Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Elkartea 1994. urtean sortu zenetik urteak joan dira. Bierrik elkartearen egitura gero eta handiagoa da eta autofinantzazio maila handitzeko gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu. Horiek horrela, Bierrik elkarteko bazkideek 2007ko Batzar Orokorrean fundazio bihurtzea erabaki zuten kudeaketa hobetu ahal izateko. 2008. urtean zehar Bierrik elkartea fundazio bilakatzeko prestakuntza lanetan aritu da buru-belarri. 2009. urtetik aurrera, Bierrik fundazioa abian jarriko da.Elkarteko batzarrak jarritako irizpideei jarraituz Bierrik Fundazioak honako ezaugarriak izanen ditu: - Onura publikoko eta helburu orokorreko entitatea da. - Izaera partikular eta pribatua du.- Fundazioak nortasun juridiko independentea eta ondare propioa du. - Gaitasun juridiko osoa eta jarduteko ahalmen guztia du.- Fundazioak ongintza izaera du eta, beraz, irabazi asmorik gabekoa da.Fundazioaren helburuakBierrik Fundazioaren helburuak eta elkartearenak berak dira: euskal hizkuntzaren garapenaren eta zabalkundearen alde eta euskararen normalizazio sozialaren defentsan lan eginen du, eta, horretarako, euskarazko herri-komunikabideak sortu eta sustengatuko ditu Sakanan. Euskal hizkuntza eta kulturaren defentsa eta sustapena bilatuko duten proiektuak sustatu eta lagunduko ditu. Horiek horrela, euskarazko kultur produkzioak bultzatuko ditu, bereziki multimedia arloetan.BazkideakZergatik erabaki du batzarrak fundazioaren alde egitea? Labur esanda: abantailak ikusi dizkiotelako egitura berriari, antzeko beste egitasmoek dagoeneko probatuak dituztenak. Hala, fundazioaren egiturak onura fiskalak ekarriko dizkie fundazioari, diru ekarpenak egiten dizkieten norbanakoei zein entitateei. Orain arte elkarteko bazkideak zirenek helburuak betetzeko kuota ordaintzen zuten eta kitto. Hemendik aurrera, diru ekarpenak Bierrik-en proiektua indartzeaz aparte laguntzaileendako onurak ere izanen ditu. Alde horretatik, abantailak nabariak dira.Orain arte Bierrik Elkarteko bazkide izan direnek fundazioko laguntzaile izaten jarraituko dute, kontrakorik ez badute esaten behintzat. Laguntzaile horiek identifikazio txartel bana izanen dute eta fundazioaren asmoa da txartel horren bidez fundazioko laguntzaileek ere hainbat onura eskuratzea. Horren berri aurrerago emanen du fundazioak. Bazkideen batzarrean sortutako kezketako bat izan zen egitura berriarekin bazkideen erabaki ahalmena mugatu egiten dela. Hori dela eta, fundazioko laguntzaileek patronatuarekin zuzeneko harremana izateko bitartekoak jarriko direla erabaki zuen batzarrak. Hori guztia bideratzeko, ziurrenik, teknologia berrietan oinarrituko da patronatua. Fundazioaren antolaketaFundazioaren gobernurako organoa Patronatua da. Hura da, hain zuzen, fundazioaren aginte, kudeatze eta ordezkaritza organo gorena. Patronatuaren kargu guztiak konfiantzakoak eta doanekoak dira. Bierrik fundazioa abiarazi duen patronatua haren sortze-egintzan osatu da, bost kide fundatzailerekin.Patronatuko kideak honakoak dira: Iñaki Mundiñano Larraza. (Lehendakaria). Etxarriarra. Nafarroako Gobernuko Euskararen Baliabide Zentroko irakaslea. Orain arte Bierrik elkarteko lehendakaria izandakoa. Eneka Maiz Ulaiar. (Lehendakariordea). Etxarriarra. Nafarroako Gobernuko euskara teknikaria eszedentzian. Egun, Andra Mari ikastola antolatzen ari den Nafarroa Oinezen koordinatzailea. Bierrik elkartearekin harreman estua izan du sorreratik eta Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen garai batean.Izaskun Etxeberria Zufiaurre. (Idazkaria). Altsasuarra. Iruñeko Jaso ikastolako irakaslea. Guaixeko kolaboratzailea.Rafa Blanco Arbe (Diruzaina). Kasedarra. Zangozako Sierra de Leire Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakaslea. Bierriken sorrera eta bilakaera gertutik lagundu dituen euskaltzalea. Guaixeko kolaboratzailea.Idoia Goikoetxea Gómez. (Bokala). Altsasuarra. Altsasuko berdintasunerako teknikaria eszedentzian. Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuko ikerketen arduraduna egun. Bierrikeko bazkidea.