Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
-Noiz erabaki zenuen azafata izan nahi zenuela?Egia esan, ez dakit zergatik baina txikitatik oso argi neukan azafata izan nahi nuela. Amak betidanik esan izan dit txikitan jolasten nuenenean azafata nintzela esaten nuela. Ez dakit nondik sortu zitzaidan grina; halako herri txiki batean ez nuen azafata ez piloturik ezagutzen baina filmen batean edo ikusiko nuen eta horregatik izango da. Orain konturatu naiz bidaiatzea asko gustatzen zaidala eta agian horregatik izan daiteke. -Eta zer egin behar izan duzu zauden tokira iristeko?Hegazkineko azafata izateko ez da beharrezkoa Turismo ikasketak izatea baina nik hori ikasi dut. Hori bukatuta Ziordiko Iturrimurrin egon nintzen hilabete batzuetan eta jarraian AEBra joan nintzen ingelesa ongi ikastera. Bueltatu nintzenean Iruñean Air Nostrumen jendea behar zutela jakin nuen, izena eman eta hartu egin ninduten.Hegazkin konpainiak sartu aurretik haiek ematen duten ikastaro berezi batean parte hartzea derrigorrezkoa da eta ikastaro honen bidez hegazkin jakin batean lan egiteko ziurtagiri bat ematen dizute.-Zer ikasten duzue horrelako ikastaro berezietan?Hegazkinaren ezaugarri guztiak. Hegazkina goitik behera ezagutu behar dugu. Larrialdi irteerak, materialak, extintoreak, kaputxak eta halakoak non dauden..., larrialdi egoeretan zer egin,..Bestalde, alde komertziala ikasi behar dugu. Zein den eman behar dugun zerbitzua, bidaiarienganako arreta, jantzita nola joan,..-Zenbat denbora daramazu lan honetan?10 urte. 1998ko martxoan hasi nintzen eta hiru konpainiatan egon naiz lanean. Air Nostrumen, Air Plusen eta gaur egun Iberian.-Eta 10 urte hauetan hainbat hegazkin ezagutu, 11 herrialde bisitatu.....Bai. Air Nostrumen nengoenean "Foker 5"-ean bidaiatzen nuen. Air Plus konpainian berriz, "Air Bus 310"-arekin lan egin nuen eta Iberian "Mac Douglas" 87eta 88a eta gaur egun 319, 320 eta 321. Herrialdeei dagokienez, leku askotan izan naiz eta ahaztu egiten zaizkit askotan. Europa ia osoan, Afrika zerbait, Asian Tel Aviv-en, Ameriketako leku askotan...-Behin helmugara iritsita hiria ezagutzeko aukerarik izaten duzue? Batzuetan ez. Iritsi eta berehala beste hegaldi bat daukagulako baina beste batzuetan bai.Behin iritsita nik buelta bat ematea gustuko dut. Bestela beti hoteletik hegazkinera eta alderantziz ibiltzen gara eta pixka bat deskonektatzeko eta hankak luzatzeko buelta bat ematea komenigarria izaten da. -Nolakoa izaten da zuen lanaldia?Iberiaren konbenioaren arabera hilabetean 85 ordu egin behar ditut hegan . Gero horretaz gain eskala orduak.. etab daude. Horregatik hilabete hasieran gure lanaldiak programatzen dituzte. Egun batean adibidez 6 ordu lan egiten dugu baina hurrengoan 12 ordu.Abiazio Zibiletik arau batzuk dauzkagu eta hauek derrigorrez bete behar dira bestela gure lizentzia kentzen digute. Adibidez, 11 ordu hegan egiten baditut, beste 11 ordutan atseden hartu behar dut. Egun batetik bestera 10 ordu eta erdiko atsedena izan behar dut. Horregatik askotan hegazkinetan atzerapenak izaten direnean, tripulazioa aldatu behar da. Sinatu dudan orduaren arabera eta egin ditudan saltoen arabera lan-jardun bat izango dut eta ezin naiz pasatu. Lanera iristen garenean guk sinatu egiten dugu eta gure lan jarduna kontatzen hasten da. Hegazkina atera ez arren kontatzen jarraitzen du eta horregatik askotan gure lan-jarduna bukatu da eta ezin dugu hegazkin bat hartu. Hori da jendeak ulertzen ez duena. Kazetariei askotan entzun izan diegu "lo egitera joaten garela" baina hori ez da hala izaten. Gure orduak amaitzen badira ezin dugu hegazkin bat hartu bestela lizentzia kenduko ligukete.-Zeintzuk dira zuen lan baldintzak?Gaur egun, leku guztietan bezala estutzen saiatzen dira baina ezin gara kexatu. Aurten konbenioa sinatu beharko dugu eta iritsiko dira gure gorabeherak. Iberiako konbenioa Espainiar Estatuan onena da baina momentua iristen denean gure borroka izango dugu. Jubilazioari dagokionean 60 urterekin jubilatzen gara eta egia esan, ni ez naiz kexatzen. -Zer moduz daramazu etxetik kanpo egotearena?Air Plusen nengoenean denbora asko egoten nintzen etxetik kanpo. Baina gaur egun 4 egun baino gehiago ez dut ematen beraz oso ongi. Nire bidaiak oso onak dira eta oso ongi nago. Jai egunetan lan egitea adibidez, hasieran oso gogorra egiten zitzaidan baina ohitu egin naiz dagoeneko. Adibidez orain dela 2 urte, urte zahar gaua Erroman pasa behar izan nuen... eta halakoak mila.-Urte hauetan guztietan izan duzu ustekabe edo anekdotaren bat?Behin, hegazkineko mando guztiak mugitzen dituen hidraulikorik gabe gelditu ginen eta nahiko larri ibili ginen. Zorionez azkenean ez zen ezer gertatu. Azken egun hauetan Barajasen izan diren iskanbilak dela eta bitxikeria bat gertatu zaigu. Hegazkinera igotzen zaren aldiro txekeatu egin behar da baina gauza batzuk hegazkina martxan jarri arte ezin dira txekeatu. Azken momentuan pilotu bat piztu zen eta bueltatu behar izan ginen. Momentu horretan 9 bidaiari jaitsi egin ziren oso beldurtuta zeudelako.-Zer da lanbide honen onena eta txarrena?Onena: bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea. Txarrena atzerapenak eta egoera deserosoak gertatzen direnean.-Azken egun hauetan bolo-bolo egon dira Barajaseko gertaerak. Zein da zure iritzia?Aireportuko aire-kontrolatzaileak haien mobilizazioak egiten ari dira eta 3 pista ireki zituzten bakarrik. Bestalde, gaur egun pilotuek haien konbenioa zehatz mehatz betetzen dute eta ez dute inolako kontzesiorik egiten; hau da orain arteko mesedeak ez dituzte egiten. Eta azkenik, elurtea zela eta aireportua itxita egon zen 6 orduz. Hiru gertaera hauek izan ziren Barajaseko kaosaren aurrekariak. Egia esan, argi dago Barajas ez dagoelako halako elurte bati aurre egiteko prest. Ez zegoen elurra kentzeko makinarik eta 6 ordu eta gero pista bakar bat ireki ahal izan zuten. Nire ustetan lotsagarria izan da. Niri hori gertatu eta bi egunetara joatea tokatu zitzaidan eta jendea erreta zegoen. Egia esan lurreko gure lankideek dute meritu handiena: ilara luzeak, jendearen haserrea,..