Aspaldiko Kortatu taldearen kantua datorkit burura behin baino gehiagotan. Salatzera natorkizue, baina humorez beti ere, horrek garena egiten baikaitu. Altsasuko Udalak gazte teknikari lanposturako aukeratutako bidea eta guk, hautagaiok, daukagun jokabidea salatzera natorkizue.Lehenik eta behin ozenki esan, beste behin ere eta tristea da oso, prozesu honetan euskaldunok eskubide urraketa pairatu dugula. Eta ez da horrelako jokaera izaten duen Sakanako udal bakarra. Tristea da oso gogoratu behar izatea, gero gainera ez betetzeko, eremu euskaldunean bizi garela, eskubide batzuk ditugula, betebehar batzuk dituztela, finean euskaraz bizitzeko eskubidea izan eta haiek hori bermatu behar dutela. Luze jo dezakegu eta ez dut zehaztasun gehiegirik eman nahi, gure eskubidea eta haien betebeharra dena aldarrikatu besterik ez eta horren alde borrokatuko dudala ezagutzera eman besterik ez.Bigarrenik, eta bukatzeko, esan harro nagoela nire euskara gaitasun agiriaz, inori meriturik kendu gabe, baina horrelako lanpostuetan eta euskara froga baztertzailea izanik, egin dezagun ahalegin bat eta aldarrika ditzagun gure eskubideak. Erabil dezagun euskara froga guztietan, "gaitasuna" badugulako (EGA=Euskara Gaitasun Agiria); ez gaitezen agiri horien babesean bizi eta pausuak eman ditzagun.Herri euskaldun bat izatea, gure seme-alabak euskaraz bizi daitezen gure nahia bada has gaitezen geure buruari hainbat galdera eginez eta hausnar dezagun zer dugun esku artean, horrelako jokabideekin euskarari ez diogulako inongo mesederik egiten.