren ondorioz hondakin organikoak konpost bihurtzen dira, mineral, nutriente eta mikroorganismo ugari dauzkan substantzian, nekazaritza eta lorezaintzarako ongarri paregabea dena. Hondakin organikoak birziklatzeko konpònbide onena da konpostajea. Konposta egiteak onura besterik ez du ekartzen. Zaborraren kopurua murriztu egiten da; konpostak landareei era naturalean hazteko elikagaiak ematen dizkie; lurzoruak hezetasun gehiago hartzen du, ureztatze ura aurreztuz; eta konpostak oinarri kimikoak ordezkatzen ditu, lurzoruei kalte egiten diena. Konposta egiteko behar diren lan tresnak- Konpostagailua- Konpostagailuan dagoena nahasi edo iraultzeko tresna edo aireadorea, hondarrak haizatu eta nahasteko eta laginak hartzeko. -Aukerakoa: hondakin organikoak biltzeko ontzia, gaiak eta konposta garraiatzeko eskorga, kimatze-hondarrak txikitzeko lorezaintza guraizeak, materiala ureztatzeko ureztontzia, bahea (pasadera), lorezaintzako eskularruak eta birringailua (trituradora, gazteleraz). Ildo honetan, Sakanako Mankomunitateak zenbait birringailu erostea aztertuko du, programako guztiek erabil ditzaten (600 euro inguru balio du birringailu bakoitzak). KONPOSTA SORTZEKO PROZESUAKonposta egiteko beharrezkoak diren gai organikoak bitan sailkatu ditzakegu: material lehorrak (karbonoan aberatsak dira: baratze eta lorategiko hondar marroiak, adarrak eta enborrak, hosto lehorrak, lastoa, paper eta kartoi xehatua, zerrautsa, fruitu lehorren azal xehatuak...) eta material hezeetan (nitrogenoan aberatsak dira: soropila, hosto berdeak, inauste hondarrak, sukaldeko hondarrak...). Bi material mota horiek modu egokian nahasiz gero kalitatezko konposta sortuko dugu. Esaten da hiru zati hondar heze egon behar direla hondar lehor zati bakoitzarengatik. Komenigarria da konpostagailua itzalean izatea. Hasieran, konpostagailuaren oinarrian Mankomunitateak banatutako konposta bota beharko da, konpost honek gure etxeko konposta sortzeko bidean bizkortze lana eginen baitu. Goitik hondakin organikoak botako ditugu (material lehorra eta hezearen kopuruen oreka mantenduz), konpostagailuan dagoena ongi nahasi eta horrela joanen da konposta sortzen. Konpostagailuaren atetxoa beti itxita izango dugu. Prozesuak 6 hilabetetik gora irauten du. Konpostagailuak zulotxoak ditu, airea eta oxigenoa pasatzen uzteko. Izan ere, bildutakoa ez usteltzeko oso inportantea da oxigenoa egotea. Mikroorganismoen lanaKonposta sortzeko bidean mikroorganismoek lan inportantea egiten dute, baina horretaz gain, zizareen eta halako animalien lana inportantea da eta horregatik konpostagailua zuzenean lurraren gainean kokatzen da.. Finean, konpost-ontziaren barruan sartu dugun materia organikoak deskonposizio aerobio geldoa hasten du, oxigenoak eraginik. Oxigenoa zuloetatik sartu eta behetik gorantz doa. Gai organikoen deskonposizioaren eragileak hondakinetan bertan dauden mikroorganismoak dira. Berotasunezko energia sortzen da eta nahastea 70-75 ºC izatera irits daiteke. Habitat espezifikoa sortzen da eta beheko geruzetan zizareak eta goiko geruzetan intsektuak aurkitu ahal izango ditugu. Tenperatura kontrolatzea inportantea da, izan ere konposta sortzeko fasean etapak daude: prestaketa etapan (4 egun inguru irauten du) deskonposizioa eragiten duten mikroorganismoak girora moldatzen dira eta nahastearen tenperatura 50ºra igotzen da. Etapa beroak bi hilabete inguru irauten ditu, eta nahastearen tenperatura 70-75ºra igotzen da eta mikroorganismo termofiloak agertzen dira. Nahastea higienizatzen da, hondakinetan dauden germen patogenoak, protozooak eta haziak hiltzen direlako. Material hezeak azkar deskonposatzen dira, eta horregatik ahalik eta azkarrenen bota behar dira konpostagailura. Aldiz, hondar lehorrak luzaro kontserbatzen dira eta horregatik, gorde ditzakegu eta konpostagailura bota elementu egituratzaileak behar direnean. Prozesuan zehar astean bitan edo konpostagailuan dagoena nahasi behar da, nahastea homogeneizatzeko, ongi aireztatzeko eta tenperaturak berdintzeko. Materiala oso lehorra dagoela ikusiz gero, ura bota edo material heze gehiago bota behar zaio. Oso umela badago, material lehorra botako dugu. Gai bakarreko material asko botatzen badugu (adibidez, soropil asko) guztia ongi nahasi beharko dugu. Konpostontziaren barneko geruza bakoitzak bere erritmoa darama konpost bilakatzeko bidean. Konpost ontziaren oinarritik hurbilen dauden geruzak aurreratuagoak daude goikoak baino.ZER BOTA DAITEKE* Etxetik:-Fruta eta barazki hondarrak, pasta eta arroz egosia.-Arraultza oskolak (kaltzioa eman diezaiokete konpostari. Bota baino lehen xehatu edo txikitu).-Kafe hondarrak eta infusio poltsak (grapa kendu): konpostari egitura ematen diote, testura, konpostak oxigenoa izan dezan, nahasteak oxigenoa ez badu usteltzen baita. -Zerrautsa, egur naturalarena (egur tratatuarena ez, berniza, pintura edo dena delakoa izan dezakeelako). *Lorategi eta baratzatik: -Soropil hondarrak, belar gaiztoak eta abar. -Hostoak, loreak eta kimatze hondar txikiak (bota baino lehen txikitzea komeni da). -Baratzeko uztaren hondarrak. Oharra: busti edo zikinduta dagoen papera eta kartoia bota daiteke, baina lehorra ez, hori edukiontzi urdinera bota. ZER EZ BOTA-Beira, metala, brika-Plastikoak, pilak, bonbillak-Botikak-Pinturak, esmalteak-Gai kimikoak-Paper eta kartoi tinta koloreduna-Zur tratatuaren errautsak-Hauts eta garbiketa hondarrak-Motor olioakHOBE SAIHESTEA -Haragi eta arrain hondarrak, kopuru txikietan (usain asko sor daiteke eta nahi ez ditugun animaliak hurbildu daitezke (xaguak...)-Hezurrak, arrain hezurrak eta itsaski oskolak (ez dira desegiten, eta botaz gero oso txikituta sartu)-Koipeak ala legamiak dituzten produktuak (zanpatu, ito egiten dute eta halako pasta potoloa sortu. Oxigenorik gabe geratu daiteke nahasketa). -Esnekiak (goiko gauza bera). -Animalien gorozkiak edo kakak (txakurrenak ez bota, baina abereenekin probatu daiteke). NOLA DAKIGU KONPOSTA EGINA DAGOELA?Konpost freskoa egiteko (lurren tenperatura aldaketa eta lurren egitura zuzentzeko) 6 hilabete behar direla kalkulatzen da, eta konpost heldua egiteko (ongarria), gutxienez 10 hilabete. Hala ere, normalean denbora gehiago behar izaten da. Konpostaje bizkortzailea erabiltzen badugu denbora gutxiago behar izango dugu. Konpost ontziaren beheko leihotik eskukada bat hartu eta baso usaina antzematen badugu konposta egina dago. Konpostak lur beltza edo marroi iluna izan behar du, hezea. Granulometria uniformea eta homogeneoa izan behar du, ehundura soltea, kolore iluna, lur usain gozoa. Ez da zizarerik egon behar.Lehorra dagoela ikusten badugu gai freskoak bota eta nahasi beharko dugu, edo ura bota, kontu handiz. Hezeegia badago, material lehorra botako dugu. Amoniako usaina badu, belar gehiegi dauka, eta guztia ongi nahasi beharko dugu. Aldiz, ustel usaina badu, oxigeno gutxi dauka eta material lehorra erantsi beharko diogu. Konposta erabili baino lehen, bahetu beharko dugu, pasaderatik pasa, deskonposizio geldoko material batzuk bereizteko (pinaburuak, adarrak, hezurrak...). Material horiek atzera ere konpostagailuan sartuko ditugu. Sortutako konpostaren zati bat nahastean bota daiteke, bizkortzaile gisa aritzeko. OHIKO ARAZOAK: -Materiala trinkotua badago eta usain txarra botatzen badu: behar bada neurriz gorako hezetasuna izanen du edota aireztatu beharko da. Hala bada, material lehorra, egitura emailea, nahasi behar da (zurezko txirbilak, fruitu lehorren azalak, paper zatikatua, pinaburu xehatuak) eta goiko aireztapena irekiko da. Nahastean ez da usteltzerik gertatu behar. -Nahastea ez bada deskonposatzen: litekeena da ia hezetasunik ez egotea edota xehatu ez diren elementu lehorrak egotea. Beraz, hezetasuna erantsiko diogu (hondar berdeak, ura) eta goiko aireztapena ezabatuko dugu. Halaber, konpostaje bizkortzailea erabil dezakegu. -Prozesua geldo badoa, edota deskonposatu beharreko materia organiko gehiegi badago, konpostaje bizkortzaileaerantsiko diogu. KONPOSTAREN ERABILERABi erabilera nagusi ditu konpostak: lurzoruaren egitura zuzentzea eta ongarria. Izan ere, konposta era erregularrean erabiltzeak nabarmen hobetzen du lurzoruaren egitura. Erraz putzutu eta trinkotzen diren lurzoru buztintsuak zuzentzeko erabili daiteke konposta, porotasuna handitu eta ura/airea balantzea hobetzen baitu. Gainera, lurzoru hareatsuak egituratzen laguntzen du eta ura eta nutrienteak lurzoru barneko geruza sakonetara garraiatuak izatea eragozten du. Lurzoru emankorrak mantentzen laguntzen du. Bestalde, konposta oso ongarri ona da nekazaritzarako, eta nutrienteak ingurune naturalera itzultzen ditu. Konpostak beharrezko osagaiak ditu landareak hazi daitezen: nitrogenoa, fosforoa, potasioa, manganesoa, boroa, zinka, kobrea... Gainera, pixkanaka askatzen ditu osagai horiek. Landareen aldetik eskari handia dagoen sasoietan elikagai erreserba handia da konposta. Horretaz gain, petrolioa edo gas naturala bezalako baliabide ez berriztagarriekin fabrikatzen diren ongarri ezorganikoak ordezkatzen ditu edo haien osagarria da. Kontuan hartu behar da ongarri ezorganikoen fabrikazio prozesuak kutsagarriak direla, eta lurzorura azkarregi garraiatu eta lur barneko azpiko geruzetan sartzen direla, akuiferoak kutsatuz. Non eta nola erabili dezakegu konposta: * Baratzean: Gomendagarria da konpost kantitate txikiak udazkenean barna botatzea edo erein eta landatu baino bi hilabete lehenago botatzea. Egokiena da 1-2 cm-ko lodiera duen geruza jartzea (1-3 kg/m2). Beste aukera bat da barazkiak hazten diren garaian lurrarekin nahastutako konposta gehitzea. * Lorategian: Ohe gisa erabili daiteke, ereitean edo birlandaketan, 1kg /m2ko kopuruan. Bestalde, loreen inguruan edozein urtarotan konpost ondua bota daiteke, 2 edo 3 cm-ko geruzan barreiatuta, belar gaiztoak hil eta hezetasunari eusteko. * Soropilean: Lehendabiziko ereiterako, gomendagarria da 3-5 kg/m2ko konpost geruza osatzea, lurrarekin 15 cm-ko sakoneran nahasteko. Udaberri-udan konpost gehiago botako dugu, 1kg /m2, mantentzerako. Errotutako soropilak ongarritzeko, belar gainean geruza fina barreiatu eta eskuarea azal-azaletik pasatu behar da. * Etxean: Lorontziendako primerako ongarria da konposta. Ureztatzeko konpost tea egiteko: kilo bat konpost 3/4 litro uretan diluitu, oihalezko zaku batean sartuta. Utzi gau osoan beratzen. Eragin eta erabili. INKESTA*Lucas Andueza, LakuntzakoaZengatik sartu zaa saltsa hontan?Birziklatziana interesatzen dakit. Baatzeko hondar guziyek botatzen ttut ubelde bazterria ta holako tokitee, ezpondaa... banekan gogue holakuat uitzeko...Nola entiatu zinen?Eztekit pa... Segurasko emaztiek nonbeitte aittuko zuben, esan zitten eta hola enteratu nintzen. Goguek hasteko?Bai ba! Bota bierrien esan dizuten tokitee, botako ttut onutze, itxeko gozekin nasiko ttut eta iye nola ataatzen den. Proba txiki bet eingo duu...*Santi Agirre. IturmendikoaZergatik sartu zara saltsa honetan?Betidanik interesatu zait. Etxean eta sobratzen ziren gauza guztiak bazter batean utzi izan ditut beti, eta denborarekin bere kabuz handik irteten zen lurra erabili izan dut, baratzean eta botatzeko. Ez dakit zerbait egiten zuen, baina...Nola enteratu zinen kanpainaz?Guaixen irakurri nuen. Gogoekin hasteko?Bai, noski. Zaborra eta aprobetxatzeko... betidanik izan dut baratza eta konposta eginen dut. * Estibaliz Irigoien, Urdiaingoa (bere ama Maria Irene Irigoien ordezkatzen)Zergatik sartu zara saltsa honetan?Beti izan dugu baratza eta birziklatzeko. Nola enteratu zineten kanpainaz?Aldamenekoak esan zigun, Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak hain zuzen. Gogoekin hasteko?Guk lehenagotik konposta egiten dugu, ontzirik gabe baina beno. Orain ontziarekin erosoago ibiliko gara.