Hamar urte dira, Josu hil zutela. Hamar urte Josu bahitu, torturatu eta erail egin zutela espainiar estatuko indar armatuek. Hamar urte eta denbora guzti honetan ez familiak ez inork ez dugu ezer jakin hil zuenari buruz; aipu ere ez dugu eginen Espainia aldeko biktimek gora eta behera ibiltzen duten barkamena eta damuaz. Hori bai, lehenik eta behin aitortu behar dugu Josu militantea zela, GUDARIA. Armak eskuetan Euskal Herrirako INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA lortzeko bizitza bera ere eman zuena. Josu ez zen inora ere joan herriak zanpatzera, jendea torturatzera. Josuk ez zuen inor aterrorizatzen. Ez, Josuk bere herria eta, hortaz, munduko herri guztiak askatu nahi zituen.Etsaiari oinarrizko begirunea eskatu beharko genioke, gerraren krudelkerian ere begirunea kabitzen baita. Baina, ustezko Eusko Jaurlaritzari? Egun hauetan komunikabideetanere propaganda egiten ari dira Espainiako biktimekiko ezagutza gora eta behera, eta batek daki entzutean nor ari den mintzatzen. Espainiako goardia zibil, polizia eta militar okupatzaile, gure herriaren zanpatzaileentzat ezagutza eskatu, begirune, dirua eman... eta gure herriaren alde bizitza eman dutenentzat... Irainaz aparte inork entzun ote du ezer? Eskatu ote dute indar berez krimen horiek argitzea? Omenaldirik egin ote diete, Euskal Herriaren alde bizitza emateagatik? Pagatu al dituzte ehorzketak (lapurtzen diguten diru guztiarekin)? Senideei indemnizaziorik eman ote diete? Honelakoa da bizitza, inbasorearen morroiak morroi, traidoreak traidore, zipaioak zipaio.Baina Josu guzti honen gainetik zegoen. Josuk bizitza maite zuen, eta nola! Alaitasunez blaitzen zuen zeharkatzen zuen espazioaren inguru osoa. Maite zuen natura; lekuak eta jendeak maite zituen moduan. Eta eskuzabala zen, oso. Eskuzabala gerra egiteko eta hein berean bakea egiteko. Tamalez, gure etsaiak ankerki egiten du gerra baina, dirudienez, bakerako ausardia, kasu batzuetan, eta gogoa, beste batzuetan, falta zaizkio.Izan ere, hamar urte hauetan aukera ezberdinak egon baitira bakea egiteko eta huts egin digu etsaiak. Espainiar eta frantziar estatuek huts egin digute bakea heldu zitekeenean; ez dute neurria eman. Gerra besterik ez ote dakite egiten? Ahoa bake hitzarekin betetzen zaie eta ez dute ideia urrunik ere nola egiten den, nola hurbildu daitekeen. Kolpeka egin ote nahi dute bakea?Hamar urte hauen bidaian Lizarra eta Garazitik pasatu ginen gure anai-arrebekin bakea egin nahian (sasizko anaiarrebak ote?) eta batzuk direla edo besteak direla huts egin zuen saioak. Hamar urte hauetan ehunka euskal herritar atxilotu, jipoitu, auziperatu dituzte. Hainbeste non euskaldun guztiak hasi baitziren preso-gai sentitzen; non milaka eta milaka jende aukera politikorik gabe gelditzeko beldur zeuden.Hamar urte Josuri bizia ebatsi ziotela eta denoi ebatsi zigutela maitasunezko bizi hori. Eta beste izpi bat agertu zen lainoen artean, bazter ederrak erakusten. Espainiar estatuak akordioa egin omen zuen ETArekin eta honek su etena eman zuen. Eta betiko moduan, ausardia batzuei, gogoa besteei eta hitza guztiei falta omen zaie. Bai, hitza ez dugu aipatu baina gure etsaiak hitzik ez dauka. Euskaldunak hitza hitz, bai. Akaso, hitzaren existentzia guztiak hartu genituen euskaldunok eta gure etsaientzat ez da gelditu?Hamar urte Josu gabe; tartean Ina, Olaia eta beste lapurtu zizkiguten eta hurrengo hamar urteetan gehiago lapurtuko dizkiguten beldur gara. Hamar urte ausardia, gogoa eta hitza faltan botatzen. Aurreko hogeita hamar urteetan bezala. Gerra ote da gure patua? Hamar urte pasatu arren, MAITE ZAITUGU, JOSU oraindik ere, eta MAITE IZANEN ZAITUGU. Eta maite ditugu erori diren beste gudari guztiak. Baita eroriko direnak ere, gaurdanik eta atzotik maite ditugu. Eta gure herria; eta askatasuna. Josuk maite zituen moduan maite ere.