Horixe zioen Kontseiluak egindako azterketak, eta ados gaude. Ez ordea azterketa egiteko jarraitutako metodologiarekin eta are gutxiago eratutako sailkapen eta kalifikazioekin, Altsasukoa barne, baina bigarren mailako eztabaida da hori. Altsasuarron beharrei erantzungo dien hizkuntza politika abiarazi beharra dugu; giza baliabideak jarri eta egun euskararako udalak jartzen dituen diru guztien azterketa serioa eta zehatza egin beharra dauka Altsasuko udalak.Ezin dugu orain arte bezala jarraitu: udalak heldu behar dio udalaren eta herriaren normalizazioari gogoz, eta mankomunitateak Sakanako udalen artean egin beharrekoak koordinatu eta bateratu, baina normalizazioaren pisua eta ardura udalak izan behar du. Hori da senak, logikak eta aditu guztiek gomendatzen dutena. Gure ustez, honako urratsak eman beharko lirateke:1.- Orain arteko ibilbidearen eta emaitzen balantzea egin. Bestela esanda, indarrak eta diruak zertan jarri diren eta emaitzak zeintzuk izan diren, aurrerantzean nola jokatu erabakitzeko.2.- Udalen eta mankomunitateko euskara zerbitzuaren ardurak eta lanak aztertu eta berrantolatu. Udalak dira herritarrekin harreman zuzena dutenak ia alor guztietan, egunez eguneko jardunean. Hortik hasi behar du normalizazioak, udaletik bertatik, hortaz, normalizazio zerbitzuak antolatu behar dira horretarako aukera dagoen udal guztietan.3.-Mankomunitateko euskara batzordean ezarritako ordezkaritza sistema egokitu beharra dago, bidenabar, batzar orokorrerako ezarritako irizpideei jarraiki.4.- Altsasuko udalean jardun behar luke Sakanako mankomunitateko euskara normalkuntzako teknikari batek astean bi edo hiru egunez gutxienez. Hori egin ezean, kanpotik ezinezkoa baita lan eraginkorrik gauzatzea.5.- Udal arlo guztietarako hizkuntzen erabilerarako irizpideak (egingarriak eta progresiboak) zehaztu beharra dago, hala nola aplikazioaren jarraipena egin ere.6.- Altsasuko aisialdi eta kultur eskaintzaren jarraipen zuzena egin behar dute euskara zerbitzuko teknikariek (besteak beste, eskualde osoari eragiten diolako Iortiako kultur programazioak) eta eskaintza horretan hizkuntzen erabilera orekatua bermatzeko neurriak aplikatu.Batez ere, hizkuntza politika berriaren diseinuan herriko eragile guztien iritzia hartu beharko da aintzat, eta eragile gehienek aurrera eramateko moduko neurriak eta epeak proposatu; bestela oso testu eder eta ausartak biribilduko ditugu akaso, ... inor gutxik beteko dituenak. Orain arteko eskarmentuaz badugu zer ikasi guztiok ere.