Zein txori hazten dituzu, Juan Carlos?Karnabak eta gailupak, gehien bat. Txoka bikote bat eta txirriskila bat ere badaukat, eta kanario batzuk ere geratzen zaizkit. 40 bat txori ditut denera, 14 bikote eta 11 kume.Kanarioekin hasi nintzen. Oso erraz hazi eta ugaltzen dira. Oso urte ona izan zuten duela 5 bat urte. Izugarri ugaldu ziren eta 400 bat kanario izatera iritsi nintzen. Erabat nazkatu nintzen eta kendu egin nituen. Karnaba eta gailupekin hasi nintzen orduan. Basatxoriak dira eta haiek hazi eta mutatzea zailagoa da. Saltsa gehiago dauka. Penintsula osoan gutxi gara txori horiek hazten ditugunak, 40ren bat izanen gara. Zenbat urte daramazu txoriak hazten?14 bat. Noiz edo noiz karnabak hartzen nituen basoan (baimendua zegoen orduan) eta tratu bat egin nuen lagun batekin: kanario bat eman zidan bi karnaben truke. Ondoren, beste kanario bat oparitu zidan anaiak. Horrela sartu nintzen mundu honetan. Haragitarako, esnerako edo arrautzak egiteko izaten dira abereak. Zein da txori hazle baten helburua?Txori ederrena ateratzea. Abeltzainek abere esnetsu edo emankorrenak nahasten dituzten moduan, hegazti ederrenak nahasten ditugu guk. Argi ulertuko duzu adibide batekin: kanario klasikoa ez da horia, morroi edo berdea da. Baina horiak izan du arrakasta handiena eta mutazio bidez kolore hori lortzen saiatu dira kanario hazleak. Adibidez, kanario gorriak kardinalarekin nahastearen ondorio dira. Karnabetan lepo ztxuria dutenak nahasten ditugu, gero eta ztxuriagoak izan daitezen.Zenbait ezaugarri hartzen ditugu kontutan nahasketak egiterakoan: kolorea, lumajea eta taila. Garrantzitsua da bikotea orekatzea: bi txiki nahastuz gero, txikiegia aterako da kumea eta bi handi nahastuta handiegia, eta, agian, ez dute txapelketetan onartuko. Eta ar eta emearen arteko nahasketaz gain, badira kontuan hartu beharreko beste gauza batzuk ere. Adibidez, kanarioaren kolorean elikadurak eragina du. Karnabak kumeak eduki, horien arteko onena hautatu eta nahi ditudan ezaugarriak dituen beste batekin nahastuko dut. 3-4 urte kostatzen da mutazioa. Kume garaian zaude orain. Noiz hasi zen eta noiz amaituko da?Martxoan, Aitaren Egunaren inguruan hasi eta abuztuaren erdialdera arte luzatzen da normalean. Epe horretan izaten dituzte kumeak gune naturalean. Baina artifizialki luzatu egin daiteke epe hori. Erraza da: nahiko da beroa eta argia ematearekin. Argi ordu batzuk jarri goizean eta beste batzuk gauean, eta, udaberria delakoan, emea arreske jarriko da. Kume kopuru handiagoa lortzen da horrela. Kanarioekin adibidez asko egiten da. Ez du kalitatean eragiten?Hor dago koxka! Batzuek ezetz diote, baina niretako ez da batere naturala. Nola izaten da ugaltze prozesua?Limur edo kortejo garaia dator lehenengo. Ederra da gailupa arrek emeak nola limurtzen dituzten ikustea, inguruan bueltaka, gerturatu eta aldenduz... Karnabak eta kanarioak bortitzagoak dira. Emeak ernatzen uzten ez badie kolpatu egiten dituzte. Lehen errunaldiaren ondoren, lasaitu egiten dira. 5 bat arrautza erruten dituzte aldiko. Bata bestearen atzetik jartzen dituzte lehenengo 4ak, eguneko bat. Egun bateko atsedena hartu eta 5. arrautza 6. egunean erruten dute. Arrautzen artean 6 eguneko alde hori eragozteko, lehenengoak kendu eta plastikozkoak jartzen dizkiegu haien ordez. 6. egunean itzultzen dizkiegu denak. Bestela, azken egunetako arrautzeatatik jaiotako kumeak hil egingo ziren, handienek jango baitzuten jan guztia. 13 egunetara ateratzen dira kumeak arrautzetatik. 14-15 egun geroago, ia lumatuta daude eta habiatik saltatzeko prest. 2-3 umealdi izaten dituzte denboraldiko, martxotik abuztura. Bikote bat oso ona denean, umealdi gehiago eginarazten dizkiote batzuek, arrautzak kendu eta beste ar bat sartuta. Baina horrela bi urtera laburtzen da txorien bizi ugalkorra. Normalean zenbat urteko bizi ugalkorra dute?Arrak 4-5 urtekoa eta emeak 3koa. Bakarren bat oso ona bada apur bat luzatu eginen diogu epe hori, baina normalean, urte horien ondoren ernaltzetik baztertu egiten ditugu. Zer egiten duzu kumeekin, zuretzat gorde edo saldu egiten dituzu?Niretako gordetzen ditut, nahi dudan odol edo mutazioa lantzeko. Asko jota, elkarteko kideren batekin trukatzen du bakarren bat. Zer behar da txoriak hazteko?Pazientzia handia!Eta zein baliabide material?Basatxoriek lekua behar dute. Ez da gomendagarria metro karratuko kaiolan edukitzea. Kanarioak agian bai, baina basatxoriak zaila da baldintza horietan haztea. Boladeretan ditut nik, janaria eta urarekin. Eta bainuontzia ere jartzen diet. Zer jaten dute?Hazien nahasketa, alpiste, pipa, kalamu edo zumar haziena, esaterako. Haziak erosi eta nik egiten diet nahasketa. Horrela, komeni diren osagaiak sartzen dizkiot bikote bakoitzari, karnabei bat eta gailupei beste bat. Basatxoriak izanik, elikagai bizia ere behar dute. Izugarri gustatzen zaizkie harrak, irentsi egiten dituzte. Txingurri arrautzak eta matxinsaltoak ere jaten dituzte, baina normalean ez dizkiet erosten garestiak dira eta. Kumeek hazi bigunak jaten dituzte. Haziak hezetu egiten ditut ernetzeko eta arrautzaren pastarekin nahasten dut ondoren. PBikor hauskor bat lortzen dut horrela. Inoiz arazorik izan duzu txoriekin?Berez, zaila da basatxoriak itxian haztean. Arrautza asko ez dira egiten eta zenbait kume hil egiten dira. Badira kumeak baztertu eta elikatzen ez dituzten umeak ere eta, hil ez daitezen, beste txori bati jartzen dizkiogu kumeak. Bestelako arazo batzuk ere izan ditut. Behin erbinude bat sartu zen bordan eta txorikume parea eta bikote bat hil zizkidan. Hasieran bere kabuz hil zirela pentsatu nzuen, baina bigarren egunez bikotea hilik aurkitzean zerbait gertatzen zela ohartu nintzen. Lagun bati galdetu eta berak eman zidan erantzuna. Zenbat ordu eskaintzen dizkiezu egunero txoriei?3 edo 4. Eta ezin oporrik hartu...Egunero egin behar da buelta. Oporretan ilobak hartu zuen nire txanda. Kume garaia izanik, egunean bitan etortzen zen. Baimen berezirik behar da txoriak hazteko?Txori bakoitza ongi identifikatua egon behar da. Eraztun bat daramate guztiek hankan horretarako. 5 egun dituztela sartzen zaizkie, oraindik hankondorik ez dutela. Eraztun itxiak dira eta, behin sartuta, ezin zaizkie kendu. Hiru zenbaki ditu eraztunak: federazioaren zenbakia, jaioturtea eta eraztunaren zenbakia, txori bakoitza identifikatzen duena. Urtez urte aldatu egiten da eraztunaren kolorea, batez ere, lehiaketetan arazorik ez sortzeko. Bakarren batek urteko txoriaren lekuan heldu bat sartzen badu, bista kolpean ikusten da okerra, eraztuneko zifrak begiratu beharrik gabe. Eraztunez gain, erosten diren txoriak albaitariaren ziurtagiria eta fakturarekin datoz. Urtero igotzen gara Belgikara txoriak hartzera.Zergatik Belgikara?Hegaztien hazkuntzan Europako herrialderik aurreratuena da. Han legezkoa da basatxoriak basotik hartu eta itxian haztea eta bertan egiten dituzte mutaziorik onenak. Hemen, berriz, gutxi batzuk hartzeko baimena dugu bakarrik. Aurten esaterako, Nafarroako Gobernuak 68 hartzeko baimena eman du, gure elkartean bakarrik 240 bazkide garenean. 4 hegazti mota hartzeko baimena ematen dute: txoka, txorrua, txirriskila eta karnaba.Zergatik murrizketa hori?Desagertzeko arriskuan daudela diote, baina ez da horrela. Gero eta gehiago ikusten ditugu guk. Nafarroako Gobernua 1992ko ikerketa batean oinarritzen da baimen horiek emateko, eta 17 urtetan asko aldatu dira gauzak. Egia da horietako batzuk gutxi ikusten direla, mendi-txirriskila batez ere, baina beste batzuen egoerak hobera egin du. Mundu berri bat ezagutu dut zurekin, Juan Carlos. Eskerrik asko. Nik ere asko dut ikasteko oraindik. Txori hazleen elkarteakZaletasun berezia du Juan Carlos Mateosek, baina ez da afizio hau duen bakarra. "Ezagutzen ditut kanarioak hazten dituzten zenbait sakandar" esan digu. Nafarroan ere badira iturmendiarraren zaletasun bera duten zenbait. Txori hazleen elkartetan bildu dira horietako asko. Juan Carlos Mateos Nafarroako Kanario-hazleen Ornitologia Elkarteko kide da. 40 urteko historia du elkarteak eta 250 bat bazkide ditu. Iruñean du egoitza. Arlo honetako Nafarroako elkarterik handiena da, baina ez bakarra. Beste bi daude Nafarroan, Iruñean bat eta Corellan bestea. "Zaletasun handiagoa dago Espainia hegoaldean. Andaluzian 200dik gora dira elkarteak" azaldu digu Juan Carlosek. Estatuaren iparraldeko elkarte guztiak Iparraldeko Federazioan bildu dira. Honek ematen dio zenbakia eraztunari. Horren gainetik daude federazio zentralak, federazioen federazioak. "Madrilekoa utzi eta Valentziakoan gaude orain, COEn" dio. Legezko agiriak lortzen laguntzen dute elkarte eta federazioek. Txapelketetan parte hartzeko dokumentazioan ere laguntzen dute. Edertasuna auzianGizakien arteko ederrenak izendatzen dituzte Mister eta Miss txapelketek, Nafarroako ederrena, Espainiakoa edo Unibertsokoa. Hegaztiek ere badituzte haien txapelketak. Tokian tokikoak antolatzen dituzte elkarteek, Federazioak Espainiako txapelketaz arduratzen dira eta urtero-urtero antolatzen da Munduko Txapelketa ere. Hegaztiaren itxura orokorra aztertzen dute epaimahaikideek. Ezinbestekoa da hegaztia sasoi onean egotea. Horrez gain, lumen egoera aztertzen dute: luma guztiak bere lekuan edukitzea, bakar bat ere ez manipulatu edo depilatzea... Izan ere, batzuek gustuko dute hegaztien muturra "apaintzea". "Niri gaizki iruditzen zait" esan digu Juan Carlosek. "Jaio den bezala joan behar luke txoriak. Gu txoria hazi eta ongi zaintzera mugatu behar gara, behar duen lekuan txukun zaindu eta kitto" gaineratzen du.Nafarroako Txapelketan aurkezten da Juan Carlos. "Ez dut gehiagorako mailarik. Nafarroakora aurkezten naiz txapelketa gure elkarteak antolatzen duelako" dio. Bigarren postua eskuratu zuen behin gailupa batekin. "Gutxi gara gailupak hazten ditugunak. Gasteizko lagun batek irabazten zuen beti txapelketa eta hari postua kentzen saiatu ginen gipuzkoar bat eta ni. Saria ar batek irabaziko zuelakoan nengoen ni, baina epaimahaiak hura kanporatu eta 2. postua eman zion nire eme bati. Atzera ere, gasteiztarrak eraman zuen saria. Zer egingo diogu, bada, bere hegaztia zen ederrena" azaldu digu. Munduko Txapelketa urtarrilean ospatzen da beti, "kumeak erabat lumatuta daudenean eta gorpuztu direnean" azaldu digu iturmendiarrak, "aurretik egiten dira tokian tokiko txapelketak eta, horri esker, hegazti onenak sailkatzen joaten dira txori-hazleak". "Lisboak hartuko du hurrengo Munduko Txapelketa" esan digu Juan Carlosek. "Iaz Italian izan zen eta duela bi urte Belgikan. Bertan izan nintzen" dio. Hegaztiek markatzen dute Juan Carlos Mateosen egutegia. BasatxoriakKanarioak dira txori-hazleen artean arrakastatsuenak. Baina orijinalen artean orijinal, kanarioz aspertu, eta basatxoriak hazteari ekin zion Juan Carlos Mateosek duela 4 urte. Txoka eta txirriskilak ere baditu, baina karnabak eta gailupak hazten ditu batez ere. Hona basatxori hauen ezaugarriak. KarnabaGazteleraz: JilgueroEspeziea: Carduelis carduelisKontrastez beteriko lumajeak deigarri egiten du 12 cm-ko txori txiki hau. Kolore nabarreko gorputza dute, marra ztxuri-grisekin. Erraz ezberdindu daitezke beste txoriengandik buruko marra gorri, txuri eta beltzengatik eta hegoko marra horiagatik. Kolore horiek nabarmenagoak dira arretan. Leku irekietan bizi dira, basoko soilgune edo fruta-arboletan. Zuhaitzetan edo zuhaixka handitan jartzen dute habia. Sarri ikus daitezke herritako parke eta lorategietan. PBikor eta haziz elikatzen da, kardu edo txikoria-belarrez bereziki. Kume garaian proteinekin aberasten du dieta. Ia Europa osoan aurki dezakegu, penintsula hegoaldetik hasi eta Suedia eta Finlandia hegoalderaino. Asia erdialdean eta Afrika ipar-mendebaldean ere bizi dira. GailupaGazteleraz: CamachueloEspeziea: Pyrrhula pyrrhulaZuhaitzetan bizi diren txorien artean ederrenetarikoa da gailupa. Deigarriak dira arraren kolore biziak. Familiako gainerako txoriak baino potzoloagoa da. 15-18 cm-ko luzera eta 21-27 gr-ko pisua ditu. Helduek burua, mokoa eta luma arraunlariak beltzak izaten dituzte, eta ipurtxuntxurra, berriz, tzxuria. Emearen bizkarra gris arrea da eta lepapea eta sabela gris argiak diren bitartean;, arrak alde dortsal gris urdinxka eta papar eta sabel gorrixka deigarriak ditu. Zuhaitz eta zuhaixketan bizi da, lurrera ia sekula jaitsi gabe. Dieta aldakorra du urte-sasoiaren arabera: udaberrian kimuak eta loreak jaten ditu gehien bat, baina fruitu garaian, fruitu eta haziak jaten ditu. Bizimodua eta elikaduragatik, baso- ertzetan, larreak eta zuhaitz multzoak tartekatzen direnetan bizi dira gehien bat.Espezie eurosiberiarra da eta ondorioz ia Europa osoan aurki daiteke. Iberiar penintsulan oso urria da. Iparraldean eta Pirinio ingurutan soilik egiten du habia.