Mikel Laboa eta Bob Dylan Donostian Bakearen alde kantatzen duten bitartean, Auzitegi Nazionalak bakearen aurka bere doinu gozakaiztuarekin jarraitzen du. Zenbait epailek eskuinaren pentsamolde itxia berea egin dute, eta arduragabekeri handiz ari dira mendekua egiten. Oraingoan Pablo Muñoz Noticias taldeko zuzendaria eta Jesús Iruretagoyenaren txanda izan da. Epaileek Zuzenbidezko Estatuaren aginduak jarraitzen ari direla diote, baina errugabetasun presuntzioa ahaztu dute bidean, gauza larria gero. Pertsonak aurretik entzun eta galdetu beharrean atxilotu eta oinarrizko eskubideak ukatzen eta, hauek ordezkatzen duten erakundeen inguruan zurrumurrua edota susmo txarra eragiten dute. Badakite jokamolde honek etekin politikoak ekartzen dizkietela. Izan ere, horrelako ekintzekin botere judizialak sinesgarritasuna galtzen ari da; hala ere, onartu beharrekoa da Estatuko eta gure inguruko zenbait giroetan uzta mamitsua bilduko dutela. Hauxe da helburua eta
berdin zaie bidean nor edo zer mintzen duten, hainbestetan aipatzen duten Zuzenbidezko Estatua barne. Auskalo nor izanen den hurrengoa Auzitegi Nazionalaren zerrenda luzean. Laboa eta Dylan, bakoitza bere neurrian eta estiloan, kantaren historiaren ikurrak dira. Etxeko artista handiaren Izarren Hautsa kantaren bertso hauek dedikatzen dizkiet judizialaren gehiegikeriaren eskuetan izan direnei, dauden eta izanen diren guztiei. "Gizonak ba du inguru latz bat menperatzeko premia, burruka hortan bizi da eta hori du bere egia. Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu, jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu lege berriak noizpait erditu, hortan jokatuz bizia".Gizonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea, naturarekin bat izan eta harremanentan sartzea. Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, bertatikan irautea: ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea".