Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
ARBIZUEraikitako industri poligonoakIndustrialde bakarra du Arbizuk: Utzubargo industrialdea. 80.000 metro karratuko azalera zuen orain lau urtera arte. Hura beteta zegoela ikusita, 2006an herri aldera handitzea erabaki zuten. Bi fasetan egin dituzte industrialdea handitzeko lanak. "Udalak lurrak erosi eta lehen fasea bultzatu zuen. Obra egin eta ikusita partzelak ongi saltzen ari zirela, bigarren fasea egitera animatu ginen" azaldu zigun herriko alkate Jesus Mari Mendinuetak. 40.000 metro karratutan zabaldu zuten lehen fasean eta 60.000 metro karratutan bigarrenean. Horrela, 180.000 metro karratu inguruko industrialdea du gaur egun Arbizuk, dena ere publikoa. 15.000 metro karratu neto saltzeko daude. Industria lurra bai, baina ez edonolakoa: publikoa eta fasekaJesus Mari Mendinuetak esandakoaren arabera, "beharrezkoa da udalek industria lur erabilgarria edukitzea, etxeak eraikitzeko lurra behar den bezala. Edozein unetan irits daiteke eskaintza on bat eta horiek ezin dira alferrik galdu " azaldu zuen. Baina behar hori ikusta ere, Arbizuko Udalak argi du industrialdea ezin dela edonolakoa izan. "3 aukera ditu udalak: industrialde publikoa, pribatua edo udalez gaindikoa, Zangitu bezala. Arbizuko Udalak industrialde publikoaren alde egiten du. Horrela udalak du bertara etorriko den enpresen kontrola, bertan sortuko diren lanpostu motena, etab" azaldu zuen. "Udalez gaindikoetan eskumen guztiak galtzen ditu udalak: ez du kontrolatzen zer egin behar den, ez nola, ez nor etortzen den, ezta zer eginen duen" gaineratu zuen. Arbizuko Udalak defendatzen du industrialdea udalak kudeatu ahal izateko modukoa izan behar dela eta horretarako neurri orekatua izan behar du. Etxebizitzendako urbanizazioekin konparatu zuen Jesus Marik: "ez da inoren buruan sartzen 10.000 etxe egiteko urbanizazioa egitea. 20 etxerendako lekua egin eta hori betetakoan beste 20rendako. Industrialdeak ere faseka egin behar dira. Ez du zentzurik demandarik gabe eremu izugarriak urbanizatzeak". Jesus Mari Mendinuetak industrialde publikoak egitera animatu zituen Sakanako Udalak. Zerbitzuak industrialde erraldoi batean zentralizatu beharrean, herri bakoitzak eduki dezala bere industrialde txikia, kontrolatzeko modukoa. Poligono proiektuakArbizuko Udalak Hirigintza Plana berritzeari ekinen dio aurten. Industria lurrena izanen da aztertu beharreko gaietako bat. "Gaur gaurkoan udalak 15.000 metro karratu neto ditugu saltzeko. Baina, aurrera begira, litekeena da Utzubar ondoko udalaren eremu bat industria lur izendatzea. Aukerak aztertuko ditugu eta erabakiko dugu zer egin" adierazi zuen Jesus Marik. "Horretarako ikusi beharko litzateke zein den beste herrien egoera" gaineratu zuen. ERGOIENAEraikitako industri poligonoak: -Zein da bere izena: Ronki-Zaldikozubi.-Poligonoaren titularitatea edo jabetza: Pribatua. -Kapazitatea: 24.000 metro karratu-Beteta dago ala partzelak gelditzen dira: Beteta.Industrialde egitasmoak: Ergoienako udalak beharrezkoa ikusten du Ergoienan industrialde berria egitea, besteak beste bertako enpresa gizonek euren pabilioiak eta beste bertan jartzeko interesa erakutsi baitute sarritan. "Batzuk Arbizura jo behar izan dute pabilioia jartzera, hemen lursailik ez dagoelako. Industri poligonoak beharrezkoak dira, Ergoienako jendea bertan geratzeko eta kanpoko jendea erakartzeko ere" diote Ergoienako udalean. Egun Ergoienako udala hirigintza plan berria izango dena zehazten ari da, eta bertan Utzubar inguruko 500.000 metro karratuetan hiru industri gune eta bi abeltzaintza poligono jasotzea aurreikusten da. Egitasmo horrek Unanu, Dorrao eta Lizarragako hiru herriak ukitzen ditu, eta hortaz, poligonoko jabetza hiru herriena izango litzateke. Ergoienako udalak hirigintza plan berriko proposamena zehazten duenean, erabakia Nafarroako Gobernura igorri beharko dute azken honen oniritzia jasotzeko. Nafarroako Gobernuak ez badu baimentzen ezingo da industrialde eta abeltzantza poligonoen egitasmoa aurrera eraman, eta erantzuna zein izango den ez dute argi Ergoienan. Beldur dira Nafarroako Gobernuak ez duela baimena emango eta traba asko jarriko dizkiela, Urdiain-Altsasu industrigunearen aldeko apustua egin baitu Gobernuak. "Seguruenik ingurumena zaindu behar dela eta beste oinarrituta atzera bota dezakete gure egitasmoa, beste tokietan horrenbeste zaintzen ez dutenean" diote Ergoienan. Gobernuaren baimena jasotzen badute, ordea, hirigintza plan berria onartzen dutenean hasiko lirateke aipatu poligonoak lantzen. ETXARRI ARANATZEraikitako industri poligonoak: Etxarri Aranatzen hiru dira eraikitako poligonoak: -Utzubar industrialdea: 45.000 metro karratukoa, jabetza edo titularitatea Udalarena da. Beteta dago, hots, lurzati guztiak salduta daude. -Zumurdiñeta I: 135.000 metro karratukoa, titularitatea Udalarena da. Lurzati guztiak salduta daude, baina bi lurzatietan oraindik ez dago jarduera industrialik. -Arangorrieta: 23.230 metro karratukoa, titularitatea Udalarena da. Lurzati guztiak salduta daude. Industrialde egitasmoak: Industri gune berria egiteko asmoa du Etxarri Aranazko Udalak, eta Zumurdiñeta II izena hartuko du egitasmoak. Zumurdiñeta I industrialdearen aurrez-aurre eraikiko da. 2006. Eta 2007. urteetan desjabetzeak egin ziren, eta aurten proiektua eta lehen fasea eginen da. Industrigune berriak 81.351,05 metro karratuko azalera izanen du, eta titularra, gainontzekoetan bezala, Etxarri Aranazko Udala izanen da. "Industrigune berria egitearen arrazoi nagusia herritarrendako enplegua sortzea da, eta horretarako, haien beharren araberako enpresak ekartzea lortzea" dio Etxarri Aranazko Udalak. BAKAIKUEraikitako industri poligonoak: -Zein da bere izena: Bakaikuko Industrialdea.-Poligonoaren titularitatea edo jabetza: Udalarena eta pribatua. 19.200 metro karratu enpresa pribatuenak dira, bere garaian udalak lur eremu hori saldu zielako, eta 21.936 metro karratu udalarenak dira, oraindik saldu gabe eta garatu gabe dagoena. -Beteta dago ala partzelak gelditzen dira: Udalaren jabetzako 21.936 metro karratuak daude libre, baina garatu gabe eta urbanizatu gabe. Industrialde egitasmoak: Momentuz ez. Hirigintza planean lur industriala bezala Bakaikuko industrialdeko aipatu 21.936 metro karratuak daude jasota, baina momentuz ez dago aurreikusia bertan partzelak markatzea eta eremu hori urbanizatzea. Geldirik dago kontua. ITURMENDIIndustriarik ez du Burundako herriak. Badira zenbait jarduera ekonomiko bere pabilioiak herrian dituztenak. Horiek Pilareko ermitarako bidean, herriaren iparraldean, kokatzen dira. Iturmendiko Udaletik jakinarazi digutenez industrialdeen inguruan aurreikusten den bakarra ekimen pribatuaren eskutik dator. Sustatzaile horrek, Errondogainek (Construcciones Arreguik), izen bereko dermioan industrialdea aurreikusi du. Hau da, hilerriaren ondoko lurretan, autobiarako sarbidea bertan duela. Enpresa sustatzailetik esan digutenez, industrialdea egiteko 60.778 metro karratuko eremuan lan eginen dute. Hala ere, industrialdea ez da berehala eginen, gaur egun birpartzelazio fasean baitago.