Craig Jones

Guaixe 2008ko uzt. 23a, 00:00

Nongoa zara?Ingalaterrakoa, Manchester ondoko Ziordia moduko herri txiki batekoa, Church Strettonekoa. Noiz zaletu zinen txirrindularitzarekin?Duela urte eta erdi zaletu nintzen. Gogoz entrenatzen duela 5 hilabete hasi nintzen. Orduz geroztik astean 6 egunetan aritzen naiz bizikletan. Zergatik txirrindularitza?Ez dakit zergatik! Duela bi urte Espainiako itzulia eta Frantziako Tourra ikusi nituen eta asko gustatu zitzaizkidan. Egin nahi nuen. Gazteago nintzela mendiak gogoko nituen. Txirrindularitzaren aurretik mendi lasterketak egiten nituen Ingalaterran. Igotzea asko gustatzen zait. Aurretik ez zenuen inolako loturarik txirrindularitzarekin?Ez. Hemen diote erotuta nagoela, profesionala edo amateur ona izan nahi dudalako. Hemen txikitan hasten dira, oso gazte direnean. Jorge Azanza 8 urterekin hasi zen txirrindularitzan. Nik asko entrenatu dut eta bost hileko prestaketarako sasoiko nagoela uste dut. Hankak ongi ditut. Eta lehiaketa? Ez dut zorterik izan. Bi lasterketetan parte hartu dut eta bitan erori naiz. Elgetan oso bustia zegoen errepidea eta tropeleko txirrindulari asko erori ginen. Murgian eskutokia erditik hautsi zitzaidalako erori nintzen. Baina, ea zer gertatzen den, asteburuan beste proba bat dut Baionan. Dena den, mendia tropelean oso zaila da hemen. Oso azkar doaz hemen. Ingalaterran baino maila askoz ere altuagoa dago hemen, ziur. Talderen batekin zabiltza?Ez. Talde bat bilatu beharra dut. Zaila da, baina Rural Kutxak laguntza ematen dit. Zerbait behar badut ematen didate. Jatorrak dira. Baina nik talde bat behar dut, talderik gabe zailak dira lasterketak. Independente gisa, gaizki, ezta?Bai, jakina. Zein arlotan moldatzen zara hobekien?Zelaia ez zait gustatzen, ez tropelean ezta entrenatzen. Igotzea maite dut. Txirrindulari erabaki eta gero, nola bukatu duzu Ziordian?Nire anaiak hemen bizi den neska bat ezagutzen du. Anaiari eskatu nion bere lagunari galdetzeko ea han bizi nintekeen. Nik banekien hemen txirrindularitza oso ederra dela. Euskal Herrikoak txirrindularitzarako agian munduko onenak dira. Mendi asko dago. Banekien hemen Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko txirrindulari profesionala bizi zela eta bera ezagutu nahi nuen. Hona etorri eta probatu nahi nuen mendian. Ingalaterran baino maila handiagoan. Han lasterketak ez dira errazak, baina bai hemen baino pixka bat errazagoak. Noiztik zaude Ziordian?Duela 3 hilabete. Orain ez dut diru handirik. Lana opatu edo ikasi beharra dut. Badut beka bat, irailean Kanadara ikastera joateko. Nik uste irailera arte egonen naizela Ziordian. Hemen bizi nahi dut, baina agian orain ezinezkoa da, laukorik ez dudalako eta beka dudalako. Behar bada atera beharko dut, baina itzuliko naiz. Gustura nago. Kanadan ere entrenatu dezakezu, ezta?Bai. Nire plana ikastea eta egunero bizikletan ibiltzea da. Garrantzitsuena ibiltzea da. Asteburuetan lasterketetan parte hartuko dut, nire garapena ikusteko. Egunero entrenatuko dut. Ziurrenik iritsi eta aurreneko egunean entrenatu eginen dut, ziur. Zer moduz Ziordian?Oso ongi. Jende jatorra da, zoriontsua. Nire herrialdearekin oso ezberdina da. Jendea kalean dago, hitz egiten da. Iritsi nintzenean eguraldi txarra egin zuen hilabetez, baina orain hobe dago. Rural Kutxakoek eta Azanzak aholkuak ematen dizkizute?Bai, asko lagundu didate. Bereziki Azanzak. Entrenamendu plan bat eman dit, nire prestaketarako, bihotz erritmoekin eta. Osasunari eta elikadurari buruzko argibide guztiak eman dizkit. Eta Rural Kutxakoek ere. Jatorrak dira. Egunero ordu mordoa entrenatzen duzu!Gaur, esaterako, 5 orduko lan saioa dut, 3 porturekin. Astean bitan 5 orduz aritzen naiz. Hiruzpalau egunez 3 orduz aritzen naiz eta egun bakarrean, 2 orduz, atsedenerako eguna denean. Zein ibilbide egiten dituzu?Urbasa, Opakua, Lizarraga, San Migel. Beasainera. Gipuzkoa pixka bat. Gasteizera ere. Denetarik. Orain arte egindako lanarekin gustura zaude?Oso pozik nago. Bizimodu hau gogoko dut. Aurrerapenak ikusten dituzu?Gero eta indartsuago ikusten dut neure burua. Ongi egon nahi dut, talderen batek ni begiz jotzeko. Baina horren aurretik egiteko asko dut. 23 urtez azpiko lasterketetan independente gisa parte hartzen du. Aurretik tropel batean parte hartu zenuen?Bai, aldea dago entrenatzearen eta tropelean ibiltzearen aldean. Ingalaterran 3 lasterketetan parte hartu nuen. Haietako batean zulaketa izan nuen eta ezin izan nuen bukatu, ez baitago laguntzarako autorik. 2 proba bukatu nituen. Han tropela hemen baino pixka bat motelago doa. Eta, azkenik, zeinek irabaziko du Tourra?Nire aukera Cadel Evans da. Ez dut uste Frank Schleckek irabazi ahalko duenik, erlojuaren kontra ez delako moldatzen.