Euskarabidea

Euskalgintzako 400 norbanakok sinatuta 2006ko uzt. 21a, 00:00

Agiri hau sinatzen dugunok euskararen alde lan egiteak elkartu gaitu. Gure arteko aniztasun ideologikoa eta politikoa handia bada ere, euskararen normalizazioa lortu nahiak kezkatzen gaitu guztiok eta garbi ikusten dugu Euskal Herrian sortu den une politikoa oso garrantzitsua izango dela euskarak dagokion lekua jendartean eskura dezan.Orain arte urte luzetan euskararen alde lan egin dugun bezala, abian den prozesuaren aurrean itxaropentsu agertu nahi dugu eta prozesu honek aurrera egin ahala hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak ere adosteko aukera politikoak ikusirik, urratuko den bidean zehar geure baliabideen arabera ahaleginak egiteko prest gaudela aitortzen dugu.Beraz, oraingo egoera honen aurrean jendarte osoaren konpromisoa beharrezkoa delarik, guk ere geure konpromisoa luzatu eta iritzia eman nahi dugu.Elkarrizketan eta giza eskubideetan oinarritutako prozesuaren aldeko ahaleginetan pausoak emateko dugun konpromiso trinkoa adierazi nahi dugu. Bilakabide honetan norbanakook eta gizarte eragileok dagokigun protagonismoa izan behar dugula uste dugu eta prest gaude gure esku dagoen guztia eskaintzeko.Gatazka gainditzeko konponbidea herri honen eskubide indibidual eta kolektiboetan oinarritu behar da. Horien artean dauden hizkuntza- eskubideak zutarrietako bat dira norbanakoaren eta hizkuntza komunitatearen bizimodu duina lortzeko ezinbestekoak baitira, eta prozesuan euskal herritarrok hartutako erabakiak onartu behar diren neurrian, euskararen normalizazioa Euskal Herri osoan kanpotiko esku-hartzerik gabe aurrera eramateko eskubidea ere onartu behar delako.Mendeetan zehar euskaldunok bizi izan dugun hizkuntza-gutxitzeari bukaera eman behar zaio. Egun euskararen normalizazioa oztopatzen duten legeriak gainditzeko unea iritsi dela uste dugu. Horregatik, prozesu politikoak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekoa du, eta guk guztiok horren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.Ardura denona da, guk geurea ez dugu saihestu nahi eta, neurri berean, prozesuaren une bakoitzean konponbidearen parte diren eragile bakoitzak dagokion erantzukizun mailari muzin egin gabe joka dezala eskatzen dugu.