Mikel Nazabal Ulaiar

Guaixe 2009ko otsailaren 19a

Ihoteak ospakizun bereziak dira? Bai, pentsa urteko garai horretan, neguan, ez dagoela beste festarik. Gainera, asko luzatzen dira. Ohartu Etxarrin adibidez, ia hilabete egiten dutela ihoteak ospatzen. Hortik atera kontuak zein garrantzitsuak ziren ihoteak. Urteak daramatzazu Sakanako ihoteen testigantza argazki edo bideotan jasotzen. Zerk eraman zintuen lan hori hartzera?Beti izan dut argazkilaritzaren zaletasuna. Bide horretatik, mendi edo paisaien argazkiak ateratzen nituen bezala, ihoteen argazkiak ateratzen hasi nintzen. Hura izan zen hasiera. Urtetan bildutako informazio horrekin Sakanako ihoteak lanaren hiru bertsio egin dituzu. Zergatik ?1997an atera nuen lehen lana ordura arte ateratako argazkiekin. Diaporama zen, diapositibak ahotsa eta musikarekin. Baina, urteak aurrera egin ahala, zenbait herritan ohiturak berreskuratzen joan ziren. Horregatik, 2001an berritu egin nuen lana, Irañeta, Uharte Arakil eta Bakaikuko inauteriei buruzko irudiak eta informazioa gehituz. Orain, Sakanako ihoteak lanaren 3. bertsioa atera berri du. Oraingorako dijitalizatu egin ditut argazki denak, eta zenbait bideo gehitu ditut. Zer jaso duzu azken lan honetan?Bideoak 35 minutu irauten ditu. Aurkezpenean ihoteen nondik norakoak aipatzen dira, zer diren, noiztik ospatzen diren eta abar. Ondoren, Irurtzundik Olaztiraino, herri inauteriak mantendu edo berreskuratu dituzten herrietako ohituren berri ematen dut. Irurtzun, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu eta Olazti dira bildu ditudanak. Baina argi utzi nahi dut gainerako herrietan ere inauteriak aurrera ateratzeko ahaleginak egiten ari direla eta hori baloratzekoa dela. Egun beretan ospatzen dira herri guztietako ihoteak. Nola egin duzu herri denetako informazioa jasotzeko?Egia esan, horrek asko luzatzen du lana, urtetako lana da. Hartu zerrenda, jakin zer dagoen zein herritan eta planifikatu. Oroitzen naiz behin, Lakuntzan argazkiak atera eta gero Arbizura nindoala, Foruzainek geratu zidaten. Autoko faro bat fundituta nuen, baina kontatu nien Arbizun argazki bat atera beharra nuela eta joaten utzi zidaten. Eskerrak, bestela hurrengo urtera arte ezin argazkia atera. Eta horrelakoak mila. Sakanakoak izanda ere, ez ditugu herri guztietako ohiturak ezagutzen. Emanen diguzu horien berri?Proiekzioan bezala, Irurtzundik hasita, herriko zaharrek diote hemen ez zutela pertsonaia berezirik. Horregatik kanpoko pertsonaiak hartu dituzte: Lanzeko Txatxo... Ihabarren bai, hor dauzkagu Aita zarko, Landarra eta Ninia. Badaude beste pertsonaje batzuk, baina horiek dira nagusiak. Aita zarko trapu zaharrez egindako panpina bat da. Landarra, berriz, andere bat da eta, haurra bailitzan, Ninia darama besotan, trapuz inguratutako egur zati bat. Moxorroz jantzita, herriko gazteek batetik bestera daramate Aita Zarko eta hari eta Niniari joka ibiltzen dira. Landarra, berriz, erdi negarrez doa Ninia kentzen diotelako. Amaieran su ematen diote Aita Zarkori eta Niniari. Antzerki modukoa da, oso polita. Hori bai, ongi prestatuta joan behar da. Argazkiak ateratzera joandako batean, karrika behi kakaz betea zegoen. Euria egin zuen eta busti-bustita zegoen. Han ibili ziren Moxorroak eskobak kakan busti eta, zast!, jendeari botatzen eta haiekin jotzen. Irañetan Aitton Zarko da protagonista, arropa zaharrekin prestatutako beste muñeko bat. Gurdi batean eramaten dute batetik bestera eta amaieran su ematen diote. Tripotxak jatea izaten dute ohitura eta amaitzean etxeko ateetan ezpel orriak jartzea. Uharte Arakilen ere antzerki baten modukoa egiten dute. Nekazariak ateratzen dira eta herriari buelta ematen diote. Sorginak ere ez dira falta. Pertsonaia garrantzitsuena Ninia da. Makila luze baten puntan eramaten dute herri guztian zehar eta bukatzeko erre egiten dute. Arbizura joanda, Aittuna Handia eta Amiña Txikia ditugu protagonistak. Horiek ere panpina batzuk dira eta sua ematen diete. Kale Nagusian, kalearen alde batetik bestera soka lodi bat jarri, bertan zintzilikatu eta, ganboikotik, batetik bestera mugitzen dituzte sutan daudela. Beti ere polita izaten da, baina iaz are gehiago, herria argirik gabe geratu zelako. Inpresio handiagoa eman zuen. Unanukoak jende gehienak ezagutuko ditu. Katola da bertako pertsonaien, moxorroen berezitasuna. Burnizko karetak dira eta 6-8 baino ez daude. Ez dituzte berritzen, lehengoak mantentzen dituzte. Muttua da beste pertsonaia bat eta, Moxorroa ez bezala, Muttua zintzarririk gabe ateratzen da. Zintzarriak leku askotan erabiltzen dira, Ihabarren adibidez. Eta zalantzarik ez, jotzea da Unanuko inauterien beste ezaugarri bat. Mozorrotu gabeei jotzen diete batez ere. Baina mozorrotuta joanda ere, Moxorroek badakite nortzuk ez diren herrikoak. Jende gazteari eta, agian, neskei laster egin arazten diete gehiago. Hortik Etxarri Aranatzera. Astearte-ihotea baina hiru ostegun lehenago hasten dira hemen ospakizunak, Andrekunde, Gizakunde eta Garikunderekin. Hortik atera kontuak zein garrantzitsuak ziren ihoteak. Txatarres jantzita ateratzen dira egun horietan. Igandean zaldun-ihote izaten da, gazteen eguna. Eta gero kintoena asteartean. Bereziak dira Etxarriko kintoek jartzen dituzten txanoak, konikoak eta koloreko zintez estaliak. Ez dira Sakanako beste herrietan ikusten. Bakaikun Kamarroak ateratzen dira. Batzuek idi gurdia eta goldearekin buelta ematen dute eta beste batzuek sukautsa botatzen dute ereiten joango balira bezala. Goldeari buelta ematean izaten dira komeriak. Behin belardi batean sartu ziren Kamarroak eta belarra itzultzen hasi ziren. Urdiaingoak Sakanako ihote zaharrenetakoak dira, Unanukoekin batera. Gerrate garaian ez ziren galdu. Beste herri batzuetan bezala lehen luze irauten zuten ihoteek, baina gaur egun astearte-ihotean eta aurreko asteburuan izaten dira. Momoxorroak dira hemengo protagonistak, baina ez dira Altsasukoak bezalakoak. Janzkera aldetik ez dute zerikusirik. Haurrek abestu egiten diete zirikatzen. Beste pertsonaia batek, Mantagunak, zaku zahar bat darama gainetik eta aurpegia estaltzeko zerbait eta, noski, makila jotzeko. Ederki jo ere! Botin altuekin joan behar. Lastaro zaharra izeneko bat ere badago. Izenak dioen bezala lastoz beteta doa eta bizkarrean ardi larrua darama eta buruan txano luze bat zintekin. Badirudi lehengo pertsonaia zahar bat dela, baina gaur egun ez dela ateratzen. Urdiain utzita Altsasun sartuko ginateke. Beste herri batzuetan ongarria edo sua erabiltzen diren bezala, hemen odolaren erabilera da berezitasuna. Beste herrietan ikusten ez den zerbait da eta, egia esan, Momoxorroak aurpegi eta besoak odolaren kolore biziz hondatzen ikustea ikusgarria da. Ardi larrua darama soinean eta aurpegia tapatzeko, ipurukoa, idiak lotzeko kopetan jartzen zitzaiena. Buruan, berriz, esporta eta idien adarrak. Momoxorroak, sardea eskuan, jendearen atzetik lasterka, joka eta odolez zikintzen joaten dira. Desfile bat balitz bezala, herrian buelta ematen dute eta geldialdietan dantzatu egiten dute. Horiekin batera joaten dira sorginak eta akerra. Sorginek ez dute bakean uzten akerra, kolpeka ibiltzen dute. Herriaren alde zaharrean giro berezia sortzen dute haien oihuek. Badira beste pertsonaia batzuk ere, Maskaritak, Goldea, Idi parea, Juan tranposo, Ezkontzakoak... Herriari buelta eman eta herriko plazan despeditzen da festa, Momoxorroen dantzarekin. Olaztin orain dela urte batzuk berreskuratu dute Mari Arrokaren segizioa. Polita da, berezia. Iluntzen, suziri artean, gurdi batean ekartzen dute Urbasatik Mari Arroka eta ihoteak heldu direla iragartzen du. Gero Zamar txikiak eta Zamar handiak ateratzen dira, ardi larruak eta faleak soinean eta sardea eskuan dutela. Zamar handiak bi larru daramatza, bat aurrean eta bestea atzean, eta emakumeen gona soinean. Oihal txuri batekin estaltzen dute aurpegia eta buruan zarea daramate adarrekin. Neskak ere ateratzen dira, kapa baten azpian eta aurpegia saskitik zintzilikatzen diren zintekin estalia dutela. Beste berezitasun bat ere badago Olaztin: Ongarriz betetako gurdi batekin ateratzen ziren Zamarrak. Azken urtetan turbak hartu du haren lekua eta hori da jendeari botatzen diotena. Herri batzuetan moldatu egin dira ohiturak eta guztiz errespetagarria da hori. Aipatutako pertsonaiez gain, astearte-ihotean Larderoa, Behizainak, Basozainak eta Ahuntzainak ateratzen ziren puskaren bila. Zenbait elementu herri batean baino gehiagotan errepikatzen dira, baina denek dute haien berezitasuna...Bai. Bada denetan errepikatzen den zerbait, mozorratu eta mozorratu gabeen arteko jolas hori, jarraitzea, jotzea. Ihabarren, Unanun eta Urdiainen kontserbatu da hori hobekien. Herri gehienetako mozorrotan errepikatu egiten dira zenbait elementu: ardi larruak, zakuak, aurpegiko zapi zuriak. Baina badira berezitasunak ere. Esaterako, begira zein kuriosoa: Ihabarren hasi eta Urdiainera arte, makila erabiltzen dute. Altsasun eta Olaztin, berriz, egurrezko sardea. Eta aurpegia tapatzeko zapi zuria erabiltzen da herri gehienetan, baina Unanun katolaz estaltzen dute eta Altsasun, berriz, ipurukoarekin. Burua, berriz, kapelarekin estaltzen da herri gehienetan. Altsasun eta Olazti dira eszepzioak, adardun esportarekin. Bestalde, Ihabartik eta Arbizura arte, ihoteetako protagonistek sutan amaitzen dute. Aranazko beste herrietan eta Burundan ez da surik egiten. Kuriosoa da kointzidentzia geografiko hori. Sakanako ihoteen sekretu guztiak ezagutzeko, zer hobea zure ikus-entzunezkoa ikustea baino. Oraindik ere garaiz gaude, ezta? Bai, Olaztin eta Irurtzunen saio bana eman dut, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuta. Gaur Etxarrin botako dugu, 20:00etan eta Arbizun 22:00etan. Astelehenean, berriz, Urdiainen egonen naiz, Euskara Zerbitzuari esker. Sakanatik kanpo ere askotan eskatzen didate proiekzio hau. Aste honetan, esaterako, 3 saio eman ditut Iruñean. Eskerrak eman nahi dizkiot Sakanako Mankomunitateari horrelako lana egin ondoren erakustea delako saririk handiena. Baita ere eskertu nahi ditut Jose Mari Arakama, testua euskaratzeagatik, Amaia Amilibia ahotsa jartzeagatik, eta Haize Berriak banda, musika jartzeagatik. Hemendik urte batzuetara Sakanako ihoteak lanaren bertsio berria izanen dugu?Ez, beste gai asko dauzkat buruan! Hori bai, falta diren herriak ihote tradizionalak berreskuratzen hasten badira, lana osatu egin beharko du. Zalantzarik gabe!