Lasterka gabiltza beti bizitza honetan. Zertarako? Guk geuk ere ez dakigu. Baina hala eta guztiz , gizarteak berak esaten diguna egiten dugu, badaezpada ere trena ez galtzeko. Ez dakigu nora eramango gaituen trenak, ezta tren egokia hartu dugun ere. Jakin badakigu, berriz, ziztu bizian atera behar dugula etxetik buruan milaka gauza bueltaka, aurretik antolatu nahian egunean zehar egin beharreko lanak, ikastaroak eta abar...
Estresak gaitza asko eragin ditzake; hori diote, behintzat, adituek. Aspaldi ezagutzen omen dute laborategiko animaliek behar baino lehenago zahartzen direla estresaren ondorioz. Izan ere, laborategiko saguak, untxiak, edo auskalo zein animalia mota gehiago erabiltzen duten, beren gorputzetan estragoak jasan eta egun gutxitan hiltzen dira. Autopsia egiterakoan zahartze eta hondatze seinaleak aurkitzen dituzte. Hauxe gertatzen da estresak muga zehatz batzuk gainditzen dituenean.
Antzeko zerbait gertatzen zaigu gizakioi. Estresak mugak gainditzen dituenean, gure gorputzeko organoak mindu eta gaitasun mentalak zein immunologikoak sortzen dizkigu. Ondorioak hilgarriak dira oso: minbizia, bihotzeko gaitzak, gibeleko zirrosia, biriketako gaitzak, istripuak edo eta buru-hiltzeak. Honen aurrean, zer egin? Konponbide zaila du honek. Baina badira gure artean patxada ederrean bizi eta gutxitan estresatzen direnak. Agian laborategietan pertsona hauen barrenak ikertu beharko lituzkete; kaosak eta eromenak inguraturik bizi badira ere, lasaitasunez eta presarik gabe bizitzea nola lortzen duten jakiteko.